Zuberoako Maule eta Atharratze kantonamenduak Herrien Erkidegoa deitu egituran ari dira iragan urtarrilaz geroztik. Nola doa proiektua?Aitzinatik bazen jada herrien arteko Kantonamenduen Sindikatua, garapenerako egitura bat. Haatik, gure garapenaren aitzinarazteko egitura sendoago baten beharra ikusi genuen duela 6 urte. Atharratze kantonamenduan 16 herri gara. Gure egiturak ez zuen fiskalitate propiorik, ezta Maulekoak ere. Antzinako egituren gaindi ezin genituen zergak bildu. Hartakotz sortu dugu bi kantonamenduen arteko Herrien Erkidegoa (Communauté des Communes). Turismoaz gain, lantokiak nola behar dugun handitu eta laborantza nola hobekitu ikusten ari gara.
Atharratze kantonamenduko zenbait herri (Larrañe, Santa Grazi eta Hauze) ez dira akort proiektuarekin. Zergatik?Mendiko laborantzatik bizi diren herriak dira. Hauen arazoa beren konpetentzien galtzea da. Antzinako sisteman herriek ez zuten beren akordioa emaiten oraingo proiektuan bezala aritzeko, orain konpetentziak ematen dizkiote Herrien Elkargoari. Herrien ordezkariek beren boza badute, baina ez dute konpetentzia osoa atxikitzen. Konpetentzia galtzearen lotsa edo beldur dira, beren herrien xedeak galtzen dituztelakoan. Ene ikusteko maneran, lotsarazten dituena turismoaren konpetentzia galtzea da. Konpetentziak galtzearen beldur izatea normala duzu, baina gure kantonamenduko herriak tipiak dira. Zuberoan 15.000 bizizale dituzu, orduan, ez baditugu indarrak batzen proiektu handiago baten muntatzeko, ez gara helduko gure garapena ziurtatzera. Hori ez dute konprenitzen maleruski.
Zuberoaz eginiko ikerketa ekonomiko baten arabera 600 lanpostu behar dira Zuberoa biziko bada. Aitzina ari gara, alta. Izan dadin departamenduaren gaindi, erregioaren gaindi edo estatuaren gaindi, baditugu gure akordioak. Zuberoa 'birmoldaketarako arroa' bezala ekarria da, non ekonomiari beste indar bat eman behar zaion arrabiarazteko. Gurea bezalako kasuak badira ere beste departamentuetan. Bulego ekonomiko batekin ari gara lanean, azterketa bat egin dugu eta plangintza berezi bat abiatu. Zuberoako industria gunetan zer indarra dugun eta nola haboro laguntzen ahal dugun garapen mailan aztertzen ari gara. Gure ekonomia laguntzen ahal dituzten enpresak ikusten ari gara. Izan dadin Euskal Herritik edo bertze lurraldeetatik, enpresa hauen proiektuak ekarrarazi nahi ditugu Zuberoara. Bi kantonamenduen arteko egitura ontsa partitu da eta bururaino eraman behar dugu ekonomiak bertze dimentsio bat har dezan. Gihaurek geure ekilibrioa hatzeman behar dugu hemen bizitzeko.
Biarnotik edo kosta altetik ez duzue laguntzarik espero? Gure pozisioan egonik, behar dugu ikusi zer bizibideak lantzen ahal ditugun. Bada langile zuberotar andana bat Oloruen lanean, han badira lana ematen duten entrepresa handiak. Kostaldetik ez da proiektu seriosik heldu Zuberoara. Ontsa litzateke halakorik, baina handik ez dira entrepresak hona heldu lanaren emaitera; orainokoan bederen deus gutti.
Herrien Erkidegoen bitartez harreman berriak gara litezke, agian? Menturaz, geroan, Herrien Erkidegoaren bidez, BAM (Baiona-Angelu-Miarritze) Erkidegoarekin eta barnealdean sortu (Amikuzen, kasu) eta sortzen ari diren beste Erkidegoekin federazio bat munta liteke elkarrekin. Bereziki, aglomerazio handiekin zer egiten ahal dugun ikusteko. Zer konplementaritate hatzeman ahal dugun elkarrekin. Zuberotarrak, besteak beste, horretarako bildu gara Herrien Erkidegoan. Ordezkaritza bat behar genuen gihauren bizimoldeak zeintzuk diren ezagutzeko. Gisa honetara gure arrankurak aurkeztu ahalko ditugu eta haiek bereak.
Ipar Euskal Herriak berezko instituziorik gabe, Herrien Erkidegoek har litzateke beren gain euskarak dituen beharrak? Lehenbizi ikusi behar dugu zer bitartekoak ditugun eta zer emaiten ahal dugun. Ni ez naiz Herrien Erkidegoan, ez bainaiz herriko kontseilaria ez auzapeza. Baina, gure eskualdea eta identitatea atxikitzeko lehenik jakin behar dugu jendea hemen biziko den edo ez. Bizizaleak behar ditugu zaindu eta gure lurraldea biziarazi erakargarritasuna sendotzeko. Hori egiten badugu, gure kultura eta mintzaira aitzinaraziko ditugu. 15.000 jendek zer egiten ahal duten? Zer bitartekoak ditugu? Fiskalitate tipia dugu eta ezin ditugu horiek gure gain hartu. Horrendako beharko genuke departamendutik laguntza gehiago euskararen eta kultur elkarteen laguntzeko. Ezin ditugu gure gain horiek hartu laguntzarik gabe. Herrien Erkidegoa sortu berri da eta Ikastolek galde egiten badie beren kostua ordaintzea, grina piztuko da gure artean. Prefosta, beharrezko diren gauzak dira, baina zerekin egin?
Akitaniaren eta estatuaren arteko Plan Kontratuan 26 milioi ( 650 milioi pta) aurreikusten ziren. Euskaltzaleak kexu dira 17 besterik eskaini ez direlako. Akitania erregiotik heldu plangintza ez dugu sinatu oraino, estatuaren eta erregioaren artekoa sinatu da. Lionel Jospinek hitzeman duenez Euskal Herriarekin beste kontratu bat eginen du, eta ondorioz, beste laguntza jinen da. 26 milioi galdatuak ziren. Baina, nork galdatu zuen? Ez da deusik emanik oraino. Prefosta, ontsa zatekeen hori ukaitea. Beti badira mentsak (eskasiak) maleruski. Gehiago ukan nahi genuke, baina behar dugu lanean ari dagoenarekin eta dauden proiektuak aitzina eraman. Unibertsitatearen kasua, ez duzu uste zerbait handia dela Ipar Euskal Herrian? Kontratu horretan sartzen da proiektu hori. Ni lotsatu naiz mementu batean, ez zatekeelako kontratu espezialik Euskal Herriarendako. Baina euskaldunok gure kontratua badugu, gure garapena bideratzeko proiektu partikularra.
Kontseilu Nagusian zu eta Pepela Mirande zarete zuberotar kontseilariak. Ez zarete Euskal Departamenduaren aldekoak. Gu ez gara printzipio horretan sartzen, guk behar dugu ziurtatu gure bizitza hemen: Zuberoa bihar nola biziko den. Departamenduaren aferak zuberotarrak zatitzen ditu. Nik, eskualduna agertzeko ez dut departamenduaren beharrik ikusten. Euskalduna naiz, euskaldun sortu eta bizi naiz, eskuarari eta kulturari buruz gure ahalegina egiten dugu, baina ez dut instituzio baten beharra ikusten eskualdun izateko. Zuberoako garapena da gure kezka. Azken erroldaren arabera Zuberoa galtzen ari da. Ongi da euskaldun atxikitzea, baina lehenbizi behar dugu hemen bizi, bizizalerik ez badugu nola ariko gara? Euskal Departamendu batek ez digu arraposturik ekarriko afera honendako, gihaurek geuren entrepresen gaindi aitzina egin behar dugu.
Kontseilari izanik, nola bizi zenuen Kontseilu Nagusiko aulkien bahiketa? Ekintza sinboliko gisa kolpe eder bat izan zen; irringarria. Ni ez naiz batere ofenditu. Bada imajinazioa eta sinbolikoki ontsa da, erran nuen. Departamenduaren helburuan gauzak horrela iragaten diren bitartean, demokratikoki, akort naiz. Behar lezakete jakin hor egoiten, eztabaida atxikitzen, batak besteari presioa egiten, baina biolentziarik gabe.
ELBko kidea zara. Lizarra-Garaziko akordioa sinatu zuen ELBk. Nola ikusten duzu akordio hori egun? Lizarra-Garaziko akordioa presentatua izan zen maneran ez ginen akort baizik egoiten ahal, iruditzen zait bakeari buruz zerbait eskaini zuela. Gero, horren gibelean gauzak nola agertu diren ikusteak lotsatu nau. Ez da posible estremistekin akordioetara iristea, estremistek demokratak jan nahi dituzte. Demokraziari aitzi egin nahi diote biolentziaren gaindi. Ni ados nintzen Lizarra-Garaziren bidetik joaiteko, baina ikusiz bake molde horren gibelean zer zen, iruditzen zait ez garela prest Euskal Herriko zazpi probintziak elkarrekin lanean aritzeko.
Nola ikusten duzu LAB sindikatua Iparraldera zabaltzea? Ez ditugu lan egiteko ber manerak, ez ditugu ber enpresak ere, ez ber modeloak. Tronpatzen naiz beharbada, baina Zuberoatik so eginez ez zait ontsa irudi. LABek gauzak tratatzeko eta ikusteko ber manerak ditu, eta Mauleko langileek, kasu, beren arrenkurak dituzte. Ez ditugu ber mentalitateak. Gure lurraldeak eta Hegoaldeko lurraldeak nolakoak diren ikusita, zerendako heldu da LAB bezalako sindikatu bat Iparraldera? Lezioak emaitera? Honela egin behar duzue, eta gogorki eraman behar dituzue gauzak erraitera? Ez zait irudi gure ekonomiarendako gauza onik den.
Frantziako kontseiluak errefusatu du Iruñea eta Bordele lot lezakeen autobidea Garazitik pasatzea. Michel Intxauspek Zuberoatik iragateko posibilitatea ikusi du. Ez naiz autopista baten alde, baina herriei zabaldurik eta ibilgailuen sarrera eta irteera dituen autobide baten alde bai. Ez dugu kamioiendako pasabide bat nahi, ekonomiari lagunduko dion bidea baizik. Joan baledi proiektu hori barnealdetik gauza ona zatekeen ekonomiarentzat. Gasbidea iraganarazi digute guk nahi ala ez, baina ez zait irudi holako autobide bat hemendik iraganaraziko dutenik. Gure ekonomiak ez ez du aski trafikorik ekarrarazten, trufaka ari dira hemendik iraganen dela erraitean. Barnealdetik joanen balitz, gu lot gintezke autobidera berdin. Iruñearekin nahiz Bordelerekin lotzea interesantea da, biak lotzeak beste indar bat ekar liezaioke gure ekonomiari