NEGOZIO FARMAZEUTIKOAK EZ DU INTERESIK AFRIKAN

  • Estatu Batuetan, Kaliforniako San Frantziskon agertu ziren Hartutako inmuno eskasiaren sindromearen lehen gaixoak. Gaixotasun hau heriotzaren pare zen orduan. 20 urte geroago, zenbait botikari esker, hiesa gaixotasun kronikoa bihurtzeko bidean da. Hiesdunak bizitza kalitatea eskatzen du orain. Hiesa ez da gauza bera ordea Lehen Mundua eta Hirugarren Mundua deitutakoetan. Afrikan 13 pezetako kondoia erosteko dirurik ez dute eta beraz, botikak erostea zientzia-fikzioa da. Hiesa eta heriotza sinonimoak dira. Enpresa farmazeutikoek ez dute txertoa aurkitzeko interesik hiesdun gehien dagoen tokian saltzeko aukerarik ez luketelako. Lehen Mundua deituan bizirauteko botikak saltzea hobetsi dute. Hego Euskal Herrian 1984-1999 bitartean 5.038 hies kasu izan dira. Erdiak baino gehiago hil dira. Itxaropena ez dute galdu eta horren lekuko da Txo Hiesa Bermeoko taldea.

2007ko otsailaren 21an
Hartutako inmuno eskasiaren sindromea 20 urte betetzera doa laster. Mendebaldean, 1981ean Kaliforniako San Frantziskoko homosexualen artean lehenengo kasuak agertu zirenetik denbora luzea igaro da eta tratamenduan asko aurreratu bada ere, izurritearen zabalpenak mugaezina dirudi. Gaixo gehienak jada ez dira hiltzen, baina beraien bizitza kalitateak badu zertan hobetu.
Herri garatuetan (eta, honenbestez, Euskal Herrian) hiesak sortutako heriotzak %80 jaistea lortu da, zenbait botika egokiren laguntzaz. Arazoa zera da, botikok ez daudela edonoren esku, oso garestiak baitira. Europan normalean tratamendua estatu bakoitzeko osasun ministerioak ordaintzen badu, Estatu Batuetan gaixoak berak aurre egin behar dio fakturari (urtean 2-3 milioi pezeta edo 80.000-120.000 libera) eta, noski, Hirugarren Mundua deitutako gaixoentzat horrelakorik ordaintzea zientzia-fikzioa da.
Hau dela-eta, Gobernuz Kanpoko Erakundeetatik luzatzen den salaketak lagunduta (enpresa farmazeutikoak Hirugarren Mundua deitutakoan saldu ezingo luketen txertoa garatzean baino, Lehen Mundua deitutako gaixoak bizirik mantentzean interesatuago daudela, alegia), zenbait herrialdek, Thailandiak kasu, azkeneraino iristea erabaki du eta enpresen patente ordainezinei aurre egin baino botikak "pirateatzea" erabaki du. Horrenbestez, hiesa tratatzeko botikarik ezagunena, AZT delakoa, Europan balio duena baino askoz merkeago ekoiztea lortu dute eta bertako osasun-larrialdiari aurre egiteaz gain, Afrikako zenbait estatuk bertatik inportatzeko mehatxua egin diete farmako-enpresei. Baina era berean, thailandiarrek bakuna-gai batzuekin frogak egiteko asmoa dute, bertako egoeraren desesperazioarekin jokatuz. Orduan arazo etikoak agertzen hasten dira, frogak animaliekin baino pertsonekin egingo baitira. Hirugarren Mundua deitutako pertsonekin egingo dira frogak, hainbat gaixo hil eta gaixo ez zirenak gaixotuz. Gero, Europan eta Estatu Batuetan aurrerakuntza horietaz baliatuko dira.


PREBENTZIOAREN ARRAKASTA MUGATUA.

Medikamentuok ordaintzeko gai diren herrialdeetan, berriz, ministerioek, Espainiakoak kasu, hies kasuak beherantz doazelako grafikoak erakusten dituzte. Baina gaixotasunaren inguruan dabiltzan GKEn iritzia bestelakoa da. Diotenez, Europan Espainia kasu gehien dituen eta gaixotasuna azkarren hazten ari den estatua da. Erakunde horietako batzuek, datu hau, orain arteko prebentzio-kanpainen porrotarekin lotzen dute, besteak beste Apezpikuen Batzarrak eta Opus Dei bezalako talde kontserbadoreek hauen aurka aurrera eraman duten boikotarengatik. Rouco Varela monsignoreak esan zuen moduan, "hiesa gelditzeko era bakarra kastitatea da eta preserbatiboek, mugatu ezik, lagundu egiten diote".
Jarrera moralista honen aurrean, kanpainek betiko datu eta kontuan hartu beharreko puntuei heltzen diete: Giza Inmuno-eskasiaren Birusa odol, hazi eta bagina-jarioetan kontzentratzen da; kutsatzeko nahikoa da azalean zirrikitu minimo bat edukitzea eta odolarekin kontaktuan izan daitekeen edozein instrumentu erabiltzea (xiringak, bizar-aitzurrak...) edota edonorekin eta preserbatiboa erabili gabe arriskudun sexu- harremanak izatea (sartzea dakartenak eta gutxiago ahozkoak), nahiz eta behin bakarrik izan. Azkenik, musu, laztan, besarkada, masturbazio eta, batez ere, irudimenak ez dute arriskurik eragiten.
Kanpainek balio ala ez, errealitateak jendeak kutsatzen jarraitzen duela erakusten digu eta honek lehengo heriotz-zigor automatikoa esan nahi ez badu ere, gaixoaren bizitza-kalitatean eragin oso handia du. Tratamenduak izan badira, hiru botiken terapia konbinatuetan oinarrituak (nukleosidoen bi konposatu eta proteasaren inhibitzaile bat), hau da, kalean "koktela" deitzen den farmako-nahasketan. Baina tratamenduok arazoak dituzte; pilula asko hartu behar dira oso dosi zehatzetan, gorputzean eragin nabarmena dute (zirineria, botalarria, zorabioak), eta toxikotasun maila dela-eta gaixo guztiek ezin dituzte jasan.
Medikuek eta osasun arduradunek tratamendu hauen eraginkortasuna defendatzen dute, dosiak beti, beharrezko orduetan eta markatutako kopuruetan hartuz, gero odolean dagoen birusaren kopuruak minimoak bihurtzen direla zientifikoki frogatuta dagoelako. Hala ere, seropositibo asko ez dira fidatzen eta beste batzuen esperientziak ikusirik (botikek gorputzetan sekulako sarraskiak egin ditzakete) farmakorik ez hartzeko erabakia hartu dute. Hartzen dituztenek ere ez dute egoera hau nahikotzat jotzen eta beren bizitza-kalitatea hobetu asmoz, gero eta gehiago eskatzen jarraitzen dute: "Bost piluletaraino jaitsi naiz. Orain bi nahi ditut, edo bakarra... eta toxikoa ez izatea", azken bi urteak birusarekin bizi den Isabelek dioen moduan. Horren harian Alejandrok zera dio: "Helburu bakarra medikuarengana joatea bada, esango didazu zer bizitza mota den hori".
Hirugarren jarrera bat ere badago, azkenaldian gero eta seropositibo gehiagok hartzen dutena, hots, arriskatu eta ohiko botikak utzi ostean entsegu klinikoetan parte hartzea, oraindik merkatuan agertu ez diren botika berriak beren gorputzetan frogatu asmoz. Espainian 13 eritetxe publikotan ari dira entseguotan. Gaixoen lautik batek, gutxi gorabehera, eragin sekundarioen ondorioz frogak utzi behar izaten ditu, baina gehienek bizitza maila hobetzea lortu omen dute. Gaixotasunaren aurkako lasterketa luzea, oso luzea, izango dela argi dute alde guztiek, baina datu eta irudi tristeen itsasoaren erdian, mundu guztiak, eta batez ere gaixoek, itxaropen apur bat eskainiko dien edozein lur zatiri heltzen diote.


AFRIKA HILZORIAN.

Afrika beste mundu bat da. Herri garatuetan hiesaz hitz egitea izurrite kroniko batetaz aritzea den bitartean, Saharapeko afrikar lurraldeetan hiesa eta heriotza sinonimoak dira. Gerra, gosea, ustelkeria eta bestelako arazoekin nahikoa ez balute bezala, gaixotasun moderno honen "laguntzaz" egungo egoera eta etorkizuna ezin larriagoak bihurtu dira. Urtarrilean Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak ezohiko bilera burutu zuen, gai monografikoa jorratzeko: hiesa Afrikan. Ordura arte gai politiko edota militarrak jorratu ohi zituen, munduan bakea eta segurtasuna mantentzea duelako helburua. Baina argi dago kontinente oso baten oreka kaskarra zeharo lehertzeko gai izan daitekeen izurritea aztertu beharreko lehentasunetako bat dela, batez ere hiesa ez delako "kontinente beltza" astintzearekin bakarrik konformatuko.
Datuak adierazgarriak dira: bertako bizi-itxaropena azken hamarkadaren hasieran 59 urtekoa bazen (eta jada jaisten ari zen), 2010. urterako 45ekoa izango dela uste du Nazio Batuen Erakundeak; munduko 15 milioi hildakoetatik %90 afrikarrak dira, baita munduko umezurtzen %95 ere; 1999an, Afrikan 4 milioi kutsatu berri izan ziren, erdia baino gehiago emakumeak eta ondorioz, iaz milioi eta erdi ume baino gehiago gaixo jaio ziren. Eta horrela nahi beste datu eta kopuru latz gehiago
Hala ere, arazo hau Segurtasun Kontseiluaren aurreneko lehentasuna bihurtzearen erabakia datuetan baino, Kontseiluaren beraren kide batzuen lurraldeetan izandako esperientzia zuzenean oinarritu da. Erabaki gogorrak hartu behar dira: GIB-dun amek umeei ditia (eta birusa) eman ala ez elikatu (eta beren gorputzek behar dituzten defentsak ez eman). Hirietan etengabe hilerri berriak eraiki behar dira, daudenetan eguneko 24 orduetan lanean ari baitira. Kaleetan hilotzak daude utzita, abandonatutako umeak prostituzio edota armaden sareetan erortzen dira...
Kontinente osoaren etorkizuna jokoan dago, Kofi Annan NBEren idazkari orokorrak berak adierazi zuen moduan: "Izurritea oztoporik gabe zabaltzen ari da eta ez du mugarik errespetatzen". Richard Hoolbroke, Estatu Batuetako NBEko enbaxadoreak ere argi utzi du: "Hiesaren eraginez Afrikako suntsipena ez da kontinente honetara mugatuko". Denek dute gogoan afrikarren Europarako etengabeko emigrazioa

HIESDUNAK HEGO EUSKAL HERRIAN
Hegoaldeko lau herrialdeetan 1984 eta 1999 artean 5.038 hies kasu izan dira: Bizkaian 2.386, Gipuzkoan 1.316, Nafarroan 694 eta Araban 519.
- 1998an Gaixotasunaren Eragin Tasa (kasuak / milioi bat biztanle) EAEn 112koa zen, eta 75ekoa Nafarroan. Europako estatuekin konparatuz, tasarik altuenak Espainiak (93,4) eta Portugalek (81,8) zituzten, eta Finlandiak (3,2) eta Irlandak (3,6), berriz, baxuenak.
- 1984 eta 1995 artean hies kasuen agerpena urtez urte gorantz joan den bitartean (1995ean 582 izan ziren), ordudanik (farmako berrien laguntzaz) tendentzia beherakoa da. 1999an hiesdun berriak 207 izan ziren.
- Hiesdunen sexuari dagokionez, %74 gizonezkoak dira eta %26 emakumezkoak, baina azken hauen portzentajea gorantz doa.
- Adinari dagokionez, lautik hiru 20 eta 40 urte artekoa izan ohi da, batez ere 30-35 urte artekoa; 14 urtetik beherakoen kasuak ez dira %1era iristen.
- Hiesa 1999an ia hirutik bik droga eta kutsatutako xiringen bidez hartu zuten, baina gero eta gehiago dira harreman heterosexualen bitartez kutsatutakoak, %27 alegia. Hirugarren faktorea harreman homo-bisexualak dira, (%7). Odol transfusioengatik ala emakume kutsatuen seme-alaba izateagatiko kasuak minimoak dira.
- Gure inguruan hiesa agertu zenetik, 1984tik alegia, gaixoen erdia baino gehiago hil da, zehatz-mehatz %60 EAEn eta %55 Nafarroan. Hala ere, Nafarroako datuek erakusten digutenez, hasierako urteetan lautik hiru hiltzen ziren bitartean, gaur egun heriotz-tasa %30etik behera dago.
- Nafarroan birusaz kutsatutako pertsonen kopuruak ere erabiltzen dituzte, hots, dagoeneko gaixo diren ala GIB-a (Giza Inmuno eskasiaren Birusa) ezkutuan mantentzen duten pertsonena, eta honen arabera 1985-1999 aldean Foru Komunitatean 2.334 kasu izan ziren. Arlo honetan, 1991tik aurrera tendentzia beheranzkoa da: 1998an 63 kasu agertu ziren, 1991n 234 izan ziren bitartean. Pertsona guztien artean %40k gaixotasuna garatu du, eta %26 hil egin da, beti ere azken urteetan gero eta gutxiago direla nabarmen geratuz

Oharra: EAEko datuak (Osakidetzaren Hiesari Aurrehartzeko eta Kontrolatzeko Egitasmoaren 1999ko Memoria) 99ko abendura artekoak dira; Nafarroakoak (Osasunbidearen GIB/Hiesaren Zaintze Epidemiologikoaren azken txostena), berriz, 99ko iraila artekoak

Azkenak
2024-08-14 | ARGIA
Israelek preso palestinarrak erabiltzen ditu tunelak eta eraikinak miatzeko

"Gure bizitzak haienak baino garrantzitsuagoak dira", esan dio Israelgo armadako soldadu batek Israelgo komunikabide bati.


2024-08-14 | Kanaldude
EuskarAbentura: gazteen paregabeko espedizioa

Joan den uztailean, hilabete batez, 127 gaztek 400 kilometroko espedizioa oinez egin dute Euskal Herrian gaindi. Abenturazale haiek Jzioquitarrak deitzen dira eta 30 egunez, 27 herri bisitatu eta hainbat euskal eragile ezagutu dituzte. Aurten, EuskarAbenturako helburuak aise... [+]


Ostalaritza patronalak Gipuzkoako txosnei TicketBai ezartzea eskatu dio Aldundiari

EAEko hiru hiriburuetan udako jaiak ospatzearekin batera, etorri dira, berriz ere, ostalaritzako patronalaren kexuak jai herrikoien aurka. Gipuzkoako Ostalaritzaren elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu dio Arabakoaren bidea jarraitzeko, eta txosnei eta kale saltzaileei... [+]


Palestinaren alde mobilizatuko dira Bilboko Aste Nagusian

Palestinarekin Elkartasuna ekimenak antolatu du Aste Nagusian Israel borrokatu lelopean. Bilboko Aste Nagusiaren bezperan, ostiralean, 19:00etan, egingo dute mobilizazioa.


Pablo Gonzalez espioitzagatik ikertzen jarraituko du Poloniak

Poloniako Fiskaltza Nazionaleko bozeramaileak adierazi du euskal kazetaria oraindik formalki akusatu ez badute ere, “legearen arabera auzi-ihesean akusatua” izan daitekeela. Gonzalez preso trukean sartzeko erabakia Washingtonetik etorri zen, baina Poloniako zerbitzu... [+]


Juan Luis Goenaga artista zendu da, 74 urterekin

Donostian jaioa, urte mordoxka bat Alkizan eman zituen bizitzen, baserri batean. Inguratzen zuen naturak lilura sortzen zion. Margolari gisa egin da ezagun, nagusiki.


Ibilbide dekolonialak (I)
Donostia: non gogoa, han ezpata


2024-08-14 | Mikel Aramendi
Israel, Iran eta bi elefanteak

Hamasen erasoaren ezohiko muntak, eta Israelgo gerra-kabineteak hari emandako erantzunaren desmasiak zerikusi zuzena dute ondorio geopolitikoen sakonerarekin. Ekialde Ertainean eta nazioarteko aliantzetan aldaketak eragin ditu genozidioak: Israelek zer irabazi eta galdu du?... [+]


Musk amen-omenka, trumpismoa besarkatzen

Munduko bigarren gizonik aberatsena, Elon Musk, gezurrak eta mezu sektarioak hedatzen, propaganda egiten ari zaio Donald Trumpi, inkestek gero eta gehiagotan diotenean Kamala Harris izango dela AEBetako hurrengo presidentea.


Grezian piztutako suteek hildako bat eta 50.000 pertsona ebakuatu baino gehiago eragin dituzte

Gutxienez 10.000 hektarea kiskali dira Atenasetik gertu, eta dozenaka etxe eta enpresa kiskali dira, EFEk jaso duenez. Greziako Gobernuak suteei aurre egiteko laguntza eskatu dio Europar Batasunari.


Hamar gizon atxilotu dituzte asteburuan, emakumeen aurkako indarkeria egotzita

Zortzi pertsona atxilotu dituzte Nafarroan, beste biak, berriz, Gasteizen. Horrez gain, Algortako Portu Zaharreko jaietan gertatutako sexu eraso bat salatzeko elkarretaratzea egin dute, astelehenean.


Arantxa Orbegozo 'Txitxi'
“Niretzako bidaiarik politenak mantso doazenak dira”

Zirrara eta pasioaren eroale da Arantxa Orbegozo Txitxi (Tolosa, 1962). Bizitza darama eskuetan eta hura eskaintzen dio zuzentzen zaion edonori. Atleta izan da, txirrindularia, eta bere buruari proposatu dizkion beste hainbat diziplinatan aritua. Hala eta guztiz ere, benetan... [+]


Paquita Bretos Andueza zendu da, mendizale aitzindari eta antifrankista

96 urterekin eman du azken hatsa. Nafarroa Garaian zein Euskal Herri osoan, mendizaletasunaren aitzindarietako bat izan zen, Angel Oloron senarrarekin batera.


2024-08-13 | Euskal Irratiak
Aitor Elexpuru: “Larhunen ez dugu gehiago eraiki dadin nahi, baizik dagoena hobe kudeatua izatea”

Abuztu hasierarekin batera, bero, idorte eta su arriskuak altuak dira mendiguneetan. Arriskuen murrizteko nahian, 2021tik, Lapurdi eta Nafarroako mendigunea osatzen duten hiriek zonbait protokolo eta konbentziotan elkartu dira, mugaz gaindi. Horien artean, “Gure... [+]


Eguneraketa berriak daude