ESKUALDEETATIK EKIN ZAIO AURTEN BIZKAIKO TXAPELKETARI

  • Bertsolari gazteen hazkunde handiaren ondorioz, Bizkaiko Bertsozale Elkarteak Bertsolari Txapelketa eskualdeetatik abiatzea erabaki du aurten. Jada hiru eskualdetako saioak burutu dira eta beste hiru jokatuko dira asteburu honetan eta hurrengoan.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Berrikuntzaz beteta dator aurten mendebaldeko bertsogintza. Arabarrek txapelketa berezitua egiteko lehen urratsak ematen dabiltza, eta bizkaitarrak, bakarrik aurrerantzean, eskualdeetako lehiara itzuli dira orain berrogei urte bezala, aspaldion sumatutako bertsolari gazteen hazkundeak behartuta. Herrialde horretako bertsozaletasunak bizi duen egoera gozoaren seinale, erronka handiari aurre egiteko antolaketan buru-belarri murgildu den jende multzoa.
Bide berriari ekin dio Bizkaiko Bertsozale Elkarteak, eta 60ko hamarkadan antolatu ziren txapelketen hariari tiraka egin dio. Izan ere, orain urte bi igarri ziren bertsolari gazteen hazkunde handiaren lehen ondorioak. Berrogeita hamar lagun baino gehiagok izena eman zuen eta udan sailkapen saioak antolatu ostean, zelan edo halan hura berregituratzeko balantzea egin zuten.
Ordutik aurtengoa antolatzeko ideiei bueltaka ibili dira Bertsozale Elkartean, eta aurten ere igo egin da bertsolari kopurua. "Berrogeita hamabi bertsolari inguruk parte hartuko du eskualdekako txapelketetan, eta Bizkaiko zortzi finalistak gehitu behar zaizkie" aipatu digu Jose Luis Basterretxea 'Altzalei' Bizkaiko Bertsozale Elkarteko idazkariak. "Horietatik ia hogei berriak dira, lehenengoz kantatuko dute aurten".
Batzuk adinak eta bertso-eskolek ekarrita plazaratu dira. Bestetzuk ordea, egitura berriak animatu ditu. Hurbiltasuna ere oso garrantzitsua baita goi mailan ez dabilen hainbeste bertsolarirentzat eta lagun giroan kantatzea norbere herri inguruan oso atsegina gerta daiteke. Ondorioz, zenbait eskualdetan eskualdeko txapelketek saio bakarraren ordez kanporaketak egin behar izan dituzte, eta horien artean finala antolatu. "Lea-Artibain adibidez, hastapenean gaudela kontuan izanda, Berriatu eta Etxebarriko kanporaketetan 125 eta 100 entzule izan dira. Hor klabea da hurbiltasuna, balorazioa gero egingo dugu, baina aurrera begira ere egiten da hau guztia. Behar bada oraindik eskualderen batean ez da indar gehiegi izango antolatze eta entzule aldetik, baina aurrera begira ere bada hau, txapelketa antolatzeko modu berria da, gero bertsolari bakoitza definitzeko beste era bat ere emango baitu" adierazi du 'Altzalei'k.


ANTOLAKUNTZAREN ERRONKA.

Horrelako txapelketa zabalak antolaketa ere gisakoa behar du. Leku bakoitzean bere antolaketa batzordea eratu behar izan du, une bakoitzeko saioak behar dituen ezaugarri eta betebeharrak zehazteko. Horren artean, gaijartzailetza eta epaileen kontua ere jagon dute, jarraikortasuna bertsoaren eremu guztietara hedatu guran.
Bertsozale eta bertso eskolen artean gaiak atera dituzte, horiek otu eta planteatzeko ikastaroa ere izan da, eta bertsoa epaitu behar denez gero, hartara jende gaztea bideratzea ere bada helburua. Josu Telleria eta Joxin Iturrioz bilbotarrek eta Moises Enbeita eta Jon Aurre muxikarrek epaituko dituzte hilaren 27an azken saioa izango duten txapelketetako bertsoak, badaezpada ere Josu Arroyo getxotarra lauretakoren baten ordezko dela.
Saioen erdiak jokatuak dira dagoeneko. Busturialdean, Durangaldean eta Arratian izan dira, eta barikuan Bilboaldekoa izango da hiriburuko Bilborock aretoan. Domeka goizean berriz Mendexako frontoiak Lea-Artibaiko finala hartuko du, eta Getxoko eskoletan kantatuko dute datorren asteko zapatuan Ipar-Uribeko bertsolariek.
Hain zuzen ere, falta diren hiru eskualdeetan -eta Arratian ere bai- aurretiaz bestelako saioak izan dira. Ipar-Uriben txapelketa saio bakarrean egiteko moldatu ziren zelanbait bertso inguruan dabiltzanak hartaratu barik, baina batetik final saio horretako bertsolariak trebatzeko eta hartaraino animatu ez direnak trebatzeko ere bestetik, eskualdeko herrietan bertako bertsolari eta txapelketako partaidez osatutako bertso afariak antolatu dituzte. Ia hogeita hamar lagunek kantatu dute afalostean, bertso giro ederra sortuz. Eta entzuleek ere epaile beharra egin dute, txukunen ibili izana iritzi dutena sarituz.
Arratian, Bilbon eta Lea-Artibain ere girotzeko balio izan duten saioak izan dira, finalerdi eran, eta horietatik irten dira egunotan jokatu edo jokatuko diren finalerdietako bertsolariak. Zenbaitzutan saioak izan dira, eta Bilboko kasuan, Ipar-Uribeko auzokideen antzerako afal edo bazkal osteko saioetan kantatu zuten Kafe Antzokian eta Santutxuko elkarte batean, gura zuten guztiek mahaian jesartzeko leku barik.
Maiatz amaierarako beraz, jakingo dugu nortzuk diren eskualdeetako sei txapeldunak. Bilbotik ekialderako eremu osoko bertsolariak dira, oraindik ere Ezkerraldean eta Enkarterrietan bertsogintzak urrats motela baitarama. Bizkaiko gainontzeko lurraldeetako sei txapeldunek udagoienean jokatuko den herrialdeko txapelketarako txartela artez lortuko dute, orain urte bi finalean egon ziren zortziei gehituz. Lehen bost kanporaketetarako behar diren hogeita hamar bertsolariak osatzeko gainontzeko hamaseiak berriz, eskualdeetan puntu gehien lortzen dutenak izango dira. Horregatik, epaile berberak izango dira saio guztietan. Ordutik aurrera, aipatutako kanporaketa, finalaurreak eta finala egongo dira. Eta hemen dago azken berrikuntza, aurtengo txapelduna ez baita Arriaga Antzokian jokatutako saioan erabakiko. Finala Euskalduna Jauregira eroatea erabaki dute aurten antolatzaileek.


1959AN HASITAKO TRADIZIOA.

Eskualdeetako lehen txapelketen hastapena 1959 urtean dago. Urkiolan hasi, eta Mungia, Bermeo, Markina eta Zeanurin kantatu zuten hogeita zortzi bertsolarik, Balendin Enbeita ez beste guztiek, aurreko urteko txapelduna izanda finaleko txartela baitzeukan. Bilboko Areatzan muxikarra izan zen berriz ere txapeldun, Jon Azpillagaren aurretik, baina finalak izan zuen bitxikeriarik: jaien barruan abuztuaren 30ean egitekoa zen, baina alkateak bozgorailuak kentzeko aginduta, bertan behera uzteko esan zuen Alfonso Irigoienek. "Hau hementxe egingo da datorren domekan eta altabozakaz". Eta horrela izan zen.
1960an aurreko urteko finalista biek zeukaten txartela, eta gainontzeko lau finalistak Ondarroan jokatu zen finalerdira artez sailkatu ziren. Finalerdia osatu zuten gainontzeko laurak berriz -German Uriguen, Ireneo Ajuria, Faustino Etxebarria eta Juan Mugartegi- eskualdeetako txapelketak irabazita kantatu zuten finalerdian. Eta finala Mugartegi berrituarrak berak irabazi zuen Bilboko Zezen plazan. Jon Azpillaga berriz bigarren.
Hurrengo urtean lortu zuen Azpillagak txapela, eta 1962an Jon Lopategik txapeldunorde utzi zuen berriz ere. Urtebeteko etena eta 1964an berriz ekin zioten txapelketari, eta finala Ondarroara lekualdatu zuten. Ez txapela ordea, Lopategiren buruan iraun baitzuen. Urte bi beranduago hirugarrenez izan zen muxikarra txapeldun, Durangoko finalean

JOSE LUIS BASTERRETXEA "ALTZALEI": "HURBILPENA DA EGUNGO ERRONKA"
Eskualdekako bertsolari txapelketa honetan hirurogei bertsolarik hartuko du parte, hamaika saio, leku... zelan bideratu da hori guztia?
Bizkaiko bertsozale elkartean partehartzaile posibleen mapa egin genuen, eta eskualde bakoitzean saio bat behintzat posible zela ikusi genuen. Beraz, lehengo eskualdeetako ohiturari heltzeko aukera zegoen, eta zabalago egiteko ere bai, Lea-Artibain, Arratian eta Bilboaldean kanporaketak egin behar izan baitira. Ipar-Uribeko merindadean gainera, finala bakarra izango da, baina girotzeko bospasei saio ere egin dituzte txapelketatik kanpo dabiltzan bertsolari edo bertsoan hasi berriekin.
Aurreko txapelketatik alde ederra dago; orduan ere jende asko zen eta hamabi sailkapen saio antolatu ziren txapelketa aurretik. Uda aurre eta ostean luze jo zuen kontua izan zen eta ez zeukan oraingo pertsonalitaterik; edonori edonon kantatzea egokitu zitzaion. Eskualdeka egiteak sei eskualdeetako arduradunak atera eta noizbehinka batzea dakar. Hor ildo nagusiak bideratzen ditugu, eta gero lekuan lekuan dena antolatu behar da, kantatzeko lekua, gaiak, publizitatea, jende kopurua...

Hurbiltasun handiko kontua izango da beraz, antolaketa ere eskualdeko bertsozaleen esku utzita.
Bai, aurreko txapelketaren aldean jendearengandik askoz hurbilagokoak dira, eta eskualde bakoitzean jokatzeak dena horretara baldintzatzen du, dena bertako jendearen esku dago antolaketa kontu horretan. Egin kontu, aurreko txapelketan ia gai falta egotetik orain saio gehiago egingo dira, gai aldetik ere horrek dakarrenarekin.
Hirurogei bertsolari direla esan dugu, baina partehartzaile bakoitzeko hiru pertsona daude antolaketan zelan edo halan, ehun eta larogeiko kopurua da hori; beraz, elkarte osoa dago martxan.

Etorkizuneko txapelketa erronka ere ildo horretatik joango da?
Bai, egitura definitiboagoa atera nahi genuke hemendik. Orain arte bertsolari kopuru eta mailaren arabera txapelketaren egitura aldatzen joan da, baina orain eskualde guztietan transmisioa ziurtatuta dago; Ezkerralde-Enkarterri inguru hori posible balitz etorkizunean... giroa eta entzule transmisiora bideratu behar dugu zortzi-hamar urtera begira, txapelketak errespetu eta oihartzuna lortu baititu.
Aurrerantzean hori izango da gure oinarria, gaijartzaile eta epaile berriak trebatzen ibili gara, eta antolatzaileak ere martxa horretan sartu gara. Hortik, adibidez gaijartzaileek euren ikastaroa izan zuten, zelan topatu gaiak eta zelan bideratu... epaileek ere antzeko zerbait... eta hau guztia amaitzean berriz batuko gara.
Horren guztiaren atzean badago kontu garrantzitsu bat, geure buruari lora gehiegirik bota barik, bertsolaritza gustatzen dela eta gauzak serio eta txukun egiten direla elkartean. Jaialdiak behera joan dira eta hurbilpena da orain helburua, bertsolariak badagoz eta alde guztietan jendea suspertu behar dugu, inplikatu, beste era batera saioetara joango ez litzatekeen jendea hurbildu


Azkenak
2025-03-28 | Sustatu
La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko du Puntueus-ek

Azken aldian, asteburuetan, Internet ez dabil ondo. Hasieran, zaila zen webguneei ezarritako blokeoen zergatia ulertzea; orain, badakigu Espainiako La Ligak agindu zituela, futbola modu ilegalean emititzea saihesteko. La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien... [+]


Abenduaren 27an Bilbao Arenan milaka euskaltzale batzeko dei egin du Kontseiluak

Bilbon eginiko aurkezpenean iragarri dute ekitaldia, euskarari "arnas berri bat emateko eta behar duen indarraldia gorpuzten hasteko" lehen urratsa izango dela nabarmenduta. Euskaltzale guztiei, baina, oro har, "justizia sozialean eta gizarte kohesioan aurre... [+]


“Ez genuen komunik, ez urik, ez argindarrik... eta hori ere kendu digute!”

Aljeriatik datoz Mohamed eta Said [izenak asmatuak dira], herri beretik. “Txiki-txikitatik ezagutzen dugu elkar, eskolatik”. Ibilbide ezberdinak egin arren, egun, elkarrekin bizi dira Donostian, kale egoeran. Manteoko etxoletan bizi ziren, joan den astean Poliziak... [+]


Olatz Salvador
Konfort gunea

Olatz Salvador
Noiz: martxoaren 15ean.
Non: Deustuko jaietan.

------------------------------------------------

Martxoak beti du deustuarrontzat kolore berezia; urtero ospatzen ditugu jaiak, San Jose egunaren bueltan. Bi asteburu bete festa, eta urtetik urtera Deustuko... [+]


Intza Gurrutxaga Loidi, EHE-ko kidea
“Oldarraldiaren aurrean, hainbat administraziotatik, adibidez, koldarraldia dator”

Euskal Herrian Euskarazek manifestazioa deitu du apirilaren 6rako, 11n EHEko bi kide epaituko dituztelako. Hiriburuetatik autobusak antolatzen ari dira. Bi helburu bete nahi dituzte, batetik, epaituak izango diren bi kideei babesa erakustea, eta bestetik, euskararentzat justizia... [+]


Bidasoako haur eta gazteen psikiatriako kontsultaren itxierak haserrea piztu du

Pazienteek Donostiara joan behar dute arreta jasotzeko. Osasun Bidasoa plataforma herritarrak salatu du itxierak “are gehiago hondatuko” duela eskualdeko osasun publikoa.


2025-03-28 | Irutxuloko Hitza
Metroaren lanetako gainkostua 33,3 milioi eurokoa dela adierazi du Eusko Jaurlaritzak

EH Bilduk galdera sorta bat erregistratu zuen Eusko Legebiltzarrean Donostiako Metroaren igarobideko lanen gainkostua argitzeko. Informazio hori atzo jakinarazi zuen Susana Garcia Chueca Mugikortasun sailburu sozialistak.


Ezkabako ihesaldia gogoratzeko, La Fuga mendi-martxa

Kirola eta oroimena uztartuko dituzte, bigarrenez, mendi-martxa baten bitartez. Ez da lehiakorra izanen, helburua beste bat delako. La Fuga izeneko mendi martxak 1938ko sarraskia gogorarazi nahi du. Ezkabako gotorlekuan hasi eta Urepelen amaituko da. Maiatzaren 17an eginen dute.


2025-03-28 | ARGIA
200.000 euro lortzeko kanpaina abiatu du Integrazio Batzordeak

Seaska Sarean inklusio egoeran dauden 165 ikasleei laguntza bermatzeko hasi dute kanpaina, antolaketa propioa eratuta. Frantziako Hezkuntza Ministerioaren jarrera salatu dute kanpaina aurkezteko prentsaurrekoan, behar bereziak dituzten haurren inklusiorako baliabide... [+]


Atzera bota dute Zaragoza eta Araba arteko goi tentsioko linearen proiektua

Martxoaren 19an amaitu zen proiektua aurkezteko epea, baina Errioxako PSOEk adierazi du Forestalia enpresak "interesa baztertu" duela. Enpresak bi parke eoliko eraiki nahi zituen Aragoiko lurretan, baina oraindik ez ditu lortu baimenak eta hori dute egitasmoa... [+]


AEBn ekoizten ez diren autoei %25eko muga-zergak ezarriko dizkiela iragarri du Trumpek

Muga-zergak apirilaren 2tik aurrera ezarriko dira eta altzairuari eta aluminioari ezarritakoei batuko zaizkie. "Gurekin negozioa egiten duten eta gure aberastasuna eskuratzen duten herrialdeei ezarriko dizkiegu", AEBetako presidenteak adierazi duenez. 


2025-03-27 | Arabako Alea
Greba mugagabea hasi dute Gasteizko lorezainek

%90eko jarraipen "ia erabatekoa" izan du grebak, sindikatuen arabera. Gasteizko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzen dituzte Enviser azpikontratako 90 langileek.


Borrokak balio du: Israel Premier Tech, ez aurten, ez inoiz

Aurten "Israel Premier Tech" txirrindularitza talde israeldarra ez da Lizarraldeko Miguel Indurain Sari Nagusia lasterketara etorriko. Berri ona da hori Palestinaren askapenaren alde gaudenontzat eta munstro sionistarekin harreman oro etetea nahi dugunontzat, izan... [+]


Eguneraketa berriak daude