BILBO HANDIAN LANA AMAITU ETA CASTRO URDIALESERA LOTARA

  • Castro Urdialeseko udalerrian 20.000 biztanle daude erroldaturik. Udalak, ordea, bertan 40.000 lagun inguru bizi dela kalkulatu du. Erroldatu gabekoak Bilbo Handitik etorriak dira, Cantabriako ekialdeko kostako bizimodu lasaiak eta etxebizitzen prezio merkeak erakarrita, baina erroldatzeko asmorik gabe. Egoera berezi honek arazoak ekarri ditu Castrora, biztanle kopuru ofizialari egokitutako zerbitzuak eskaintzen baitira soilik.
A-8 autopistari esker, Bilbo eta inguruetatik abiatu den bisitariak denbora gutxi behar du Castro Urdialeseraino dauden 35 kilometroak egiteko. Bertaratu eta Padre Basabe, Javier Echevarría edo Bilbao kaleak topatuko ditu. Peru Zaballo polikiroldegia iragartzen duen bide seinalea ikusiko du edota Ocharan gaztelurako bidea erakusten duena. Modas Iturriaga irakurriko du denda baten atean, Almacenes Aguirre beste batean. Bizkaitik hain gertu egoteak eragin handia izan du Castroren historian. Eta eragin hori areagotu egin da azken hamarkadan.
Autoetako matrikulei erreparatzea besterik ez dago horretaz jabetzeko. Santanderreko matrikuladun autoak adina dira Bilboko matrikula dutenak. Hirigunetik kanpoaldera joanda, ekialdean bereziki, dozenaka garabi ikus daitezke lanean. Bilbotarrentzako etxeak egiten ari omen dira. Aldamiotik bederen langile batek hori esan digu.
2000ko urtarrilaren 1ean 19.621 biztanle zituen ofizialki Castro Urdialesek (duela gutxi pasa du 20.000ko muga). Horiek guztiak 7.214 etxetan bizi dira. Beste 7.270 etxe hutsik omen daude, baina Udaleko ur zerbitzuak kontrakoa frogatzen du. Ustez hutsik dauden etxeotan ura erabiltzen da. Ur zerbitzuari esker kalkulatu ahal izan du Udalak benetan zenbat lagun bizi diren Castron, eta kopuruak zenbaki ofiziala bikoiztu egiten du: 40.000.
Castro Urdialesen erroldaturik ez dauden 20.000 horien artetik gehienak Bilbo Handitik etorri dira, Ibar Ezkerretik bereziki. Zonaldeko bizi kalitateak behera eta etxebizitzen prezioek gora egin ahala, Castroko bizi-kalitateak eta etxebizitza merkeek erakarrita hurbildu da hainbat eta hainbat bizkaitar. Baina bertako alkatetzatik esandako hitzen arabera, "lotara soilik etortzen dira". Euren enpresa edo lanpostuak Bilbo Handian dituzte, ikastera ere hara joaten dira eta gehienek ez dute Castron erroldatzeko asmorik agertzen.
Rufino Díaz Helguera sozialista da Castro Urdialeseko alkatea. PSOEk gehiengoarekin agindu du bertan azken hiru legegintzaldietan. 9 zinegotzi dituzte sozialistek orotara, Partido Regionalista de Cantabriak (PRC) 4, PPk 3 eta IUk bakarra. Udal ordezkariak, hala ere, ez dirudi oso prest daudenik bizkaitarren arazoaren inguruan hitz egiteko. David San Miguel turismo zinegotzi sozialistari bere iritzia eskatuta zera erantzun digu: "Oso iritzi ona dut bizkaitarrekiko. Hemen lanik ez zenean herritarrak Bilbo ingurura joan ziren lanera eta, gaur ere, Bilbo Handiak behera egin duen arren, castrotar asko dago oraindik enpresa bizkaitarretan. Ni neu ere Bilbon lanean aritua naiz. Eta Castrora hurbiltzen diren turisten artean gehiengoa euskalduna da, bizkaitarra. Ez dut, beraz, haien aurka ezer esaterik".
Udalak zailtasun handiak ditu aurrekontuak finkatzeko eta 20.000 laguni zuzendutako inbertsioak eskasak dira 40.000rentzako. 1999ko inbertsioak 15.000 milioi pezetara iritsi ziren, baina kopuru hori motz geratzen da urte horretan 2.150 etxebizitza berri egin zirela kontuan hartuz gero. Ur depuradora bat baino ez dago herrian eta ur deposito bakarra dute. Abuztuan, ohiko 40.000 biztanleak 60.000tik gora direnean, ur arazoak izan ohi dituzte. Harrigarria Kantauriko kostalde berde eta hezeko herri batean.
Osasun zentroei dagokienez, askok Cruces edo Basurtora jotzen du ohitura eta hurbiltasunagatik. Baina garrantzi gabeko kontsultak egitera Castroko anbulategira hurbiltzen dira bertan bizi diren bizkaitarrak. Baina Castrokoa ez da 40.000 biztanleentzako prestatutako anbulategia. Osasun zentruko UGTko bozeramale Jose Viñalsen esanetan, bertara langile gehiago ekartzea "atzeraezina da". Gutxienez medikuntza orokorreko bi mediku, pediatra bat, bi ATS eta administrazioan jardungo duen pertsona baten premia dute.
Hezkuntzari dagokionez, Hezkuntzaren Aldeko Plataforma (Plataforma por la Educación) sortu berri da herrian Kantabriako Hezkuntza Kontseilaritzari zentru berri bat zabaldu dezan eskatzeko. Castron 10 urte bitarteko 1.700 haur dago, inguruko estatistika guztiak hausten dituen kopurua. Segurtasuna ere arazo bilakatu omen da eta polizia lokala ez da herriaren tamainarekin batera garatu. Udalak Guardia Zibilari laguntza eskatu behar izan dio udaltzaingoa iristen ez den tokietan jardun dezan.
Kantabriako instituzioen laguntzak erroldako kopuru ofizialak mugaturik daude. Berriki 20.000ko kopurua gainditu da (paradojikoki bizkaitar gazte bat izan zen 20.000.a) eta horrek jauzi bat esan nahiko omen du Gobernu Autonomikoaren inbertsiotan.


HERRITARRAK HASERRE.

Udaletxetik irten eta metro gutxira dagoen liburudendara sartu gara, izen euskalduna duen liburudenda. Kaleko jendeak gaiari buruz hitz egiteko gogo handiagoa du udal ordezkariek baino. Dendaria, behintzat luzaro aritu da. "Bertakoak nazka-nazka eginak gaude egoera honekin. Edozeini galdegin eta gauza bera esango dizu" eta dendako leihotik Brazomar hondartza ingurua, etxe berriz josia dagoena seinalatu digu, Bilbo Handitik etorri direnak han bizi direla esanez. Osasungintzaz aritu ondoren garraioaren gaia aipatu du. Santanderra joateko bi orduz behin dute autobusa. Bilbora lehenago iristen dira eta Bizkaibus konpainiak ordu erdiroko maiztasunez egiten du bidea. "Hemendik, hirigunetik, huts samar irteten da autobusa, baina Brazomar aldean geratzen denean bizkaitarrez bete egiten da. Autopistatik autobusa gainezka joaten da, jende askok zutik joan behar izaten du eta hori oso arriskutsua da". Aparkaleku arazoa ere aipatu du eta adibide gisa denda pareko aparkalekuko Bilboko matrikulak zenbatzen aritu da. Biztanleriak gora egitea bere negozioarentzat onuragarria ote den galdetu diogu. Ez omen du ezertxo ere nabaritu eta Udalean esan bezala, lotara besterik ez direla etortzen errepikatu du. "Horiek lanetik irten eta ogia ere hango Eroski batean erosten dute. Ez dute inongo ahaleginik egiten herrian integratzeko. Eurentzat lo-hiria da Castro. Bilbon garaje batengatik ordainduko luketenarekin, etxea, garajea eta piszina egiteko nahikoa dute hemen". Hezkuntzaren arazoaz galdetu eta zera esan du: "Harritzen nau arazo hori izateak, haiek haurrak Bizkaiko eskoletara bidaltzen baitituzte".


CASTROTIK IKASTOLARA.

Egia da egunero haur mordoa abiatzen dela Castrotik Bizkaiko eskoletara. Somorrostrora joaten dira gehienak eta Portugaleteko Santa Maria eta Barakaldoko Regato eskoletan ere badira egunero Castrotik datozenak. Portugaleteko Astileku ikastolak azken hiru urtetan autobus bat du Castrorako bidea egiten duena. Ruper Ormaza zuzendari gerentearen hitzetan, "ikusi genuen urtero joaten zela ikasleren bat Castrora bizitzera eta autobusa jarri genuen haiek euskaraz ikasten jarrai zezaten, nahiz eta bidean horrenbeste denbora galdu". Rufino Díaz Helguera Castroko alkatearekin bildu ziren autobusa jartzeko erabakia hartu zutenean eta honek erabakiari ongi iritzi omen zion. "Guretzat Castro Ibar Ezkerra da nolabait eta lotura hori ez da gaurkoa". Arrazoi du Ormazak Castro eta Bizkaiaren arteko lotura historikoa dela esatean, hurrengo orrietan azaldu dugun bezala. Baina egia da, halaber, gaur gaurko arazoa dela Castrok bizkaitarren etorrerarekin bizi duena. Udalak topatzen dituen zailtasunek eta herritarren haserreak konponbiderik ba ote du? Herritar batek erantzun dio galderari: "Errolda daitezela"

CASTROKO GAU-ESKOLA EDO "IKASTOLA" SEPARATISTA ZABALDU ZUTENEKOA
AEK-ren koordinaziopean eta Iñaki Biguri castroarraren ekimenez, 1984ko urriaren 8an Castro Urdialeseko gau-eskolak bere ateak zabaldu zituen lehendabizikoz. Aita euskalduna eta ama Castrokoa dituen Biguri urte bereko martxoan hasi zen dozena bat ikasleri euskarazko eskolak ematen, langabeziari aurre egiteko xedez. Udan ikastaro berri bat antolatu zuen eta ikasle kopuruak gora egin zuen. Euskaltegia urrian zabaltzean, "no te quedes atrás y corre a aprender euskara" lelopeko kanpainaren ondoren, 34 ikasle hurbildu ziren bertara. Martxan egondako hiru urtetan 40 bat ikasle izatera ere iritsi zen. 1986an itxi zen Castroko Javier Echevarría kaleko zortzigarreneko gau-eskola. Castroko gau eskolak erreakzio desberdinak sortu zituen herrian. Izquierda Castreña Unida (ICU, orduan PSOErekin batera Udalaren buru)) ingurukoak gustura agertu ziren ekimenarekin eta alderdiko buruak ikastaroan matrikulatu ziren. Beste batzuk ere hurbildu ziren, herritar askok Bilbo eta inguruetan lan eginik, euskara jakitea baliogarria gertatuko zitzaiela-eta. Denak ez ziren, dena den, iritzi berekoak eta gaiaren inguruan piztutako polemikak prentsan bere isla izan zuen. Esan beharra dago, komunikabide guztiek ("Egin"ek berak ere) akats berbera izan zutela eta euren berrietan "ikastola"z jardun zutela eta ez euskaltegi edo gau-eskolaz. "El Diario Montañés"ek berriak "sorpresa" eragin zuela zioen eta gau-eskolaren zabaltzea Castro Bizkaiari anexionatzeko saiakera berri batekin lotu zuen. Francisco Perezen artikuluari erantzunez, "Euzkadi"ren 163. zenbakian, gau-eskola (hauek ondo erabili zuten hitza) herritarren eskaerari erantzuteko sortua zela zioen artikulua agertu zen. "El Correo Español"ek gaia jorratu zuen Iñaki Bigurirengana joaz. "Alerta" aldizkarira irakurle batek gutuna bidali zuen, gau-eskola defendatzeko arrazoi sinplea emanez: inor ez zegoen behartuta euskarazko eskolak hartzera. Telebistara ere iritsi zen berria, José Luis Balbín-en "La Clave" saioaren bitartez. Baina aipamen gogorrena (baita erratuena ere) "El Alcazar" eskuindarrean argitaratu zen. "Intentan potenciar un enclave separatista" zioen azpitituluak eta, besteak beste, ondoko esaldi hau irakur daiteke bertan: "una minoría, que no sobrepasa las 50, intenta imponer su violenta voluntad a una población de más de 15.000 habitantes". Matrikulazio kanpainari "bombardeo" esaten zaio bertan eta ICUko kideei ETAren taktikak sustatzea leporatzen zaie


Azkenak
2024-08-14 | ARGIA
Israelek preso palestinarrak erabiltzen ditu tunelak eta eraikinak miatzeko

"Gure bizitzak haienak baino garrantzitsuagoak dira", esan dio Israelgo armadako soldadu batek Israelgo komunikabide bati.


2024-08-14 | Kanaldude
EuskarAbentura: gazteen paregabeko espedizioa

Joan den uztailean, hilabete batez, 127 gaztek 400 kilometroko espedizioa oinez egin dute Euskal Herrian gaindi. Abenturazale haiek Jzioquitarrak deitzen dira eta 30 egunez, 27 herri bisitatu eta hainbat euskal eragile ezagutu dituzte. Aurten, EuskarAbenturako helburuak aise... [+]


Ostalaritza patronalak Gipuzkoako txosnei TicketBai ezartzea eskatu dio Aldundiari

EAEko hiru hiriburuetan udako jaiak ospatzearekin batera, etorri dira, berriz ere, ostalaritzako patronalaren kexuak jai herrikoien aurka. Gipuzkoako Ostalaritzaren elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu dio Arabakoaren bidea jarraitzeko, eta txosnei eta kale saltzaileei... [+]


Palestinaren alde mobilizatuko dira Bilboko Aste Nagusian

Palestinarekin Elkartasuna ekimenak antolatu du Aste Nagusian Israel borrokatu lelopean. Bilboko Aste Nagusiaren bezperan, ostiralean, 19:00etan, egingo dute mobilizazioa.


Pablo Gonzalez espioitzagatik ikertzen jarraituko du Poloniak

Poloniako Fiskaltza Nazionaleko bozeramaileak adierazi du euskal kazetaria oraindik formalki akusatu ez badute ere, “legearen arabera auzi-ihesean akusatua” izan daitekeela. Gonzalez preso trukean sartzeko erabakia Washingtonetik etorri zen, baina Poloniako zerbitzu... [+]


Juan Luis Goenaga artista zendu da, 74 urterekin

Donostian jaioa, urte mordoxka bat Alkizan eman zituen bizitzen, baserri batean. Inguratzen zuen naturak lilura sortzen zion. Margolari gisa egin da ezagun, nagusiki.


Ibilbide dekolonialak (I)
Donostia: non gogoa, han ezpata


2024-08-14 | Mikel Aramendi
Israel, Iran eta bi elefanteak

Hamasen erasoaren ezohiko muntak, eta Israelgo gerra-kabineteak hari emandako erantzunaren desmasiak zerikusi zuzena dute ondorio geopolitikoen sakonerarekin. Ekialde Ertainean eta nazioarteko aliantzetan aldaketak eragin ditu genozidioak: Israelek zer irabazi eta galdu du?... [+]


Musk amen-omenka, trumpismoa besarkatzen

Munduko bigarren gizonik aberatsena, Elon Musk, gezurrak eta mezu sektarioak hedatzen, propaganda egiten ari zaio Donald Trumpi, inkestek gero eta gehiagotan diotenean Kamala Harris izango dela AEBetako hurrengo presidentea.


Grezian piztutako suteek hildako bat eta 50.000 pertsona ebakuatu baino gehiago eragin dituzte

Gutxienez 10.000 hektarea kiskali dira Atenasetik gertu, eta dozenaka etxe eta enpresa kiskali dira, EFEk jaso duenez. Greziako Gobernuak suteei aurre egiteko laguntza eskatu dio Europar Batasunari.


Hamar gizon atxilotu dituzte asteburuan, emakumeen aurkako indarkeria egotzita

Zortzi pertsona atxilotu dituzte Nafarroan, beste biak, berriz, Gasteizen. Horrez gain, Algortako Portu Zaharreko jaietan gertatutako sexu eraso bat salatzeko elkarretaratzea egin dute, astelehenean.


Arantxa Orbegozo 'Txitxi'
“Niretzako bidaiarik politenak mantso doazenak dira”

Zirrara eta pasioaren eroale da Arantxa Orbegozo Txitxi (Tolosa, 1962). Bizitza darama eskuetan eta hura eskaintzen dio zuzentzen zaion edonori. Atleta izan da, txirrindularia, eta bere buruari proposatu dizkion beste hainbat diziplinatan aritua. Hala eta guztiz ere, benetan... [+]


Paquita Bretos Andueza zendu da, mendizale aitzindari eta antifrankista

96 urterekin eman du azken hatsa. Nafarroa Garaian zein Euskal Herri osoan, mendizaletasunaren aitzindarietako bat izan zen, Angel Oloron senarrarekin batera.


2024-08-13 | Euskal Irratiak
Aitor Elexpuru: “Larhunen ez dugu gehiago eraiki dadin nahi, baizik dagoena hobe kudeatua izatea”

Abuztu hasierarekin batera, bero, idorte eta su arriskuak altuak dira mendiguneetan. Arriskuen murrizteko nahian, 2021tik, Lapurdi eta Nafarroako mendigunea osatzen duten hiriek zonbait protokolo eta konbentziotan elkartu dira, mugaz gaindi. Horien artean, “Gure... [+]


Eguneraketa berriak daude