Ekainean gaude, futbol-liga bukatu dela oso denbora gutxi da eta laster Holanda-Belgikako Eurokopa ikusgai izango dugu edonon eta uneoro. Eta beste behin ere, gure nazioarteko jokalariek ezin Euskal Herria ordezkatu, selekzio ofizialik ez eta beraz txapelketa honetarako sailkatzerik izan ez dugulako. Agian hurrengoan? Dena den, euskal jokalariek badakite zer den Europako, eta baita Amerikako, nazio askoren aurka lehiatzea, Joseba Gotzon Valero idazlearen "Euskadiko Futbol Selekzioaren Historia" liburuak argi uzten duen moduan. Hona hemen historia luze eta sakon horren laburpena.
1915-16: "IPARREKO FEDERAZIO ERREGIONALA"REN ARRAKASTA.
Lehen euskal konbinatua 1915ean sortu zen, Espainian antolatutako "Asturiaseko Printzea" sariarekin batera. Txapelketa hau Espainiako Ipar, Zentru eta Kataluniako federakuntzek jokatuko zuten, sistema triangeluarrez eta partida bakarrera. Iparreko Federazioa hasiera batean Bizkaia, Gipuzkoa eta Kantabriako federakuntzek osatzen zuten, baina jokalari guztiak bizkaitar eta gipuzkoarrak zirenez lehen euskal selekziotzat jo genezake.
Beraz, euskal konbinatu baten lehen partida Madrilgo Athletic Club-aren zelaian izan zen, 1915eko maiatzaren 12an, Kataluniaren kontra, eta hona hemen historiarako geratuko zen hamaikakoa: Eizagirre, Carrasco, Hurtado, Artola, Belauste, Peña, German, Pagaza, Legarreta, Patricio eta Ramon. Gainera, 1-0 irabazteaz gain, gero txapelketa bera ere euskal eskuetan geratu zen.
Euskal jokalarien lagun-arteko lehen bi partidak ere Kataluniaren aurka izan ziren, 1916an, eta mediterraniarrak errebantxa gogoz bazeuden gauzak ezin okerrago atera zitzaizkien, Bartzelonan 1-3 irabazi zutelako, eta Bilbon, berriz, 5-0.
1922: "EUSKALDUNEN BIDAIA" ETA LEHEN PORROTAK.
Anbereseko Joko Olinpikoetan espainiar selekzioak, euskal jokalariz beteta, izan zuen arrakastaren ostean, Argentina eta Uruguayn bizi ziren euskaldunak bertoko konbinatu bat jokatzen ikusteko irrikitan ziren. Horrenbestez, 1922ko uztailean hainbat jokalarik, beren garaipenaz zeharo ziur, luxuzko transatlantiko batean itsasoratu eta plazerrezko bidaiari ekin zioten. Disziplina eta erantzukizuna alde batera utzita, euskaldunek Buenos Airesera iritsi orduko Argentinaren aurka 4-0eko astindua jaso zuten, euskal jatorriko argentinarren aldetik denetarik entzun behar izanez. Hortik aurrera Argentina, Uruguay eta Brasilen garaipen eta porrotak tartekatzen joango ziren, baina orokorrean eskainitako irudia espero zena baino okerragoa izan zen (bi garaipen, berdinketa bat eta bost porrot). Etxean ere kritika handiak jasan zituzten.
1930-31: "BASKONIA" ETA, BERRIZ ERE, KATALUNIA PAREZ-PARE.
Hurrengo hamarkadan ere bi federazio hauek ziren espainiar futbolean agintzen zutenak eta jendeak bien arteko lehia ikusteko gogo bizia zuen. Beste behin ere, euskal selekzioa nagusi, 0-1, eta baita 1931ko Bilboko errebantxan, oraingoan 3-2. Euskal jokalariak, honezkero, kataluniarren amesgaiztoetan protagonista bihurtuak ziren.
1937-39: "EUZKADI"REN BIRA PROPAGANDISTIKOA.
Gerra zibilaren hasieran futbol-partida oro bertan behera geratu ziren, baina Euskal Gobernuak hegazkin propio bat behar zuela-eta, 1937ko hasieran ANV eta EAJ (berez Euzko Gudarostia izenez) alderdien arteko lagun-arteko norgehiagoka batzuk antolatu ziren. Jendearen aldetik erantzuna ezin hobea izan zen eta 22.000 pertsonek San Mames lehertzear jarri zuten. Anekdota moduan esan dezagun lehen partidan ANVk irabazi zuela, 7-5, eta bigarrenean EAJ-k, 3-0. Hauez gain, Bizkaia eta Gipuzkoaren arteko lehia ere ezagutu genuen (1-2 gipuzkoarrentzat), eta denaren ondorioz euskal selekzioa eta bere bira historikoa martxan jarri zen.
Bira honen muina, alde batetik, beste nazio batzuetara ebakuatuak izan ziren "gudako ume"entzako dirua jasotzea zen eta, beste alde batetik, Errepublikaren barruan Euskal Gobernuaren existentziaren berri ematea. Bi partida jokatzera abiatu baziren ere, gehienek beren bizitzaren bi urte eskaini zioten ekimen historiko honi: Luis Regueiro kapitaina, Langara, Larrinaga, "Emilin", Ahedo, Areso, Zilaurren, Blasco, Mugerza, Gorostiza, Etxebarria, Eguskiza, "Pablito", Ciriaco, "Kuki", Soladrero, Zubieta, Bilbao, Sanchez, Unamuno, Iraragorri, Pedro Regueiro, "Txirri II", Ipiña, Markuleta, Lekue eta "Bata". Bira luze honek gure historiaren datarik beltzenetako batean hasteko zoritxarra izan zuen, 1937ko apirilaren 26an, eta nahiz eta Parisko Racing-i, Frantziako txapeldunari, 0-3 irabazi, Gernikako bonbaketak arrakastaren hotsa mutuarazi zuen. Paradoxa dramatikoa; partidaren aurreko bazkaria, paristarrekin batera eginikoa, "Gernikako Arbola" ospetsuarekin bukatu zen.
Parisen ondoren, hurrengo geldialdia Praga izan zen eta han txekiar selekzioaren aurka 3-2 galdu zuten. Beranduago Frantziara itzuli ziren, han bertan biratxoa egiteko asmoz.
Polonia katolikoan euskal jokalarien harrera polemikoa izan zen, jende gehienak "komunista eta gorri"tzat hartzen zituelako. Gero, igandean mezara joan eta bertan banan-bana jaunartzen zutela ikusi zituztenean poloniarrak harrituta eta zer esan jakin gabe geratu ziren. Katowice-n Silesiako selekzioaren aurka jokatu zuten, eta baita 4-5 irabazi ere.
Ekialderako bidean selekzioak Errusia, Bielorrusia, Ukrainia eta Georgia herrialdeak ezagutzeko aukera izan zuen. Moskura 1937ko ekainean iritsi ziren eta harrera lehen unetik apoteosikoa izan zen, jendetza handia, lore-sorta mordoa, musika-banda eta hainbat agintari zain zituzten. Beren egonaldian denetarik izan zuten gozagai. Hori bai, lehen egunean, meza entzutera Finlandiako Enbaxadara hurbildu behar izan zuten... Lehen partida Moskuko Locomotive-ren aurka jokatu zuten, 90.000 ikusleren aurrean, hegazkin batetik bota zituzten loreen artean eta beste hegazkin batetik jauzi egin zuen jauskari batek ekarri zituen baloiez. Dena den, euskal jokalariek ez zuten errukirik erakutsi eta moskutarrak 1-5 jipoitu zituzten. Hortik aurrera gure jokalariek erakustaldi mordoxka burutuko zuten herri eslaviar hauetan eta beren jokoa ikusteko hainbat eta hainbat gonbite jaso zuten, estadioak oso txiki geratzen baitziren ikusi nahi zituen jendearentzat.
Oro har euskal jokalariek beren nagusitasuna erakutsi zuten herri hauetan zehar, bertakoak harriturik utziz eta teknika mailan gauza asko erakutsiz. Moskuko Spartak-en kapitain zen Starostin jokalariak hitz hauekin laburtu zuen euskaldunen eragina sobietar futbolean: "Gure futbolaren jaiotze-data erreala 1937 dela uste dut". Laburbilduz, "Euzkadi"k zazpi garaipen, berdinketa bat eta porrot bakarra jasan zituen. Honen ostean selekzioa Parisera itzuli zen, non lehen bajak ezagutu baitzituen, zenbait jokalarik Euskal Herrira itzultzea erabaki zuelako. Halere, gehienek beren misioari eutsi eta nahiz eta ordurako europar taldeetatik eskaintza franko jaso, baturik jarraitu eta beren bira amerikar lurretara eramatea erabaki zuten, 1937ko urritik aurrera. Bertan, antolaketaren aldetik zenbait arazo izan zuten, bilduko zuten dirua azkenean Francoren eskutara iritsi zitekeenaren beldur. Mexikon era guztietako euskaldun eta espainiarrak ibiltzen ziren, bakoitza bere interesekin, eta nortaz fidatu eta nortaz ez moduko zalantza eta zurrumurruak eguneroko kontua ziren. Azkenean, kirolari dagokionez, 10 partidatan euskal konbinatuak zazpi irabazi eta bi galdu zituen.
Ondoren, 1938an jadanik, Kubara igaroko ziren eta han ez zuten partidarik galdu. Argentinan ere bertako talderik garrantzitsuenen aurka jokatzekoak ziren, baina FIFAren era guztietako presioek ez zieten aukerarik eman eta geratzen zen diru apurrarekin jokalariek Kubara itzultzea erabaki zuten, argentinar taldeetatik jasotzen zituzten eskaintzei uko eginez. Dena den, taldearen egoera ekonomikoa eta animikoa gero eta makalagoa izateaz gain kanpotik jasotzen zuten presioa gero eta handiagoa zen. Mexikora joan ziren, baina dagoeneko hortik aurrera jarraitzea ezinezkoa izango zela ikusten zen. Bertan mexikar ligan parte hartu zuten eta baita 1938-39koa irabazi ere (egileak lortutako azken informazioek datu hau ukatu egiten dute eta nahiz eta liburuan agertu, hurrengo ediziorako zuzendu nahi du). Azkenean, kanpoko zein barruko presioen eraginez, eta "Euzkadi"ren lehenbiziko misioa alde batera geratzen ari zenean, selekzioaren autodisoluzioa etorri zen, 1939ko abuztuan.
1979-80: TRANTSIZIOKO "EUSKADI".
Francoren diktadura bukaturik, euskal jokalariak -oraingo honetan tarteko gudarik gabe- beste aldarrikapen baten inguruan bildu ziren, "Bai euskarari" lelopean laburtzen zenaren inguruan, alegia. Horrela, 1979ko abuztuaren 16an, Irlanda aurkari zutela, jendeak, hainbeste itxaron ostean, berriz ere Euskadi zelaian ikusteko aukera zuen. Halere, traba administratibo (12 ordu lehenago oraindik ez zuten Bizkaiko Gobernu Zibilaren baimenik) eta politiko (hainbat bonba-abisu izan ziren baina inork ez zuen San Mames utzi) ugari jasan behar izan zuten, azkenean 4-1 emaitzarekin amaituko zen jai handi eta hunkigarriaz gozatzeko.
Hurrengo partida urte bereko Gabonetan eta Atotxan izan zen; aurkari Bulgaria, eta emaitza 4-0 gure koloreen alde.
Dena den, hurrengo urtean Euskadiren berragerpenak geldialdia ezagutu zuen, Mendizorrotzan jokatutako norgehiagokaren arrakasta askoz murritzagoa izan zelako, bai kirolaren aldetik (1-5 Hungariaren aurka) zein jendearen erantzunaren aldetik.
1988-90: "EUSKADI"REN BESTE SAIAKERA BAT.
Euskararen aldeko beste kanpaina batek, "Bateginik" oraingoan, zortzi urteko geldialdiari amaiera eman zion, nahiz eta oraingoan aurkaria Ingalaterrako talde bat izan, Tottenham eta ez selekzio bat. Norgehiagoka San Mamesen jokatu zen eta 4-0eko emaitzak euskal jokalarien nagusitasuna erakutsi zuen. Hurrengo partidarako beste bi urte itxaron behar izan ziren, oraingoan Errumaniaren aurka jokatzeko, baina arazoak -beste behin ere- taldeetatik etorri ziren, hauek jokalariak uzteko oztopo bat baino gehiago erakusten baitzuten. Askotan gertatzen den moduan, Euskal Selekzioaren aldeko hitzak hortxe geratzen ziren, hitzetan. Azkenean berdinketa zelaian, bi eta bi, zein bulegoetan, selekzioari behar zuen bultzada ukatzen zitzaiola ikusirik.
1993-99: URTEAN BEHINGO "EUSKADI".
Azken zazpi urteetan eta turroiaren iragarkiak dioen bezala euskal selekzioa "Gabonetarako itzuli da". Botila erdi beteta ikus daiteke, aurreko garai zailekin konparaturik eta baita erdi hutsik ere, etorkizunerako nahi den ofizialtasunarekin alderatzen badugu, baina momentuz hauxe da dagoena: 93an Bolivia (3-1) ezagutu genuen Anoetan, 94an Errusia (1-0) San Mamesen, 95ean Paraguay (1-1) San Mamesen, 96an Estonia (3-0) San Mamesen, 97an Yugoslavia (3-1) San Mamesen, 98an Uruguay (5-1) Anoetan, eta azkenik, 99an Nigeria (5-1) San Mamesen. Euskal Selekzioak edonorekin duintasunez lehiatu daitekeela erakutsi du azken hamarkadan, baina oraindik ere, heldutasunera heltzeko indarrak harrera aldetik bere egoitza naturala bihurtu den San Mamesetik eta Euskal Herritik kanpo neurtzea falta zaio eta jakina, urtean zehar norgehiagoka gehiago jokatzea, ahal izanez gero ofizialak.
2000TIK AURRERA: SELEKZIO OFIZIALA HELBURU.
Gaur egun euskal selekzioaren erronka nagusia ofizialtasuna lortzea da, baina Joseba Gotzonek berak esaten digun moduan zailtasunak handiak dira oso: "Askok esaten dute legeari begira gauza asko egin daitezkeela. Legearen aldetik ez dago aitzakiarik. Madrilgo Gobernuak eta Espainiako Federazioak baimena emanez gero FIFAren aldetik ez legoke arazorik. Azken finean arazoa politikoa da"