PERRETXIKOEI TXAPELA JAZTEN

  • Hogei urte bete ditu Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketak. Perretxikoak bezala ateratzen diren bertsolari gazteen lehen plaza izan ohi da. Ekainera begira, aurtengo finala eta festa berezi bat dauzkagu zain...

2021eko uztailaren 15ean
Eskolarteko txapelketa da urte osoan alferkerian ibili den ikasleak aurreko bi astetan bertsotan jardun eta hobetzeko duen motibazioa. Eta da bezperako ilusioa zein tximeletak sabelean. Eta koadrila bildu eta taldeko agurra prestatzea, doinu berri eta orijinaletan, baina beti "irabaziko dugu" mezuarekin. Eta eskolartekoa da ikastolak antolatzen duen autobusa, eta gelakideek zipriztindutako pankartak "aupa gu, oe, oe, oeee!", eta buila, eta buila, eta buila. Eta kantatu behar duenarentzat eskolartekoa da publikoaren olatu artean pasatako tragoa...
Eta saiotik kanpo, eskolarteko txapelketa da beste herrietako bertsozaleak ezagutzea, eta "benetako" bertsolariak ikustea, eta betiko herritik atera eta leku berriak ezagutzea, eta gainera matematikako klasea galtzea, eta hurrengo txapelketara arte egindako lagunak agurtzea.
Eta bertsolari baten bizitzan, eskolarteko txapelketa da bertso munduarekin umetan izaten den lehen harremana. Eta oholtzara igotzeko aukera, Arantzazu Loidiren hitzetan: "Bakarka plazaratuko ez ginatekeen asko txapelketa honi esker plazaratu gara", taldearen babesean abesten baita lehenengo urteetan.
Eta bertsolaritzarentzat, eskolarteko txapelketa da harrobia: egungo eliteko bertsolari denak bertatik pasatakoak dira, J.M. Irazu eta Andoni Egaña izan ezik. Horregatik, etorkizuneko saioei begira ere lehenengo erreferentzia da, zer jende datorren ezagutzera ematen duen erakusleiho bat. Baina eskolartekoa ez da eskaparateko harri bitxien harrobia bakarrik: honez gero bertatik 15.000 ikasletik gora pasako zirela kontuan izanda, bertsozale, gaijartzaile, epaile, antolatzaile eta bertsolaritzarekiko izan daitezkeen bestelako harrikaden harrobi ere bada.
Eta historiari dagokionez, eskolarteko txapelketa izan da bertsolaritza tabernetako maisuengandik eskola-umeengana eraman duena. Bertsolari jaio gabe ikasi egin zuten umeei bertsotan karrera ateratzeko lehen aukera txapelketak eman baitzien, bertso eskolen hasierako garai haietan.


HASIERA.

Lehenengo bertso eskolak martxan jarriak zeuden, bata Patxi Goikolearen eskutik Leintz bailaran eta bestea Juanito Dorronsoronetik Zumaian. Bertsolari gazte hauei irtenbide bat eskaini eta bertso eskolen lana zabaltzeko laguntza eske jo zuten Gipuzkoako Foru Aldundira, eta besteak beste Imanol Murua medio, lehenengo eskolarteko bertsolari txapelketa antolatu zen 1981ean. Orduan hasi zen aldarrikatzen bertsolaritza ikastolan landu beharra, eta hurrengo urterako Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Ikastolen Elkarteak hitzarmena sinatu zuten, besteak beste, txapelketa urtero antolatzeko.


2.000 KATU.

Hasieratik ohiartzun handia izan du txapelketa honek. Lehenengo urtean 40 bertsolari inguruk hartu zuten parte idatzizko lanean. Urtez urte kopuruak gora egin zuen, eta 1989an, punturik gorenera iritsi zenean, 2.000 bertsopapera bildu ziren. Hainbesteko ume koadrila bideratu ezinda, geroztik ikastolei geletan bahea pasatzeko eskatzen zaie, eta egun 1.600 karpeta banatzen dira urtero, bertsoak izkiria ditzaten; eta bat-batean 60-70 gaztek hartzen dute parte.


NESKA ETA KEZKA.

Txapelketako lehen urtean bertan hartu zuten parte emakumezkoek. Pixkanaka kopurua haziz joan da, ia parekatu den arte, baina azken urteotan berriro behera egin duela dirudi. Hemezortzi urtera arteko gazteekin jokatzen da txapelketa, eta adin honetan ezberdintasun handiak daude neska eta mutilen artean. Mikel Mendizabal, txapelketa antolatzeko arduradunaren ustetan, "letretan ere diferentzia handia dago; neskak txukunagoak dira, ideia sakonagoak dituzte... Idatziz trebeagoak dira. Bat-batean 14 urtera arte neska dezentek parte hartzen du, baina hortik gora bakandu egiten dira". Arantzazu Loidiren arabera, "baliteke hau neskei nerabezaroa lehenago iristen zaielako izatea: konplexu eta lotsa gehiago ematen die jendaurrean abesteak adin horretako mutilei baino. Eta ereduek ere garrantzia handia dute: neska bat oholtza gainean ikusteak neska gehiago animatzea dakar".


UMEKERIAK.

Txapelketaren egungo helburu eta funtzioak antzerakoak badira ere (bertsolari gazteei bidea ireki eta harrobia sortzea, alegia), badirudi garaiko modek eta joerek aginduta, giroa aldatzen ari dela: txapelketako hasierako urteetan, umeek lagunak egin, ongi pasa eta bertsotan aritzea zuten helburu bakar (beste aukerarik ez baitzegoen orduan bertsolaritzan). Gainera ekintza bereziak prestatzen ziren egun horretarako: hasieran, finalean kantatu zutenek txangoak egiten zituzten hurrengo asteburuan Mattin, Balentin Enbeita edo Uztapide bisitatzera. Geroago, final ostean ikusle eta bertsolariak bokadiloekin egunpasak egiten hasi ziren Donostiako San Migel Patronatuan, Zubietan entrenatzen ari ziren Realeko jokalariei bisitan edo Lasarteko Hipodromoan.
Baina egungo txapelketetan bestelako haizea ere badabil. Bertsotan ari diren neska-mutikoek ispilu aurrean beharrean telebistari begira kantatzen dute. Mikel Mendizabalek adierazten duenez, "nabaritzen da orain bertso eskoletan umeek ahal den azkarrena telebistako izar bihurtu nahi dutela, eta haiei begira daudela".
Gainera, antolaketa eta diru arazoak medio, egun ez da irteerarik antolatzen, eta horrek lehenagoko txango eta festa giroa murriztu ditu, finala bertso saiora mugatzen delarik. Baina sarri helduak dira okerrenak, eta horrekin kezkatuta ageri dira Imanol Lazkano eta Arantzazu Loidi, eskolarteko txapelketako epaileak. Arantzazu Loidik uste du "espektatiba hori haurrengan baino gehiago gurasoengan sortu da, denek nahi dute bere semea edo alaba Andoni Egaña izatea. Gure garaian ez zegoen hori".
Imanol Lazkanoren ustez, "norbere haurrarekin itsutu egiten da, eta norbere haurrak izan behar du punta-puntakoa, gustura ibiltzeak eta ondo pasatzeak ez du balio... Puntu bat arte animatu eta girotzea ongi dago, baina hortik aurrera haurrak ikusi behar du ea bertsolaritzak zerbait esaten dion, gustatzen zaion... Gurasoen bultzadak ez du eramango inora, hori alferrik da. Gustura badabil, eta gaitasun minimo bat badu, berari egingo zaio ilusioa eta bera joango da aurrera. Bertsolaritzarekin gozatzen irakastea, hori da garrantzitsuena". Arantzazu Loidik ere bide horretatik ikusten du txapelketa honen etorkizuna: "Desmitifikatu egin behar da, txapelketa kutsua ahalik eta gehien kendu, eta ez dadila izan inorentzat frustrazio motibo". Baina hau ez da bertso munduko sindromea bakarrik, eremu denetan super-umeen bila goaz, kiroletan, ikasketetan, musikan...


AZTERKETA ETA FESTA.

Ekainaren 2an, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan izango da aurtengo eskolarteko finala. Eta txapelketak 20 urte bete dituela ospatzeko, festa berezi bat antolatu du Gipuzkoako Ikastolen Elkarteak. Ekainaren 22an izango da, Donostiako Kutxako aretoan (Andia kalean), arratsaldeko 7:30etan eta txapelketako une berezienak ekarriko ditu gogora. Antton Kazabonek aurkeztuta, txapelketaren historiari buruzko mahainguru bat, bideo emanaldi xelebre bat eta txapelketako bertso idatziekin osatutako bertso musikatuak daude iragarrita. Bukatzeko, txapeldun denekin bertso saio informal bat egingo da. Eskolarteko txapelketatik pasatakoek garai haiek berriro bizitzeko aukera izango dute festa horretan, eta sekula izan ez direnek, berriz, eskolartekoaren esentzia deskubritzekoa

OROITZAPEN ETA BITXIKERIAK
- Maialen Lujanbio: "Ikastolatik autobuskada bat lagun joaten ginen finalera, pankartekin, builaka... Saioa bukatzean eskolartetik ezagutu genuen jendearekin egoten ginen, eta bazkaltzera Lasarteko hipodromora joaten ginen egunpasa. Egun, giroa ezberdina dela uste dut, hotzagoa... Bertsolaritza ere asko aldatu da ordutik hona. Gu genbiltzanean bertsoa ez zegoen batere prestigiatuta, telebistan ere ez zen batere agertzen... Oraingo bertsolari umeek beste erreferentzia batzuk dituzte, bertsolari gazteak plazetan badabiltzala ikusten dute, telebistan agertzeko aukera ere bai... beste txip batekin doaz txapelketara".
- Jon Maia: "Nerbio handiko une bezala gogoratzen dut. Orain eskolarteko txapelketa ikustean, pentsatzen dut 'joño, gu oihan honen erditik bizirik atera al ginen?', hori da buila han egoten dena! Uste dut orain eskolarteko txapelketan dabiltzanek ere ilusio handiarekin bizi dutela, eta guk pasatako nerbioak pasako dituztela. Finalera egunpasa doazenentzat ere, guretzako zen moduan, festa egun bat da".
- Aitor Sarasua: "Urduritasun unearen inpresioa gehiago dut, une atseginena baino. Garrantzitsua izan zen guretzat, txapelketa horien bidez hasi baikinen bertsolari munduarekin harremanetan jartzen, baina nik ez nuen txapelketa haietan anbizio pertsonalik. Eta azken urteotan entzulearen jarrerak ez dit inpresio onik egin, badirudi zaletasunak garrantzia galdu duela, eta gehiago doazela bere taldea bakarrik animatzera... lehia kutsu gehiegi hartu diot".
- Nahikari Gabilondo: "Gure garaian neska asko joaten ginen, eta orain beherakada handia sumatzen da, berriro ere askoz mutil gehiago dago. Izan daiteke eskolartekoa oso adin kritikoa delako. Eta lagunek eragin handia dute, batek uzten badu, denek uzten dute atzetik... Benetan asko gustatu behar zaizu bertsolaritza, adin horretatik aurrera jarraitzeko".
- Felix Iñurrategi: "Oso oroitzapen ona dut, eta gerora ere oso aberasgarri iruditu zaizkit txapelketaren aitzakian egiten genituen irteerak, beste herrietan bertsotan ikasten ari zen jendea ezagutzen genuelako. Gainera, gu herri txiki batekoak gara, eta ez ginen bertatik ia ateratzen; beraz, hori gauza handia zen guretzat. Txango batean Uztapiderekin argazkia atera ziguten, beste batean Mattinekin ere egon ginen eta handik gutxira hil ziren biak".
- Joxe Munduate: "Finalera beti praka zuriak jantzita joaten nintzen. Nere obsesioa hori zen, uste nuen praka zuriak ez banituen, ez nuela ongi kantatuko eta beti amarekin errietan aritzen nintzen: 'Ama, praka txuriak jarri, praka txuriak jarri!'".
- Ekaitz Goikoetxea: "Urte osoan bertso eskolan egiten genuen lanaren erakusleiho bat zen, eta nire garaietan izugarrizko tropa ateratzen ginen. Orain beste modu batera ikusten da txapelketa baina berdin sufritzen da. Bertsotako nire ikasleak eta arreba ikusten ditut, eta uste dut berdin dirauela, antolaketan dabilen jendea eta egin beharreko lana berdinak dira".
- Arantzazu Loidi: Alde batetik, oso giro ona zegoen, lagunarte polit bat egiten genuen. Bestalde, gaizki pasatu izanaren oroitzapena ere badaukat, baina orokorrean oso esperientzia polita izan da... Orain txapelketako epaile naiz, eta txapelketa bera oso desberdin ikusten da, baina uste dut bertatik pasatakoa izateak ematen duela horrelako pazientzia berezi bat, ulertu egiten da une horretan zer gaizki pasatzen den".
- Unai Agirre: "Guretzat eskolarteko txapelketa sekulako motibazioa zen. Bezperetan urte osoan baino gehiago entrenatzen genuen: nik Hernanitik Errezilera bidea bertsotan egiten nuen. Kotxeko atzeko eserlekuan, gurasoei gaiak jartzeko eskatu, eta ni bakar-bakarrik aritzen nintzen bide osoan, isildu gabe"


Azkenak
Elena Barrena, irakasle eta historialarien erreferentea

Gipuzkoako sorrera prozesuari buruzko bere doktore tesia aitzindaria izan zen, lurralde historikoen bilakaera ulertzeko. Deustuko Unibertsitateko irakaslea, historialari askorentzat eredu izan da bere lan egiteko eta irakasteko modua. Igande honetan hil da Elena Barrena Osoro... [+]


Gernikako gaztetxe zaharra hartu dute berriro, itxi eta hamar urtera

Gernikako "gazte langileen interes eta beharrei" erantzungo dien proiektu bat martxan jarriko duela adierazi du Egurre Gazte Asanbladak. Eraikina duela hamar urte itxi zuten, eta salatu dute Gernikako Udalak hiru legegintzaldi daramatzala esanez liburutegi bat jarriko... [+]


Mario Vargas Llosa idazlea eta Literaturaren Nobel sariduna zendu da

89 urterekin hil da, Liman, eta idazle perutarraren seme-alabek eman dute haren heriotzaren berri. Gaztelaniazko literaturaren egilerik ospetsuenetakoa izan zen, eta 1960ko eta 1970eko hamarkadetan Latinoamerikan literaturak izan zuen loraldian paper garrantzitsua jokatu zuen... [+]


2025-04-14 | ARGIA
Gabriel Arestiren “izaera komunista” azpimarratu dute, bere heriotzaren 50. urteurrena kari

Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) antolatuta, egun osoko jardunaldia egin dute igandean, Bilboko Campos Eliseos antzokian. Hainbat hitzaldik osatu dute egitaraua, eta jardnualdia amaitzeko Bigarrenez Aresti etorkizunaren aurrean antzezlana estreinatu dute.


Daniel Noboa eskuindarra gailendu da Ekuadorko hauteskundeetan, eta oposizioak iruzurra salatu du

Bozen lehen itzulian pare-parean geratu ostean, inkesta gehienek aurreikusten zutena baino tarte handiagoa atera dio egungo presidenteak Luisa González hautagai correistari. Oposizioak "iruzurra" salatu eta botoak berriz zenbatzea eskatu du.


Analisia
Balantzaka gerrarantz

Gure amak beti esaten du: “Ez dut sekula ulertu zergatik gertatu zen Lehen Mundu Gerra”. Ez dio batere zentzurik harrapatzen. Ez du ulertzen zergatik inplikatu ziren Europako potentzia zaharrak halako basakeria batean eta ez zaio buruan sartzen nola konbentzitu... [+]


‘Oztopoen gainetik askatasunera’: Ernaik manifestaziora deitu du apirilaren 17an

Adierazpen askatasuna aldarrikatzeko eta "eskuin erreakzionarioaren ofentsibari aurre egiteko" batuko dira. Egun horretarako Euskal Preso Politikoen alde antolatua zuten hitzaldia eta ekitaldia salatu du UPNk, eta hura zelatatzeko agindu du Espainiako Audientzia... [+]


Lau maki, 1947 eta 1948 urteetan Donostian erailak

Maki gerrillari antifrankistek Euskal Herrian ez zuten presentzia bereziki nabarmena izan, baina batzuk pasatu ziren, baita erregimenaren errepresio bortitza pairatu ere. Guardia Zibilak hiru hil zituen Ibaetan 1947an eta bat Zubietan 1948an, ahaztuta badaude ere.


2025-04-14 | Uriola.eus
Gerra finantzatzeari uko egiteko zerga desobedientziaren ekimena abian da

Ekimenak bakea eta justizia soziala sustatzeko proiektuak finantzatzea du helburu. Sustatzaile diren gizarte mugimenduek mezu argi bat bidali diete gobernuei eta armagintza industriari: "Ez dugu gerraren konplize izan nahi".


Analisia
Mikrofonoak antzokietan

"Eskatu txanda eta egingo dugu bat zurekin", esan dio estudioetatik ari den esatari prestu eta animatuak Bilboko kaleetan dabilen berriemaile gazteari. Aurkezlea entzuleei zuzendu zaie segituan. "Bien bitartean, Iruñera goaz...". Han zabaldu dute linea... [+]


Jardin bat zuretzat, Hipatia

Hainbat lorpen kolektiboan soilik egin daitezkeela esaten denean, lerro artean joan ohi da behin kolektiboan pentsatu, gogoetatu eta eztabaidatu ondotik heldu ohi direla, heltzekotan. Baina zerbait lortzeko, ezinbestekoa da pentsatzen jartzea. Ez baitira gauzak besterik gabe... [+]


Euskal armagintza industria eztabaidagai (I)
Industria militarrari buruz Jaurlaritzak eta Zedarriak enpresari foroak planteatutako eztabaida irekitzen

Urtearen hasieran, Zedarriak taldeak "defentsaren" industriari buruzko "eztabaida irekitzearen" alde egin zuen publikoki (baita nuklearrari buruz ere), eta Eusko Jaurlaritzak berehala egin du bat horrekin. Lehenik, Mikel Torres lehendakariorde eta Ekonomia... [+]


Semaforoa gorri, etsaien engainagarri

Gaur aurkezten dugun intsektuaren izen zientifikoak, besteak beste, bi gauza azaltzen dizkigu: alde batetik, gorria dela (ez erabat) eta ez duela hegorik. Okerrak ez dira biak ala biak, baina gorria ez da bere kolorazio bakarra, eta hegoak ere izan baditu, baina beraien tamaina... [+]


2025-04-14 | Jakoba Errekondo
Bizi Baratzearen lurreko ekosistema oparoa

Apirilak asaba zaharrengana garamatza. Apirila urte osoaren gakoa izango da. Lurrak antolatzea, ongarriketa osatzea, haziak plantatzea, pardak, makilak, sareak, lokarriak atontzea… Hamaikatxo lan bada, sasoi berrirako urratsik handiena, gero uda eta udazkena azkurriz eta... [+]


Eguneraketa berriak daude