argia.eus
INPRIMATU
EUSKAL HERRIKO EZKERRAREN BATASUNA
2000ko maiatzaren 21
Gure herri euritsu honetan lainoak eta hodeiek anitzetan eguzkia estaltzen dute. Hala ere, egoera nahasiaz gain, gero eta jende gehiagok, jakin, badaki gatazka konpontzeko arazo politikoari heldu behar diogula. Helburu horrekin, ahalegin handiz eta anitz jenderen partehartzeari esker, prozesu politikoa abian jarri da Euskal Herriko eragile politiko, sindikal zein sozial guztiei parte har dezaten eskainiz. Azken hilabete hauetan somatzen da oso prozesu luzea izan daitekenaren lehendabiziko jelkaldia bukatu dela. Beharbada saioa bukatu egin da, baina prozesuak aurrera segitzen du. Urrats zehatz bat amaituta ere, ezin dugu arnasestu gelditu, hurrengo urratsa antolatzeko premia baitaukagu.
Amaitutako ekimen honen osagai positiboak eta akatsak aztertu beharrean gaude, hutsak berriro ez errepikatzearren. Nahitaezko argipenak ezagutzea ezinbestekoa zaigu: zeren inguruan sortu zen ekimena, zertan zetzan bakoitzaren konpromisoa eta nolakoak ziren akordioak. Hala ere, errudun baten bila ibiltzeak edo norberaren ardura zuritzen saiatzeak ez dute ezer onik ekarriko.
MENDIZALE adituen erara noruntza abiatu eta ibilbide ezberdinen arteko konparaketa egitea dagokigu. Indarrean dagoen marko juridiko-politiko zatikatzailetik urratsez-urrats marko subirano eta nazional bateruntz eramango gaituen trantsizioa diseinatu behar dugu. Baldin eta helmugari buruz ados bagaude, abiapuntua non dagoen definitu behar dugu. Gaur egungo markoaren zilegitasun eza kontuan izanik, baina dituen ahalmenak eta eragina ahaztu gabe. Hutsegite guztietatik ikasiz, behin-behineko sasibide faltsuetan ezin gara berriro murgildu.
Jakinik estatutismoak zatiketa areagotzen duela eta horrek gatazka egunero elikatzen duela, Euskal Herriak subjetu nazionala osatu behar du beste edozein herrik bezalaxe dagokion garapena lortu ahal izateko. Euskal Herria bere osotasunean eta bere aniztasun osoz islatzen duen eredu nazionalak soilik ekar dezake behin betiko soluziobidea.
Nahiz eta ikurrari edo izenari dagokionez euskal ordezkari ofiziala izan, gainontzeko lurraldeetako biztanleak baztertuz, hiru herrialdez osatutako autonomia baten lehendakaria besterik ez denak ezin du euskaldun guztion erreferenterik izan.
Baskongadismo zatikatzaile-integrazionistatik etor zitekeen sasikonponbidea ikusi dugu jada. Bidegurutze honetan hautua egin beharrean gaude: benetako konponbide nazionalari heldu ala lehentasuna altzari zaharren zaintzeko premiari eman. Funanbuluen garaia iragan da. Udalbiltza, alegia, aro modernoaren lehenbiziko erakunde nazionalak duen garrantziaz jabetzen gara gainontzeko tresnak -Gasteizkoa barne- eraikuntza nazionalaren mesederako jarriz, ala agorturik dagoen markoaren kudeaketan espainolen etorreraren zain gelditzen gara. Honen inguruan Aberri Egunaren inguruan garatu ziren ekimen amankomunetatik euskal gizarteak bidalitako mezu sakonari kasu egitea oso komenigarria iruditzen zait. Ekitaldi haietan gure arteko nagusitasun lehiarekin amaitzeko eta gutxieneko akordio batera iritsi gaitezen milaka abertzalek eskatu zigutelako.
Inork ezin du esan elkarlana erraza denik, baina elkarlana garatu ahal izateko gauza guztien gainetik borondatea, zintzotasuna eta argitasuna dira beharrezkoenak. Ukatu gabe oso baldintza handia dela, borroka armatuak ez du gure agenda erabat markatu behar. Azken batean konpondugabeko gatazkaren ondorio mingarria dugu aurrean, ez gatazkaren sorburua. Horregatik, pairatzen dugun gatazkaren ondorio guztiekin bukatzeko hain zuzen ere, gatazkaren muinari erantzun beharko diogu. Izaera politikoa duen gatazka historikoak konpontzeko arazo politikoari heldu behar diogu, gaitzespen lasaigarri bezain antzuen gainetik eta eraginkortasuna lortzeko asmoz.
HORREN inguruan, ezin dugu ahaztu ETA erakundeak publikoki adierazi duela bere praktika armatua alde batera uzteko prest dagoela Euskal Herriko eskubide politikoak gauzatzeko prozesu demokratikoarekiko konpromiso tinkoa baldin bada. Beraz, borroka armatua elkarlanerako arazo gaindiezina bilakatzen zaien sektore horientzat, badago eskaintza zehatzik, askotan aipatutako su-eten berri bat baino eraginkorragoa, hots; ETAren borroka armatua behinbetiko baztertzea Euskal Herri osorako prozesu demokratikoaren truke. Horrek aurkamendu militarra dena konfrontazio demokratikoa bilakatuko luke.
Erronka ikaragarri honi aurre egiteko Ezker Abertzaleak egiteko handia duenez, bere burua prestatu behar du. Herri Batasunaren 20 urteko esperientzia edo Euskal Herritarrok Ekimenak duen zabalpena ez dira makalak, baina erronka nazionalerako ez dira nahikoak inolaz ere. Datorren milurterako Herritarren Batasuna dugu helburu. Ezkerrari egin diezaiokegun faborerik handiena sektore guztien metaketa garatzea dela eta bereizketa saihestea, eztabaida irekia eta partehartzailea bultzatzen, interlokuzioa zabaltzen eta etengabeko gonbidapena luzatzen, arrazoi batengatik edo bestearengatik Batzarre taldeko kide batzuk baizik ez dira koiuntura honetan proiektu horretatik aldendu direnak