Eroski Taldea Euskal Herriko banaketa arloko euskal zentrorik garrantzitsuena da -Espainiako Estatuko garrantzitsuenetakoa- eta Europako zentro handienekin ere lehiatzen da. Azken hamarkadan kalitatezko 14.000 lanpostu baino gehiago sortu ditu, batez ere Hego Euskal Herrian, baina baita Espainiako Estatuko beste toki batzutan ere, hainbat zentro sortuz eta lehendik zeuden beste batzuk bereganatuz. Kopuru hori 1992. urtetik honako Taldearen datu finkoetan ageri da. 1992an 6.938 langile zituen eta 1999an 20.750 langile. Kopuru horri 1990ean eta 1991ean sortutako lanpostuak gehituz gero, aipatutako 14.000 lanpostu berrien kopurua gainditzen da. 2000. urterako 3.500 lanposturen sorrera iragartzen du Interneten duen web orrian (http/www.eroski.es).
Eroski Mondragon Korporazio Kooperatiboa (MCC) Taldearen barruan dago, eta Elorrion du bere elkarte-egoitza. 1999an irekitako zentroetan sortu ziren 2.063 lanpostu berriekin Eroski Taldearen gaur egungo plantila osoa 20.750 langilek osatzen du. Kataluniako Distac eta Disbof sozietateak eta Nafarroako Aundia erosi izanak beste 600 lanpostu finkatu zituen. 2000. urterako 70.000 milioi pezetako inbertsioak aurreikusten ditu, Carrefour eta Promodés elkartzearen ondorioz sortuko den erraldoi indartsuari aurre egite aldera establezimendu berriak irekitzeko.
LANPOSTU FINKOETAN EHUNEKO HANDIA.
Ikusi dugunez, azken urteetan lanpostu sorkuntza handia izan da Eroski Taldean. Azken sei urteotan 11.243 lanpostu sortu dira. 1998an 6.186 lanpostu berri sortu zituen, bere merkataritza sarea zabaldu eta Galiziako Vegalsa sozietatea Taldean sartu izanari esker. Datu horiek eta ondorengoak 1998ko Memoria Sozio-Laboraletik ateratakoak eta 1999ko azken ekitaldikoak kontuan hartuz osatu dira.
Eroski Sozietate Kooperatiboak 1996an sortu zuen lanpostu gehien -490 lanpostu-. Jatorrizko Eroski kooperatibak, 1999. urtearen amaieran, 5.000 langile baino gehiago zituen. Aipagarria gertatzen da kooperatibak azken sei urteetan izan duen hazkundearen azkartasuna, 1994tik 1998ra bitartean 2.000 lanpostu sortu baitira kooperatiban. Plantilaren zati nagusia Bizkaian dago, %54 bilduz. Gipuzkoan %20. Nafarroan %9. Araban %11. Errioxa, Kantabria eta Burgosen %2 bakoitzean.
Eroski Sozietate Kooperatiboko bazkideen batez besteko adina 34 urtekoa da. Emakumezkoena hortik behera dago, eta 33 urte eta 7 hilabetekoa da. Gizonezkoena, berriz, 36 urtekoa da. Plantilaren %76 emakumeek osatzen dute eta gizonek %24. Horrek esan nahi du kooperatibako hamar bazkidetik zortzi emakumezkoak direla. Ehuneko hori goraka doa azken urteetan, eta kualitatiboki ere emakumezkoen partaidetza goraka doala esan daiteke. Izan ere, geroz eta handiagoa da enpresako ardura postuetara iristen den emakumezkoen kopurua. Barne promozioa eta emakumezkoen geroz eta prestakuntza profesional handiagoa dira horren arrazoiak.
Lanpostuaren kalitateari dagokionez, sektoreko lanpostu finkoen batez bestekoa %62koa da eta behin-behinekoena %38koa. Eroskin, berriz, finkoak (bazkideak) %76 dira eta behin-behinekoak %24. Eroskik kontratatzeko erabiltzen duen jokabidearen ezaugarri garrantzitsutzat har daitezke, baita ere, ikasketa-kontraturik ez egitea eta aldi baterako laneko enpresarik ez erabiltzea kontratuak bideratzeko.
Eroskiko arduradunek garrantzia handia ematen diote Gespa, S.C.P. finkatzeari. Taldeak 1997ko erdialdean sortutako sozietatea da Gespa, S.C.P., eta bere helburua kooperatiba baten barne antolamendua, ahalik eta antzekotasun handienekin, elkarte anonimo baten baitan txertatzea da, eta kapitalean, emaitzetan eta kudeaketan esku hartzeko aukera ematen die beren kabuz dabiltzan langileei. 1998ko amaieran, dagoeneko, 1.332 bazkide zituen Gespak.
Bertako langileen ordainsariei dagokienez, hitzarmenean jasotako sektoreko lanpostuen gehiengoa osatzen duen saltzailearen lanpostua erreferentzia gisa harturik, Eroski Sozietate Kooperatiboko urteko ordainsaria nabarmen gainetik dago hitzarmen probintzialetan ezarritakoarekin alderatuz gero. Baita Espainiako hipermerkatuen sektorean erreferentzi garrantzitsu den Biltegi Handien sektorekoarekin alderatuz ere. Gipuzkoako hitzarmenarekiko aldea %10ekoa da, eta Kantabriakoarekiko %34koa
MCC TALDE INDARTSUKO PARTAIDE
Eroski Mondragon Korporazio Kooperatiboa (MCC) euskal talde indartsuko partaide da. Talde horren barruan daude Finantza Taldea (Euskadiko Kutxa, Lagun Aro Aseguruak, EPSV), Industria Taldea, sozietate ugariz osatua, eta Banaketa Taldea, Eroski barne hartuz.
1999ko ekitaldian nabarmen hedatu da MCCren negozioaren zenbatekoa. Haren salmentak %15,9 igo dira eta bilioi bat pezetako kopuru esanguratsua gainditzea lortu dute (1.044.000 milioi pezeta, 41.760 milioi libera, Industria eta Banaketa taldeei soilik dagozkienak). Halaber, Euskadiko Kutxak ere -nahiz eta berez salmentak ez izan, negozioaren bolumenarekin zerikusi zuzena duela kontuan izanik- gainditu egin zuen bilioi bat pezetako kopurua bere bezeroen baliabideetan urtean zehar; eta %11,7ko igoera izan zuen 1998arekiko. Taldearen etekina, zergen aurretik, 76.479 milioi pezetakoa izan zen (aurreko urtekoa baino %11 handiagoa).
MCCko plantila, 1999. urte amaieran 47.141 langilekoa zen. Urte horretan zehar 5.012 lanpostu berri sortu zituen, hasierako plantila %11,9 gehituz. Aipatzekoa da, plantila guztiaren artetik, 1999. urte amaieran, kooperatibek partaidetza duten atzerriko sozietateetan, 2.815 langile zeudela eta urte horretan bertan, 1999ean, 408 langileko igoera izan zutela (%17koa, hain zuzen ere).
MCCk 1999an egindako inbertsioak 87.515 milioi pezetakoak izan ziren. Aurreko urtean kopuru hori 70.763 milioi pezetakoa izan zenez, igoera %23,7koa izan da. Inbertitzeko joera handiago horren oinarrian arrazoi bat baino gehiago aurki genezake, hala nola, eskaeraren maila ona, korporazio barruko enpresa proiektu ugariak eta horiek finantzatzeko erraztasuna ("cash flow" ugariari eta interes tasa baxuari esker). MCC Taldeak 120.000 milioi pezetako inbertsioak aurreikusten ditu, eta horrek, %38ko igoera adierazten du
EROSKIK 30 URTE BETE DITU AURTEN
Eroski Jose Maria Arizmendiarrietak eta talde txiki batek 1956az geroztik bultzatutako Arrasateko mugimendu kooperatiboaren ondorioz sortu zen, Arrasateko kooperatibetako hainbat bazkideren premiei erantzuteko. Eroski kontsumo- kooperatiba, izen horrekin, 1970ean eratu zen, lan-bazkideak eta kontsumo-bazkideak bilduz. Historia luze honetan pertsona askoren ekarpena eta laguntza izan da. Horietako batzuk zenduak, beste batzuk jubilaturik eta gehienak inor gutxik ezagutzen dituenak. Horiek gabe ezin da ondo ulertu Eroskiren historia. Atzo bertan herriz herri denda txiki batzuk irekiz hasi eta, hogeita hamar urteren buruan, Espainiako Estatuko banaketa-talde handienetako bat bihurturik eta Europako hainbatekin lehian sarturik.
Herrietako bost kontsumo kooperatibek bat egitetik sortu zen. 1969an Comerco sortu zen, aipatutako bost kooperatibak bilduz. Hurrengo urterako Eroski izena zuen. Bi urte geroago Eroskik 32 salmenta gune eta 17.000 bazkide kontsumitzaile zituen. Salmentek nabarmen egin zuten gora eta, elikaduraren sektorea gaindituz, geroz eta sektore gehiagotara zabaldu zen. 80ko hamarkadan Eroskik 100.000 bazkide zituen, hau da, Hego Euskal Herriko familien %15 gutxi gorabehera. Ordurako, 1981ean, Eroskik %38ko igoera izan zuen aurreko urtearekiko, 15.000 milioi pezetako (600 milioi libera) fakturazio orokorrera hurbilduz. Urte horretan bertan, garrantzi handiko gertakari bat gauzatu zen, hots, Gasteizko Hiperraren irekiera, Eroski "hedadura berri" baten bidean sartuz.
1983an, Eroskik %18ko igoera izan zuen aurreko ekitaldiarekiko eta bere salmentak 22.600 milioi pezetatik gorakoak ziren. 1984an 168 lanpostu berri sortu zituen, urtea amaitzerako 1.246 bazkide-langile bilduz. Bitarte horretan, Espainiako Kontsumo Institutuak urtero ematen duen kontsumo arloko ikerketagatiko saria jaso zuen. 1987an beste bost zentro gehitu zizkion bere merkataritza-sareari, Bilbon, Gasteizen, Leioan eta Urduñan, eta sare horri Erosle osatzen duten 176 establezimenduak gehitu zizkion. Urte horretan hasi zen banatzen "Eroski" aldizkaria eta "Eroskide". 1992an Valentziako Consum kooperatiba MCCren barruan sartu zen. Urte horretan, 6.938 langileko plantilarekin, 190.630 milioi pezetako salmentak, 223.629 milioiko inbertsioak eta zergen ondorengo 3.697 milioiko irabaziak izan zituen. 1993an, Barakaldoko Max Center ireki zen.
1995ean, Eroskik 25 urte bete zituen. Azken urtean, 9.763 langileko plantilarekin, 304.285 milioi pezetako salmentak, 17.121 milioi pezetako inbertsioak eta zerga ondorengo 4.323 milioi pezetako irabaziak izan zituen. Euskal Herriko banaketa talde honek 1998an sortu zuen lanpostu gehien. Taldeak 12.501 lanpostu zituen 1997an, eta 1998ko amaieran 18.687. Urte horretan bertan 493.751 milioi pezetako salmentak, 35.900 pezetatik gorako inbertsioak eta zerga ondorengo 8.256 milioi pezetako irabaziak izan zituen. 1999an 639.919 milioi pezetako fakturazioa eta 10.023 milioi pezetako irabaziak -1998an baino %21,4 gehiago- izan zituen.
30 urteren ondoren, Eroskiren egungo sarea honela dago eraturik: 44 Eroski eta Maxi hipermerkatu, 760 Consum supermerkatu eta 498 Charter autozerbitzu (bereak eta frankiziadunak), 2.714 establezimendu elkartu, bidaia agentziaren 79 bulego eta erregaia saltzeko 7 estazio