"NORBERAK ERAIKI DEZALA BERE SEXU BIOGRAFIA"

  • Ikastetxeetan heziketa afektibo-sexuala lantzeko Uhin Bare programa ezagutarazi da duela gutxi. Lan horren egileetako bat, Javier Gomez EHUko Pedagogia fakultateko irakaslea, "Hik Hasi" aldizkariak elkarrizketatu berri du. Guk bertako zati bat eskaintzen dizuegu.

2007ko otsailaren 21ean
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Zer da zehazki orain ezagutzera eman duzuen heziketa afektibo-sexualari buruzko Uhin Bare programa?
Diozun bezala, heziketa afektibo-sexualari erantzuten dion programa da. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza-Osasuna batzorde mistoak Euskal Herriko Unibertsitateari hezkuntza afektibo-sexuala garatzeko programa bat egiteko eskatu zion 1996. urtean, eta horrela hasi ginen. Normalean sexu heziketa borondatezko pertsonen eskuetan egoten da eskolan, ia militanteen eskuetan. Eta momentu honetan horrelako programa anbizioso bat edukitzea, eta gainera euskaraz, kualitatiboki garrantzitsua da. Momentu historiko batean gaudela iruditzen zait, orain arte administrazioaren aldetik inoiz ez delako horrelako programa bat egiteko asmo tinkorik egon.

Zein dira programaren helburuak?
Helburuak hiru mailatan sailka daitezke. Lehenengo, maila pertsonalean, hiru jomuga ditu: norberari buruzko kontzeptu ona garatzea gizona edo emakumea izateko erari dagokionean, autoestimu maila ona edukitzea baina orokorrean eta bai alderdi sexualean, eta beharrizan afektiboak erregulatzeko eta asetzeko balio duten gizarte trebeziak garatzea.
Hezkuntzari dagokionean, alde batetik, ezagutzak eskuratzea lortu nahi da, gero esperientzia sexuala eta giza esperientzia horietan oinarritzeko; beste aldetik, eskolan gertuketarako esparruak sortzea ahalbidetu nahi da dudak eta arazoak konpon daitezen.
Eta azkenik, gizarte mailan etika pertsonala eta soziala garatzea da helburua. Azken batean, programa honekin prozesu bat ireki nahi da, sexualitatearen tratamendua normalduko duena, eta programa helburu hori lortzeko bitarteko bat besterik ez da.

Helburu horiek lortzeko zein oinarri ditu Uhin Barek?
Sexualitatea alderdi anitzak dituen errealitatea izanik, zeharkako metodologian oinarritzen da. Hezkuntza eredu demokratikoa, zientifikoa eta irekia ditu. Berez Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendutakoa da eta euren garapen psikosexualera egokitua dago. Horrekin batera, irekia da, ikastetxe bakoitzeko errealitatera egokitua izan dadin. Eskolaratzeak irauten duen bitartean gai nagusienen tratamendua ziurtatzen du, eta erabat bateragarria da beste programekin, hala nola hezkidetzari buruzko programekin, autoestimuari buruzkoekin eta abar.

1996. urtean hasi zinetela esan duzu eta orain zabaldu eta aurkeztu duzue. Zer egin duzue urte hauetan zehar?
Hainbat etapa igaro dugula esan daiteke. Lehenik eta behin, gelan erabiltzeko materiala landu genuen. Ondoren, material hori esperimentatzen hasi ginen bederatzi ikastetxe pilotutan. Pixkanaka-pixkanaka programa ezartzen joan gara, eta alde berean irakasleen prestakuntza garatzen. Gero, esperientziak oinarritzat harturik, programa egokitu egin genuen. Eta orain hedapen faseari ekin diogu.

Bederatzi ikastetxetako esperientzia nolakoa izan da? Zer eta nola landu duzue?
Programa zehar lerrokoa da, sexualitatearen jatorria bera bezala. Sexualitatea errealitate multidimentsionala da, dimentsio asko ditu: grafikoa, psikologikoa, antropologikoa, soziologikoa, hezitzailea... Orduan, logikoki interdiziplinarra izan behar du planteamenduak. Beraz, hainbat ikasgaitan landu daiteke. Adibidez, gorputzaren atalak Giza Zientzietan ikas daitezke; gizon-emakumeen arteko harremanak, matxismoa, feminismoa, sexismoa eta abar Giza Zientzietan lantzeko dira egokienak; sexu erasoak, aldiz, Etikan...
Hala ere, lehenengo gauza sexualitate kontzeptuaz ados jartzea da.

Nola definituko zenuke zuk sexualitatea? Eta sexu heziketa?
Gehiengoak sexualitatea sexu harremanak direla pentsatzen du, eta askotan koitoa. Baina sexualitate kontzeptua askoz ere zabalagoa da. Sexualitatea emakume edo gizon bezala munduan egoteko modu bat da, eta sexu harremanak alderdi bat baino ez dira.
Eta sexu heziketa ikasleei sexualitatea erregulatzeko baliabideak eskaintzen saiatzea da. Bigarren Hezkuntzan, nerabeen garapen psikosexualean, funtsezko hiru alderdi lantzen ditugu: identitate sexuala, sexu desioa eta afektibitatea.

Nola irakasten da hori klasean?
Zailtasun handienetako bat txipa pedagogia berrirantz aldatzea da. Programa honek ez dizkie ezagutza asko irakatsi nahi irakasle eta ikasleei, zeren ezagutzek ez baitute iragartzen arriskua, eta ezta sexu osasuna ere. Programa honekin eskolan balorazio guneak sortu nahi dira, gai pertsonalak lantzeko espazioak. Funtsean programa biografikoa da, eredu biografikoa erabiltzen dugu, hots, ikaslea bere biografian sexualitatearen eboluzio logikoa sartzen joatean datza: lehen musua ilusioz itxaron dezala, lehenengo intimitate egoera ere bai... Protagonista izateko baliabideak edukiz, norberak eraiki dezala bere sexu biografia.
Horretarako, ezagutzek ez dute askorako balio, garrantzitsuena balorazio espazioak sortzea da. Nola? Metodologia ez zuzentzailearekin, taldean lan eginez eta klase magistralak albo batera utziz.

Jar iezaguzu adibide bat.
Esaterako, gorputzaren aldaketa. Gai hori DBHko 1. mailan landu behar da, aldaketak gertatu aurretik. Kasu honetan, garrantzitsua da neska-mutilek gorputz aldaketa pozik bizitzea, gogoz itxarotea, jakinaren gainean egotea.
Hasteko, oinarrizko apunteak ematen dizkiegu, eta ondoren aktibitate bat proposatzen dugu: neskek azaltzen dituzte mutilen aldaketak, eta mutilek neskenak. Horrela, alde batetik gure zeregina betetzen dugu, hots, informazioa ematea. Guk berrikusitako edukiak transmititzen ditugu, zuzenduak direnak. Bestetik, proiekzio emozional bat sortzen dugu, identifikazio sistema bat. Imajinatu zer efektu lortzen den neska batek mutilak batzuetan pijama bustita duela esnatzen direla azaltzen duenean eiakulatze bat izan dutelako, edota mutil bat neskek hilekoa edukitzen dutela esplikatzen hasten denean.
Logikoki, tabu asko puskatzen ditugu horrekin, eta batez ere, edukietan baino, jarreren eremuan egiten dugu lan. Oso desberdina da gauzak horrela kontatzea edo irakasleak arbelera joan eta esplikatzea. Hor dago gakoa.

Hori guztia Bigarren Hezkuntzan lantzen duzue, baina ez al da egokia ezagutza hori DBH baino lehen jasotzea?
Logikoki, gauza hauek hasieratik izan behar dute naturalak. Gure programa egiteko eskatu zigutenean, DBH diseinatzen ari ziren, legea martxan jartzen. Legeak zehar lerroei buruz egiten duen planteamenduan gauza asko landuta zeudela konturatu ziren, baina hutsune handiak zeudela ere bai, eta bat sexu heziketaren kasua zen. Horregatik, programa hau DBHrako eta ez beste beheko mailetarako izatea gauza koiunturala izan da gehienbat. Noski, horrek ezin du horrela gelditu. Administrazioak sexu heziketa beste mailetan ere eskaintzea planteatu beharko luke.

Zein zailtasunekin egin duzue topo bederatzi zentro horietan programa ezartzerakoan?
Zailtasun askorekin egin dugu topo, eta zergatik ez esan, asko zuzenean administrazioarekin zerikusia dutenak. Arazoak ez dira programarenak berarenak izan, errealizazioarenak baizik. Adibidez, zentro pilotuak aukeratzeko garaian ez zen informazioa garbi iritsi, eta zentro askok zertan sartzen ziren jakin gabe eman zuen izena. Ondorioz, izugarrizko esfortzua egin behar izan genuen programa zertan zen esplikatzeko: klaustro osoa inplikatzen zuen proiektua zela, irakasleek formatu egin behar zutela... eta korrika eta presaka ibili gara azkenean.
Gainera, irakasleen mugikortasunarekin egin dugu topo. Zentro batzuetan izugarria izan da, irakasleriaren erdia baino gehiago aldatzen zen tea ikasturte bakoitzean berriei esplikatu behar izan diegu programa.
Hala ere, zailtasun guztien gainetik, bederatzi esperientziak oso garrantzitsuak izan dira.

Zer baldintza bete behar ditu ikastetxe batek Uhin Bare programa ezarri nahi badu?
Bost gauza eduki behar dira kontuan: programa curriculum proiektuan integratzea, gurasoen adostasuna eta partehartzea Ordezkaritza Organo Gorenaren bidez, programaren koordinazio taldea egotea ikastetxean, irakasleen prestakuntza eta gutxiengo programa DBHko kurtso bakoitzean lantzea.

Ikastetxe osoak eta gurasoek onartzea ezinbestekoa da, beraz.
Bai, noski. Programak ikastetxeko proiektuan integratuta egon behar du. Bere izaera dela-eta, klaustro osoak konpromisoa hartzea ezinbestekoa da, nahiz eta irakasleria osoaren parte-hartzea berdina ez izan.Bestalde, gurasoek ados egon behar dute, eta horregatik da ezinbestekoa Ordezkaritza Organo Gorenak programaren integrazioa onestea. Eskola elkarte osoak hartu beharreko erabakia da ikastetxearen curriculum proiektuan hezkuntza afektibo-sexuala integratzea ala ez.

Gurasoak inplikatzen al dira?
Beno, Ordezkaritza Organo Goreneko erabakiarekin bai. Gurasoak ados daude zentroetan gai hau naturaltasunez lantzearekin, ez dute inolako trabarik jartzen. Baina beraiek beren kabuz zerbait gehiago egin beharko luketela uste dut, guraso eskolen bidez edo. Jendea ez da hitzaldietara joaten, hori beti horrela izan da, eta gauza sortzaileagoak egin behar direla uste dut.

Programaren koordinazio taldea ere behar dela aipatu duzu. Zer funtzio du talde horrek?
Programa DBH osoan lantzen dela gogoratuz, beharrezkoa da etapa honetako ikasturteetan garatzen diren jarduerak koordinatuko eta zainduko dituen talde bat osatzea ikastetxean, eta horixe da taldearen egitekoa. Koordinazio taldean zuzendaritzako ordezkari bat, orientatzaile bat eta arloetako ordezkariak eta tutoreak bilduko dira.

Irakasleen prestakuntzari dagokionez, zer inplikatzen du baldintza horrek?
Hezkuntza afektibo-sexualari dagokionean, bereziki garrantzitsua da irakasleen prestakuntza iraunkorra. Izan ere, giza sexualitatearen inguruko oinarrizko hainbat alderdiren azterketa, normalean, ez da hezkuntzako eta beste hainbat espezialitate desberdinetako profesionalen prestakuntza programan biltzen. Oinarrizko prestakuntzaren barruan honako puntu hauek hartu beharko lirateke aintzakotzat: sexualitatearen aurreko jarrera desberdinak, garapen psikosexualari buruzko Uhin Bare programaren oinarrizko printzipioak eta metodologia, eta gelan esku-hartzeko teknika aktiboak


Azkenak
2025-03-08 | ARGIA
ARGAZKI GALERIA
Mugimendu Feminista: “Faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feministez armaturik gaude”

Mugimendu feministak manifestazioak egin ditu goizean Donostian, Gasteizen eta Iruñean eta arratsaldean Baionan eta Bilbon. Oinarrizko irakurketa partekatu dute, eta horri gehitu diote hiri bakoitzean bertako problematika, eragile eta ekimenen erreferentzia.


2025-03-08 | ARGIA
Bilgune Feminista
“Feminismoa da heldulekurik argiena desio dugun Euskal Herrirako”

Bilgune Feministak Heldulekuak argi, Euskal Herria feminista leloa baliatu du M8an, azpimarratzeko feminismoak ematen dituela “datorrenari aurre egiteko tresnak”, eta gogorarazteko faxismoaren gorakadaren testuinguru hau helduleku horretatik irakurri eta borrokatu... [+]


Iruña-Veleia: epaiketatik bost urtera

Otsailean bost urte bete dira Iruña-Veleiako epaiketatik, baina oraindik hainbat pasarte ezezagunak dira.

11 urteko gurutze-bidea. Arabako Foru Aldundiak (AFA) kereila jarri zuenetik epaiketa burutzera 11 urte luze pasa ziren. Luzatzen den justizia ez dela justizia, dio... [+]


Superwoman

MAITE: (biharko eguna antolatzen bere buruaren baitan) Jaiki, gosaldu, bazkaria prestatu, arropa garbitu, etxea garbitu, gizon hori jaiki, seme-alabak jaiki, hiru horien gosaria prestatu, haiek agurtu, erosketak egin, lanera joan, seme-alabak eskolatik jaso, merienda eman,... [+]


Espainiako Sustapen Ministerioa: “Ez dakigu Ezkioko lotunea oso bideragarria den”

Josu Estarrona EH Bilduko Arabako senatariak egindako galderari erantzun dio Espainiako Sustapen Ministerioak, eta hor berretsi du Ezkioko aukera zailtasunez beteta dagoela.


2025-03-07 | Laia Alduntzin
Hezkuntza gotorleku

Matxismoa normalizatzen ari da, eskuin muturreko alderdien nahiz sare sozialetako pertsonaien eskutik, ideia matxistak zabaltzen eta egonkortzen ari baitira gizarte osoan. Egoera larria da, eta are larriagoa izan daiteke, ideia zein jarrera matxistei eta erreakzionarioei ateak... [+]


Mazónek ez du lortu bere misioa: Valentziako gurasoek katalanaren alde egin dute

“Askatasunaren” izenean, ikastetxean zein oinarrizko hizkuntza nahi duten galdetu diete guraso valentziarrei. Helburua katalana zokoratzea zen. PPren eta Voxen gobernuak ez du lortu. 33 eskualdeetatik 22tan katalana gailendu da. Emaitzarekin oso pozik agertu dira... [+]


800.000 euro gastatuko ditu EBk errusiar inbasioaren mamuari aurre egiteko

Europar Kontseiluak onartu du Ursula Von der Leyenek gastu militarrean proposatu duen 800.000 milioi euroko gastuarekin aurrera egitea. Horretarako bi arrazoi nagusi argudiatu ditu: Errusiari aurrea egitea eta Europar Batasunak aurrerantzean bere burua AEBen babes militarrik... [+]


Gizakunde
Badator, esnatu da

Gizakunde (Inauteriak)
Noiz: otsailaren 15ean.
Non: Arizkun eta Erratzun. plazan.

------------------------------------------------

Amaitu dira inauteriak, sutan erre ditugu gaiztoak, gaizkiak, sardinak eta panpinak. Baina xomorroak esnatu dira eta badator... [+]


Kontzertuak, hitzaldiak, antzerkiak, dantzak, bertso-saioak... M8ko ekitaldi kulturalen bilduma

Festa egiteko musika eta kontzertu eskaintza ez ezik, erakusketak, hitzaldiak, zine eta antzerki ikuskizunak eta zientoka ekintza kultural antolatu dituzte eragile ugarik Martxoaren 8aren bueltarako. Artikulu honetan, bilduma moduan, zokorrak gisa miatuko ditugu Euskal Herriko... [+]


Bizi testamentua: aurretiazko borondateen agiriaren gakoak

Soco Lizarraga mediku eta Nafarroako Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkarteko kidearen ustez bizi testamentuak heriotza duin bat eskaini eta familiari gauzak errazten dizkio.


“Topaketa antiinperialistak” egingo ditu Askapenak martxoaren 15 eta 16an Bilbon

Karmela espazio autogestionastuan egingo ditu, eta Euskal Herriko zein nazioarteko gonbidatuak egongo dira bertan. "Koiuntura analisi orokorretik abiatu eta Euskal Herriko borroka internazionalistaren gakoetarainoko bidea" egingo dutela adierazi du Askapenak... [+]


Eguneraketa berriak daude