PRESOEN ALDEKO AZKEN EKIMENA: ABIAPUNTU BERRI BAT OTE?

  • Hil honen 22tik 27ra bitarte presoen eskubideen defentsan hainbat mobilizazio burutu zen Euskal Herrian. PP-UPNeko egoitzen aurreko konzentrazioei greba instituzionalek segitu zieten. Donostian izandako manifestazioak itxi zuen astebeteko ekimena.

2017ko azaroaren 28an
Euskal Preso Politikoen Kolektiboak gose greba mugagabeari ekin zion iazko azaroaren lehenean. Apirilaren 22an, berriz, 138 preso zeuden gose greban. Bi urteetako joan-etorrian "Batera" plataforma eratu zen. ETA ekintzetara itzuli zenetik geldituta dago alta. Anartean, presoen aldeko mobilizazioak -Guadiana ibaia bezala- agertzen eta desagertzen dira gure geografian.


BATERATU EZINEAN.

Presoen alde bildu ziren indarrak sakabanatu dira. Presoen eskubideen defentsa Euskal Herrian bizi den egoera politikoari lotua egotea da arrazoia. Eskubide hauek eta prozesu politikoaren interesak lotzen diren unean jalgitzen dira Batera plataforman bildu ziren alderdi, sindikatu eta gizarte eragilen arteko ezberdintasunak. Martxoaren 29az geroztik ez da Batera bildu, EAJk betoa jarri zion egunetik. Senideak-eko Tomas Karrerak zera dio Bateraz: "Bere garaian funtzio bat bete zuen eta egun ez du funtziorik betetzen, EAJk bereziki interes politiko zehatzen arabera erabili nahi duelako. Baterak bere une emankorrenean ez zuen gutxienekoa eman ere. Borondaterik ez badago, alferrikakoa da. Hartara, testuinguru politikoaz haratagoko beste eredu bat bilatu behar dugu". AABei eta Senideak-i giza eskubideen defentsan pertzeptzio ezberdina izatea leporatzen zaie joan den asteko mobilizazioei sustengu eman ez zieten alderdi, sindikatu eta eragileen aldetik. AABetako Julen Zelarain nahiz Tomas Karrera iritzi berekoak dira: "EAJk (EAren eta ELAren geldotasunez) ez zion Baterari betoa jarri presoen egoera aldatu zelako, baizik eta abagune politikoa aldatu zelako. Hori da elkarlanean ez aritzeko arrazoia. Bateraren filosofia inoiz baino biziagoa da ordea".


MUGIMENDU SINDIKALA ASKE.

LAB sindikatuko Txutxi Ariznabarretak honela dakusa Batera: "Batera gehiengo soziala aktibatzeko sortu zen eta berreskuratu beharra dago. Gelditua egotearen ardura EAJren eta EArena da. ELArekin elkarlanean aritzeari ez diogu uko egiten, eta laster agertuko dira elkarlan honen emaitzak presoen defentsan ere bai". ELAko German Kortabarriaren ustez, "Batera tresna egokia izan da eta da. Presoen gaia, ordea, instituzioetatik kanpo geratu da, Eusko Legebiltzarrak elkartasunaz haratago joan beharko luke. LABekiko elkarlanak aurrera darrai. Baina, puntu honetan guk eskatzen dugu Ezker Abertzalean dauden barne pultsuak gaindi ditzaten. Mugimendu sindikala ez da inoren estrategia eta kontsignen menpe egon behar".


EAJ, EA ETA IU-EB-REN ZERGATIAK.

EAJko Eneko Goiak Bateraren segimendua egin zuen azken bilera arte: "Bateran etendura bat sortu da, presoen eskubideen alde edozein legitimitate izateko giza eskubide ororen alde egon behar delako. Bateran biltzen garenok bi pertzepzio ditugu eta joan den asteko mobilizazioen antolaketa testuinguru honetan kokatzen da. Hau da, azken mobilizazioak ETAren berragerpena eta giza eskubide ororen defentsa kontuan hartzeke burutuak izan dira. Guk Baterako azken bileran premisa horiek kontuan hartu beharra azaldu genuen, baita talde bakoitzaren iniziatibak aztertu eta sustengatzeko prest ginela azaldu ere. Bestalde, tokian tokiko udaleko zinegotzien bidez heldu zaigu ekimenaren berri. Ez zaigu hori bide egokia iruditzen. EAJk ez du Batera bukatutzat jotzen baina baldintzak aldatu beharko dira berrabiarazteko".
EAko Nekane Alzelaik honela ikusi du Batera-ren geldialdia: "Baterak funtzionatu behar duelakoan gaude gu. Horixe da gure nahia. Elkarlana ezinbestekoa da presoen eskubideen defentsan eraginkortasuna lortuko badugu. Bakarka ez dugu ezer lortuko. EAJk harturiko erabakia dela medio izoztu da Batera. Ordea, guztien adostasunez funtzionatu behar denez gero, ez dugu jarraitu, baina guk gure planteamendu propioari eusten diogu. Azken ekimenekin ez genuen bat egin, aldez aurretiko diseinu bat aurkeztu zitzaigulako. Zalantzan jartzen ditugu joan den astean egin ziren mobilizazioak. Nolanahi ere, hausnarketa berri bat burutu beharko dugu denok eraginkortasunean irabaziko badugu, ekimen hauek gizartearen gehiengoaren babesa behar baitute". IU-EBko zuzendaritzako Maria Luisa Sanchezek honela bizi izan zituen ekimenak: "Senideak-ek antolaturiko lehen bileran parte hartu genuen. Zaila ikusi genuen aurkeztu zuten planari baietza ematea. Hala ere, bigarren bilera batean ekimenak zehazteko eta gure asmoak aurkezteko gelditu ginen. Ez ziguten deitu, ordea. Kanpo sentitu gara. Hala ere, gure militanteak manifestaziora hurbildu ziren modu pertsonalean. Edonola ere, prozesu politikoak ez ditu presoen eskubideak baldintzatu behar".


GIZA ESKUBIDEEN AIDURU.

Jose Antonio Rubalkaba EAJko EBBko eta Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeko kideak bere alderdian pertsonen eskubideen aldeko barne batzorde bat sortu duela ezagutarazi zuen joan den astean: "Erabaki hau orain hilabete eztabaidatzen hasi ginen EBBn. Batera indarrean izan edo izan gabe ez dugu presoen gaia bazter utziko. Batera geldituta dago gu giza eskubide ororen defentsan gaudelako eta ez talde baten eskubideen defentsan soilik". Honela baloratzen du berak zuzentzen duen Giza Eskubideen Batzordearen lana: "Guk adostu dugun guztia bete du Eusko Legebiltzarrak. Arazo hauen ebazpena ez dago bere esku, ordea. Presoen hurbiltze plana onetsi eta Madrilera igorri zen. Mayor Orejak ez digu kasurik egin, ordea. Batzordeak presoen graduen ematean eta gaixo daudenen kasuetan emaitza onak lortu ditu. Ez dira aski, jakina, baina ez dugu etsiko". EHko Jone Goirizelaiak Bateraz iritzi hau mantentzen du: "Bateran dekalago bat dago. Puntu batean, edozein abaguneren gainetik presoen eskubideen defentsan aritzearen beharra agertzen da. Hori ez da errealitate bihurtu, ordea. EAJk eta EAk kontradikzioak dituzte euren praxian. Definizio bat eskatzen diegu. Prozesu orokorrean aurreratzeko presoen eskubideen gaian definitzea lehen pausoa da. Edo sinesten dute aldarrikatzen dutena edo gizartea engainatzen ari dira".


IPARRALDEAN EUTSI.

Koordinaketa arduratu zen joan den asteko mobilizazioaren antolaketaz. Hazparnen buruturiko baraualdia eta hamaika herritan buruturiko ekintzak mugarria izan ziren Iparraldean. Baionako suprefetak presoen ordezkaritza bat hartu zuen eta sindikatu eta alderdi ez abertzaleetako kideen sustengua bildu zuten baita ere. Bertako gizartea, emeki-emeki bada ere, arazoaren kontzientzia hartuz doanaren seinale. Edo itxaropena agian

JULEN ZELARAIN: "ASTEAREN DISEINUA EZ DA HELBURU IZAN, ABIAPUNTU BAIZIK"
Zein testuingurutan burutu izan da maiatzaren 22tik 27ra bitartean euskal preso politikoen aldeko mobilizazio eta ekimen berri hau?
Aste hau ez da helburu izan, dinamika berri eta iraunkor bat eraikitzeko abiapuntua baizik. Abiapuntua egokia da, 96tik aurrera hainbat gizarte eragile motore nagusi bihurtu delako. Horiek egoera aldarazi zuten, euskal gizartearen gehiengoa presoen eskubideen alde jarriz. Artean, alderdi politikoek dinamika honek harrapatuta ikusi dute beren burua, baita egoera politikoaren menpe ere. Presoen aldeko aste honek berraktibazioa ekarri du eta baldintza politiko hobeak sortuko dituela espero dugu

Parte hartu ez duten indarrek AABen aldetiko diseinu inposatu bat aipatu dute.
Ez da egia, eta parte hartu duten eragile batzuk onartu dute AABetatik egin dugun ahalegina. Guk presoen mintzakidetzaren izenean gutun bat jaso genuen mobilizazio aste hau deitzeko. Ondoren, alderdi, sindikatu eta eragile guztiekin banakako bilerak burutu genituen. Konpromiso maila ezberdinak zeudela ikusi genuen; hala ere, guk nork bere neurrien araberako ekintzak burutzera gonbidatu genituen, esanez, aste honetako disenua ez zela helburu bat, baizik eta abiapuntu.

Giza eskubide ororen pertzepzio falta aipatu dute parte hartu ez duten indarrek.
EAJk hasteko ez dio planteamendu horri zintzoki ekiten. Ibarretxek hainbat kasutan mobilizazioak deitu ditu giza eskubideen aldarri egiten eta behin ere ez ditu presoen eskubideen bermearen alde mobilizatzera deitu. Alde batekoen giza eskubideen urraketak oztopo dira elkarrekin lan egiteko; preso bat torturatua denean, ordea, ez dago etenik elkarlanerako.

Giza Eskubideen Batzordearen lana zer iruditzen zaizu?
Oso eskasa da. Batzordekideen koloreak ateratzeko modukoak. Mahai gainean dituen hainbat erabaki betetzeko ahalegin gehiago egin beharko luke batzorde honek. Berari dagokio Eusko Jaurlaritzari kontuak eskatzea. Gure lana da gogoratzea giza eskubideen urraketa etengabea dela espetxeetan, eskubideak ezin direla abagune edo estrategia politikoen arabera defenditu

KRONOLOGIA
- 98-09-18: ETAren su-etena.
- 98-12-18: Aznarrek ETArekiko kontaktuak baieztatu zituen.
- 99-0-09: 100.000 lagun manifestatu zen Bilbon presoen alde.
- 99-06-02: Udalbiltza abian zen. Irailaren 18an eratu zen Bilbon.
- 99-03-05: Mayor eta Chevenement bildu ziren Parisen bide polizialak azkartu asmoz.
- 99-03-11: Parisen sei atxilotu eta beste 13 Gipuzkoan.
- 99-03-20: Jose Luis Geresta etakidea hilik aurkitu zuten.
- 99-04-07 : Esteban Esteban Nieto presoa aske (gaur egun hila).
- 99-07-21: HBko mahaikideak aske utzi zituen Auzitegi Gorenak.
- 99-08-20: Solidarioek presoen aldeko "Giraldillen ekintza" burutu zuten Sevillan.
- 99-09-07: Espainiako Barne Ministerioak Euskal Herrira 105 preso ekarriko zituela agindu zuen eta 27 besterik ez zituen mugitu.
- 99-11-01: Euskal Preso Politikoen Kolektiboak gose greba mugagabeari ekin zion.
- 00-01-21: ETAk abenduan iragarri su-etena baieztatu zuen Blanco teniente koronela hiltzean.
- 00-01-27: Presoen aldeko greba eguna deitu zuen Ezker Abertzaleak.
- 00-02-22: ETAk Buesa sozialista eta Diez ertzaina hil zituen.
- 00-02-24: Daniel Dergi presoak 60 egun bete zituen gose greban. Josetxo Arizkurenek 56 egun bete zituen.
- 00-04-22: 130 presok ekin zion gose grebari (8 bazeuden jada).
- 00-05-07: Presoen aldeko Elkartasun festa burutu zen Bilbon.
- 00-05-9: AAB, Senideak, Gureak, Gurasoak eta Koordinaketak 22tik 27rako mobilizazio astea iragarri zuten.
- 00-05-15: Senideak kolektiboak euskal presoen aldeko ibilaldi nazionala aurkeztu zuen. Ekainaren 17tik uztailaren 29ra bitartean Euskal Herria zeharkatuko du


Azkenak
Euskarazko hezkuntzaren alde, ingeleseko saio gehiagorik ez

Gure hizkuntzaren aurkako beste eraso bat jasan behar izan dugu Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren eskutik; PAI programan euskararen aurkako aldaketa bat egitera behartu gaituzte. Azken urteotan, legeak hala aginduta, D ereduko ikastetxe berriek PAI programa sartu... [+]


2025-04-15 | Irutxuloko Hitza
Urrian zabalduko dute Basque Culinary Centerren Donostiako GOe egoitza berria

Gastronomy Open Ecosystem (GOe) eraikinaren lanak azken etapan sartu dira dagoeneko, Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko (BCC) zuzendariak azaldu duenez, astelehenean Donostian egin duten bisita instituzionalean.


2025-04-15 | Bertsozale.eus
Kattin Madariaga Apaolazak irabazi du 2025eko Nafarroako Eskolarteko Txapelketa

Irurtzunen jokatu da Nafarroako Eskolarteko Txapelketaren 39. edizioa. Sei bertsolari gaztek hartu dute parte txapelketan, eta horietatik, Arantzako Kattin Madariagak jantzi du txapela. Txapeldunorde, berriz, Kattalin Lizarraga izan da. Biak izanen dira Nafarroako ordezkari... [+]


Sudango gerra piztu zenetik bi urte bete dira: paramilitarrek 350 pertsona hil dituzte asteburuan errefuxiatuen kanpalekuetan

NBEren esanetan, gatazka hasi zenetik gutxienez 13 milioi sudandarrek euren bizilekuetatik alde egin behar izan dute, eta biztanleriaren erdiak elikagai eskasia du. RSF Laguntza Azkarrerako Indarrak talde paramilitarrak asteburuan egin dio eraso Darfur eskualdeari, eta... [+]


Zentsura mozioa onartuta, UPNk Noain-Elortzibarreko alkatetza galdu du

AINE Noain-Elortzibarreko talde independentea, Harana Gara eta Aldatu Elortzibar egongo dira udalaren agintean, eta azken horretako Luis Mayak hartuko du aginte makila. Martxoaren 31n iragarri zuten mozioa aurkeztuko zutela, UPNren kudeaketaren "noraeza" eta... [+]


2025-04-15 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Milioika abokaturekin edo igerilarirekin, AEBak berrindustrializatu?

Iradokitzailea delakoan edo, muga-zergen gatazkaren harira norbaitek berriro zirkulazioan jarri duen Maoren 1953ko bideoaren garai hartakoa da milioi bat igerilariren txantxa. Alegia, orain harekin bat egiten omen duen Xi Jinping jaio zen urtekoa.


Baionako Xingar Ferian salatutako bortxaketa gaitzesteko elkarretaratzea egin dute

Ostegun gauean emakume bat bortxatzea egotzita atxilotu zuten gizon bat larunbatean. Gizona kasua argitu arte zaintzapean dago. Mobilizazioa egin du Itaiak astelehenean 18:30ean, Baionako Herriko Etxean, eta horren erantzukizuna azpimarratu du.


Naziek deportaturikoen oroimena, diru-zorro batean

1945ean Neuengammeko nazien kontzentrazio esparruan hil zen Jean Iribarne gamerearraren diru-zorroa berreskuratu eta bere senideei eman diete. Ipar Euskal Herrian gutxienez 350 herritar deportatu zituzten erresistentzian parte hartzeagatik, eta ia erdia ez ziren bizirik atera.


Elena Barrena, irakasle eta historialarien erreferentea

Gipuzkoako sorrera prozesuari buruzko bere doktore tesia aitzindaria izan zen, lurralde historikoen bilakaera ulertzeko. Deustuko Unibertsitateko irakaslea, historialari askorentzat eredu izan da bere lan egiteko eta irakasteko modua. Igande honetan hil da Elena Barrena Osoro... [+]


Gernikako gaztetxe zaharra hartu dute berriro, itxi eta hamar urtera

Gernikako "gazte langileen interes eta beharrei" erantzungo dien proiektu bat martxan jarriko duela adierazi du Egurre Gazte Asanbladak. Eraikina duela hamar urte itxi zuten, eta salatu dute Gernikako Udalak hiru legegintzaldi daramatzala esanez liburutegi bat jarriko... [+]


Mario Vargas Llosa idazlea eta Literaturaren Nobel sariduna zendu da

89 urterekin hil da, Liman, eta idazle perutarraren seme-alabek eman dute haren heriotzaren berri. Gaztelaniazko literaturaren egilerik ospetsuenetakoa izan zen, eta 1960ko eta 1970eko hamarkadetan Latinoamerikan literaturak izan zuen loraldian paper garrantzitsua jokatu zuen... [+]


2025-04-14 | ARGIA
Gabriel Arestiren “izaera komunista” azpimarratu dute, bere heriotzaren 50. urteurrena kari

Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) antolatuta, egun osoko jardunaldia egin dute igandean, Bilboko Campos Eliseos antzokian. Hainbat hitzaldik osatu dute egitaraua, eta jardnualdia amaitzeko Bigarrenez Aresti etorkizunaren aurrean antzezlana estreinatu dute.


Eguneraketa berriak daude