"EZ DAKIT HERRI NORMALA IZAN NAHI OTE DUGUN"

  • Kalean da Jokin Muñozen hirugarren liburua, Alberdaniaren Zerberri sailean argitaratutako "Atlantidara biajia. Memory boom". Etxauritik bere jaioterri Castejonera lau egunetan egindako "biajia" kontatzeko du, hainbat gogoetez lagunduta.

2021eko uztailaren 27an
Etxauritik Castejonera bitarte lau egunez egin duzu "biajia". Bidaiaz gain, euskal kulturaren, historiaren, nafartasunaren... inguruan zenbait gogoeta aireratzen dituzu. Aitzakia moduko bat izan da "biajia".
Liburuaren atzealdean jartzen du biajia dela eta ez bidaia, biajia hitzak baduelako berez zentzu ironikoa. Nik biaje hitza hartu dut Txirritak botatako bertso batetik (nahiz eta ez naizen oso bertsozalea); iruditzen zitzaidan bidaia baino egokiagoa zela liburu honetarako.
Aitzakia? Nik gauza bat oso argi nuen abiatu aurretik: neure burua mendira bota behar nuen, hau da, karlisten garaian aipatzen zen "echarse al monte" esaera hura egin behar nuen. Baina nire kasuan "echarse al monte" izan da, ez arma bat eskuan, baizik eta Heineken lata batzuk aldean. Egoera pixka bat ezohiko horrek eman zidan bide gogoeta inkonexoak egin ahal izateko. Horregatik gogoeta askok batzutan gehiago dute eldarnioetatik benetako erreflexioetatik baino.

"Atlantidara biajia" titulua "Memory boom" azpitituluaz lagundu duzu. Zer esan nahi du azken honek?
Memoriaren suntsiketa hori nire aurreko liburuetan konstante bat izan da, batez ere bigarrenean. Iruditzen zait gure memoriak gehiegi pisatzen duela, memoria horrek eskuak lotzen dizkigula hainbat gauza egiteko. Nik uste dut memoria horretatik, iraganaren pisu horretatik askatu behar garela neurria batean. Ez dut ikusi orain arte beste tokitan, beste kulturatan gertatu den haustura, belaunaldi haustura hori. Normalean gurasoen planteamenduei kontra egiten zaie; gurean iruditzen zait belaunaldiz belaunaldi pasatzen den herentzia horrek gehiegi pisatzen duela, eta horrek neurri batean hegoak lotzen dizkigula. "Memory boom" hori memoriaren suntsiketa hori definitzeko modu bat izan da.
Hori deskribatze aldera, kantutegiari heldu diot: "Hator, hator, mutil etxera", Xalbadorri buruzko "Non hago, zein larretan..." kantu famatua... Ematen du beti joandakoei etortzeko, bueltatzeko esaten ari garela. Uztazu pakean! Auskalo zergatik joan diren! Liburuan aipatzen dut oso modu ironikoan Elkano euskaldunak biderik luzeena bilatu baino ez zuela egin etxera bueltatzeko.

Eta zergatik Atlantida?
Liburu baten sortze prozesuan, batzutan titulua pentsatzen da liburua bera egin baino lehen. Kasu honetan kontrakoa izan da, liburua egina nuenean ez nekien zein titulu jarri. Iruditu zitzaidan Atlantidaren esanahi hori, lurralde mitiko hori, garai batean izan omen zena eta gaur egun ez dena, iradokitzaile askoa zela. Euskal Herria mitiko hori, Aturritik Ebrorainokoa, beharbada existituko zen garai batean baina orain, eta bidaia lekuko, "echarse al monte" hori egitea nahikoa da hori garai bateko kontua izan daitekeela ohartzeko edo beharbada ez, auskalo, baina gaur egun horren zantzurik ez dagoela ohartzeko. Alegia, Nafarroako hegoaldea ez dugula edo ez dutela ezagutzen Gipuzkoa eta Bizkaitik hitz egiten dutenek.

Azken ideia hau konstantea da liburu osoan zehar. Gipuzkoar eta bizkaitarrak Nafarroa ezezagun dutela diozu hainbat pasartetan ironikoki: Nafarroa eta Bascongadak elkarganatzeko EB, Ehiztarien Batasuna, "bide ezin gureagoa izan litekeela", Bizkaiko eta Gipuzkoakoak ardo gorri napar edo nobia bila doazela Nafarroa hegoaldera...
Jaiotzez Castejonekoa naiz, Castejonera askotan joan izan naiz ama hangoa dudalako, baina Donostian bizi, hazi eta hezi izan naiz. Eta Donostian bizi nintzela uste nuen Nafarroa ondo ezagutzen nuela. Eremu kritiko baina abertzalean mugitu izan naiz, eta Nafarroaz nekiena uste nuen asko zela, ondo ezagutzen nuela, baina Iruñean hamar urte daramatzat eta orain konturatzen naiz lehen nuen ikuspegia ez zela zuzena. Gutxinaka-gutxinaka ezagutuz joan naiz hegoaldeko errealitatea. Esaten denean abertzale batzuek politika unitario bat antolatzen dutela Araba, Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroarentzat, ez dira jabetzen horren okerraz, Nafarroa behinik behin erabat desberdina delako. Parametro abertzaleetan bestelako jokaera eta planteamendu politikoak aplikatu beharko lirateke Nafarroan.
Horregatik liburuan azaltzen den tonu ironiko hori. Gauza asko ezaguntzat edo ziurtzat jotzen dira, eta planteamendu unitario horiek pixka bat kritikatzeko erabili dut ironia hori. Kritika horiek oso modu kaustikoan emanak daude, egia da, baina kaustiko eta ironiko izate hori aukera literario bat izan da azken batean. Horren beharrean sentitzen nintzen, eta behar hori ikusten nuen euskal literaturaren barruan; autokritika, baina ez autokritika serioa, autokritika umoretsua. Beti entzun izan dut kritikak serioa behar duela izan; Ez. Kritika izan dadila, zergatik ez, pixka bat ludikoa.

"Noain, Amaiur... Oraingo gazteek gogoan duten gerra bakarra Galaxietakoa da, edota bideo-kontsoletan egiten dituztenak". Hala ikusten duzu hemengo gazteria?
Bai. Hemengo gazte jendea beste parametro batzuetan mugitzen da. Jakina hemen badagoela Jarrai, Ikasle Abertzaleak... Ni lanbidez irakasle naiz eta institutuetan mugitu izan naiz (nahiz eta orain ez nabilen, bueltatuko naiz) eta ikusten nituen gazte jendearen mugidak eta mundu ikuskerak oso bestelakoak ziren. Gure aiton-amonengandik jaso ditugun eta gure hurrengokoei pasa nahi dizkiegun gerra horiek difuminatzen ari dira gutxinaka-gutxinaka eta laister batean galduko dute izaera hori. Ikusten dut aldaketa hori jada gertatzen ari dela. Noaingo Batailaren ez dakit zenbagarren urteurrena ospatzen denean... horrek hemengo nafar askori ez dio ezer esaten. Belaunaldi haustura hori erakutsi nahi nuen.

Oteiza ere kritikatzen duzu, frontoiaren espazio hutsean "euskal arimaren eztakizer aurkitu uste zuelako".
Oteiza euskal kulturaren berpiztearen nolabaiteko guru edo aitapontea da; Oteizaren estetika horretan mugitu izan dira asko euskal kulturaren parametroak. Oteizak badu teoria bat, "La teoría del vacío" izenekoa, eta horren haritik Cromlech-aren teoria, esanaz euskaldunek trikuharri horietan existentziaren hutsunea deskubritu zutela. Gero, nonbait artearen maila gorena deskubritu zutelako, baskoek ez dutela gauza handirik egin, bere osotasunera iritsi zirelako.
Hasteko, oso gauza zeremoniotsua da, "el vacío", "el frontón", "el alma euskaldun"... Gure belaunaldian frontoia ez zen pilotan aritzeko, frontoia zen txoko ilun bat porroak erretzen hasteko, edateko... Kendu nahi izan diot Oteizaren teoria horri zeremonialitate hori.

Nori zuzendu zatzaizkio hau idaztean? Nork irakurriko du?
Nik oso argi daukat barrura begira idazten dudala, nire merkatua euskal literatura dela. Euskal literaturako eta euskal kulturako jendearentzat idazten dut. Libeloak-eta egin izan dira erdaraz kanpoko jendeak gure berri izan dezan. Badakit autokritika guztiak bestaldean, barrikadaz bestaldean, oso ondo hartzen direla; gurea lotsagarri uzten duen guztia bestaldean pozaren pozez hartzen dute. Nik argi daukat barrura begira idazten dudala eta nire jendearentzat idazten dudala. Liburuan brometan esaten dut tregua hautsi dela denontzat, niretzat ere tregua hautsi da; eta tregua hautsi denez, neronek ere neureak esango ditut. Baina neureak esango dizkiot nire jendeari.
Ni ez nator bat kritika serioak behar direla esaten dutenekin, "kritikak bai, baina ez daitezela tontakeriak esan". Ez, kritika batzuk serioak izango dira, eta beste batzuk izango dira umoretsuak, ludikoak, kaustikoak eta ironikoak.

Momentu batean aipatzen duzu bakea lortzen bada, "ez dakit ba, jendeak etsiko ote duen Teruel bezalako herri arrunt bat izaten".
Hori batzutan ikusi izan dut, hemengo askoren existentzia-ardatza izan dela "kontentziosoa". Eguneroko egunkarietan aurreneko orrialdean agertze horrek ematen digu garrantzia, ematen digu protagonismoa, eta noizbait gertatuko balitz "kontentziosoa" konpontzen dela eta gurea normalizatu egiten dela, bada, iruditzen zait askoren modus vivendi hori bukatuko litzatekeela. Herri normala izatea ez dakit nahi ote dugun.

Gauzak botatzeko izan duzun gogoa ikusita, hainbat kontuk erretzen zaituela dirudi, suminduta bazeunde bezala. Hala da?
Lehen aipatzen nizun treguaren haustura horrekin dago lotua: tregua hautsi denez, goazen hitz egitera. Badira kolektibo batzuk gurean eta hauei errespetua zor zaie. Presoak hor ditugu, eta oso delikatua da gurean gauza batzuk esatea, oso delikatua da jende asko sufritzen ari delako. Baina norbaitek tregua hautsi du, ETA erakundeak tregua hautsi du... Orduan orain esan ditzagun gauzak, baina esan ditzagun bere gordinean. "Veda" altxatu da, hasi gaitezen hizketan.
Sumindura? Ez dakit nork esaten zuen; uste dut godoek esaten zutela gauzak bitan pentsatu behar direla: lehenengo mozkortuta zaudenean, eta bigarrenean sano zaudenean. Nik mozkortuta nengoenean idatzi nituen eguneroko apunteak, eta horri forma eman nion sano nengoenean. Antzeko zerbait egiteko beharrean gaude denok.

Bi aldarte horiek bereizi dituzu baina nola planteatu duzu idazkera? Esaldi motzak, iradokitzaileak, hitz jokoak... ageri dira sarri.
Liburua laburra da baina elaborazio handia dago atzean. Gaia nolakoa, idazkera halakoa; hori literaturaren lege bat da. Kasu honetan diskurtsoa ezin zen luzea izan, pentsamendu edo gogoeta inkonexoak direlako. Eta inkonexoak diren aldetik, flash modukoak diren aldetik, nahitanahiez mailukadak behar ziren. Horregatik esaldi motzak, sententzia modukoak... pare bat zerbeza hartuta zebilen narratzaile batek diskurtso oso konexoa egiterik ez zuelako. Esaldien artean lotura ez oso logikoak egiteak ahalegina eskatzen du, ideia batzuk, metafora batzuk eta esamolde batzuk lotzeko. Propio hartutako estiloa izan da. Liburu honek 200 bat orrialde izan zitzakeen, baina horrela utzi nahi izan dut, zer pentsatua emateko


Azkenak
Aurreikusitakoa gertatu da: botoen %34 lorturik, eskuin muturra da hauteskundeetako garaile handia

Lehen itzuliko emaitzen kontaketa ia bukaturik dela, eskuin muturreko RN alderdiak %34 egin du, ezkerreko Fronte Popular Berriak %28,1 eta Macronen Ensemble alderdiak %20,3. Parte-hartze %65,5ekoa izan da, azken 25 urteetako handiena.


Eguzkiak etxebizitza erre du

Turistek neurrigabeko prezioak dituzten apartamentu eta hotelak bete dituzte. Eta zu gurasoen etxean, etsita, konpainia handiek eta espekulatzaileek alokairua puzten duten bitartean.


LGTBIQ+ pertsonen harrotasun eguna agintariek beraien intereserako baliatzea salatu du Ehgamek

Euskal Herriko Sexu Askapenerako Mugimenduak (Ehgam) urtero bezala kalera aterako dela adierazi du, “Gure gorputz ez-bitar, trans, bollera, marika, bisexual eta disidenteez harro gaudela nahi dugu esan. Gure luma, gure bizitza-eredu ez-heterozuzenak eta gure... [+]


Israelek kazetari palestinarrak hiltzeko patroi bat jarraitzen duela erakutsi dute

Kazetarien Babeserako Batzordeak adierazi du 103 kazetari hil dituztela sionistek urriaren 7tik eta 150etik gora zenbatu ditu Gazako Osasun ministerioak. Txosten batek ohartarazi du kasu batzuetan nahita hil zituztela, kazetariak zirela jakinda.


Absolbitu egin dute Osakidetzak kaleratu ostean anbulantzia bati bi gurpil zulatzea egotzi zioten langilea

Bilboko magistratuak adierazi du ez dagoela froga nahikorik langileak delitu hori egin zuela egiaztatzeko eta ez dagoela “lekukorik” hori frogatu duenik. Horrelako 300 sabotaje salatu ditu anbulantzien zerbitzua esleitua duen enpresak.


Urruñan desagertutako emakumeak otsailean Poliziari jakinarazi zion senarrak “jazartzen” zuela

Ostegunean emandako prentsaurrekoan Jerome Bourrier prokuradoreak bikotea “dibortzio-prozesuan” zegoela adierazi du, eta senarrak ez zuela onartzen. Senarra jendarme ohia eta tiro kirolaria da, eta etxean zituen gerra armak ez dituzte aurkitu. Laure Zacchello... [+]


PSNren egoitzaren aurrean elkarretaratzea deitu dute Iruñean, D ereduari trabak jartzen dizkiola salatzeko

Euskararen Defentsarako Sareak Nafarroako Gobernuak D ereduari jartzen dizkion trabak salatu nahi ditu. Argi dute Nafarroako Gobernua “edozertarako prest” dagoela “euskararen kontra” jotzeko. Horregatik, elkarretaratzea deitu dute uztailaren 2an,... [+]


“Buruan tiro puta bat” emateko eskatuz, Donostiako Martutenen herritar talde batek biolentziarako deia egin du

Martutene auzoan lapurretak ugaritu direla aitzakia hartuta, iaztik, hainbat dira Martutene auzoan eztabaida eta polemikak. Segurtasun talde bat sortu zuten hainbat bizilagunek, “Ertzaintzak ezer egiten ez zuela iritzita”. Pauso bat urrunago joan dira orain, eta... [+]


Ipar Euskal Herriko lehen Emakumeen Etxea zabalduko dute Urruñan

Ipar Euskal Herriko lehen Emakumeen Etxeak ateak zabalduko ditu ondoko hilabeteetan Urruñan. Ostegunean, ekainaren 27an, ukan dute sorrera finkatzeko biltzar nagusia eta horren berri eman digu Véronique de la Devèze militante feministak.


2024-06-28 | Euskal Irratiak
Peio Dufau, Fronte Herritar Berria
“Baikorki ikusten dugu Iñaki Etxanizek egin duen lana; bide bera jorratu nahi genuke”

Hendaiatik Miarritzera eta Larresorotik Sarara hedatzen den seigarren hautesbarrutian, EH Baiko hautagai bat izanen du Fronte Herritar Berriak.


Eguneraketa berriak daude