"ITSASOKO AIZKOLARIA IZATEAK TXAPELDUNAGO EGITEN NAU"

  • Aizkora australiarra lagun duela, apusturako grina zainetan dabilkio Joxe Mari Olasagasti aizkolariari. Pago enbor baten gainean eta munduari goitik behera begira, 41 urterekin eta 16 kilo galduta, galtza bete lan izan du Urrezko Aizkoran Mindegia menderatzeko. Sorlekutik ehun metrora dagoen Loinaz enea etxean bizi da Karmele emaztearekin, eta nolako zura halako ezpala diren bi seme-alabekin: Julen 9 urteko seme koskorra, momentuz surf-a nahiago duena eta Onintze alaba, idi probetan laguntzen aritzen zaiona. Horretan ere jo eta su ibiltzen baita Olasagasti.
Enbor gainean ordu mordoa sartzen baduzu ere, aizkoratik bizitzea ezinezkoa da; beste nondik ateratzen duzu bizibidea?
Nondik? Ba, handik eta hemendik. Erakustaldiez aparte, hamasei idi ditut eta idi-probetan ibiltzen naiz. Gainontzean, etxean dugun sagardotegiaz arduratzen naiz.

Nola sortu zitzaizun beraz, aizkorarekin aritzeko zaletasuna?
Ume koskorra nintzenetik idi probak maite nituen. Gero, 11 urterekin hasi nintzen aizkora apustu guztiak, harri jasotzeak, txingak, korrika eta sega ikusten. Hemen segalariak ikusten nituen, harriak jasotzea ere oso gustukoa nuen. Behin batean Larretxeari apustua egin nion: hamar kubikokoa 90 aldiz altxatu, aizkoran sei oinbiko, eta korrika sei kilometro, eta galdu egin nuen, artean traketsa nintzen aizkorarekin. Gero, 15 urtez ni izan naiz herri kiroletan kirolaririk osatuena. Horretan ez dut areriorik eduki. Duela hamar bat urte berriz, harria eta giza probak egiteari utzi eta aizkora munduan buru-belarri sartu nintzen.

Aizkoran nor izan duzu erakusle?
Besteen aldean nik ez nuen aitarengandik jaso, niri "Agite" aizkolariak erakutsi zidan bidea. Harekin hasi nintzen plazaz plaza ibiltzen.

Mindegia izan duzu beti arerio nagusi
Bai, baina Arrospideren hatsa ere hor izan dut. Mindegiaz, zer esango dizut, ba, aizkolari mundiala da, mendian jaioa, Nafarroan aizkora berezkoa baitute. Ni aldiz, itsaso aldekoa. Hemen normala da arraunlariak edo segalariak agertzea, baina aizkolaria? oso arraroa. Jakina, meritu handia du Mindegiarenak, 51 urte edukita, baina nireak zer? Egur pixka bat ekarri eta jo eta su egurra txikitzen hasi. Itsasoko aizkolaria izateak txapeldunagoa egiten nauela uste dut.

Zein alde dago erakustaldi batean aritzetik apustu baterako prestatzera?
Zeharo ezberdina da apustu edo txapelketa baterako prestatu edo erakustaldietan aritzea. Desafio bat onartzean hortaraxerako egoten zara bakarrik. Eta apustuetan ez dago Nafarroara joan beharrik kontrarioak aurkitzeko, hemen jendea badago lehian aritzeko, eta ni prest nago; besteari abantaila emanda ere, nik hamar enbor ekarri eta zuk bost, apustua egingo nizuke, ziur egon! Duela ez asko, dena uztekotan egon nintzen baina orain animatu eta dena irabazi nahi dut. Urrezko Aizkora bi aldiz erreskadan irabazi ondoren, hor daude Euskadiko Txapelketa, Urrezko kopa... Datorren hilean berriz erakustaldiekin hasiko naiz, Larratxon, Beasainen, Hendaian...

Aizkora zorrotik atera eta enbor gainean jarrita, zer duzu buruan?
Batzuek diote egurra mozten txukuna izan behar dela; bada, ni ez naiz horietakoa... lehenbailehen moztu eta kito.

Zein ezaugarri behar ditu aizkolari batek txapeldun izateko? Indar hutsez ez dago aizkolari osatua izaterik.
Lehenik eta behin gogoa behar da, zain egotea, sasoia gero dator. Teknika ere ezinbestekoa da. Mindegia adibidez, oso ondo prestatua dago, eta ez Arrospidek, ez Peñagarikanok ezin izan dute garaitu. Larretxea ez da ausartu. Ni gorputzaldi onean egon izan ez banintz, Mindegia izango zen orain txapelduna, bere atzetik joan ondoren, azkenean 30 segundu baino ez nizkion atera-eta. Lehengoan Urrezko Aizkora amaitzean, Mindegiak galdegin zidan: "asko gorde al huen?"," Zerbait gorde nian bai", erantzun nion nik.

Aizkoran gainera, marka egitea baino, arerioa menderatzea da ikuskizuna.
Nik behintzat markei ez diet inolako garrantzirik ematen, egurrak ezberdinak dira aldiro, baita nola jartzen diren ere. Norgehiagokari ematen diot nik balioa. Momentu horretan biak baldintza berberetan egotea, beroa, sargoria edo hezetasuna dela. Apustua baita herri kirolen oinarria, errazagoa da norberaren aurka aritzea beste baten kontra baino.

Apustua herri kirolen funtsa izatearena aipatu duzula, badirudi azken urteotan apusturako grina galdu dela.
Bai, zer edo zer makaldu da apustua egiteko gogoa. Euskal Herririk ez litzateke izango apusturik gabe, pilota, arrauna, aizkora, idi probak... horiek gabe dena hoztu eta gureak egingo luke. Tristura ematen dit, baina ez pentsa, elkarri desafioa botatzeko garaian beldurra ere badago. Hala ere, batzuetan desafioa botatzen baduzu, jendea marmarka hasten da: "hau harrotuta dago", bada, niri bost axola, jakin badakit hori dela herri kirolari saltsa ematen diona.

Prestakuntza gutxi egiten duzula diote askok, baita parrandazalea zarela ere. Eta esanak esan, txapelduna zara. Aurten, nola egin duzu 16 kilo galtzeko?
Lehengo urtean erabaki nuen gorputzaldi ona lortu behar nuela. Batzuek diotenaren kontrara gainera, erakustaldietan aritzea lagungarri baino, izorratzeko izaten da. Ordu laurden aizkoran pasatzen duzu hor, baina ez da "pulamentu" handikoa. Astean bitan gutxienez, oso serio aritu beharra dago, bestela jai dago. Aizkolari asko dago, baina hor aurrean egoteko derrigor prestatu behar. Donostian bertan 15 gimnasio egongo dira, baina ni ez naiz joaten, mendian korrika ibili eta egurra ebakitzea nahiago dut. Eta amaitzean "trago" batzuk hartzeko gogoa baldin badut, ez dut ba egingo!

Medikuek ordea, ez dizute hori aholkatuko...
Urtean bitan ere ez naiz medikuarengana joaten, analisiak egin, zer janari behar den eta kito. Medikuak zure aurretik ibiltzeko baino, zure parean edo atzetik ibiltzeko daude. Arbola bezalakoa da pertsona, ez bazara jaiotzen hartako, hura ezingo duzu gogortu, lagundu bai, baina zaildu ez.

Baserri giroaren galbidetik doa aizkolaritza ere, lanbideari lotua egon baita beti. Barrenadoreak, korrikalariak edo palanka desagertu dira.
Garai batean Donostiako zezen plaza lepo betetzen zen aizkora apustuak ikusteko. Garai hura ez da berriro biziko, baina galdu... galdu, ez dut uste galduko denik, jende berria ateratzen ari delako, Bizkaia aldean batez ere. Jakina, gu bezalako "kasta" izango duenik ez da izango, sufrimendu eta sakrifizioa eskatzen du-eta. Gastu handia duen kirola da gainera, kamioi bat egurrez betetzeak 600.000 pezeta balio badu, kontuak atera.

Orain gainera, motozerra edukita, zertarako aizkora?
Ezin da konparatu egurra zerorrek aizkorarekin moztu edo makina batek egitea. Ez dut horretan federik. Nik ez nuke balioko Alemanian egiten diren motozerra lehiaketetan esku hartzeko. Zuhaitz baten gainean gainera, zorabiatu egiten naiz. Nahiago dut eskulana.

Pilota eta arraunaren modura, aizkolaritzak oihartzun handiagoa behar luke telebistan...
Bai, aizkora eta harria erdibidean daudela dirudi. Alde batetik eskertzekoa da ETB egiten ari den ahalegina, bideak ireki dizkigu kirola biziberritzeko. Bistan da sariak ez direla batere mamitsuak, ez hortik bizitzeko adina, behintzat. Bestetik, komeni zaigu enpresariak sartzea, behar duen bultzada eman diezaioten. Telebista ondoren sartzea lotua doa, gainera.

Zeintzuk izaten dira aizkolariak maizen izaten dituen lesioak ?
Gerriarekin eta hankekin kontuz ibili beharra dago. Ez da beso indarra bakarrik. Oinekin ere oso kontuz ibili behar da, nik behin gaizki apuntatu eta hamasei puntu eman zizkidaten. Badakizu, eskarmentua hartzeko zauria baino gauza hoberik ez da.

Doping kontrolak 1994an hasi ziren egiten.
Beti egiten dizkigute, txapelketa nahiz apustuetan. Ondo iruditzen zait halako kontrolak pasatzea. Txirrindulariak gauzak hartzen hasi zirenetik, halako errezeloa baitago kirolariekin. Duela hiruzpalau urte, Etxebeste aizkolariak ere zer edo zer hartu eta sari guztiak kendu zizkioten. Animaliak dopatuz gero bestalde, ez dago kontrolen beharrik zerbait hartuta daudela igartzeko.

Gazte gutxi dago aizkoran, 100 lizentzia inguru baino ez. Eskoletatik aterako direnen kontura Iñaki Perurenak dio txanpinoiak eta onddoak ez direla gauza bera.
Ez horixe. Afizioa edukita ere, ez da gauza bera, bata jaio egiten da eta bestea trebatu. Nahiz eta hazten lagundu, hosto eta frutuak berez sortzen direnak behar dira.
Bizkaia alde horretan guk baino zorte gehiago dute. Laguntza handia dago egurra lortzeko ere. Gipuzkoa mailan aldiz, Kirolgi hasia da gu laguntzen. Giro gehiago sortu behar da. Orain plazan dauden zaharrak ez ezik, gazteak ere behar dira ikusten eta apustutan.

Australia eta Zeelanda Berrian bi enbor soilik moztu ohi dituzte, hemen aldiz, hogei.
Hamasei kolpe egur zati bati ematea hain proba motza izanda, jende asko animatzen da; ez dute ordea, hemengo prestaketa edukitzen, ezta laurdena ere.

Estatu Batuetara ere behin baino gehiagotan bidaiatu duzu.
Bost urtez izan naiz eta jendeak ikusmina du herri kirolak ikusteko, euskaldunak direlako.

Boisera joango zara aurten?
Ez naiz joango. Hemen ondo prestatu nahi dut.

Zigortua egon zinen bederatzi hilabetez, zer gertatu zen?
Nuarbekoa den federazioko bati bultzada bat eman nion. Enbor batzuen kontura eztabaidan ari ginen; halako batean berotu, berak hitz itsusi bat bota eta nik bultzada bat eman nion. Barkamena eskatu nion arren, abokatuak, ministroak eta denekin hitz egin zuen ni zigortzeko. Bultzada haren ondorioz, ia urtebeteko zigorra ezarri zidaten. Orain bera ikusten dudanean beste aldera begiratzen du, baina ez nago ahaztuta. Oso ondo gogoratzen naiz egin zidanaz, isunik ordaindu ez banuen ere, ondo izorratu zidan bai, dirua ezin irabazi egon bainintzen, erakustaldietan ere ezin parte hartuz

Hamarrekoa
Hamarrekoa
MIKEL MINDEGIA
"Artistena, jakintsua, baina itsas gainean biziko balitz ez litzateke Mindegiarik izango"

ANJEL ARROSPIDE
"Lehengo gizon gogor eta zakar horietakoa, aizkolari handi bat, oso txapelketa onak egindakoa"

ORBEGOZO "ARRIA II"
"Bere garaian trebe ibili bazen ere, apustu eta txapelketak jokatzeko baino erakustaldietarako aizkolaria"

MIELTXO SARALEGI
"Zoragarria, Leitzan duten zain ikaragarria. Pena litzateke uztea erabakiko balu"

IÑAKI PERURENA
"Bide berria ireki du, nahiz eta errekorrak egiteko izan duen joera hori asko gustatzen ez zaidan"

JOXEMIEL PEÑAGARIKANO
"Azken urteotan gugandik pixka bat beherago ibili da"

NARTXI SARALEGI
"Ona zen erakustaldi eta txapelketak prestatzeko orduan"

GOENATXO
"Bera jasoaldiak egiten ikustea ondo dago baina ez du girorik sortzen"

ZELAI
"Beste hainbeste, apustua elkarri jokatzeko beldurra dutela dirudi"

JESUS OLAIZOLA "AGITE"
"Betiko laguna, oraindik errekorra jarria dauka kanaerdikoa 15 metroko arbolaren puntan jarrita"

Tantoa
Tantoa
Joxemari aizkora txapelduna bihurtu delarik, iritsi da garaia Euskal Herriak inoiz izan duen atletarik onena bera dela esateko, dudarik gabe gainera. Herri kiroletan jardun duena beti izan da baserritarra, bertan egiten diren lanetan iaioa izaten baita: egurra moztu, belarra ebaki, harriak eramanez, eta abar. Txapeldun handienek zenbait modalitatetan jardun zuten. Halaxe gertatu zen Santageda, Kataolaza, Usategieta, Polipaso, eta abarrekin. Bada, horiek guztiak gainditu ditu Olasagastik, oraingo aizkolaririk onena izateaz gain, segalari fina eta idi-probetarako itzain jakituna.
80ko hamarkadan egindako zenbait pentatloietan irabazle izan zen Joxemari, aipatu probez at, gizon proba eta txingak barne zirela. Eta gaur egun pentatloia egiten ez bada Joxemarik jardunean jarraitzen duelako da, besteek jai izango lukete-eta.
Mediku eta adituen esanetan bera da inoiz ezagutu duten gizakirik indartsuena. Gihar eta bihotz makina bat Joko Olinpikoetako edozein probatan irabaziko lukeena horretan jardun izan balu.
Joxemari (ez halabeharrez, indar horren osagarri gisa), gizon molderraza eta alaia da, irekia eta tranparik gabekoa. Zoritxarrez, apustu edo desafio baten ondorio ziren probak desagertuz joan dira, (zoritxarrez diogu, herri kirolen muina apustua delako). Joxemari ordea, ez zegoen gustura giro hartan. Itxurak egin eta asko isildu behar zen eta, Joxemari, ez dago disimuluetarako egina


Azkenak
Urtarrila, intxaurrondoaren loaldia

Kolore morez margotu dut urteko lehen hilabetea, sormena, irudimena, jakintza eta espiritualitatearen kolorez.


2025-01-06 | Jakoba Errekondo
Elkarren beharra bizitzeko

Lagun txiletar batek bere herriko istorio bat kontatu dit, eta ahoa bete inplante utzi nau. Han “quintral” esaten dioten landare batena da, Tristerix corimbosus. Txile eta Argentina hegoaldeko baso epeletan bizi da, eta gure lurralde epeletan hazten den mihuraren... [+]


2025-01-06 | Garazi Zabaleta
Trebatu elkartea
Lehen sektoreko erreleboa bultzatzeko egitasmoa Gipuzkoan

Urteak daramatza martxan Ipar Euskal Herrian Trebatu elkarteak, laborantzan proiektua abiatu nahi duten pertsonek aurrez trebatzeko aukera izan dezaten. Ipar Euskal Herriko proiektua eredutzat hartuta eta ideia berari tiraka, Gipuzkoan ere izen bereko elkartea sortu dute aurten... [+]


2025-01-06 | Nagore Zaldua
Itsas-bare kantauriarra
Ohartarazpenaren artelanak

Koloretsuak, distiratsuak, forma xelebre bezain ederrekoak diren heinean, nudibrankioek beste planeta batetik iritsitako izakiak dirudite. Itsas hondoko izaki biluzi hauek 1980ko hamarkadako gandorretako kolore biziak eta Parisko joskintzako izen handien moda arkitektonikoa... [+]


LAB: “Klase elkartasunaren oinarrizko printzipioa da langile migranteei harrera egitea”

Botere sindikalaren inguruko bigarren azterlana argitaratu du Ipar Hegoa fundazioak. 2016an argitaratu zuen lehena eta, beraz, orain 2016 eta 2023 arteko eboluzioa ikus daiteke. Ondorio nagusien berri emateko prentsa agerraldia egin dute ostiral honetan LABeko koordinatzaile... [+]


2025-01-03 | Leire Ibar
Etxegabetzeko arriskuan daude bi familia Burlatan

Burlatan, Nafarroan, bi familia euren etxeetatik kaleratuak izateko arriskuan daude. Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaldu duenez, familia bat putre-funts batek bota nahi du, alokairu kontratua berritzea ukatu diolako; beste familia, berriz, etxejabeak bota... [+]


WordPress-en formularioak sortzeko Ninja Forms plugina euskaratu du Iametzak

WordPress-en formularioak sortzeko Ninja Forms pluginaren euskaratzea utzita zegoela ikusita, Iametzak bere gain hartu du itzulpena eguneratzeko lana.


Analisia
2025ean etxebizitza zer?

Urte berria hasi dugu, baina etxebizitza arazo oso potoloa bihurtu zaigula aspaldi honetan, hori ez da berria. Hala ere, azkenaldian zabaldu diren datuak ikusita, 2025a mugarri bat markatzekotan dela esan daiteke, eta iragar ezinak diren ondorio sozial eta politikoak antzeman... [+]


Boli Kosta: Frantziako armada kanporatzen duen zazpigarren estatu afrikarra

Joan den asteartean, hilaren 31n, Boli Kostako presidente Alassane Ouattarak iragarri zuen bertan behera utziko zituela Frantziarekiko harreman militarrak. Horren ondorioz, datozen asteetan 1.000 bat soldadu frantses atera beharko dira herrialdetik.


2025-01-03 | Leire Ibar
2025etik aurrera, Hego Euskal Herrian alokairuak gehienez %2,2 igoko dira berritzean

Espainiako Estatistika Institutuak erreferentziazko indize berria argitaratu du urtarrilaren 2an. Horren arabera, alokairuen prezioak gehienez %2,2 garestitu ahalko dira urtean. Indize hau 2023ko maiatzaren 25ean indarrean sartu zen Etxebizitza Legearen ondorio da, eta data... [+]


2025-01-03 | Gedar
Pertsona afroamerikar bat kolpeka erail dute kartzelariek AEBetako espetxe batean

Hiru funtzionariok jipoitu zuten Robert Brooks, eskuak bizkarrera lotuta zituela. Hurrengo egunean hil zen, eta autopsiak dio asfixia izan zela heriotzaren kausa.


2025-01-03 | ARGIA
Surf irakasle batentzat 85 urteko kartzela zigor-eskaera, adin txikikoei sexu gehiegikeriak egiteagatik

Gipuzkoako Fiskaltzaren ustez, 40 urteko irakasle hondarribiarrak 9 eta 17 urte arteko hamaika adin txikikori sexu gehiegikeriak egin zizkien 2011 eta 2021 urte artean. 2021ean kartzelatu zuten, bere sei ikaslek salaketa jarri eta gero.


2025-01-03 | Jon Torner Zabala
Espainiako Pilota Federazioa
“Eskura dauzkagun lege-erreminta guztiak baliatuko ditugu Espainiaren eskubideak babesteko”

Askok espero zuen moduan, Nazioarteko Pilota Federazioak Euskadikoa onartu ostean eskubide osoko kide gisa, Espainiako kirol-erakunde, alderdi politiko edota hedabideek erabakiaren aurkako oldarraldia hasi dute, nork beretik presioa eginez. Ostegunean, Espainiako Pilota... [+]


Eguneraketa berriak daude