"BAIKORTASUN TXERTOA BAINO EZ ZAIE FALTA EUSKALDUNEI"

  • "Vasco"a ez den euskaldun petoa dugu Mikel Morris. Coloradoko Boulder hirian jaioa duela 43 urte, hizkuntzalari gisa egin du bere ibilbidea. Umetan Angolan bizitakoa, Francoren azken urtean Iruñeara gaztelera ikastera etorri eta orduan entzun zuen euskara lehen aldikotz. Liluratua, bere kasa ikasteari ekin zion. Zarautzen finkatu eta Morris ingelestegia zabaldu zuen. Egun, han bizi da Maite emaztea eta Joanes Edward, Garikoitz Lee eta Amaia Lynn seme-alabekin. Duela gutxi, eta gogor borrokatuta, bere "Euskara-Ingelesa / English-Basque" hiztegiak argia ikusi du. Egun, doktoregoa egiten ari da unibertsitatean itzulpengintza klaseak emateko, hamaika hizkuntza daki-eta. Ingelesa, euskara, portugaldarra, gaztelera, frantsesa, afrikaans, eta alemaniera gutxi balira, orain, txinarrarekin dabil lardaskan.

2021eko uztailaren 20an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Londresera autobusean egindako bidaia batean ezagutu nuen Morris. Ferryaren zain geundela, eskuzabal eskaini zidan bere emazteak prestatu janaria. Kalaka ederrekoa bezain solaskide fina, entzuten ere dakien horietakoa da lehen Michael zen Mikel.
Zer egiten du zu bezalako cherokee odoleko anglosaxoi estatubatuar batek Euskal Herrian?
Hala suertatu zait, gaztelera portugaldar azenturik gabe ondo hitz egiteko heldu nintzen Iruñeara. Aurretik, nire aitaren lana zela eta, 12 urterekin Angolara joan ginen bizitzera, baita han ia hiru urte pasa ere. Gerra zibila hasi baino lehen, jendea orain baino askoz hobe bizi zenean. Bertan ikasi nuen yankee inozo bat baizik ez nintzela, Afrikan mundu guztiak zenbait hizkuntza baitaki: angolarra, tribuetako dialektoak, portugaldarra, frantsesa, afrikaans, ingelesa, eta abar. Horretaz oharturik piztu zitzaidan hizkuntzak ikasteko grina.
Iruñean nengoela, egun batean, Lekunberrira joan eta han entzun nuen euskara lehen aldiz. Zein bitxia! Madarikazioak gazteleraz botatzen bazituzten ere, gainontzekoa hizkuntza arrotz hartan. Halaxe, jakinminez beterik, "Como aprender el vasco facilmente" liburu idorra eskuratu -paperari ingia deitzen zioten horietakoa- eta zer edo zer ikasi nuen. Nire lizentziatura lau urte beharrean hiru urtetan amaitu ondoren, nire bizitza aldatu duen erabakia hartu nuen.

Hutsarte bat eginda, zertan zaitugu lizentziatua?
Coloradoko Boulder University-n Nazioarteko Harremanetan egin nuen lizentziatura. Bi Nobel saridun dira irakasle bertan eta eguraldia aztertzen duen erakunde arras ezaguna ere bertan dago kokatua. Ondotik, bi master eginak ditut, "Hizkuntza Jakintza"n bata eta "Hispanic linguistics" bestea.
Oraindik ere jarraitzen dut urtean behin Estatu Batuetara joaten, gurasoak eta lagunak ikustera.

Lehengora bueltatuz, orduan erabaki zenuen Euskal Herrira etortzea euskaldun bilakatzeko.
Bai, hona itzuli eta lagun baten bidez Lazkaoko Aita Benediktarrengana jo nuen. Beranduegi zen ordea, klaseak amaituak ziren-eta. Garai hartan gainera, ez zegoen Euskaltzaindiarik, ez HABErik, ez AEKrik, gau eskola baino ez. Azkenean, Beasaingo Alkartasuna ikastolan ekin nion ikasteari. Gero, udan, Ataungo baserri batean bizi izan nintzen, jo ta ke belarra mozten. Eta horrela nireganatu nuen euskara.

Esanak esan, zertarako balio du hizkuntzak jakiteak? Mundua ulertzeko modu ezberdina damaigutelako, akaso?
Adimenaren espetxetik ateratzeko balio dizu hizkuntza batek. Mintzaira bat baino gehiago jakitean izugarri zabaltzen zaizu munduaz duzun ikuspegia, hala da, mundua leku garaiago batetik ikusteko parada ematen baitizu. Komunikazioa ez ezik, ikusmolde bat, logika bat ere baduelako. Egin kontu, "gora gu eta gutarrak" esaldiaren esanahia ulertzeko euskara ikasi egin behar da, ez da aski norbaitek azaltzea.

Euskalduna zarenetik beraz, zerk harritu zaitu gugandik onerako?
Hemengo giroa, jendearen kemena; gure "kausa" ere liluragarria izan da beti. Hemengo bizi kalitatea aipatzekoa da, afarietan denak elkarren ondoan mahai luze horietan eseri eta kantatzen hastea. Estatu Batuetan askoz gehiago irabazten bada ere, ez dute inondik ere hemengo bizi kalitatea. Lana dela medio, jendea etengabe aldatzen da estatu batetik bestera, eta azkenean, edonongoak eta inongoak ez dira. Horregatik miresten dut erroak nonbait edukitzea, sorlekuan bizitzen jarraitzea.

Eta txarrerako?
Nire ustez, berez, euskaldunak (hemen jaiotakoak) ikuspegi ezkorra duzue bizitzaren aurrean, hau da: herri txiki bat gara, ezin da, gureak egin du. Agian, Katolizismoak zer ikusia izan dezake ezkortasun horretan, Hego Europako joera dirudi. Gu, berriz, umeagoak gara, baina beti baikor: "You can do what you want to do. The sky is the limit" (Nahi duzuna egin dezakezu. Zerua da muga) esan ohi dugu ingelesez. Ez dago mugarik euskarak gainditu ez dezakeenik. Oztopoak hor egonda ere, euskara ez dago gaizki, bere txikitasuna ez da mugarria kulturgintza behar bezala eraikitzeko. Islandian esaterako, 300.000 baino ez dira eta, ba al dakizu zenbat egunkari dituzten?... Sei! Windows eta Apple ere islandieraz daude. Bere buruan sinestuz eta gogor lan eginez lortu dute, burujabetasuna lortu arte itxoin gabe. Hemen ere lan egiteko ahalmen izugarria dugu, baikortasun txertoa baino ez zaizue falta.

Horren harira, bistan da jakintza bermatzea ez dela aski euskarak aurrera egingo badu, funtsezkoa da erabilera bultzatzea. Zer egingo zenuke zuk?
Erabateko normalizazioa egon dadin, euskara txoko guztietan hedatu behar da. Eta erdaraz mintzo den euskaldun bakoitzaren sena pizteko adina indarrik ez badago, bitartean borrokatu egin behar da, euskaraz datorren hurrengo belaunaldia agintera heldu arte. Baina noski, nerabeen artean eredu guztiak erdal mundutik datoz, ez dute euskal erreferentziarik. Zergatik ez dago "Super pop" aldizkaria euskaraz? Edo "Kaixo" txutxumutxu aldizkaria? Edota "Marca" tankerako bat kirolak jorratzeko?
Bestalde, euskaraz bikoizten diren filmak erabat sinesgaitzak egiten zaizkit, denek hain antzeko eta lehor hitz eginda. Ez dakit bikoizlariak konturatu diren, baina ingelesez dauden filmetan, erromatarren filmetan, esaterako, protagonistek mintzamolde ezberdina izaten dute, gaiztoak beti du ingeles azentua, "cockney" delakoa; onak berriz, estatubatuar doinua izaten du. Hartaz, zergatik ez dituzte euskalki ezberdinak erabiltzen? Bestela, euskaraz azpidatzita eman ditzatela eta kito. Euskarri horiek eduki arte hankamotz ibiliko da euskara, erdararen morroi beti.

Euskarriez ari garela, "Morris hiztegia" azkenean argitaratu izanak balio handia du, are gehiago aurretik zegoenaren maila kaskarra kontuan hartuta; Aulestiarena hain zuzen, oker ez banago dirulaguntza oparoa jaso zuena.
Ez naiz horren inguruko balorazioetan sartuko, baina bai, niretzat hutsune larria zegoen nirea atera aurretik. Dena den, Joe Eguren euskal "amerikarrarena" izan zen lehena. "Morris hiztegia" 19 urteren buruan kaleratzea lortu dut, nahiz eta mundu guztiak ezetz esaten zidan, gehienez 200 ale saltzeko ez zuela merezi. Taldelana ezinbestekoa dela zioten; nik ordea, bakarlanean egin dut. Nire obsesioa da oraindik eta edizio hobetua ari naiz prestatzen. Egunkariaren gehigarriarekin batera saltzea ona izan da Morris izena ezagutarazteko eta, pixkanaka, ari da saltzen. Baina niretzat garrantzitsuena dena, hiztegi honen bidez euskarak erdararekiko duen morroitza kentzen ahal dela erakustea da. Erdaldunek eskuragarri dutena euskarak parekoa edukitzea, eta ahal izanez gero, hobea izatea. Hori batetik, eta bestetik, irakasle frankok -bi zentzutan- dio ingelesa errazagoa dela gazteleraren bidez ikastea euskararen bidez baino. Ba, ez nago ados horrekin. Zenbait gauzatan bai, aditzetan kasu, "I will have done": "Yo habré hecho" edo "J'aurais fait". Baina beste batzuetan ez, "somehow": nolabait, "something": zerbait,... Ez dira horretaz konturatzen. Nire ingelestegian bederen, euskaratik ingelesera zuzenean ikasteko aukera dute ikasleek.

Oker ez banago zure Web orria ari zara taxutzen, Nola baliatu Internetez euskara bultzatzeko?
Tresna erabakitzailea izango da zentzu guztietan. Dagoeneko hardwarea delakoa daukagu, gure gramatika finkatua dago; bada, orain softwarea falta zaigu, informazioa eskura jartzea, alegia. "Aurki" bilatzailea eta halako ekimenak aipagarriak dira. Oso baikorra naiz, euskaldunen artean komunikazioa izugarri erraztuko du sareak; jendeak ez du oraindik antzematen, baina hamar urte barru ikusiko duzu.
Era berean, berez ingelesez dagoena erdararen galbahetik datorkigu; bada, galbahe hori kentzeko balio dezake. Euskarak ez du bitartekaririk behar, txokokeria ez delako, unibertsala baizik.

Euskarari "hizkuntza gutxitu"en baitan sartzea ez zaio batere mesedegarri, bere buruan gehiago sinesteko, batik bat.
Nola esaten da "minority language" euskaraz? Hizkuntza gutxitua edo eremu urriko hizkuntza? Gogorra da esatea baina hala da, euskara "lesser used language" edo hizkuntza ez hain erabilia izatearen errua euskaldunek dute. Aitzakia hutsa da oraindik Francoren zapalkuntzaren ondorioak nozitzen ari garela esatea, hil zenetik mende laurdena pasa da-eta! Nori bota behar zaio errua orain? PPkoei, PSOEkoei, eta Sanz jaunari, oso ongi. Zorionez, batzuk konturatzen hasiak dira haien erantzukizuna ere badela euskara behar bezala ez garatu ez izana.

Sasoi ilunetan murgilduta gaudela dirudi, baikor izan behar dugu baina.
Bai, hori da jarrera. Orain agintean daudenek ez dute tutik ere egingo, oraindik Franco buruan dutelako. Gaur egun D ereduan ari direnek konponduko dute euskal auzia, alegia, hemengo burujabetasuna, Europan sartzearen beharra, eta abar. Gure ardura lekukoa ahal den txukunen ematea izango da.

Euskara egoera diglosikotik atera dadin zure hainbat proposamen ez da ondoegi hartua izan.
Ez dut inor mindu nahi, baina batzuetan, nahiz eta hemen hogei urte eraman, oraindik kanpotartzat hartzen naute nire iritzia ematean. Egia latza da, baina "euskañola" nagusitu zaigula esanez gero, batzuk minduta bezala sentitzen dira. Adibidez, nazioarteko izenak zergatik esan behar dira erdaraz bezala, jatorrizko izena hobesten baldin bada? Zergatik esan behar dugu Anberes Hegoaldean eta Anvers Iparraldean, berez, Antwerpen denean? Ñabardura dirudi, baina dirudiena baino larriagoa da. Nik nire gurutzadarekin jarraituko dut euskarak erdara gainetik kendu eta alboan jar dezan.

Euskaldun porrokatua bazara ere, ustez "ikasia" den hainbatek kanpotartzat hartzen zaituela diozu, baina ez al da bada, euskara euskaldun egiten gaituena?
Bai, horixe. Badirudi euskalduna izatea ez dela nahikoa. Hemen adibidez, zein da euskaldunagoa, jatorriz Caceresekoa den arren, euskaraz bikain ikasi duen Antonio Garcia, edota zortzi abizen euskaldunak izan arren, euskaraz kaixo eta agur baino ez dakien Xabier Etxeberria? Eta espainiarrek beste hainbeste egiten dute, nor da espainiarragoa Xabier Etxeberria, Jordi Bofill i Puig edo Antonio Garcia? Eta Frantzian berdin.

Baina hori ere Estatu Batuetan gertatu izan da, duela gutxi arte, behintzat; alegia, europar jatorriko jendea, Myflower belauntzian iritsitako britainiar protestanteen ondorengoak bakarrik egiazko "estatubatuar"tzat jotzea.
Hori diotenak Ku Klux Klan-ekoak dira, "pure white trash", hau da, ikasketarik gabeko zuriak, lan bat eskuratzeko beltzekin lehian ari direnak. Gaur egun errazagoa da yankee bihurtzea euskalduna edo europarra izatea baino. Jakina, Estatu Batuetan bizitzeko baimena lortzea zaila da, baina behin eskuratuz gero, estatubatuarra zara ondorio guztiekin. Herrialde boteretsua baldin bada, emigrazioari esker izan da. Europan berriz, ezinezkoa da europar bihurtzea kanpotarra izanik; Madrilen luzaroan bizi den Mohamed beti izango da "mairua" eta Italian Malik beti izango da zambiarra, "afrikarra" italieraz primeran eginda ere. Brasilen ere askoz errazagoa da "brasileiro" bilakatzea finlandiarra edo euskalduna baino.

Estatu Batuetan, hispanoak bigarren gutxiengoa izatetik lehena izatera pasa dira, nola hartzen dute zuriek hori?
Txuriek ala beltzek? Hori Miamin ari da gertatzen, beltzak kexu dira, "lehen ingelesa ikastea nahi zenuten lana lortzeko, eta orain espainola ikastea nahi? Ez horixe!" diote. Kubatarrek ez dituzte beltzak begi onez ikusten, Miamin dauden kubatar gehienak zuriak dira-eta. Hispano City bihurtzeko beldurra dago, baina hori ez da gertatuko, sistema eginda dagoelako. Europan ostera, magrebiarrak bigarren gutxiengoa bilakatuko dira laster. Eta euskaldunok zintzo jokatzen badugu haiekin, etzazula dudarik eduki euskaraz ikasiko dutela.

Jakinaren gainean zaude gutxiengoen arazoez, zuk ere cherokee odola edukita.
Bai, nire amaren aldetik hala dut. Jatorriz Georgia eta Alabamakoak ziren cherokee indiarrak. Pixkanaka, Oklahomako erreserba batera joatera behartu zituzten. Ondoren, "Indian territory" (indiar lurraldea) zuriena ere izatea erabaki zuen gobernadoreak. Hala, goiz batean mugaren ertzean jarri, baimena eman eta zart! kolono zuriak ziztu bizian sartu ziren cherokeerenak ziren eremuetan barrena, lurraren jabe bihurtuz. Orain, cherokee hizkuntzari laguntzen saiatzen naiz. Irokes hizkuntzen baitan dela, 10.000 hiztun dituen arren, desagertzeko zorian da. Gazteek, nahiz eta gurasoengandik jaso, ez baitute erabiltzen. Euskaldunak aldiz, ez gaituzte inoiz erreserba batera eramango, ezin izan gaituzte menperatu eta inoiz baino biziago eta gogotsuago gaude. Whiskya eman izan baligute sikiera, ja ja...

Hamarrekoa
Hamarrekoa
NANCY, (AMA)
"Ezer ez dela ezinezkoa mundu honetan erakutsi zidan"

ROY, (AITA)
"Roy, abokatua, lana gogotik egitea zer den erakutsi zidan"

MARTIN UGALDE
"Nire hiztegian sinestu zuen bakarretakoa. Gurean bera bezalako gizon gehiago behar dira"

"TXILLARDEGI"
"Miresten dut bere lana eta izaera; ospe handiagoa merezi du. Hain ezkorra ez balitz ordea...."

XABIER KINTANA
"Ikaragarri lagundu zidan hiztegiarekin jarrai nezan"

GORKA AULESTIA
"Ingelesa-euskara bigarren hiztegia plazaratu zuen. Utz dezagun horretan"

XABIER MENDIGUREN ELIZEGI
"Idazle ona, bizkarrean kolpetxoa eman beharrean, benetan laguntzeko prest dagoen horietakoa"

JOSEBA ZULAIKA
"Maila handiko irakaslea; ideiak hain garbi ditu, non bere argudioek aurkaria ere makurrarazten duten"

PAUL ETXEBERRI
"Gogor lan egin zuen euskal 'amerikarrak' batzeko berri papera egia bihur zedin"

JOSEBA ARREGI
"Nahiz eta batzuek 'bête noir'tzat hartu, hitzeko gizona"

Tantoa
Tantoa
Orain ia 19 urte, banago Renoko Unibertsitateko Euskal Liburutegian, eta hor datorkit amerikar mutil gazte, luze, ilegorrixka, intelektual itxurako bat. Euskaraz hasi zitzaidan. Esan zidan Michael Morris zuela izena; ezagutzen zuela Euskal Herria, eta aspaldidanik ari zela euskara ikasten. Jakitun zen euskararen egoera diglosiko negargarriaz, eta bota zidan euskaldunok espainiera edo frantsesa ez, baizik ingelesa hartu behar genuela bigarren hizkuntzatzat. Haren ametsa: euskara-ingelesa ingelesa-euskara hiztegi on bat egitea. Hasia zuen, ordurako. Hala ezagutu genuen elkar.
Jakintsu ez ezik, jatorra ere bazen. Elkarrekin jarri ginen bizitzen. Orduan ezagutu nuen sakonago: unibertsitateko ikasle zen; bi karrera ari zen ikasten, lan eginez, ikasketak pagatzeko. Hiztegia egiteari sekula utzi gabe, haatik. Handik laster, Michael Euskal Herrira itzuli zen, Maiterekin ezkontzeko. Ordutik, anaia baten pareko daukat Mikel. Hizkuntzen munduan sartu nintzen ni ere. Aldi batez, gainera, haren Hiztegian aritu nintzen. Azkenean, osatu zuen hura, ia 20 urte kostarik. Baina berak dio oraindik hobea egin nahi duela; areago, beste bost bat hiztegi egin nahi dituela, euskara munduko hizkuntza nagusiekin uztartzeko.
Orain arte, Mikel bere kasa aritu da, laguntzarik gabe; bere izerdiz eta sosez atera ditu "Euskara-Ingelesa" eta "Ingelesa-Euskara" hiztegi biak. Ez da makala! Egia esan, euskarari oso noizean behin agertzen zaizkio hain laguntzaile baliotsuak. Ez dezagun alferrik gal. Eman diezazkiogun behar dituen bitartekoak, eta ari dadila lasai lanean, guk hari eman halako ehun bihurtuko digu berak eta


Azkenak
2024-11-22 | Julene Flamarique
Voxen aurka Bilbon protesta egiteagatik auzipetutako zortzik ituna egin dute Fiskaltzarekin eta bat epaiketara joango da

Atxuriko irakasle eta ekintzaile batek uko egin dio akordioari kontzientzia arrazoiak direla eta. Voxek bost urteko kartzela-zigorra eskatzen du auzokidearentzat, Fiskaltzak aldiz zazpi hilabeteko espetxe-zigorra hauteskunde-delituagatik eta hiru hilabeteko isuna mehatxu... [+]


2024-11-22 | Ahotsa.info
Saskien bidez Nafarroako euskalgintzari inoizko ekarpenik handiena egingo dio Errigorak: 230.000 euro

 Euskarari Puzka azken kanpainan 16.000 saski saldu dituzte, eta euskararen alde lan egiten duten elkarteentzat bideratuko zaie lortutako etekina.


2024-11-22 | Sustatu
Euskarazko esamoldeak baloratzen lagundu online galdetegi honetan

Bi irakasle eta ikerlarik inkesta jarri dute sarean, euskarazko esamolde batzuen inguruko datuak biltzeko. Bost minutu hartuko dizu betetzeak baina adi, bi galdetegi daude, egun bakoitian jaio bazara 1A betetzeko eskatzen dizute, eta egun bikoitian jaioa bazara 1B delakoa.


Nazioarteko Zigor Auzitegiak Netanyahu eta Israelgo Defentsa ministro ohi Gallant atxilotzeko agindu du

Gizateriaren aurkako krimenak eta gerra krimenak egotzi dizkie Hagako auzitegiak bi sionistei. Erabakia "antisemitismotzat" jo du Netanyahuk, eta Hamasek, aldiz, "Justiziarako urrats garrantzitsutzat".


Umandi izena eta izana

Andoni Urrestarazu Landazabal Araiako herrian 1902ko uztailaren 16an jaio zen eta 1993ko azaroaren 21ean hil zen Gasteizen. 31 urte bete dira jadanik eta bere izena eta izana aitortzeko une aproposa dela deritzot, ez baita ongi ezagutzen utzitako ondarea. Umandi, bere herriko... [+]


Memoriadun euskara

Autobiografia idaztea omen da garapen pertsonalerako tresnarik eraginkorrena, askatzaileena. Iraganeko kontuei tira egin eta gogora ekartzeak, orainaldiko korapiloak askatzen laguntzen omen du. Bai, laguntzen du orainaldia ulertzen eta komeni zaigun etorkizun bat marrazten... [+]


Etorkizuneko apustua

Pandemiaren iragarpenetik Valentziako tragediarainoko errepasoa egin eta ondorioztatu dut gezurra eta forupea suhesi gisa dituen kudeaketa instituzional negargarria klase gobernariaren konstantea dela.

Ez dugu gobernari ordezko baliogarririk sistema pendular hau aldatzen ez... [+]


Gelditu dute emakume baten eta bere alaba adingabearen etxegabetzea Gasteizen

Polizia etxegabetzea geratu nahi zituzten herritarren aurka oldartu da eta hainbat lagun zauritu ditu. Azkenean, etxegabetzea atzeratu duela jakinarazi du epaitegiak.


X-etik irten nahi? Nor dago Mastodonen eta Blueskyren atzean? Nola finantzatzen da bakoitza?

Gaur, azaroak 21, Mastodon.eus komunitateak sei urte bete ditu. Urteurrena ospatzeko Gure aukera, sare libreak kanpaina abiarazi dute, atxikimenduak biltzeko. Izan ere, azken asteetan “eXodoa” ematen ari da: erabiltzaile asko X-tik ihes egiten ari dira, sare... [+]


Iruñeko Erorien Monumentua
Maravillas Lambertoren izena ez erabiltzeko eskatu dute fusilatuen senideek

Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak gogor kritikatu du Iruñeko Erorien Monumentuaren inguruan EH Bilduk, Geroa Baik eta PSNek egindako akordioa. "Pedagogia" egiteko toki hobeagoak daudela dio eta interpretazio zentroari Maravillas Lamberto izena... [+]


2024-11-21 | Julene Flamarique
933 nobedade eta 200 ekitaldi Durangoko Azokaren 59. edizioan

Abenduaren 5ean Ikasle Goizarekin hasiko dute azoka. Hurrengo egunean Gazte Eztanda eguna egingo dute, eta gazteei zuzendutako hamaika jarduera egongo da. Egun berean, iazko Sormen Beka irabazi zuen Argizagi. Zubiak adiskidetasunerantz telesailaren aurkezpena egingo du Marramiau... [+]


Mastodon.eus-en “Gure aukera, sare libreak” kanpainarekin bat egin du ARGIAk

ARGIAko lantaldeak bat egin du Mastodon.eus-ek bere seigarren urtemugan abiatutako Gure aukera, sare libreak  atxikimendu kanpainarekin.


2024-11-21 | Sustatu
Sei urte bete ditu gaur Mastodon.eus-ek

Mastodon.eus euskal fedibertsoko instantzia agian nagusiak sei urte bete ditu gaur. Urteurrena ospatzeko "Gure aukera, sare libreak" kanpaina abiarazi dute, atxikimenduak biltzeko. Efemeridea une interesgarri batean dator: Elon Musk-ek, X/Twitterren jabeak,... [+]


Ertzaintzak zaurituriko Realeko zalearen kasua berriz irekitzeko agindu du epaileak

Gipuzkoako Lurralde Auzitegiaren ustez, bideo bateko irudietan ikusten denak "talka" egiten du Ertzaintzaren atestatuarekin, eta Amaia Zabarte foam bala batekin zauritua izan zenaren "ebidentzia erakusten" du, Noticias de Gipuzkoa-k jaso duenez.


Arma nuklearrarekin erantzuteko bidea ireki du Putinek, Ukrainak AEBek eta Ingalaterrak emandako misilekin eraso egin eta gero

Arma nuklearrarekin erantzuteko aukera dakarren dekretua izenpetu du Vladimir Putin presidenteak. Hegazkinekin, gurutzaldi misilekin zein droneekin "eraso masibo bat" pairatzeak ondorioztatu dezake arma horren erabilpena. 


Eguneraketa berriak daude