"NI BEZALA JOKOZ KANPO DABILTZANEI BARRE EGITEN DIET"

  • Basaurin jaio zen 1963an. Euskal Filologiako katedraduna da Deustuko Unibertsitatean, Heziketa Fisikoko lizentziatua EHUn eta irakasle lanetan jardun du bertan. Musika karrera ere egina du eta egun Ingeles Filologian dago matrikulatua. Zortzi liburu ditu argitaratuak eta seigarrenarekin, ikasle giroko "Ostegunak" narrazio bildumarekin arrakasta handia lortu zuen. Hilabete batzuk dira "Ostiralak" ere kalean dela. Bidaia luzeak egin ditu munduan zehar eta, hainbat libururen oinarri izateaz gain, bidaien inguruan hitzaldiak ematen ditu. Jardun horretatik eta liburuetatik lortzen du bizibidea. Idazle, ikasle, abenturazale, kirolari... berari ere zail egiten zaio bere burua definitzea. Gasteizko Filologia fakultateko kafetegian egin dugu hitzordua. Azterketa garaia da eta ikasleak urduri dabiltza batetik bestera. Baina Jon Arretxe lasai dago. Ez da azterketetara aurkeztuko.
Beste gauza askoren artean, unibertsitateko irakasle lanetan ere aritua zara, 37 urte bete dituzu berriki eta oraindik ikasle pisu batean bizi omen zara. Zer dela eta?
Bizimodu ona duzunean ez duzu zertan aldaturik. Beti izan naiz ikasle. Behintzat, ez diot inoiz utzi matrikulatua egoteari. Langile bizimoduak aspertu egiten ninduen eta bi aldiz utzi dut bizimodu hori. Ikasle izateari ez. Duela hamabi urte etorri nintzen Gasteiza IVEF ikastera, eta ikasle pisuetako giroa-eta asko gustatu zitzaidan.

Azterketa garaian zaude, ezta?
Bai, baina ez naiz aurkeztuko. Lotsagarria da esatea, baina azken bi urtetan Ingeles Filologiako gai bakarra gainditu dut. Hizkuntza eskolan ere matrikulatua nago, frantsesean. Azkenean, hizkuntzak ikasteagatik egiten dut; hizkuntza da interesatzen zaidana, ez titulua.

Ostegunetan parrandak egiten jarraitzen al duzu?
Niretzako behar bat da ia. Txarto sentitzen naiz ez badut irteten. Ez dira lehengo moduko parrandak, baina, hainbeste urtetan hor ibilita, gutxienez bueltaxka bat eman ohi dut: Kutxi-n ogitartekoa jan, poteo txiki bat eta ordubiak aldera etxera. Gainera, giroa bera ere aldatu da, oraingoa ez da duela 8-10 urteko giro itzela. Zenbait lasterketa eta triatloirako entrenatzen ari naiz eta nire burua zaindu behar dut.

Euskal Filologian doktorea, Heziketa Fisikoan lizentziatua, musika karrera egina, Ingeles Filologian matrikulatua... ikasle giroaz aparte, ikastea bera ere gustatuko zaizu, ezta?
Ez. Batere ez. Alferra naiz eta dena juxtu gainditu dut beti, txuleten laguntzaz, pixka bat ikasita... Ikastea gustatzen zait, baina estudiatzea ez. Gauza batzuek merezi dute, zeozer aportatzen dizute, hizkuntzek bezala. Gainontzekoa tramite hutsa da, gainditzen dituzu gainditu behar direlako.

Hainbat bidaia kronika idatzi duzu. Zertan hasi zinen lehenago, idazten ala bidaiatzen? Batak bestea ekarri al zuen?
Hamazazpi urterekin hasi nintzen lanean eta dirua bidaietan gastatzen hasi nintzen. Baina beti opor sasoian izaten ziren, turista moduan. Nire lehen lana uztean hasi nintzen bidaia luzeagoak egiten, bakarrik, beste modu batera. Horrek gehiago inspiratzen ninduen idazteko. Biak nahiko lotuta etorri ziren: bidaiatzeko mota horri ekitearekin batera etorri zen idazten hastea.

Nora eraman zaituzte bidaia horiek?
Hasieran toki askotan egon nintzen. Baina une batetik aurrera horrek ez ninduen betetzen. Eta erabaki nuen bidaia luzeagoak egin behar nituela, tokiak hobeto ezagutuz eta itzultzeko presarik gabe. Lehen bidaia luzea Afrikara egin nuen. Sahara inguruan ibili nintzen gehienbat: Maroko, Aljeria, Mali, Senegal... Hiru hilabete eman nituen han. Oso bidaia garrantzitsua izan zen niretzat eta handik atera zen "Tubabu" bidaia kronika. Bigarrenean, Asia aldera jo nuen: India, Pakistan, Txina, Seda bidea, Karakorumeko goibidea... Transiberianoan itzuli nintzen Europara. Hurrengoan Amazoniara joan eta handik atera nuen "Tuparen semeak" kronika. Gero Sumatrara joan nintzen eta hurrengoan Asiara berriro: Indiako Himalaia eta Nepal egin nituen monasterio budistetan-eta egonda (hortik inspiratuta egin nuen "Oroituz" nobela). Iaz Amazonian izan nintzen berriro indioekin bizitzen.

Horien inguruan hitzaldiak eta erakustaldiak ematea da orain zure lanaren zati bat. Gustura egiten al duzu?
Neure aukera da hori. Duela sei urte hasi nintzen fakultatean Heziketa Fisikoa irakasten. Hiru urte eman nituen horretan eta nik aukeratu nuen lana uztea. Liburuetatik eta hitzaldietatik bizitzen saiatu nintzen eta apustua ondo atera zait. Badirudi jendeari nik kontatzen dudana interesatzen zaiola. Kultur etxe eta euskaltegietatik sarritan hots egiten didate.

EHUn ikasle zara oraindik eta irakasle izana zara. Ikuspuntu desberdinetatik ezagutzen duzu. Nola ari da aldatzen EHU?
Gero eta serioagoa ikusten dut. Jendea gero eta ikastunagoa da. Karrera askotan sartzeko numerus clausus-ak daude. Horregatik gazteek, 16-17 urterekin dagoeneko, gogor ikasten dute eurek nahi duten ikasketak burutu ahal izateko. Giro hobea izaten genuen lehen; alaitasuna galdu da. Eta hori ez da nire irudipena bakarrik, galde iezaiozu horko tabernariari eta gauza bera esango dizu.
Irakasle moduan egon nintzenean, bestalde, nazkatuta amaitu nuen. Sekulako mafia zegoen fakultate horren barruan. Heziketa Fisikoko Departamendua inbidiaz eta taldetxoz beterik zegoen. Hor jarraitzekotan gauza bera egin behar nuen: kabroi bat bihurtu, taldetxo batean sartu, besteen aurka egin... Ez nengoen horretarako prest. Oso giro eskasa zegoen eta, entzun dudanez, gainerako sailetan ere gauza bera gertatzen da.

Literaturara itzulita, bidaia kronikak aipatu ditugu. Baina, haurrentzako lan bat, ipuinak, nobelak... ere idatzi dituzu.
Genero batetik bestera aldatzen sentitzen naiz gustura. "Hakuna Matata" ipuin bilduma lan isolatua izan zen. Joan den hamarkadaren hasieran idatzi nuen. Euskal Herrian jende asko dago liburu bakarra idatzi eta gero desagertu egin dena. Ni ere bide horretan nengoen. Bidaietan ezagututako errealitatea eta fikzioa nahastu eta bost ipuin idatzi nituen. Lan horrekin hustu egin nintzen. 1995a arte ez nuen besterik idatzi. Handik aurrera martxan jarri eta urtero liburu bat atera dut. Bidaia literaturarekin hasi nintzen, baina horrekin ere apurtu nahi nuen eta horregatik idatzi nuen "Ostegunak". Ez nuen klitxe horretan sartu nahi. Askorentzat bere bidaiak kontatzen dituen tipo bat nintzen ni. "Ostegunak" esperimentu bat izan zen.

Nola definituko zenituzke "Ostegunak" eta "Ostiralak"?
Umore liburuak dira. Hori zen, behintzat, nire helburua. Umore urbano, beltz, krudela... duten liburuak.

Kritikak ere jaso izan dituzte, ezta? Hori literatura ez ote zen... "Ostiralak" liburuan Ibon Zaldibia pertsonaiaren ahotan (Iban Zaldua errealitatean) "Ostegunak" sui generis bezala definitu zenuen...
Iban Zalduarena oso kritika arraroa izan zen. Ez zuen ezer ere ulertu. Serio hartu zuen brometan hartu behar zena. "Ostegunak" ganberrada bat izan zen, esperimentu bat. Nik denetik entzun dut, ganberrada bat dela, apologismoz beteta dagoela... Baina, jendeari gustatu egin zaio eta hori da niri inporta zaidana.

Zenbatgarren edizioa dago kalean?
13.a. 15.000 bat ale saldu dira dagoeneko. Ni ere harrituta nago. Ez nuen horrelakorik espero. "Ostiralak"en lehen edizioa 4.000koa izan zen eta berehala agortu zen. Bien artean "Oroituz" idatzi nuen, nire ustez, nire nobelarik onena, askogatik gainera. Baina, ez da besteak bezain komertziala. Nire barruko gauzak atera nituen.

Bizibidea, neurri batean, hortik ateratzen duzula kontuan hartuta, hurrengo lana zer izango da, ona ala komertziala?
Ez diot horri begiratzen. Boladaka izaten da gehiago, gogoak esaten duenaren arabera. Aurten, trilogia osatzeko, "Larunbatak" idaztea pentsatzen nuen. Baina orain ez nago tontakeriak idazteko gogoz. Aita duela gutxi hil zait, eta ez dut horretarako umorerik. Bestelako liburu bat idazteko gogoa etorri zait: serioa, sentsazioz betetakoa, munduan zehar ezagututako pertsonaia eta eszena konkretuak bilduko dituena... Gero "Larunbatak" aterako da eta ondoren gogoak ematen didana.

"Ostegunak"en ikasle parranderoak azaldu zenituen, "Ostiralak"en, ikasketak amaituta, lanean hasi beharko luketenak dituzu hizpide. "Larunbatak" zeren inguruan izango da?
"Rockero zaharren" inguruan. Umore patetikoa erabiliko dut. 30 urte ingurukoak izango dira protagonistak, eusten saiatu, baina jokoz kanpo sentitzen direnak.

Zu ez al zara jokoz kanpo sentitzen?
Ni gustura sentitzen naiz. Baina, nire buruari eta nire antzera dabiltzanei ere barre egiten diet. Hori garbi ikusten da "Ostiralak" liburuan. "Larunbatak" horretan ere krudela izango naiz nire buruarekin eta nire modukoekin. Baina dena katxondeo giro horren barruan.

Trilogiaren lehen bi aleetan ondorengo hitzak topatu ditugu: petarda, kante, borde... Horiek errealistagoa egingo dute testua, baina non dago oreka?
Bila daitezke euskarazko berba garbiagoak, baina gazteriak zein berba erabiltzen ditu? Elkarrizketak ez lirateke batere sinesgarriak izango. Esaten dutenez, liburu bi horien arrakasta hizkuntza horretan datza, esamolde horiekin identifikatzen delako irakurlea. Ez nuen apropos egin. Errealitatean gazteen hizkera horrelakoa baita, guri gustatu ala ez.

Bizimodu honekin noiz arte jarraituko duzu?
Hau guztia luzatzen saiatuko naiz. Idazten, bidaiak egiten, hitzaldiak ematen... jarraituko dut. Eta ez dakit zertan, baina zeozertan matrikulatuko naiz. Ez dut pentsatzen hemendik ez dakit zenbat urtera zer egingo dudan. Etorkizuna ez da existitzen.

Kirola eta parranda, lana, bidaiak eta ikasketak... erraza al da hori guztia batera egitea?
Egin daiteke, ez baduzu horretatik ezer ere lar serio hartzen. Bizitzan hartzen dituzun konpromisoaren arabera, guztia bateratu daiteke estresatu barik. Gauza bakar bat eginez aspertu egingo nintzateke. Agian dena txarto, baina denetarik egiten dut

Hamarrekoa
Hamarrekoa
IBAN ZALDUA
"Oso tipo jakintsua, dirudienez. Literaturako aditu handia"

JOSU IZTUETA
"Triatloi batzuetan elkarrekin ibiliak gara. Bidaiaria, tipo jator eta interesgarria... Ni bezala, bera ere daraman bizimoduarekin zoriontsua dela iruditzen zait"

XABIER MENDIGUREN ELIZEGI
"Oso editore ona. Ia nire liburu guztiak bere eskutatik pasa dira eta asko lagundu dit lan horiekin"

ALFONSO ALONSO
"Zein? Ah, bai! Gasteizko alkatea. Yuppie, gazte, dotorea"

UNAI ITURRIAGA
"Ondo moldatzen naiz berarekin. Bertsolari ona da eta, irakurri diodanagatik, idazle nahikoa ona ere bai. Pertsona interesgarria"

MANUEL MONTERO
"Hori zein da? Hemengo errektore berria, ezta?"

IÑURRATEGI ANAIAK
"Mendizale handiak"

AMAIA ELOSEGI ETA ESTHER MUGERZA
"Oso bidaia polita egin zuten bizikletaz. Ausarta izan behar da hori egiteko"


Azkenak
Harrera premia aurreikusiz Zumeta margolaria

Irakurlea dagoeneko jakitun dateke Euskal Herrian askatasunaren alde egon den eta dagoen gatazka politikoaren ondorioz urte luzetan kartzelan, erbestean edota deportazioan bizi behar izan duten euskaldunak, etxerako bidean, beren bizitza berregiten hasteko izaten dituzten... [+]


Trump-ek distentsio nuklearra eskaini die Errusia eta Txinari

Bi herrialdeekin arma nuklearrei buruz hitz egin nahi du AEBko lehendakari Donald Trumpek, ostegun honetan bere bulegoan kazetariei jakinarazi dienez.


Sexu jazarpena leporatu dioten EHUko irakaslea eskoletatik kanpo utzi du errektoretzak

EHUko Errektoretza Taldeak hedabideetara igorritako ohar baten bidez jakinarazi du neurria: "Unibertsitateak baieztatzen du salatu duten irakaslea jada klaseetatik at dagoela eta ez dela fakultatera joango kasua argitu arte".


AHT Hego Euskal Herrian: 15.000 milioi euroko inbertsioa Irunera abiadura handian iristeko?

Abiadura handiko trenaren aurkako manifestazioa egingo dute Iruñean larunbat honetan AHT Gelditu plataformak deituta, 12:00etan Diputaziotik abiatuta. Castejon eta Iruñea arteko trenbidearen eraikuntza lanek aurrera jarraitzen dute eta Espainiako Garraio... [+]


Emeadedei + Mahl Kobat
Gutaz ari dira

EMEADEDEI + MAHL KOBAT
NOIZ: otsailaren 2an.
NON: Zuiako gaztetxean, Murgian.

----------------------------------------------------

Iazko irailaren 20an izan genuen lehen aldiz musika kolektiboaren berri, sortu berri zuten sare sozialeko profilean: “Hemen da Hil da... [+]


2025-02-14 | ARGIA
Adin txikiko beisbol jokalari bati musu emateagatik entrenatzaile bat kondenatu dute

Adin txikiko neskak 2023an salatu zuen entrenatzaileak hiru aldiz musukatu zuela bere baimenik gabe. Nafarroako Probintzia Auzitegiak Iruñeko epaitegiak ezarritako zigorra baieztatu du. Entrenatzaileak ezingo du harreman zuzenik izan adin txikikoekin inongo lanbidetan eta... [+]


2025-02-14 | dantzan.eus
Inauteriak 2025 oinarrizko egutegia

Kaskarotak eta maskaradak urtarriletik dabiltza martxan, Malerrekakoak etorri dira segidan eta pixkanaka han eta hemen ospatu dira inauteri festak. Aurten, ordea, data nagusiak berandu datoz oso; Kandelaria egunean Hartza esnatu zen, baina ilargiari begiratu eta beste pixka... [+]


2025-02-14 | Sustatu
Itzulinguru ikerketa: itzulpen automatiko aurreratuak nola eragiten dio euskarari?

Sozioluinguistika Klusterrak, zenbait erakunderen laguntzarekin eta Asier Amezaga, Eduardo Apodaka eta Asier Basurtok landutako lanean, Itzulinguru izeneko proiektuaren emaitzak argitaratu ditu. Itzultzaile neuronalek (azken belaunaldiko itzultzaile automatikoak, zeinak euskaraz... [+]


2025-02-14 | Euskal Irratiak
David Gramond
“Gizartea beldurrarazteko baliatu zuten tortura, militantziari uko egiteko”

Otsailaren 13a Torturaren Kontrako eguna izanki, Euskal Herriko Torturaren Sareak gutun publiko bat igorri du. Poliziek torturatu euskal jendeen lekukotasunak bildu, eta aitortza egiteko xedea du sare berri horrek Euskal Herri osoan. Torturatuak izan diren 5.000 pertsonei... [+]


2025-02-14 | Gedar
Munichen, manifestazio sindikal bat harrapatu eta gutxienez 21 pertsona zauritu ditu gizon batek

 Ibilgailu baten bidez, Ver.diren protesta batean zeuden manifestariak aurretik eraman ditu. Duela egun gutxi, supremazista zuri batek 11 pertsona erail zituen Suedian.


Gizon bat atxilotu du Guardia Zibilak Amurrion, hildako bi agenteren kontura sare sozialetan barre egitea egotzita

"Polizia hila, baratzerako ongarririk onena" idatzi zuen atxilotuak sare sozialetan, eta lau milioi jarraitzaile baino gehiago ditu bere profilak, Guardia Zibilak azaldu duenez.


Iruñeko Laba, agur labur bat, irailean indarberrituta itzultzeko

Larunbat honetan itxiko dute Laba ostatua Iruñeko Gazteluko plazan eta, bitxia bada ere, egun osoko festarekin ospatuko dute itxiera, agurra ez baita behin-betikoa: Labak ondoko Windsor tabernarekin bat egingo du, obrak hastera doaz, eta beranduenez irailean berriz... [+]


Eguneraketa berriak daude