PLENTZIAKO ITSASADARRA, BIZITZA ITSASMAREEN ERAGINPEAN

  • Duela 15.000 urte inguru, azken glaziazioaren bukaerak ekarritako itsasoko ur-mailaren igoerak, ordurarte lehorrean egondako lur-eremu zabalak ur azpian uzteaz gain, kostalde berriaren ondoan gelditu ziren ibai-zatiak itsasmareen eraginpean gelditzea eragin zuen, egungo itsasadar eta estuarioak agertu zirelarik. Itsasoko eta ibaietako urek elkar besarkatzen duten leku hauetan, bere emankortasunarengatik eta bizidunen aldetik azaltzen duen oparotasunarengatik ezaguna den ekosistema interesgarria garatzen da: padura. Denok entzun dugu noizbait, gaur egun arte mantendu dituzten padura-eremu zabalen ondorioz, Urdaibaiko itsasadarra edo Txingudi badia balio ekologiko eta natural handiko lekuak direla, baina inork gutxik daki ezaugarri berberak dituztela Donibane-Lohizune, Orio, Zumaia, Lekeitio, Plentzia edo Barbadungo itsasadarrek. Txango honetan zehar, orain arte ustekabean igaro den Plentziako itsasadarran barrena ibiliko gara, Bizkaiko paraje eder honen txoko izkutuek itsasadarren balio naturalak eta ekologikoak ezagutu eta ulertzeko aukera paregabea eskaintzen baitute.

2017ko azaroaren 28an
Txangoaren abiapuntua, Bilbotik etorrita, Plentziara sartzeko duela urte batzuk eraiki zuten Zubi Barria pasa eta berehala aurkituko duzuen biribilunean kokatuta dago. Autoa aparkatu eta biribilunetik eskuinean aurkituko duzuen Gandia Bidetik abiatu behar duzue. Duela gutxi arte, inguru honetan Bizkaiko baserri tipikoek eta bere landazabalek osatzen duten nekazaritza-paisajea nagusi bazen ere, azken urte hauetan, asteburu eta oporraldietarako etxetxo eta txaletez bete da, paisajea nabarmen degradatu delarik.
Lehenengo bidegurutzera iristerakoan, eskuinerantz jo behar duzue. Irak-Biñe eta Junkera baserriak igaro bezain laster, itsasadarra agertuko da berriro zuen begi aurrean. Aurrera jarraitu eta hurrengo bidegurutzean berriro uretatik aldentzen den ezkerreko bidea hartu Mandañu auzora iristeko. Errepidera atera eta berehala, zuen eskuinean aurkituko duzuen bidetik jaitsi behar duzue, berriro itsasadarraren ondora iristeko.
Uretara hurbiltzerakoan padura-ekosistemarekin egingo duzue topo. Itsasgora eta itsasbeheraren artean garatzen den ekosistema berezi hau elikagaietan oso aberatsa izateagatik bereizten da nagusiki. Elikagai aberastasun honen ondorioz, itsasadarretan eratzen diren istil eta lokatzezko hondartza eta lautadetan ornogabe-komunitate oparoak bizi dira. Hauek dira, hain zuzen ere itsasadarren ezaugarri diren arrain eta hegaztien aniztasun eta aberastasun handiaren arrazoirik nagusienetakoa eta konkretuki, datorren orriko koadroan aztertu ditugun hegazti limikoloen janari-iturri nagusia.
Hemendik aurrera ur-ertzaren ondotik doan bidetik jarraitu behar duzue. Txango hau itsasbeheran egiten baduzue, bide honetan, itsasmareen gorabeherek eragindako ur- eta gazitasun-aldakortasun handiari aurre egiteko moldatu diren paduretako landare bereziak ere ezagutu ahal izango dituzue, zuen oinen ondoan landaredi interesgarri honen populazio joriak aurkituko baitituzue.
Beste ertzan, ordea, Plentziako abanikoa edo Isuskiza izenez ezagunak diren meandroa eta ibai-lurmena zabaltzen dira, egitura geologiko hauen sorrera eta bilakaera ulertu eta aztertzeko gaur egun aurki dezakezuen adibiderik argienetakoa izanik. Inguru honek ere, azken urte hauetan urbanizazio itzela ezagutu duen arren, uretatik hurbilen dauden aldeetan egitura naturala eta berezko landarediaren ordezkaritza oparoa azaltzen duten padura-eremu zabalak mantendu dira. Bestaldetik, aipagarria da, inguru honetan aintzinako untziraleku bitxi bat ongi kontserbaturik dagoela.
Ur bazterretik jarraitu behar duzue Palado baserrien inguruetara iritsi arte. Jabego pribatu hau igarotzeko hesiaren ondotik igotzen den bidea jarraitu behar duzue eta bertatik segi berriro uraren ondora jaitsi arte. Itsasadarrera iritsi baino piska bat lehenago, mendian gora abiatzen den bide bat ikusiko duzue. Hauxe da abialekura itzultzeko erabili behar duzuen bidea, baina oraindik ur ondotik piska bat gehiago jarraitzeak merezi du.
Toki honetatik aurrera padura eta ibaiertzetako basoen arteko piskanakako trantsizioa ikusteko aukera izango duzue. Itsasmareen eragina geroz eta txikiagoa den heinean, paduretako landaredia ibaiertzetan nagusi diren haltzez, sahatsez, urritzez, lizarrez... eta era honetako landareez ordezkatua izaten da, baina trantsizio hau emeki-emeki gertatzen da. Hori da bide hau jarraituta ikusi ahal izango duzuena.
Bi kotxe erabiltzeko aukera baduzue, oso alternatiba interesgarria izan daiteke Plentziara joan baino lehen, kotxe bat Gatikako Butroe gazteluan uztea eta guk proposatzen dugun txango zirkular hau egin beharrean, ibaian gora jarraitzea gazteluraino, Palado baserrietatik bi kilometro eta erdira baitago. Alternatiba honek gainera, Arbinako errota eta urtegia ezagutzeko aukera eskaintzen dizue.
Alternatiba hau burutzeko bitartekorik ez duzuenok, ibaian gora egin duzuen zati hori atzerantz errepikatu behar duzue eta lehen aipatu dugun Palado baserrien sarreratik hurbil dagoen bidetik gora abiatu behar duzue. Bide honetatik, gizakiak landatutako eukaliptoak eta pinuak, berez sortuak diren haritzak, lizarrak, gaztainondoak, astigarrak... nahastuak azaltzen dituen baso zoragarrian barrena, poliki-poliki altuera hartzen joango zarete.
Laster bidegurutze batera iritsiko zarete. Eskuinetik, bideak errekatxo bat zeharkatzen du eta Gatika aldera abiatzen da. Zuek ezkerrerantz jo behar duzue aldapa amaitu arte. Aldapa amaitzean, bidea errepide bihurtzen da. Errepide hau jarraitu eta Kukutxe mendiska inguratu ondoren, Lemoizko Andraka auzora iritsiko zarete.
Auzo honetatik aurrera, txangoaren zatirik desatseginena aurkituko duzue, izan ere, tarte batez errepide nagusitik jarraitu behar baituzue. Hala ere, zati honetan zehar, duela gutxi zeharkatu duzuen Plentziako Itsasadarraren ikuspegi panoramiko paregabea izango duzue.
Errepidetik jarraitu eta Gorlizko Udal Barrutian sartzen zaretela iragartzen duen seinalea baino pixka bat lehenago, ezkerretik beherantz abiatzen den bidea hartu. Bide honetatik lehen ezagutu duzuen Mandañu auzora jaitsiko zarete denbora laburrean. Auzo hau osatzen duten baserriek hasieran aipatu ditugun Bizkaiko baserri tipikoez eta bere inguruko landazabalen hainbat adibide dotore eta interesgarriez gozatzeko aukera emango dizuete. Puntu honetan, lehen Junkera baserrian barrena hartu duzuen bidea aukeratu beharrean, errepidetik jarrai dezakezue eta horrela, bide batez, bidean aurkituko duzuen Iratxiki izeneko iturrian ahoa eta gorputza pixka bat freskatu ahal izango dituzue kotxea utzi duzuen abialekura iritsi baino lehenago
LIMIKOLOAK: ISTIL ETA LOKATZETAKO HEGAZTIAK
Limikoloak edo zangaluze txikiak sakontasun txikiko uretan bizi eta substratu biguneko ornogabeez elikatzen diren hegazti txiki eta ertainak dira. Bizimodu honengatik, Euskal Herriko itsasadar eta estuarioetako ohiko hegaztiak dira, batez ere migrazio-garaietan (udazken eta udaberrian), Europako iparraldetik Iberiar penintsula edo Afrikarantz abiatzen den limikolo-andanak gure itsasadarrak erabiltzen baititu elikatzeko eta atsedena hartzeko.
Inguru ezegonkor hauetan mugitu eta elikatu ahal izateko, limikoloek hainbat moldaera azaltzen dute, hala nola, hanka eta moko luze eta indartsuak edo ornogabeak istiletan antzemateko moko sentikorrak.
Euskal Herrian, 34 espezie desberdin azaltzen dituen talde zabal eta askotarikoa osatzen dute limikoloek. Hauen guztien tamaina eta itxuren aniztasuna, harrapakinak harrapatzeko garaian lehia ahalik eta txikiena izateko limikoloek azaltzen duten espezializazio handiaren adierazle dira. Substratu eta sakontasun desberdinetan aritzen direnez, eta espezie bakoitzak harrapakin zehatz batzuk harrapatzen dituenez, espezieen arteko lehia hutsaren hurrengoa da. Tamaina txikiko limikoloak (txirriak, txirritxoak, harri-iraulariak...) uraren ertzean harrapatzen dituzten azaleko ornogabeez elikatzen dira batez ere. Tamaina ertaineko limikoloak (bernagorriak, kuliskak, itsas mikak...), ordea, aldizka sakontasun txikiko uretan sartzen dira eta azaleko ornogabeak zein sakontasun txikiko hondeatzaileak harrapatzen dituzte. Tamaina handiko limikoloak (kurlintak, abozetak, zankaluzeak...), azkenik, beti uraren barruan elikatzen dira, harrapakinak galeria sakonak hondeatzen dituzten ornogabeak direlarik


Azkenak
2024-12-18 | ARGIA
Euskal Y-a ez da Ipar Euskal Herriarekin lotuko gutxienez 2042 urtera arte

Frantziako Gobernuak Espainiakoari baieztatu dionez, Abiadura Handiko Trena ez da Hego Euskal Herrira iritsiko (Irungo loturara) gutxienez 2042 urtera arte. Ez dago Parisen lehentasunen artean.


Mezu kristaurik gabeko Gabon kantak, ikastetxe ugariren aukera

Gabonen erroa kristaua dela jakinda ere, erreferentzia katolikorik ez duten kantuak abestea erabakia du (edo eztabaida horretan dihardu) gero eta ikastetxe gehiagok, eskolaren printzipioetako bat laikotasuna dela oinarri hartuta.


2024-12-18 | Leire Ibar
Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Kontseilua sortu dute Nafarroan

Sortu berri duten organoaren eginkizun nagusien artean daude, besteak beste, diskriminazioaren aurkako politikak sortzea, migratzaileen eta gutxiengo etnikoen elkarteen parte hartzea sustatzea, Nafarroako arrazakeriaren egoera globala aztertzea, eta Arrazakeriaren eta... [+]


2024-12-18 | Julene Flamarique
BSHko langileek lantegiaren “deslokalizazioa” salatu eta manifestazioa deitu dute larunbaterako Iruñean

Alemaniatik etorritako goi kargu batek eman die 655 langileei enpresaren itxieraren berria, ohar bat "hoztasunez" irakurrita, eta langileei “lehiakortasun falta” egotzi die. Langileek presazko bilera eskatu diote BSHko operazio arduradun Pepe Justeri, eta... [+]


2024-12-17 | ARGIA
ETAren armagabetzeaz “esateko zeukan dena” esana duela adierazi du Jaurlaritzak Bakegileen salaketaren aurrean

“Jaurlaritzak esateko zeukan dena esanda dago txosten horretan” adierazi du asteartean Maria Ubarretxena bozeramaileak, Jaurlaritzak 2019an egindako txostenari erreferentzia eginez. Txosten horretan egiten den kontakizuna “faltsua eta interesatua”... [+]


2024-12-17 | Julene Flamarique
Igor Kirillov hil du Ukrainiak, Errusiako armadako babes nuklearrerako, biologikorako eta kimikorako tropen burua

Atentatua astearte goizean izan da, Kieveko auzitegi batek Kirillovi Ukrainako tropen aurka arma kimiko debekatuak erabiltzea leporatu eta hurrengo egunean. 300 gramo TNTko karga zuen lehergailuak, eta Errusiak jazotakoa argitzeko ikerketa bat jarri du abian.


2024-12-17 | Leire Ibar
Gasteizen bizi diren Gazako bost familien egonaldia era mugagabean luzatzeko eskatu dute

Palestinatik aberriratu eta urtebetera, Espainiako Gobernuak jakinarazi du familien harrera programa ez duela gehiago finantzatuko eta aterpetxe eta hostaletako egonaldia abenduaren 31n etengo diela. Urtarriletik aurrera Gasteizko Udalak Gazako bost familien ostatuaren gastuak... [+]


2024-12-17 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Autoktonoa ala inportatua da Hego Koreako krisia?

Hego Koreako presidente Yoon Suk Yeol-ek abenduaren 3ko arratsean gerra-legea ezarriz sutu zuen krisi politikoa itzaltzetik oso urruti dago oraindik. Nahiko argi badago ere kolpea sustatu zutenak ez direla irabazten ari. Oraingoz.


2024-12-17 | Leire Ibar
Urretxindorra Ikastola sexu abusuen “konplize” dela salatu dute

Bilboko ikastolako ikasle eta ikasle ohien talde batek zentroko irakasle baten partetik jasandako sexu abusuak zerrendatu ditu, eta komunikatu baten bidez salatu du ikastetxeak gizona babestu duela. Gertakariak azalera atera direnean ikastolak “beren burua zuritu besterik... [+]


2024-12-17 | Jon Torner Zabala
Otso edo hartz, abeltzaintzarekin duten elkarbizitza eztabaida-iturri da

Urriaren 19an, Xiberoko Batzorde Sindikalak bozketa egin eta adostu zuen lurraldea "babesteko zaila den eremu gisa" (ZBD) izendatzeko eskaera abiatzea, otsoaren "arriskuari" aurre egitea helburu. Artaldeei eraso egin ez badie ere, artzainek otsoari tiro... [+]


2024-12-17 | ARGIA
Itsasertzaren kudeaketa Jaurlaritzaren esku geratuta, proiektuak “bizkortu ahal izango dira”

Eusko Jaurlaritzaren esku geratu dira beste bi eskumen: Itsasertzaren Antolaketa eta Kudeaketa, eta Zinematografia eta Ikus-entzunezko Jarduera. Astelehenean bildu da Transferentzien Batzorde Mistoa, Madrilen, eta han adostu dute bi eskumen horiek EAEra eskualdatzea.


Eguneraketa berriak daude