IPARRALDEKO BERTSOLARITZAREN BARATZEAN, LILI BERRIAK

  • Iparraldeko bertsolaritza goraipatua izan berri da, bere gazteen trebeziaren ondotik. Nafarroako txapela jantzi zuen Amets Arzallusen eta txikitandik laguna duen Sustrai Colinaren erranak entzunez, dudarik ez dago lore berriak ongi errotuak direla.

2021eko uztailaren 15ean
Emile Larrek, aspaldian, Iparraldeko bertsolaritzaren "baratze ederraren bisitatzera" gomita luzatu zuen "Jakin" aldizkarian ("Ipar Euskadiko bertsulariak", Jakin, 1980ko apirila-iraila). Baratze hori arraloratzen ari da, oldar berezia duten gazteei esker; horietan direla Urruñako Sustrai Colina eta Hendaiako Amets Arzallus. Biek lur aberatsean dituzte erroak bota eta zeruan gora hostotzeko prest dira. Biekin egon gara solasean).
Hain gazteak eta jadanik izen bateko bertsolariak. Zein izan dira zuen abiapuntuak?
AMETS ARZALLUS:
Erran nezake betidanik eta oharkabean izan naizela bertsolaritzan murgildua, etxean hurbiletik ikusi dudalako (bere aita Jexux Arzallus da), edo agian hori baizik ez dudalako ikusi. Sei urterekin maila duen ezer ez nuen egingo, baina oso inguratua nintzen. Azkenean, ongi atera zait (barrez)!

SUSTRAI COLINA:
Niri txikitatik gustatu izan zait bertsoa. Amak esaten du telebistaren aitzinean jartzen ninduela eta han gelditzen nintzela bertsoeri so. Gero, bizitzaren xantza izan da. Hendaiako ikastolan hasi ginen Ametsen aitarekin bertsoa lantzen, eta lotu ginen. Gero utzi, eta beste kasualitate batek ekarri ninduen berriz. Ez nintzen hasi bertsolari batek edo bestek erakarririk. Aldiz orain, iduritzen zait gerta litekeela: sei edo zazpi urteko gazte batek ikusten badu hamaika urteko beste bat bertsoak kantatzen, bertsozalea eta bertsolaria bilaka daiteke.

Hitz laburrez, zein izan da bertsoaren ikasketan izan duzuen ibilbidea?
A. ARZALLUS:
Hendaiako bertso eskolan hasi nintzen, nire aitak ematen zituen kurtsoetan, hamaika urte arte. Gero koloka une bat etorri zen, eta Oiartzungo eskolara joan nintzen. Han etxean bezala hartu ninduten; oso talde giro ona zegoen. Ondoren, Hendaiako eskola berrosatu zen eta hor ere talde bat sortu zen; beraz, gehiena Hendaian eta pasarte txiki bat Oiartzunen egin ditut.

S. COLINA:
Nik ibilbide liskartsuagoa izan dut. Ametsekin batera, hamabi urte arte Hendaiako bertso eskolan egon nintzen. Baina taldea hautsi zen eta nik pilotari nion lehentasuna eman, duela ia hiru urte arte, non berriro Hendaiara etorri bainintzen bertsoa ikastera. Duela hiru urte norbaitek esango balit Nafarroako Bertsolari Txapelketan parte hartuko nuela egun batez, barre egingo nion aurpegira!

Beraz, Iparraldeko bertsolaritza denbora laburrez asko aldatu da, ezta?
S. COLINA:
Uste dut azken bizpahiru urte hauetan erakasteari lehentasuna eman zaiola, eta berpiztearen arrazoia Amets izan dela. Berak Miren Artetxerekin batera jarraitzen zuelako bertsolaritzaren bidea eta ikusten zelako bere inguruan talde bat egin zitekeela. Baita ikusten ere hain elementu ona eduki eta pena zela alferrik galtzea. Horregatik, gero jende berria sartu ginen, kasualitatez maila pixka bat hartu genuen, talde giro bat sortu zen, eta azken finean gaur egun talde oso bat badago Hendaian ere, hamairu ikasle dituena.

Zer eragin izan du Iparraldeko bertsolaritzan zuek txapelketan parte hartu eta Ametsek Nafarroako txapela eramateak?
S. COLINA:
Hasteko, komunikabideen burrunba gure inguruan. Egundoko pisua dute, jendearengana heltzen dira eta haien bidez jendeak ezagutzen zaitu. Ez dut uste horrek bertsozaletasuna emendatzen duenik, baina bai, dudarik gabe, laguntzen duela. Haurren mailan, datorren ikasturtean ikusiko da eragina, bertso eskolan ikasle gehiagok bere izena ematen duenez jakitean.

A. ARZALLUS:
Niri iduritzen zait Iparraldeko bertsolaritzaren azken bi urteko mugimendua kontuan hartu behar dela, orokorkiago. Duela bi urte abiatua da, giroa sortuz eta azkartuz joan da, eta horren barruan kokatzen da aipatzen dugun guztia. Nafarroako Txapelketak, agian, ibilbide horren barruan aurrera segitzeko indar berezia ematen du, azken urteetako lorpen handiena da eta. Baina apirilaren 17an ez zen Iparraldea esnatu eta beste mundu bat deskubritu. Dena da duela bi urte hasitakoaren emaitza. Beraz, eragina bai, nahiz apartekoa ere ez.

S. COLINA:
Hasieran esaten genuen Iparraldeko bertsolaritza baserriko munduarekin lotua zegoela lehen. Beharbada Nafarroako txapelak lagunduko du kaleko girora ekartzen. Zuk, Amets, ez daukazu baserritarretik asko, eta nik oraindik gutxiago. Beraz, nahiz oraindik ez den nabari, jendea ohar dadin bertsolaritza ez dela bakarrik baserritarren gauza, horretarako lagunduko du...

A. ARZALLUS:
Egia esan, nik aldaketa somatzen dut nire inguruan; adibidez ikastolan bertan: jendea interesatzen da eta kasu egiten du. Orain dela bost urte ez zuen zerbait badauka orain bertsolaritzak Iparraldean, jendeak badaki bizirik dagoela eta indar pixka bat baduela.

S. COLINA:
Modako kontua bezala, xarma zerbait badu orain bertsolaritzak; gero iraunen duenez...

A. ARZALLUS:
Arlo horretan kontu handia izan beharko da erakaskuntzarekin, bestela orain dela hamar urteko egoerara itzultzeko arriskua baitago. Ikastoletan, haurrak erakarri behar dira, ezen bertsozaletasuna ezagutzatik, beraz erakustetik, baitator; eta geroa horretan dago.

S. COLINA:
Dena den, argi dago aurreratzen ez den zerbait hiltzen dela. Eta hori lortzeko aurpegi berriak behar direla uste dut, arlo guztietan: bai bertsolarietan, bai haien inguruan lanean ari den jendean. Goraipatzekoa da maila horretan Aitor Sarasuak eta Karlos Aizpuruak egiten duten lana.

Preseski, zuek hasi aitzin nolakoa zen Iparraldeko bertsolaritza?
A. ARZALLUS:
Uste dut gu hasi arte ez zuela arrakasta handiegirik gazteen artean. Orduko gazteena nire aita izango zen, gu baino belaunaldi bat goragokoa; beraz tarte dezentea zegoen urteei dagokienez bi multzoen artean. Aitaren adin horretan bertsozaletasuna bizirik zegoen, baina gazteen artean oraindik sartzeko zegoen. Gero Nagore Fernandez eta Urko Atxotegi ibili ziren, nahiz ikasketengatik bertsolaritza utzi behar izan zuten. Ez dut erranen gurekin gauetik atera eta eguzkia piztu dela, baina gu hasteak agian gazteen arteko mugimendu hori sortu du.

S. COLINA:
Inpresioa dut bertsolaritza oso lotua zela baserri munduari, Hegoaldean duela hogeita hamar urte bezala. Eta Iparraldean, gauza horietan beti berandu samar ibili izan gara. Orduan, Hegoaldean 70eko hamarkadan bezala, Iparraldean 90ekoan aldatu da. Nik uste dut gu hastearekin gazteak zaletu direla.

A. ARZALLUS:
Erranen nuke gu hasi aitzin Iparraldeko bertsolaritza mugatua zegoela, kultura mailan. Eta estereotipo bati, baserritarrarenari, erantzuten zion. Orain, bereziki gu bertsolaritzara ekarri gintuztenei esker, bertsoa konplexuagoa izatea eta baita gazteei zabaltzea ere lortu da.

Beraz, hutsune bat bete da.
S. COLINA:
Baietz uste dut, nonbait Iparraldeak zuen handiena. Orain garen belaunaldiko bertsolariak ez bagina azaldu, bai gu, bai gure atzetik datozenak, hurrengoak ere ez ziren etorriko, etenak etena ekartzen duelako; eta egoera horretatik ateratzea ez da erraza.

Nolako harremana duzue Iparraldeko bertsolari zaharrekin?
A. ARZALLUS:
Bertsolarien familia mugatua denez, denekin moldatu beharra dagoela uste dut. Batzuekin hobekiago eta besteekin pixka bat gaizkixeago pasatzen da. Hegoaldekoak ginela eta ez Iparraldekoak leporatua izan zaigu; eta hori, normala denez, ez zaigu gehiegi gustatu, gu Iparraldekoak garelako eta gurasoen odolak ez jatorriak ez duelako zertan sartu beharrik. Baina uste dut azken finean txikikeriak direla, eta horiei begiratu gabe segitu behar dela aitzina.

S. COLINA:
Nik penagarri samarra atxemaiten dudana da, lehenagoko adierazpen batzuengatik, bertsolari zahar batzuekin kantatu aitzin polemika eta pindarra hor zegoela...

A. ARZALLUS:
Eta alde horretatik Iparraldeko publikoaren esker ona azpimarratzekoa da. Adibidez berriki Baigorrin, gure entzuten egon zen plaza osoa, arretaz; nahiz Nafarroaren Eguna eta festa ingurugiroa zegoen.

Zuentzat, zer da Iparraldean bertsolari izatea? Eta nola hartuak zarete zuen herrian?
A. ARZALLUS:
Niretzat beti izan da, futbolean bezala, eskolara joatea eta urtean behin eskolartekoa jolastea. Orain iruditzen zait bertsolari izatea plazarik plaza ibiltzea eta kultura mailako lana egitea dela.

S. COLINA:
Nik, egia esan, ez dut nire burua bertsolari sentitzen. Niretzat, futbolera edo pilotara joatea bezala da, astelehenean bertso eskolara joango naiz entrenamendura noan bezala. Ainitz gustatzen zaidan zerbait da, ederki pasatzen dut, lagun giroa badut, baina hortik esatea bertsolari naizela, niri behintzat ez zait oraindik burura iritsi.

A. ARZALLUS:
Nik agian bertsolariaren kontzepzio berezia dut, baina bertsolari sentitzen naiz plazara igotzen naizenean eta kantatzen ari naizen unean. Handik jaisten naizenean, ni neu sentitzen naiz, eta orduan ez naiz bertsolari sentitzen, futboleko partida jokatzen dudanean futbolaria naizen bezala. Azken finean, uste dut gehien atsegin dudana hori dela: gaur bertsolaria izatea, bihar futbolaria... Askoz erosoagoa da norbera izatea. Bertsolari izate hori, kantatzen dudan unera bakarrik mugatzen zait niri behintzat.

Ez duzue uste zuen inguruan horrelako presio bat sor litekeela, hots, entzuleak bertsolari osoak izatea eskatzen ahal dizuela?
S. COLINA:
Jendeak jakin behar du pertsonak garela, hamazazpi eta hamasei urteko gazteak; guk ere egiten ditugula edozein gaztek egiten dituen astakeriak, larunbat gauetan edozein gazteri gustatzen zaion bestak gustatzen zaizkigula... Agian hor, gehiago sentitzen naiz gazte, bertsolari baino.

A. ARZALLUS:
Nik beti izaten dut beldurra, ez dudalako pentsatzen oso hiztun abila naizenik, zerbait gaizki esatea, edo gaizki hartua izatea. Ez dut uste presiorik dagoenik. Eta baldin badago, kendu behar da gainetik, presiorik ez dagoenean ere ondo erantzun behar delako, azken finean. Aldiz, tentsioa beharrezko iduritzen zait, kantatzera zoazenean kontzentrazioa ekartzen dizulako. Presioa, norbere buruarekiko jartzen diren mugen araberakoa da. Nik, hamasei urterekin eta orain arte, nahiko lasai hartzen ditut gauzak, eta kanpotik ez dut uste edonork presio askorik sartu diezadakenik.

Erantzukizunik somatzen al duzue? Sorbalden gainean ardurarik ba al daramazue?
A. ARZALLUS:
Agian Iparraldean gehien begiratu zaigunak garelako, gure atzean gazteagoak datozelako, eta begiratuz Iparraldeko bertsolaritza indartu beharra dagoela, bai, uste dut ardura badugula, gazte horiek segi dezaten lan egin behar dugulako. Baina ardura eta presioa bi gauza desberdinak dira.

S. COLINA:
Uste dut momentu honetan, Iparraldeko saioetan jendeak eskatzen duenari erantzutea dela gure ardura. Hala ere, ez dut uste exijentzia maila hain altua ezartzen duenik, eta oraindik ere gazteari ematen dion babesa badugula. Biekin jokatuz beraz, normalean tapatzen duzu; orduan badago ardura, baina oso erlatiboa.

Zuen ustez, inguruan dituzuen gazteek bertsolaritzaren giderrak hartuko dituzte zuen segidan?
A. ARZALLUS:
Lehen ere esaten genuen, nola gazte horiei gogoa sortzea den gure ardura. Pertsonalki, gazte horiek oso inpresio ona egiten didate. Gazte mordo bat badago, adibidez Baionan, maila polita daukana, eta bide horretatik segituz geroz, urrutira iritsi daitekeena. Hots, Iparraldea indartzeko adina ondasun badagoela iduritzen zait.

S. COLINA:
Niri iduritzen zait zailena pasatu dela, bai erakaskuntza mailan eta besteetan ere. Nahikoa da atzera begiratzea, duela bi urte ginen egoerari. Orain, oinarriak finkatuak dira, eta ez luke arazorik izan behar aurrera segitzeko. Erran nezake Iparraldeko bertsolaritzaren geroa naturalki eginez joango dela, datozen urteetan


Azkenak
Sail Ofiziala. 8.eguna
Sinets nazazu


Elon Muskek bilatzen ditu Trumpen botoak AEBetako estatu giltzarrietan

Munduko gizon aberatsenetakoa den Elon Muskek bultzatzen du America Pac ekimen politikorako batzordea, The Guardian-ek jakinarazi duen arabera. Bere zeregina da AEBetako hainbat estatu giltzarritan Donald Trump-entzat botoak biltzea.


700 hildakotik gora Libanon eta Israelen lurreko erasoa gero eta gertuago

Israelek jarraitzen du Libanoko hegoaldeari eta Beiruteko hainbat auzori airez eraso egiten eta, nazioarteko eragileen deiak gero eta handiagoak badira ere, oraingoz ez da su-etenerako aukerarik ikusten.


2024-09-27 | Gedar
Palestinako Agintaritzak erresistentziaren kontra betetzen duen lana salatu dute berriz milizianoek

Palestinako Agintaritzaren segurtasun-indarrek rol aktiboa dute erresistentziako kideen kontra: jazarpena, lapurretak, boikotak eta abar aipatu dituzte, beste behin ere.


Anglosaxoi hitza arrazista da?

Nottinghameko Unibertsitateak Anglosaxoiei eta Vikingoei buruzko Ikasketak masterrari izena aldatu dio: Ingalaterrako Goi Erdi Aroko Ikasketak. Cambridgeko Unibertsitateko Anglo-Saxon England Journal aldizkariari ere izen aldatu zioten lehenago: Early Medieval England Journal... [+]


Victoria Woodhull, lehen hautagaia

New York, 1970eko apirilaren 2a. New York Herald egunkariak Victoria Woodhull (1838-1927) ekintzaile eta brokerraren eskutitz bat argitaratu zuen, 1872ko AEBetako presidente hauteskundeetarako hautagaitzaren berri emanez. Inoizko hautagai gazteena zen; 34 urte izango zituen... [+]


2024-09-27 | Ahotsa.info
Urtarrilaren 11n izanen da presoen etxeratzeko ohiko hitzordu nazionala Bilbon

Datorren urtarrilaren 11n Bilbon Sare Herritarrak deitutako mobilizazioaren leloa “Behin betiko konponbidea” izanen da, eta urtero bezala milaka lagunen babesa espero du Sarek.


2024-09-27 | Eneko Atxa Landa
Donostia Zinemaldia 7.eguna
Bikaintasun esplikagaitza, berriz


Zaintza eta euskara: “Korapilo handia” askatzeko tresnak bilatzen

Euskalgintzaren Kontseiluak Zaintza eta euskara. Sareak eraikitzen jardunaldiak egin ditu irailaren 26an, Donostian. Idurre Eskisabelek, Kontseiluaren idazkari nagusiak, lehen hitzaldian adierazi du “urgentziazkoa” dela gaiari heltzea. Jardunaldien helburua ez da... [+]


Antena 3 telebistak Donostiari buruz egindako erreportaje “arrazista eta sinplista” salatu dute

Antena3 telebista kate espainiarreko Espejo Público saioak erreportaje sentsazionalista bat eman zuen asteazkenean, Donostiako ustezko segurtasun faltaren inguruan eta fokua gazte magrebtarretan jarriz. Erreportajea publikoki salatu du Kaleko Afari Solidarioak (KAS)... [+]


2024-09-27 | Euskal Irratiak
Amaia Fontang
“Hau da etorkinen geroa gobernu berriarekin: kontrola, kanporaketak eta kriminalizazioa”

"Segurtasun gehiago, inmigrazio gutxiago". Bruno Retailleau barne ministro frantsesa argi mintzatu da, kargua hartu berritan. Etorkinen gaineko kontrola azkartu nahi du Michel Barnier lehen ministro eskuindar-kontserbadorearen gobernuak, eta jada Retailleauk aitzinatu... [+]


Eguneraketa berriak daude