BAZEN BEHIN... ETA ORAINDIK BADA

  • Ia bi mende igaro dira lehendabizikoz Grimm anaiek ipuin bilduma kaleratu zutenetik. Hasieran sortutako gaitzespena lilura bihurtu da mundu osoan. Euskal Herrira berandu iritsi ziren anai hauen istorioak. Aurten euskarazko edizio berria egin du Genaro Gomezek.

2021eko uztailaren 27an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Urrutitik dator "Txanogorritxo". Amaren etxetik irten eta aspaldi sartu zen guztion etxera. Berdin gertatu da "Edurne Zuri", "Hansel eta Gretel", "Otsoa eta zazpi Antxumeak" eta hain ezagunak ez diren beste hainbat ipuinekin. Jakin, istorioak gutxi gorabehera badakizkigu, baina nondik datozen, nork eta nola kontatu zituen lehendabizikoz, nork bildu zituen eta zergatik haur gutxik daki. Izan ere, ipuinok alemaniar herri literaturatik jaso ondoren, idatzi zituzten Grimm anaiek haurrengan gehiegi pentsatu gabe.
Kasualitatez hasi ziren Jacob eta Wilheim Grimm ipuinak biltzen, alemaniar herri literaturaren bilduma bat osatu nahi zuen lagun bati mesede egin nahian. Lagunak bere asmoa bertan behera utzi eta Grimm anaiek beraiek argitaratu zuten ipuinen bilduma 1812 eta 1815 bitartean, bi ataletan. Bigarren edizioa 1819an kaleratu zen. Lehen bi hauek ordea, ez zuten arrakasta handirik izan eginkizun zientifiko-filologiko baten ondorioa baitziren. Alemaniako Erromantizismoaren baitan, herri ipuingintza eta poemagintza biltzeko xedea zuten. Hesse eta Rhin inguruak frantsesen esku zeuden garai haietan eta gizarteko klase altuek kultura frantsesa zuten gustuko eta hura lantzen zuten, alemaniar kulturaren kalterako. Erromantikoek ordea, azken hau jaso nahi izan zuten, eta horretan saiatu ziren baita ere Grimm anaiak. Hori dela eta, bi edizio hauetan ohar ugari jaso zituzten ipuinak noiz, nori eta nola bildu zituzten azalduz eta beste ipuin tradizioekin alderatuz. Gainera, ez zuten marrazkirik erabili. 1825ean burututako "Edizio laburra"rekin hasi zen Grimm anaien arrakasta. Bertan 50 ipuin idatzi zituzten bere anaia Ludwigen marrazkiekin. Lehenengo edizioa kaleratzerakoan, Grimm anaiek -guztira sei ziren- otordu bakar batekin igaro ohi zuten egun osoa. "Edizio labur" honetatik aurrera bildutako ipuinak aldiz, ezagunak egin ziren eta atzerrira ere iritsi zen hauen sona. Ingalaterran esaterako, Edgar Taylorren itzulpenak sekulako arrakasta izan zuen.
"Edizio labur"aren arrakasta zela-eta, hirugarren edizioan, lehenengo bietako 22 ipuin inguru baztertu ziren, batzuk gordinegiak zirelako eta besteak ez zirelako guztiz alemaniarrak. Ipuin berriak ere gehitu zituzten eta mantendu zirenetan, gordinkeria mugatu zuten. Adibidez, ama gaiztoa amaorde bihurtu zuten eta heriotza agertzen zen lekuetan, zauria asmatu zuten.


BERANDU EUSKARATU.

Guztira, zazpi edizio kaleratu zituzten Grimm anaiek eta 210 istorio ezberdin jaso ziren hauetan. Baina Grimm anaiek bildutako ipuinak mundu guztira hedatu eta 160 hizkuntza baino gehiagotara itzuli dira. Horietako bat da euskara. Berandu iritsi ziren Grimm anaien ipuinak Euskal Herrira. 1929koak omen dira lehen bi edizioak: Legoaldiren bizkaierazko "Grimm Anayen Ipuñak" eta Joseba Altunak euskaratutako "Grimm Anayak. Ipuñak". 80ko hamarkadan argitaratu zuen Sarasolak "Grimm Anaien Ipuinak" bilduma, bi liburuxkaz osatua. Ondoren etorri dira hainbat egokitzapen. Horietako bat da Ttarttalok kaleratutako "Kontaidazu ipuin bat", Mitxel Muruak itzulia. 90eko hamarkadakoa da azken hori. Aurten ordea, Grimm anaien ipuinen bilduma berri bat burutu du Genaro Gomez, EHUko irakasleak. Bertan, 62 ipuin bildu ditu, euskaraz Grimm anaien ipuin gehien dituena seguruaski. Horretarako, H. Röllek-ek 1837ko Grimm anaien hirugarren edizioan oinarrituz 1985ean argitaratutako alea baliatu du, bertako oharrak ere erabiliz. Dirudienez, 1837koa, hirugarrena alegia, izan zen edizio enblematikoena, bertan mantentzen baitira hasierako ipuinen jatortasuna eta aurrera begirako aldaketak. Horrez gain, Otto Ubbelohdek eginiko marrazkiak erantsi zaizkie ipuinei, "In drei Bänden" 1984ko poltsikoko ediziotik aterata.
Grimm anaien ipuinak ordea, etengabe mugimenduan daude, "ez dago edizio berdin-berdinik" Gomezen esanetan. Kontuan hartu behar da mundu osoan zehar hedatu direla eta beraz, tokian-tokiko ñabardurak dituztela: "Ipuingintzaren enborra bera da leku guztietan, baina adarrak aldatzen dira, kultura diferenteen erakusgai".
Euskarazko itzulpenetan ere nabari dira ñabardura horiek. 1929ko edizioetan "Mirenen alaba", "Durangoko herri abeslariak" edota "kalistro eta Mari Pepa" bezalako izenburuak ageri dira. Bremengo kale-musikariak Durangoko herri abeslariak bihurtu ziren eta erregeak baserrietako jaunak. Genaro Gomezek, Pamielaren eskutik argitaratutako "Grimm anaien ipuinak" liburuan, jatorrizko lekuak eta esamoldeak mantendu nahi izan ditu. "Fitchers Fogel" eta "Hildebrand zaharra" bezalakoak bere horretan utzi ditu. Baina "Rumpelstilzchen"en ordez "Martin Tin Tin" erabili du , eta Anbotoko mendia aipatu Alemaniako baten partez.


HEMENGOAK ERE BADIRA.

Dena dela, ipuin hauek Alemaniako lekuak eta izenak aipatu arren, bertako bihurtzen dira. "Hansel eta Gretel" adibidez, mundu guztian da ezaguna. Gainera, egun ipuin hauen bigarren aro bat ari da sortzen, ahozkotasunaren ondorioz. Entzuten ditugun ipuinen bertsioak ez dira jadanik jatorrizko Grimm anaienak. Orain nazioarteko ekoiztetxeek moldatutakoak entzuten eta ikusten ditugu. Antzerkian, komikietan, zinean, publizitatean... erabiltzen dira herri literaturatik datozen istorioak. Wagnerrek esaterako, "Beldurra zer den jakitera abiatu zen baten ipuina" baliatuz sortu zuen musika obra bat. Istorio krudelak eta beldurgarriak ziren hasieran. Baina istorio gordin haietatik, egungo ipuin liluragarri eta amaiera zoriontsuetara heldu gara, guztia, haurren mesederako. Gomezen iritziz ordea, "haurrei zer esan eta zer ez erabakitzerakoan, gure one tik irtenda gaude". Ipuinak errealitatea emateko beste modu bat dira bere ustez. Urrunago joan zen Günter Grass honako baieztapenarekin: "Biziraungo badugu, biziraungo dugu gehienez mitoetan, besterik ez bada, literaturaren laguntzaz"

HALA BAZAN ETA EZ BAZAN...
Grimm anaien ipuinak gaitzetsiak izan ziren urteetan beren gordinkeriagatik. Horregatik haserako istorioak leundu behar izan zituzten. Gerora jakin da gainera, euren ipuinak ez zirela beti alemaniarrak izan. "Txanogorritxo" eta "Bizar Urdin" adibidez, Jeannette Hassenpflug bizilagunak kontatu zizkien. Honen familia frantses hugonotea zen jatorriz. Istorioak Charles Perrault eta beste batzuren liburuetan irakurri zituzten hugonoteek. Perraultek istorio horiek kaleko jendearen tradiziotik bildu zituen. Frantses laborariek kontatutako bertsioetan inoiz entzun diren gertakari krudelenak jazotzen ziren: "Loti Ederra"n, printzipe ezkonduak printzesa bortxatzen du eta honek hainbat seme-alaba izaten ditu esnatu gabe. "Mari Errauskin"en protagonista neskame bihurtzen da aitak berarekin ezkontzera behartu ez dezan. "Hansel eta Gretel"en, heroiak ogro bat engainatzen du, eta honek bere seme-alaben lepoak mozten ditu, erratuta. "Txanogorritxo"k amonaren odola edan eta bere haragia jaten du oharkabean, eta strip-teasea burutzen du otsoarekin ohean sartu aurretik. Amaiera zoriontsurik gabe, ipuina otsoak txanogorritxo jatean bukatzen da

HEZUR ETA HARAGIZKO GRIMM ANAIAK
Bortitzak ziren Jacob eta Wilhelm Grimm. Hala ondorioztatu du askok ipuinak irakurrita. Abertzaleak ere baziren: alemaniar kultur nazioa eratzen lagundu zuten eta azkenean Estatu nazioaren eraikuntzan ere parte hartu zuten. Sei anai-arrebetatik zaharrenak ziren Wilhelm eta Jacob. XVIII. mendeko 80ko hamarkadaren erdialdean jaio ziren Hanaun, urtebeteko aldearekin. Marburgo Unibertsitatean Zuzenbidea ikasi zuten. Bertatik kaleratu zituzten "Zazpien Agiria" sinatzeagatik. Agiriarekin Erregeak indarrean zegoen Konstituzioa deuseztu zuela-eta protesta egin nahi zuten. Jacob gizon txiki eta potoloa zen. Lotsatia berez, mendira pasiatzera joatea baino nahiago zuen "Literaturatik pasiatzea". Wilhelm gonazalea zen eta emakumeek ere gustuko zuten bera. Osasunez ahula, asma eta bihotzeko gaitzak pairatzen zituen. 39 urterekin ezkondu zen txikitako lagun batekin. 1812an argitaratu zuten "Haurtzaroko eta etxeko ipuinak" lehen aldiz. Azken urteetan Alemanezko hiztegi erraldoiari ekin zioten. Bizirik zeuden artean ez zuten hiztegia bukatu, ez euren ipuin bildumen arrakasta gozatu, ezta 1871ko Alemaniar Estatuko sorkuntza ikusi ere


Azkenak
Adin txikikoak dira Osakidetzako genero identitateko unitatetik pasa diren erdiak

1.075 pertsona artatu ditu Barakaldoko ospitaleko genero-identitateko unitateak, 2016ean unitate hori martxan jarri zenetik. Erdiak baino gehiagok adin-nagusitasuna bete aurretik jaso zuen lehen arreta. Eta, kopuru osoaren herenak hamasei urte baino gutxiago zituen.


BBK Livek bisitarien oinarrizko hainbat eskubide urratzen ditu eta salaketa ipini diote

OCU kontsumitzaileen Elkarteak hiru arrazoi zehaztu ditu, horien artean kanpoko janaria eta edaria Kobetamendiko esparruan sartzeko debekua, eta eskudirutan edo banku-txartelaren bitartez ordaintzeko ezintasuna. Facuak aurreko urtean egindako salaketan zehazturiko arazoak... [+]


Arrazakeria salaketen erdiak Polizia jotzen du “agente diskriminatzailetzat” Bizkaian

Diskriminazioaren ahotsak txostenak zenbakitan jasotzen ditu 2023an Bizkaiko SOS Arrazakeriaren Informazio eta Salaketa Bulegoan pertsona ugarik agertarazitako esperientziak, eta haietan "arrazoi arrazista eta xenofoboen aurkako indarkeria, eraso eta diskriminazioak”... [+]


Meaka-Irimo bizirik!

Enpresa batek Irimo mendian zentral eolikoa eraikitzeko asmoa zuela iragarri zigun aspaldi batean haize kolpe batek. Gehienek ezin zuten sinistu, inondik ere. Are gutxiago Irimo mendiaren orografia eta izaera harritsua ezagutzen dituztenek. "Baina ba al dakizu ze nolako... [+]


2024-07-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubi proiektua hasia da konponketa lanak, landaketak eta formazio saioak egiten

Zestoako Iraeta auzoan, Urola ibaiaren meandroan daude Amilibia baserria eta bere lurrak. Horiek modu kolektiboan erosteko dirua biltzen ari da Biolur laborantza ekologikoaren aldeko elkartea. 2025 bukaerarako dute hitzartua azken ordainketa, baina erosketa fasean egon arren,... [+]


Emakume alkateentzako jantzi erronkariarra diseinatu dute, Hiru Behien Zergan parte hartzeko

Larunbatean egingo dute San Martin Harriaren inguruan 600 urte baino gehiago dituen ohitura eta aurten emakume alkateentzako jantzi erronkariarrak prestatu dituzte, orain arte gizonezkoentzako baino ez baitzeuden.


2024-07-12 | Gedar
Pertsona bat atxilotu dute Gasteizen, faxista bati aurre egiteagatik

Orgullo Cazurro talde faxistako kide bati kontra egin zion atxilotuak, eta bideo batean jaso zuen hori. Guardia Zibilak atxiki du berriki, eta badirudi "gorroto-delitu bat" egotzi diola.


Donostian 300 pertsona baino gehiago “muturreko bazterkeria egoeran” bizi direla salatu dute

Donostian, 300 pertsona baino gehiago “pobrezia eta muturreko bazterkeria egoeran” bizi direla salatu dute Kaleko Afari Solidarioak (KAS) eta Hiritarron Harrera Sarea taldeek. “Michelin izarrak dituzten zortzi jatetxe dituen hirian eta Basque Culinary Center... [+]


2024-07-12 | Euskal Irratiak
Cyclopotes elkartea: Ikusmenik gabeko jendeen inklusioaren alde, bizikletaz ibiltzeko

Angeluko Cyclopotes elkarteak ikusmen-gabeko jendeer parada ematen die bizikletaz ibiltzeko. Tandem club des déficients visuels du zinezko izena elkarteak eta 2004ean sortu zen. Joan den astean Amikuze eta Oztibarren gaindi pasa dute aste osoa, egun guziez ibilbide... [+]


Kataluniara itzuli dira Tsunami auziko erbesteratuak

Ostiral goizean ekitaldi politiko bateratua egingo dute Gironan, Herrialde Katalanetan. Puigdemont faltako da, ezin baitu itzuli.


Maximo Aierbe hil da, Euskaldunon Egunkariaren sortzaileetakoa

Bere sorterri Ataunen hil da Maximo Aierbe Muxika, 74 urterekin. Euskaldunon Egunkariaren sortu aurreko eta ondoreneko urte malkartsuetako eginahaletan parte hartu zutenek gogoratuko dute proiektu berriaren akziodun bila hainbeste lan egindako gizon hura. Disziplina eta... [+]


2024-07-11 | Uriola.eus
Gentrifikazioaren aurka, pisu turistiko bat okupatu dute Bilbon

Bilboko AZET plataformak pisu turistiko bat okupatu zuen atzo, auzoaren turistifikazioa salatzeko.


Fronte Herritar Berria garaile atera da, eta hirugarren kokatu da eskuin muturra

20:00etan atera dira lehen datuak, harridura orokorra eraginez: zundaketa guziek lehen kokatzen zuten eskuin muturreko RN hirugarren atera da eta ezkerreko FHB Fronte Herritar Berria garaile. Gehiengoan edota gehiengo osoan ikusten zen RN Batasun Nazionalarentzat zaplaztekoa... [+]


Eguneraketa berriak daude