NOEREN ARAKAN SALTOKA

  • Utziko al diozu behingoz ARGIA irakurtzeari? Esan zenidan lanaz kokoteraino zaudela, asteburuek gustu monotonoa dutela eta ospa egin nahi duzula hemendik. Bada, terapia aurkitu dizut: Australia. Begira zer jartzen duen prospektoak!

2021eko uztailaren 26an
Hemengo bizitzaz deskonektatzeko pilula majikoa:
Gure mundutik guztiz "out" dago, baina zientifikoki ere bai; estresik gabeko garai hurrun batean, lurreko plakak mugitzean, Australia beste kontinenteengandik guztiz aparte geratu zen. Bertako bizimodu, animalia, landare eta pertsonak arrunt ezberdinak dira.

Noe eta bibliarengan fedea, sendabidea:
Australia beste kontinenteengandik banandu zenean, animaliek lurraren zein aldetan geratu aukeratu behar izan zuten. Horregatik, itsasoaren erdian, Australia Noeren arka bat da, guztiz animalia ezberdinak gordetzen dituena: arraultzak jarri eta kumeei bularra ematen dieten ornitorrinkoak, txingurrien zurgagailu praktiko diren ekidnak, emuak, koala banbujaleak, eta 50 kanguru mota ezberdin, hasi arratoi neurrikoetatik, eta bi metrotik gorakoetara.

Belar txarren sendabelar:
Urte osoan begi bistan izan ditugun Lizarra (batzuri alergiak sorrarazi dizkiena) eta haritzak utzita, sustrai sendoagoko landare exotikoak daude Australian; arbola denak dira akazia eta eukaliptuen familiakoak eta sekulako oihan eta parke nazionalak daude.

Munduko depresio eta krisirik handienak sendatzeko kontsolagarri:
Australia da altitude baxuena duen kontinentea (200-340 metro batez beste). Eta paisaje mota denetatik du: erdia baino gehiago lautada da, meseta zabal bat etzaten baita mendebaldean. Ekialdean, berriz, mendi erraldoiak daude zutik, Alpe Australiarrak tartean (gailur altuena Kosciusko, 2.230 metro). Hegoaldean 9.000 kilometro karratuko Eyre lokatz-putzua, ur azpitik 12-14 metroko altitudea (edo altitude falta) duena. Eta hiru basamortu, harkaitzezko zein hondarrezkoak.

Fobia sozialak gainditzeko lurraldea:
Australiak 18 milioi lagun ditu, arraza guztietakoak: %95 europarra da (batik bat britaniarra), %1,5 bertakoa eta beste %1,3 asiarra. Bakardade eta intimitatea nahiko balute, bakoitzak kilometro bateko lorategipuska izateko lain lur badago, baina fobia gehiago diote basamortuari elkar zanpatzeari baino, eta horregatik denak hiriburuetan pilatu dira: Sidney edo Melbourne hirietan bizi da hiru australiarretik bat!

"Azken indio" konplexuaren kontrako antidotoa:
Euskaldunak ez gara azken indio bakarrak; Australian ere bertakoak ez dira bere lurraren jabe, eta azken indiotzat tratatzen dituzte. Iparralde eta erdialdeko (Iparraldeko Lurraldean eta Queensland-en) erreserbetan bizi dira, bizimodu eta sistema berrira egokitu gabe, penak alkoholetan itoz. Beren arbasoak fruitu biltzaile eta ehiztariak ziren (boomeranga ehizatzeko erabiltzen zuten arma da). Klanetan antolatu eta nomada ibiltzen ziren: ehiza non, etxea han. Eta horrela bizi izan ziren, nekazaritza eta abeltzantzarik gabeko harri aroan, XVII. mendean europarrek kolonizatu zituzten arte.

Pello Zabalaren denpendentziatik aske:
Australian ez dago euri arriskurik. Klima barietate handia dago, baina orokorrean tropikala. Urtaroak alderantziz bizi dituzte: euria udan egiten du, monzoia deitzen dioten garaian, baina asko jota ere metro eta erdi ur botatzen du urte osoan. Neguak, berriz, leunak dira, eta uda zein negua izan, beti egiten du beroa (25-30°C).

Kirol adikzioa kroniko egiteko:
Aurten Joko Olinpikoak Sidneyn jokatzen dira, irailaren 15etik urriaren 1era. Informazio osoa www.australia.com helbide elektronikoan duzu. On egin.


Kanguruak hanburgesetan

Jateko ere aukera asko dago irla handian. Itsasotan blai, Australia oso da aberatsa itsaskietan: ostrak, langostak, karramarroak... Saltsak, espeziak eta belar aromatiko zaleak dira, eta postreak dira euren espezialitatea. Nazioaren ikur izanda, kangurua jateari errespetua diote, baina sentiberatasun kulturalik gabeko turistontzat jaki ederra da, koipe gutxi eta zapore fuerteko haragia. Joko Olinpikoetako maskota den emua ere gero eta gehiago jaten da, eta kokodriloa ere ez dute zapatetarako bakarrik harrapatzen.
Plater sustantzia handiko hauekin batera, Australian ere badira azkar(regi) prestatutako jakiak: usain anglosaxoiko "fish and chips"ak (patata eta arrain frijituak) eta, nola ez, gizakia heltzen ez den lekuetara ere zabaltzen diren hanburgesa amerikarrak. Baina Sidneyko enpresariek bertako tradizioa masa kultura bihurtu dute: kanguru haragizko hanburgesak saltzen dituzte!
Bigarren mundu gerraren ondoren, Australian babes hartu zuten etorkinek bere jatetxeak zabaldu dituzte. Beraz, Asia osoa dasta dezakezu, jatetxe tailandiarra, turkiarra, japoniarra eta indonesiarra bisitatuta, edo mundu osoa platerean eduki, Malta, Argentina, Egipto eta Mazedoniako jakiekin. Herri hauetako benetako sukaldaritza ezagutzeko, ez zaitez "souvenirs"en ondoko txiringitora joan; sar zaitez etorkin gehienak biltzen dituen auzoetan. Hauetako jatetxe asko, gainera, oso merkeak dira.


Aita Santutik Doctor Livingstonera

Bidaiatzeko hamaika modu bada. Norberak bere izakera, gustu eta baliabideen arabera antolatu dezala bere espedizioa:

Bidaia agentziekin joanda:
Dena aurrez antolatuta dutenez, ez duzu ezertaz arduratu beharrik izango, kartera husteaz ez bada. 3-4 egunetako bisitaldietatik 22 egunekotara, eskaintza zabala da, eta gutxienez 6 ibilbide ezberdin badira. Horrez gain, egunpasa gidatuak prestatzen dituzte, eta 3-4 eguneko itsasbidaiak egiteko aukera ere badago. Gauero hoteleko ohe erosoetan egingo duzu lo. Prezioak asko aldatzen dira egun kopuruen arabera, aukeratutako ibilbidearen arabera eta hotelen kategorien arabera: 200.000 pezetatatik (8.000 libera) 600.000ra. Bezperan bidailagunarekin tramite hutsez ezkontzako paperak sinatzea aholkatzen da, ezkonberriei deskontua egiten baitiete.

Bertako bidaia antolatuak:
Australiako enpresa berezituek ekintza ezberdinak gidatzen dituzte. "Todoterreno"tan oihanera safariak egin daitezke, ondoren izarrei begira lo egin eta museo aborigenak bisitatu (Indiana Jonesen kasta). Bizikletaz zeharkaldiak ere antolatzen dituzte, talde txikientzat eta 5 eta 14 egun artekoak. Begiratu web orrian: www.omen.com.au/roc/tour. Oinezko trabesiak ere eskaintzen dira.

Kirola eginaz:
Itsasoak, mendiak eta lautadak joko asko ematen dute. Koralezko arrezifean urpekaritza praktikatzeko aletak, tuboa eta betaurrekoak nahikoak dira, eta horretan gehiago sakondu nahi duenarentzat badira ikastaroak eta gaueko txangoak. Horrez gain, bela, uretako eskia eta uretako motorrak, surfa, ibaietan txalupa zeharkaldiak, ur lasterretako raftinga, arrantza... edozer egin liteke uretan. Eski pista oso onak ere badira Hegoaldeko Gales Berria eta Victoria estatuetan. Golf zelaiak eta eskalatzeko "Blue Mountains"ak ere hortxe dituzu.

Txapela buruan:
Euskaldunen bidaiatzeko era tradizionalak agintzen duenez, motxila bizkarrean eta txapela buruan hartuta abiatzea da askatasun gehien ematen duen aukera. Tren edo autobusez mugitu, eta iristen zaren lekuan hondartza edo eliz ataririk ez bada, lasai: hotel, "bed & breakfast", landetxe, ikasle pisu, aterpetxe eta kanpinetan aurkituko duzu babesa. Australiako gidak dituzu bidaialagun onenak.

Lana eginaz:
Australia ezagutuz bizimodua aurrera ateratzeko aukera dute, sosek oporretarako ematen ez dietenek. Hirietan uda partean ez da lan zaila aldi baterako lanak aurkitzea. Baserri eta landetxetan ere nahikoa zeregin izaten da uzta bilketa garaian. Eta landetxe askok lanaren truk loa eta mantenua ematen dute. Begira ezazu Lionel Pollard programa (Victoria estatua): Telefonoa (03) 51 55 - 02 18 da eta e-maila NH@b150. aone.net.au

AHOLKUAK
-Noiz bidaiatu: Klima kontuan hartuta aproposena martxotik maiatzera, australiar udazkenean, alegia. Erdialdeko eta iparraldeko lurraldeetara joateko ekaina eta abuztua ere egokiak dira.
-Orduak: Udan 8 ordu aurreratuta bizi dira, eta neguan 10 ordu.
-Txanpona: Dolar australiarra (AUD) = 98 pezeta, 3,9 libera.
-Hizkuntza: Eraman ezazu ingeles hiztegia.
-Kontuz kanguruekin! Kangurua ageri duen trafiko seinalea Australian bakarrik ikus daiteke, baina ez da apaingarri soil bat. Bidera kanguru asko atera ohi da eta istripuak sortzen dituzte. Hauek hiltzeko arriskuaz gain, kotxea ere ongi mailatuta uzten dute.
-Nola gidatu: Kotxea ezkerreko bidetik gidatu behar da.
-Bigarren azala: 15eko babesa baino gehiagoko krema ezinbestekoa da. Munduan azaleko minbizi kopuru altuenetakoa du Australiak. Egun lainotsuetan ere erradiazio handia egon ohi da.
-Zer erropa eraman: Badaezpada ere, denetik eraman. Egunez bero handia eginagatik, gauez izoztu egiten du basamortuetan


Azkenak
2024-12-30 | Jon Torner Zabala
Euskal selekzioaren ofizialtasuna lortzeko lehen urratsa, Nazioarteko Pilota Federazioak haren alde bozkatuta

Euskadiko Euskal Pilota Federazioa eskubide osoko kide izatea onartu du Nazioarteko Pilota Federazioak, larunbatean Iruñean egindako batzarrean. Ofizialtasuna lortzeko bidean urrats handia da, "lorpen historikoa", Euskadiko Federazioak adierazi duenez, baina... [+]


2024-12-30 | Patxi Aznar
Hilketak, arma-eskalada eta ondorioak

Abenduaren 26an, aireko eraso batean, Israelgo armadak bost kazetari palestinar hil zituen. Haiekin 130 kazetari palestinar hil zituzten. Albiste horrek gauza pare bat gogorarazi dizkit, lehenengoa, benetako kazetariek jasaten duten jazarpena munduko edozein lekutan, adibidez,... [+]


2024-12-30 | Rober Gutiérrez
Gazte landunen %51k

Azken hilabete hauetan hainbat institututan lan egitea egokitu zait eta, uneren batean edo bestean, ikasleekin lan merkatuak eskaintzen dituen aukerez hitz egin behar izan dut. Ikasleen tipologia askotarikoa da eta hiri berean asko aldatzen da auzo batetik aldamenekora,... [+]


2024-12-30 | Josu Jimenez Maia
Izenorde guztiak

Historikotzat nekez har daitekeen argazkiaren erdian agertzen den neskatoa idazten ari da, zer eta izenorde zerrenda bat: ni, zu, hura, gu, zuek, haiek. Beherantz begira egonik, neskatoaren begirada nolakoa den antzeman ezinik gelditu naiz ni.

Argazkilariaren lanari soraio,... [+]


2024-12-30 | Julene Flamarique
Militarrek “botak zintzilikatu” zituzten Bilbon Inuzente-egunean

Larunbatean Irala auzoko koarteleko ekintzarekin, #BotaKuartelak koartela eta armada guztiak desagertzea eskatu du. Gune horiek “benetako mehatxuetatik” babestuko dituen auzorako proiektuetara bideratzeko proposatu dute beste behin ere, hala nola desberdintasunetik,... [+]


2024-12-30 | Julene Flamarique
Gazan hil dituzten milaka haurren izen-abizenak irakurri dituzte 30 orduz jarraian Iruñean

Hondakinen artean oraindik identifikatu gabe dauden Palestinarrak ere ikusarazteko helburupean egin dute. Israelek Gazan 18.000 adingabe hil ditu urriaren 7az geroztik. BDZko Elisa Huarteren arabera, “zerrendetan oraindik ezezagunak diren izenak irudikatzen dituzten marra... [+]


2024-12-30 | Leire Ibar
Eraso arrazistak salatu dituzte Arrigorriagan eta Baionan

Arrigorriagako Udalak elkarretaratzea egin du igandean udaletxeko plazan, ostiralean txinatar jatorriko merkatari batek bere dendan jasandako erasoa salatzeko eta biktimari babesa adierazteko. Horrez gain, Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak elkarretaratzea antolatu du... [+]


Joseba Asiron
“Haur eskoletan euskarazko eskaria eta eskaintza parekatzeko negoziazio bidean gaude PSNrekin”

"Erorien Monumentuaz sozialistekin akordioa lortu izan ez balitz, eraikinak bere horretan jarraituko luke aurrerantzean ere eta hori zen guk onartzen ez genuen aukera bakarra”. Hala dio Joseba Asironek. Entzun elkarrizketa osorik hemen sakatuta.

 


2024-12-30 | ARGIA
Osasun asegurua du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako biztanleen ia laurdenak

EAEko biztanleen %23,9k osasun asegurua zeukan kontratatuta 2023an, Eustaten datuen arabera. 2021eko datuekin alderatuta, %4,1 gehiagok. Batez ere traumatologia, oftalmologia, ginekologia eta dermatologia kontsultak egin ziren. Aseguruen %61,3 enpresentzakoak edo bestelako... [+]


2024-12-30 | Ahotsa.info
Hatortxu Rocken azken aurreko edizio jendetsua Atarrabian euskal preso eta iheslarien etxeratzearen alde

Milaka lagun elkartu dira Hatortxu Rock elkartasun jaialdiaren azken aurreko edizioan. Euskal preso politikoen senideei babesa eta sostengua emateko sortutako jaialdiak agur esanen du 2025ko udan Lakuntzan eginen den azken edizioarekin. Sakabanaketarekin amaitzea lortu bada ere,... [+]


2024-12-30 | Jon Torner Zabala
‘Bagare’: euskararen eta euskal nortasunaren aldeko ereserkiak 50 urte

1974ko abenduan sortu zuten Bagare kanta Gontzal Mendibil zeanuriarrak eta Bittor Kapanagak, haren Olaetako (Aramaio) baserrian. Euskararen eta euskal nortasunaren aldeko ereserki bilakatu zen gerora.


2024-12-30 | Behe Banda
Barra warroak |
Urte berriari

Begi bistaz zentzugabea dirudien eztabaida batekin hasten da zutabea: 2024 gure literatur ale horietako bat balitz, nola deituko zeniokete?

Erantzunik topa ezean, ordu erdi ematea aurtengo bizipenei begira; Instagrameko artxibatuetan sartu lehenik, eta Twiterrera pasa horiek... [+]


Eguneraketa berriak daude