"INPORTANTEENA DA HITZ EGITEN JARRAITZEA ETA EZ HILTZEN"

  • Jose Eugenio Azpirozek hirugarren legealdia hasi berria du Madrilgo Parlamentuan. Gipuzkoako PPko diputatua da. Elkarrizketa hau, Jose Luis Lopez de Lacalle hila izan aurretik burutu zen Donostiako Partidu Popularraren egoitza babestuan.

2021eko uztailaren 15ean
Jose Maria Aznarren inbestidurarako ekitaldietan EAJko eta EAko diputatuek eztabaida biziak eraman zituzten Gobernuko presidentearekin. Eztabaidak bertatik segitu zenituen. Zein da zure balorazioa?
Legealdia argitzapen batekin abiatu da. Bizi dugun arazoaren aurrean bi posizio argi daude. Batetik, ETAko terroristekin itun edota konpromisoak hartu dituztenena. Konpromiso maila hori, ez dakit notarioaren edo apaizaren aurrean egin zen, baina maila ageriko batean egin zen. Antza, alderdi nazionalistek uste osoa dute hori dela bakerako bidea. Konpromisoan, seguruaski, borondate ona eta interesak tartekatuko ziren. Alabaina, EAJren buruzagien jarrerak ez dira egokienak gure gizartearentzat, Lizarrako Akordioa terrorismoaren gaia konpontzeko baliagarria dela pentsatu badute ere. Bestetik, ETAk terrorismoari uko egiteko borondaterik erakutsi ez duela pentsatzen dugunok gaude. Gure ustez, azken bi urteetan, ETAren su-eten taktiko bat gertatu izan da. ETAren asmoa EAJ eta EA berarekin eramatea izan da. ETAk bere helburuak tirotik jo gabe lor zitzaketeela uste izan zuen. Usteak ustelak atera zaizkie, ordea. Nahiago nuke terrorismoa praktikatzen dutenek eta berau sustengatzen dutenek gogoeta egitea, indarkeriak ez duela ezer ekartzen konturatzeko, bakearen bidera etorri ahal izateko. Izan ere, norabide honetan mezu garbi bat dago: biolentziak ez dio emaitza politikorik ekarri behar inori, ez eskuinari, ez ezkerrari, ez zentroari, ezta independentziazaleei ere. Maxima honen haustea, gizarte balore eta printzipio eta erreferentziak haustea da; argi eta garbi. Legealdia alderdien posizioen argitze batekin hasi da nolabait.

Argitze batekin hasi dela diozu, EAJk eta EAk argiago hitz egin dute?
EAJk eta EAk beren posizioak, ikuspuntu estetiko batetik argitu dituzte, ez hainbeste ikuspuntu politiko batetik. Irudipena daukat Iñaki Anasagasti oso gogor aritu zela. Ni bere lekuan banengo, ez nuke horren sutsu jokatuko. Baina hori norberaren jokabidea da. Hartara, Jose Maria Aznarren erantzuna sendoa izan zen. Presidentearen planteamendua hauxe da: "Lizarrako akordioa, besteak beste, EH instituzioetara eramateko gauzatu izan bazenuten, eta EHk, berriz ere, Eusko Legelbiltzarrari muzin egiten badio -edo soilik, nazionalistak gaindituak izateko arriskuan daudenean joaten bada-, ez dago bake modurik, ez normalizaziorik". Izan ere, euskal gizartearen parte bat ordezkatzen duen aldetik EHk ez badu Eusko Legebiltzarrean parte hartzen, EAJri eta EAri egiten diogun galdera hauxe da: Zer egin behar duzue EH joko demokratikoan sar dadin?

EAko Begoña Lasagabasterren posizioa argia izan zen behintzat?
Eskertzekoa da EAren jomugen argitzapena. EAren jomuga independentzia da, ukaezina da hori. Niri baina, gustatu izan zitzaidakeen alderdi nazionalistek lehenago argitu izan balituzte beren jomugak. Izan ere, azken hogei urteetan, nazionalistek EAEko instituzioak menperatu, administratu eta erabili izan dituzte, eta orain berriz, ez dute hauetan konfiantzarik. Paradoxikoki, duela gutxi arte ia batere botererik izan ez dugunok, konfiantza erakusten dugu orain. Hasiera beretik, nazionalistek independentzia nahi dutela esan izan balute, askoz argiago denontzat.

Trantsizio hasieran zuek ez zenuten EAEko instituzio hauen aldeko jarrera garbi erakutsi ere?
Beno, baina guk azken finean onartu izan dugu hori, eta gure bilakaeran ez dugu ezertxo ere ezkutatu. Gure bilakaera argia, garbia eta gardena izan da.

Haiek ere eboluzinatu dutela esan dezakete?
Niri ondo iruditzen zait eboluzionatzea, ez ordea, gaur honi bai esan eta bihar ez. Non eta noiz esaten dudan, bada orduan bai, bestela ez. Nazionalistek beren jarrera argitu behar dute, EAJk bereziki. Beren jarrera ez da argia ez zuzena. Hitz egin dezaten Begoña Lasagabasterrek egin zuen bezala. Legitimoa eta perfektua da bere jarrera. Ni ez naiz ideia berekoa, ados. Eztabaidatuko dugu eta botoek erabaki dezaten.

PPk gehiengo osoa du Madrilgo Parlamentuan. Nagusitasun hau ez da tentagarria gatazkari irtenbide elkarrizketatu baten bidez ekin ordez, indarrez gainditu nahi izateko?
Gehiengo osoak ez du arazoaren tratamenduan zergatik eraginik izan behar. Hemen ideia eta printzipioen alorrean ari gara, ideia eta printzipioen eztabaida dago jokoan. Arazo eta gai honetan eragina euskal herritarren espresioaren eboluzioaren arabera ematen ari da. Unean uneko hauteskundeetan ematen ari diren joerak oso esanguratsuak dira. Mailaz maila eta pixkanaka gure gizartean aldarrikatzen ari diren joerak dira. Azken bi urteotako hauteskundeetan izan diren mugimenduak oso garbiak izan dira. Gizartearen hautuek jomuga eta norabidea berriak erakutsi dituzte. Euskal gizartea ardatz berriak markatzen ari da, eta horiei segitu behar zaie.

Nolanahi ere, gatazkak dirau eta oso termino gogorretan.
Ados. Eta herri honek oroz gainetik bakean bizi nahi du. Jendeak, ordea, honezkero ez du hitz egiten bakeaz eta askatasunaz ez dakit zeren truke, baizik eta oinarrizko eskubideak bezala. Gainontzekoa, gehiago edo gutxiago interesatzen zaio gizarteari, baina gainontzeko hori botoen arabera erabakiko dela uste du gizartearen gehiengoak. Gizartearen nukleo handiena gogaitua dago egoera honekin. Egoera oso zaila benetan. Bereziki, Euskadin ETA bezalako fenomeno anakroniko bat jasaten dugulako; legearen hauslea eta gizartearen asaldaria. ETAk ikaragarrizko kalteak ekarri dizkio gure gizarteari. Gizarte honek oinarri finko bat behar du egituratzeko: biziaren eskubidea ziurtatzen duen oinarria. Ez da independentzia bai edo ez, baizik eta bizi eskubidea bai edo ez. Terrorismoa praktikatzen duenak jakin behar du ez duela inoiz ondorio politikorik erdietsiko hiltzearen ordainetan. Eta zentzu honetan, hori lortzeko arnasa eman izan zaio nazionalismo demokratikotik azken bi urteotan, ETAri arnasaldi izugarria eman diote hiltzen jarraitzeko. Beraz, demokratok irizpide batasun bat finkatu behar dugu berriz ere, mezua ere batua izan dadin. Gaurko egoera zaila da. Konparazio batean, tunel baten barruan gaudela esango nuke. Puntu beltzena erdia da. Baliteke bide erdia ibili izana. Baina, argitzapen inportanteak egin behar ditugu oraindik. Argitzapen hauek eginez gero tunelaren beste aldera irits gintezke.

ETAk kaleraturiko agirietan, PPk gatazka dagoela onartu zuela ageri da behintzat.
Jose Maria Aznar presidenteak oso garbi esan zuen iritzi publikoaren aurrean berak zabaltzen zuela elkarrizketa prozesu bat, edo bilera bat finkatuko zuela ETArekin. Lehen bilera egin zen. Zoritxarrez, ez zuen jarraipenik izan.

PP inmobilista izateaz akusatua izan zen. Presoen gaian, esaterako.
Lehenik, nik ez dakit bilera hartan zertaz hitz egin zuten. Baina inportantea da hitz egiten jarraitzea eta ez hiltzen. Bigarrenik, espetxe politikan ahalegin handiak egin ziren. Eta dirudienez, ETAk ez zuen txintxik esan ahalegin haiei buruz. Preso guztiak ekarri ziren Penintsulara; konzentratuz joan ziren. Preso batzuek hirugarren gradua erdietsi zuten. Hor daude datuak. Ez direla denontzako aski izan, ados. Baina aurrerapen bat izan zen. Aurrerapen haiek etengabe ukatu ziren, ordea. Beste gauza bat da gehiago egin ahal izatea. Preso dagoenaren lagunak, anaia-arrebak, semea-alabak edo gurasoek gehiago nahi dute. Oso gizatiarra da hori. Baina ulergarria da ere, umezurtz edo anaia-arrebarik gabe geratu denak nahi duena. Hots, presoak espetxean egon daitezen beren zigorra bete arte. Bi posizioak gizatiarrak dira.

Bestalde. Ibarretxe lehendakariak ETA eta PP muturreko joeren interesengatik ari direla esan du.
Ibarretxe lehendakaria erabat galduta dago. Ulergarria da, zeregin oso zaila baitu. Hasteko, EAJtik bertatik ematen dizkiotelako jarraibideak eta aginduak. Areago, berak burutu behar dituen azalpenak egin orduko bere alderdikideek eginak dizkiote publikoki. Zuk aipatu azalpena lekuko. Jokamolde hau errealitatea ikusi nahi ez izatearena da. Gezurra dirudi lehendakari batek hori esatea. Beraiek erdietsi zuten akordio bat ETArekin-honen paperetan agertu bezala-, eta orain hori esaten du? PSOErekin batera, nork jasan du ETAren indarkeria PPk baino gehiago? Baina, zertaz ari da lbarretxe lehendakaria? Ba al daki berak baino mila bider gehiago desio dudala ETA behin-betiko buka dadila? Nik neronek ezin dut kalera atera bakarrik.
PP eta ETAren interesen artean parekotasuna dagoela esatea zentzugabekeria eta modu doilor eta dezepzionagarri batez jokatzea da. Bere porrotaren agergarria besterik ez da. Bere alderdiak ez balu ETArekin ezer sinatu izan, ETAk ez luke balizko edo behin-behineko akordioei buruz ezer esan ahalko.

Edonola ere, balizko akordio horiei buruz interpretazio ugari dago.
Nik ez dakit akordioa notarioaren, alkatearen edo apezaren aurrean egin ote zen. Baina ezin izan badute elkarrekin aurrera egin, besteak beste izan da, euskal herritarrek -hauteskundeen bidez- esan dutelako ez daudela akordio horrek esaten duenaren alde. Su-etenaren agiria, oso txundigarria izan zen bere hasieran, nazionalismoaren inguruko hedabideek baldintzagabeko su-etentzat jo zuten. Ez zuten nonbait, ETAk esan zuena ongi irakurri. ETAk ez zien bere jomugei uko egin, ez lurraldetasunari, ezta berarekin ados ez dagoen gizarte honen partearen aurka indarrez egiteari ere. Ez zen, hartaz, nazionalistek pentsatu zuten su-etena izan. Gizartea jabetu da horretaz. Horrek Ibarretxe jaunari min egin badio, zer egingo diogu...

Ez al zaio gertatuko PPri PSOEri gertatutakoa? Hots, gehiengo osoa erdietsi zuen, baina gatazka honek erre egin duela.
PPk etapa oso gogorrak pasatu ditu; beste alderdi batek pasa ez dituena. Gregorio Ordoñez, Blanco, Caso, Iruretagoiena, Zamarreño eta Becerril bikotea hil dizkigute. Jainkoari esker Karmen Nagel eta nire arreba libratu ziren hilak izatetik, baita Aznar presidentea bera ere. Jose Maria Aznar presidente denetik, ordea, irakaspen ederra eman dugu popularrek. Egoera gogorren aurrean ez dugu mendeku ez gorrotozko inolako erreakziorik izan. Herritarrek zentzudunak eta orekatuak izatea eta eskrupulusoki jokatzea eskertu digu. Gobernuak ez du bere norabidea aldatu, ez du mendira jo, ez du okerrik egin, eta aurrerantzean ere, Aznarren gobernu demokratikoa legeari atxikiko zaio. Beste kontu bat da egoerak edo prozesu honek zenbat iraunen duen. Hori ETAko terroristei galdetu behar zaie.

Hauteskundeak burutuko balira Jaime Mayor Oreja izan liteke PPren hautagaia Eusko Legebiltzarrerako?
Ez dakit. Analista politikoak azken posibilitate horrekin ari dira espekulatzen azkenaldion. Politikan dena da posiblea. Mayor Oreja lehendakari popular ona izan liteke. Lehenik, hauteskundeak burutzen direnentz ikusi behar da. Ibarretxek Eusko Jaurlaritzari egonkortasuna emateko gaitasuna izatea nahi nuke, baina ez dirudi horretarako gauza denik. Horrela balitz, neronek ez dut baztertzen Mayor Oreja gure lehendakarigaia izatea.

Mayor Oreja lehendakari izateak zer edo zer berria erakutsiko al luke?
Gizartea aldatuz doala. Ez dakit Mayor Oreja lehendakari izateko punturaino aldatuko ote den gizartea. Mayor Oreja lehendakari aterako balitz, gizarteak bizi duen bilakaeraren burutzea litzateke. Mayor Oreja lehendakari hautatua bada, neurri batean gizartea aldatu delako izango da; Gizarteak eboluzionatu duelako bere nahietan eta jokamoldeetan. Edo, beharbada, gizarteari behartu zaio aldaketa hori bilatzera, gizarte berau ordezkatzen dutenek umezurtz utzi dutelako

ERDIKO POPULARRA
1955ean Donostian sortua. Zuzenbidean lizentziatua. 22 urte zituela, Gipuzkoa Unida (GU) taldearen eraketan parte hartu zuen. Gipuzkoako PPko kide seinalatuena da. Prentsak sektore kritikoan kokatu izan du inoiz. Bere ustez, ordea, EAEko popularretan berari gustatuko litzaiokeen baino ezberdintasun ideologiko gutxiago dago. Berak erdian kokatzen du bere burua.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nazioartea
Trump-ek distentsio nuklearra eskaini die Errusia eta Txinari

Bi herrialdeekin arma nuklearrei buruz hitz egin nahi du AEBko lehendakari Donald Trumpek, ostegun honetan bere bulegoan kazetariei jakinarazi dienez.


2025-02-14 | Gedar
Munichen, manifestazio sindikal bat harrapatu eta gutxienez 21 pertsona zauritu ditu gizon batek

 Ibilgailu baten bidez, Ver.diren protesta batean zeuden manifestariak aurretik eraman ditu. Duela egun gutxi, supremazista zuri batek 11 pertsona erail zituen Suedian.


Larunbatean hiru bahitu askatuko dituela baieztatu du azkenean Hamasek

Su-etena hausteko arriskua erreala izan bada ere aste guztian zehar, adostasun batera iristeko bidean dira bi aldeak: bahitu gehiago askatuko lituzke Hamasek, laguntza Gazara sarrarazteko bidea ez oztopatzeko "promesa" egin duelako Israelek. Arabiar Ligako herriek... [+]


AEBek eta Errusiak diote Ukrainako gerra amaitzeko negoziazioei heltzeko prest direla

Trumpek eta Putinek ordu eta erdiz hitz egin dute telefonoz. Biek hala biek baieztatu dute ados direla Ukrainako gerra amaitu dadin "elkarrekin lan egiteko", baina argi utzita Ukraina 2014ko mugetara itzultzea ez dela "errealista". Zelenskyrekin ere hitz egin... [+]


2025-02-13 | Axier Lopez
Balea eta izurde sarraskiaren aurkako boikota

Faroe uharteetan, Ipar Atlantikoko artxipelago bat, Danimarkaren kontrolpean, urtero ehunka zetazeo hiltzen dituzte –normalean milatik gora–. Batzuek "tradizioa" deitzen diote, hainbat mendetako antzinatasuna duelako. Baina odolez gorritutako hondartzan... [+]


2025-02-13 | Gedar
Errusiako gasa Europara itzuli da, TurkStream bidetik

Ukrainako fluxua eten ostean, Errusiako gasa jasotzen jarraituko duela iragarri du Eslovakiak, eta Transnistriak uko egin dio Europaren "laguntzari".


Netanyahuk gerrarekin mehatxu egin du larunbatean preso trukea egiten ez bada

"Hamasek gure bahituak larunbat eguerdia baino lehen itzultzen ez baditu, su-etena amaitu egingo da eta armadak gogor borrokatuko du Hamas garaitu arte", adierazi du Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk, talde palestinarrak preso trukea behin-behinean... [+]


Yamili Chan Dzul. Emakume, indigena, prekarizatu
“Gure mugimenduak ahultzeko estrategiaren parte da emakumeak hiltzea”

Oinarrizko maia komunitateko U Yich Lu’um [Lurraren fruitu] organizazioko kide da, eta hizkuntza biziberritzea helburu duen Yúnyum erakundekoa. Bestalde, antropologoa da, hezkuntza prozesuen bideratzaile, eta emakumearen eskubideen aldeko aktibista eta militante... [+]


2025-02-12 | Jesús Rodríguez
Etxegabetzeen aurrean, irabazteko antolatu

Azken egunak garrantzi handikoak izan dira Bartzelonan, etxebizitzaren aldeko mugimenduarentzat eta espekulatzaileen aurkako borrokarentzat. Urtarrilaren 28an, polizia-armada batek Raval auzoko Massana Zaharrari [zentro sozial okupatua] eraso egin zion goizaldean, aurrez abisatu... [+]


Roberto Valencia, kazetaria El Salvadorren:
“Bukele diktadorea da, baina milaka pertsonaren bizimodua askoz hobea da egun duela hiru urte baino”

Euskal Herrian jaiotako kazetari salvadortar gisa aurkezten du bere burua Roberto Valenciak (Gasteiz, 1976). Salvadortarra da, bizitza erdia daramalako han eta hango ajeak eta hizkera hartuta dituelako: gaztelerazko elkarrizketan El Salvadorko hitzak sartzen ditu barra-barra... [+]


Ustezko ezkerra migratzaileen sarekadak egiten (eta harro) Erresuma Batuan: 4.000 atxilotu sei hilabetetan

Agintean dagoen Alderdi Laboristak atxiloketen eta deportazioen irudiak erakutsi ditu, eta urtarril honetan "errekorra" egin duela esan du, harro-harro.


Hamasek bertan behera utzi du larunbat honetako preso trukea, Israeli su-etena urratzea leporatuta

Erakunde islamistak Israelek urratu dituen neurrien artean aipatu ditu Gaza bonbardatzen jarraitzea eta aske utzitako preso palestinarren egoera. Trumpek mehatxatu du, preso trukea egin ezean, Gaza "infernu" bihurtuko duela.


2025-02-11 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Muga-zergak: gerra ekonomikoan ere, eszenografiak ezin du estrategia ordeztu

Air Force One hegazkinean Super Bowl-erako bidaia aprobetxatu du Donald Trumpek, ezartzear dituen muga-zergen berri emateko. Eszenografiaren aldetik, bikain. Etxerako mezua da “lasai baino lasaiago nago ni; begira nora goazen... Estatubatuarrak ere lasai egon daitezke... [+]


Bigarren itzulian erabakiko da nor izango den Ekuadorko presidentea

Inkesta gehienen faboritoa Daniel Noboa egungo presidente eskuindarra izan arren, aurreikusitakoa baino tarte txikiagoa atera dio Luisa Gonzalez hautagai correistari. Apirilaren 13an egingo da bigarren itzulia.


Eguneraketa berriak daude