"BADA GARAIA AZKEN MARATOIA EGIN ETA ERRETIRATZEKO"

  • Azpeitian bizi den azkoitiar maratoilaria bazkal ondorengo kafetxoa hartzen harrapatu dugu; lasterka aritzen den pasealeku ondoko tabernan, Azpeitia eta Azkoitia arteko Loiola auzoan. Guk ez diogu igarri baina bost kilo hartu ditu martxoan Korean egindako maratoiaz geroztik. Ohikoa baino afari gehiagotara joan da lagunekin, lesionatuta baitago. Geldialdi luzeak urduri jarri du, baina ez gehiegi. Argi eta garbi esan digu aurten erretiratuko dela. Orain bizi egin nahi du. Nekatuta dago eta neke horren arrazoia ez da makala. 1989an Donostiako maratoian parte hartu zuenetik martxoaren 19ko Seulgo lasterketa arte 28 maratoi egin ditu. Japoniako Fukuoka herria ez dauka erregalatzeko. Bertan lortu zuen denborarik onena, 2.09.51 eta japoniarrak ere miresten ditu, kamikazeak omen dira... maratoilariak bezala.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Martxoan Seulgo maratoian oso ondo aritu zara; urrian berriz, Adidas etxearekin duzun kontratua bukatzen zaizu. Erretiratzeko ordua dela ere esan duzu.
Kontratua urrian bukatzen zait eta ez dut aurrera jarraituko. Aurten noiz erretiratuko naizen ez dakit, baina aurtengoa azkena dela seguru. Gehienez, erregalo bezala, Behobia-Donostia eta Donostiako maratoia. Maratoiko azkeneko metroak egin, zapatilak kendu eta "hartu, hauek zuentzat orain" esango dut eta kito. Urrira arte iraun eta gero bizi egin behar dut. Diru-sarrera finko onak badauzkat eta Koreakoan bigarren postua egin dudanez, badakit datorren urterako ere izango nukeela, baina horretarako beste urtebete egin behar da eta urtea 8.000 kilometro egitea da, 8.000 kilometro 12. urtean. Ez dut berriz kontratua sinatu eta gero jendea engainatu nahi. Niretzat ere hobeto da, ez naiz arrastaka ibiliko. Ni ere gustura geratuko naiz.
Ez dut atletismoaren munduan jarraitu nahi. Parrandak lasai egin nahi ditut eta korrika ari direnei bizikletan jarraituko diet.

Eta erbiarena egiteko?
Baina gaur egun maratoiko maila izugarria da eta erbi lanak egiteko ere entrenamenduak maratoirako adina egin behar dira. Rotterdam, Boston, Londreseko erbiak hiru minutu azpitik ibiltzen dira eta 25. kilometroraino iristen dira. 22-25 kilometro egiteko entrenamendu latzak egin behar dira.
Gainera atzean ezer izan ez banu beste gauza bat izango zen, baina negozioa daukat (kirol denda), duela zortzi urte hasitakoa Jesus Aranbarrirekin. Atletismotik bakarrik bizi beharko banu, segituko nuen 40, 41 urtera arte... ahal bezain beste. Ni bietara aritu naiz, atletismora eta negoziora. Egia esan, 24 ordu atletismoarekin pentsatzen bizitzea oso gogorra da.

Badakizu ordea, ez dela betirako. Urte batzuk horrela eta kito.
Bi edo hiru urte daramatzat ordea, horrela. Atlantakoa azkeneko urtea izango omen zen... eta lau urte pasa dira. Eta hurrengo Joko Olinpikoetara ere iritsi naiz, hori niretzat izugarria izan da. Pena ematen dit horrelako maila izanda taldean sartu gabe geratzea.

Aurten lagatzen baduzu, korrika egiteari zeharo utziko al diozu?
Kolpetik uztea ez da ona. Egingo dut korrika baina disfrutatzeko asmoz, ez "matxakatzeko" edo erlojuari begira ibiltzeko. Hizketan doan taldean sartuko naiz.

Bi urte barru beteranotan aritzeko adina duzu.
Ez, ez. Beterano izaterako erretiratuta. Badakit pare bat urte iraungo banu, munduko beteranoen maratoiko errekorra izan nezakeela. Baina nik ez ditut mailak horrela banatzen. 38rekin, 39rekin edo 40rekin niretzat gauza bera litzateke, gazteagokoen pare sentitzen naiz. 40 urtera arte irauten duzula, bada ondo, baina beterano aurrekoa, beteranoa... banaketa hori ez dut kontuan hartzen. Nik dudan adinarekin maila honetan gutxi daude munduan eta bada garaia azkeneko maratoia egin eta erretiratzeko. Iaz ere gauza bera esan nuen, Donostiakoa egin eta erretiratuko nintzela... eta oraindik hemen nabil.

Erretiratzeko asmo garbia duzula adierazi duzu. Kirol berarekin lotuta jarraituko duzu? Entrenatzaile beharbada?
Ez dut nahi. Gaur egun gizartea dagoen bezala, ez atletismoan bakarrik, kirol guztietan irabaztera joan behar da, "a caballo ganador". Haurretan ere berdin gertatzen da, atzetik datorrenari ez zaio bidea irekita uzten. Begira niri gertatu zaidana. Munduko Txapelketan seigarren izan nintzen, Europakoan bigarren, Bartzelonako Joko Olinpikoetan bederatzigarren. Munduko Txapelketan jendeak galdetu zidan: "Zer gertatu zaizu?". Seigarren iritsi naiz! Atzetik datozenentzat oso gogorra dago. Kirolarekin disfrutatu egin behar da, baina ez da hala gertatzen, izarra eta dirua ikusten dira. Gauzak horrela, haurrek futbola aukeratzen dute, pixka bat disfrutatu daiteke. Atletismoa berriz, oso gogorra da.

Orain gero eta beranduago egiten zarete maratoilariak; zure adibidea ez da bakarra.
Orain arte 24-25 urterekin gazteak "matxakatuta" zeuden, psikologikoki esan nahi dut eta maratoia asko burua da. Adin ona da 25 urte baina 30. kilometrora iristen dira eta hortik aurrera buruak ez die ematen.

Zu ez zara haur zinenean korrika hasitakoa.
17 urterekin itsasoan nenbilen Getarian. Gero soldadutza egitera joan nintzen eta hantxe hasi nintzen korrika. Hamar kilo galdu nituen hara eta hona. Etorritakoan jarraitu egin nuen, baina ez profesional moduan. Gipuzkoa mailan ondo ibiltzen nintzen, baina ez nuen Joko Olinpikoetara joatea pentsatzen. Zortzi ordu egiten nituen lan beste guztiek bezala eta gero korrika egitera, disfrutatzera. Lanik gabe geratu nintzen gero, eta orduan Antton Gorrotxategi medikuak eta Santi Perez entrenatzaileak profesional izateko saioa egitera animatu ninduten. Bi edo hiru urtetan maratoi erdiak egiten hasteko esan zidaten eta gero maratoiari heltzeko. Adidas etxeak ere soldatatxo bat emango zidan. Horrelaxe arriskatu nuen. 1989an Donostiako maratoian debutatu nuen. Hurrengo urtean Londresko maratoian Tokioko Munduko Txapelketarako postua lortu nuen... Profesional izatera iritsi nintzen, baina zailena ez da iristea, mantentzea baizik. Lantokian egunero 12 ordu aritzea badakit zer den, baina maratoilari izanda jasan behar den presioa, lo egin ezinda ibiltzea... buruarentzat oso gogorra da. Fisikoki ere noski, gogorra da; astean 240 bat kilometro egin behar dira, aste honetan, hurrengoan...

Urtean gehienez hiru maratoi egiten dituzue.
Atletismoko probarik gogorrena da maratoia. Gripe txiki bat dela, zapatila atera zaizula, haizea, txingorra... nahikoak dira plan guztia pikutara joateko. Beste aukerarik ez dago. Hurrengo lau hilabeteetan lana egin behar da hurrengo aukera iritsi arte. Bai Martin Fizek, bai Alberto Juzdadok eta bai nik, berdin da igandean zer egin dugun, astelehenean, laneko "buzoa" jazten dugu. Astelehena ez da bezperako postu bikainaz gogoratzeko eguna, lanerako eguna baizik. Horrela iraun dugu guk hainbeste denboran.

Puntako maratoilaria izateko fisikoki ona izan behar dela garbi dago, baina zenbaterainoko garrantzia ematen diozue buruari? Zuk ezagutuko dituzu korrikalariak fisikoki zu adina direnak, baina gero emaitzak lortu ez dituztenak.
Entrenamendutan ni baino azkarrago aritzen direnak badira, baina gero burua falta zaie. Maratoian lehiatzeko burua erdia da. Egun horretan lau hilabeteko lanaren presioa jasan behar da, hotza izan behar da; momentu txarra iristen denean, ez bakarrik hankekin buruarekin ere erantzun egin behar zaio. Maratoian beheraldi asko dago, bai fisikoki eta bai mentalki. Horiek denak pasa egin behar dira esperientziari esker eta entrenamenduei esker. Entrenamenduak ez dira beharrezkoak fisikoki ondo egoteko bakarrik baita buruak lana egin dezan ere.Seulgoa da adibide bat. Han 2 ordu eta 9 minutu azpitik ibili nintzen eta asmo horrekin joan nintzen gainera. Baina haize handia zebilen eta orduan badakizu oso zaila izango dela 2 ordu eta 10 minutu azpitik egitea. Taktika lasterketan zehar aldatu behar duzu. Zer egin behar nuen? Atakatu. Noiz? Lekurik txarrenean, 25. kilometroan. Zortea izan nuen eta korearrak bakarrik segitu ninduen. Haize handia zebilen eta besteak ez ziren ausartu jarraitzen, gainera ez nuela iraungo usteko zuten. Asko arriskatu behar da maratoian, burua oso ondo eduki behar duzu eta ni horretan beti ondo ibili naiz. Lau hilabeteko lana eginda gero ni ez naiz besteek zer egingo duten zain egoten, nik nirea egin behar dut.

28 maratoi egin dituzu eta hiru aldiz erretiratu.
Budapesten urdailetik gaizki nenbilen, Atenasen zuntz apurketa bat eduki nuen eta hirugarrena... Londresen etiopiarrak zapatila kendu zidan. Hiruretan erretiratu beste erremediorik ez neukan, ez nuen zereginik. Erretiroena jendeak ez du hain ondo ulertzen. "Baina zer gertatu zaizu?" galdetzen dizute beti eta azkenerako azalpenik ere ez duzu ematen; "zer pasatu zaidan? Ezer ere ez, erretiratu eta kito". "Beti zeozer, beti zeozer!" erantzuten dute. Bigarren sartzen zarenean ere gauza bera gertatzen da: "Ze pena!". "Nola ze pena? Bigarren egin dut eta atzeko denak zer?". Gizartea horrela dago irabazi egin behar da derrigorrez. Beharbada hemendik urte batzuetara oraingo mailako maratoilaririk ez badago, orduan ohartuko da jendea zein onak ginen.

Martin Fizekin batera aritzea zorte txarra ala ona izan da?
Biak. Nik nahiago dut Martin Fiz kanpoko norbait baino. Baina biak gara euskaldunak eta ni Europako txapeldunordea naiz maratoian eta Euskadi mailako errekorra ez da nirea, Gipuzkoakoa bakarrik. Martinek kendu dizkit errekor guztiak.

Zuk behin baino gehiagotan egin duzu Donostiako maratoia. Zirkuitua oso ona dela esaten da.
Oso ona da. Berlin, Rotterdam eta besteren bat kenduta onena da. Baina elitekoa ezezik maratoi herrikoia egiteko aproposa da. Donostia saldu egin behar da. Asteburu horretan hotelek eta gainerakoek igarriko lukete. 5.000-10.000 bat lagun inguratu beharko lirateke asteburua hirian pasa dezaten eta dirua utz dezaten.

Maratoi berean lasterkari herrikoiak eta elitekoak batera aritzea gustukoa duzu ala nahiago banatuta aritzea?
Polita da batera aritzea.

Elitekook ordea oso kontzentratuta arituko zarete? Inguruan gertatzen denarekin ohartzen zarete?
Bai. Boston, Londres, Rotterdamen... egin ditut lasterketak, 30.000 gora lagunek egiten du lasterka eta kontuan hartu behar da ikusleak ez daudela guregatik bakarrik. Maratoietako ikuslea ez dago gure zain soilik, denak igaro zain egoten da. Korrikalariak hori eskertzen du eta hiru ordutik behera jaitsi nahi dutenentzat laguntza handia da. Horrelako probetako ikusleari hurrengo urtean maratoia egiteko gogoa sartzen zaio, maratoia bukatzeko gogoa. Donostian ere gauza bera gertatu beharko luke, Behobia-Donostia lasterketan gertatzen den bezala. Enbidia dago. Urte batean lasterketa ikusten duzu eta hurrengo urtean bukatzeko asmotan ateratzen zara. Behobiakoa festa bat da. Behobiakoak Donostiarako test bat beharko luke izan eta Behobiarako frantsesak erakartzen diren bezala Donostiarako ere bai.

Elitean hainbeste urte aritu eta gero ondorio fisiko edo lesioez ohartarazten al zaituzte?
Kirol bizitza bukatutakoan kirola egiten segitu behar dugu. Gure bihotza ez da kaleko jendearena bezalakoa, handiagoa da eta mantendu egin behar da bi, hiru edo lau urtez. Kolpetik utziko bagenu eta "aupa la juerga" egin, bihotzekoak emateko arriskua daukagu. Nik 37-40 pultsazio izaten ditut eta zenbait entrenamendutan 170-180 pultsazio harrapatzen ditut. Ni orain lesionatuta nago, baina bizikletan ibili naiz. Izerdia atera behar dut, bestela itotzen ari naizela iruditzen zait. Bi astean bost kilo hartu ditut. 60-61 kilotan ibiltzen naiz eta orain 65 kilo ditut. Normalean bost kiloko tarte horiek ez dizkigute uzten, gero botatzea kosta egiten baita.

Zure ondorengorik ikusten al duzu maratoian?
Ez da gauza handirik ikusten. Kamel Zianik erakutsi du kalitate handia duela. Orain nire entrenatzaile berarekin ari da eta hankak behintzat baditu, burua falta zaio. Maratoia maratoia da.

Azkoitiarra izanda Azpeitian bizi zara. Bi herri hauetan azken 10-15 urtetan korrikalari kopurua izugarri igo da. Kasualitatea izango da zu garai berean munduko maratoilari onenetakoa izatea?
Ni errudun naiz horretan, baina pixka bat bakarrik. Errudun handiena Azkoitia-Azpeitia bitartean egin duten pasealekua da. Korrika egiteko primerakoa. Gero, Azpeitia-Azkoitia lasterketa antolatzen hasi zirenez geroztik ere igarri da kopuruan. Jendea oinez ibiltzen da paseoan, baina gutxien uste duzuna korrika ikusten duzu, Behobia prestatzeko dela... Jendea konturatu da korrika egitea osasunarentzako oso ona dela. Lanetik irtendakoan, estresa kentzeko... Txikiteora joan beharrean korrika egitera doaz.

Japoniarrak maratoiarekin maiteminduta daude.
Japoniarrak kamikazeak dira eta maratoian askotan kamikazearena egin behar da. Horregatik gustatzen zaie hainbeste kirol mota hau. Fukuokan adibidez, hotelean hemen futbolariekin gertatzen dena gertatzen da. Hoteletik gertu entrenatzeko zirkuitu oso polita dago. Bizikletan, paseatzen... jendea ibiltzen da. Familia batek hotelera noiz iristen nintzen kontrolatzen zuen. Zirkuitura, entrenatzera ateratzen nintzenean ezkutatuta atzetik etortzen ziren. Ikusleak ezezik kazetariak ere horrela ibiltzen dira. Estimatzen dituzten korrikalariak ere ez dira edozein. Kamikazeak gustatzen zaizkie, hau da, lasterketan bakarrik ihes egiten dutenak, kilometrotan bakarrik aritzen direnak... Martin Fiz ere asko maite dute.
Diru aldetik ere oso ondo ordaintzen dute Japonian, baina profesionalak nahi dituzte, saiatuak. Bartzelonako Joko Olinpikoetan bederatzigarren egin eta gero, Fukuokan hirugarren egin nuen. Hara joateagatik soilik ez nuen kobratu baina hegazkinean eserlekurik garestienetakoan joan nintzen. Lasterketan hirugarren egin nuen eta postu horregatik zeuden 10.000 dolarrak kobratzera joan zen Antton Gorrotxategi medikua. Bikoitza eman zioten. Zergatik? Ez kexatzeagatik. Karreran parte hartzeagatik kobratu gabe joan ziren batzuk kexatu egin omen ziren eta niri berriz, ez kexatzeagatik bikoitza eman zidaten. Podioan nengoen hirugarrenaren saria jasotzen eta Antton ikusten nuen japoniarrekin tratua eginda, irrifartsu zetorren. Hurrengo urtean berriz Fukuokara joan nintzen, noski

Hamarrekoa
Hamarrekoa
JOXE APALANZA
"Burugogorra. Hankekin lan gehiago egin du buruarekin baino. Errezildarra da, baina mutila oso ona da"

ABEL ANTON
"Odola ere zurgatzen dizu, gai pertsonaletan ere bai"

ALBERTO JUZDADO
"Lagun handienetako bat"

MARTIN FIZ
"Alberto bezala laguna dut baina Martin 'bitxoagoa' da. Beti txapelduna izan behar du"

KAMEL ZIANI
"Kalitate handikoa da, baina pertsona bezala aldatu egin beharko du"

JOKIN ERRASTI
"Pilotari handia. Bera ere handia da, baina hamar kilo sobran dauzka"

ANTTON GORROTXATEGI
"Nire betiko medikua, psikologoa eta lagun handia"

SANTI PEREZ
"Batetik hamarrera berak badaki zein den Diego Garcia. Hau ere laguna dut"

MARIA LUISA IRIZAR
"Txikia, baina bihotz handikoa. Bere garaian maratoian euskal atleta onena"

DIONISIO ETA DOMINGOS CASTRO ANAIAK
"Handinahi gehiegi izan dute. Denetarik egin nahi izan dute eta maratoian munduko onenak izatea ez dute lortu. Hala ere munduko onenetarikoak dira"

Tantoa
Tantoa
Bere kasa korrika ibiltzen zenean ezagutu nuen. Arrantzara nola abiatu zen ere gogoratzen dut. Nik garai hartan masajeak ematen nituen. Behin kontsultara etorri zitzaidan, duela 15 urte. Orduan hasi zen gure arteko harremana. Korrikalari bat gehiago zen, baina materiala bazeukan, nola landu zen gakoa. Egonezin handia zeukan eta zaldi basatia zirudien, errenditzen zaila. Entrenatzailea eta sendagilea hartu zituen eta afari batean esan nion entrenatzaileari: "materia ona diagu esku artean eta pena duk ez lantzea". Hala, proposamen bat egin nion entrenatzaileari: Diegori egurra eman behar zitzaion entrenamendu sesioekin ezin baitzen errenditu. "Erre" zitekeen baina arriskatu egin behar zen. Asteburuetan lagunek irteteko deitu eta nekatuta zegoela arrazoituz ezetz esaten hasi zen. Profesional gisa hasi zen lanean. Hala ere berak esaten zidan: "Lanean fijo hartzen banaute zapatilak ixigiko dizkiat". Nik berriz: "ez ote haute hartuko!" eta hiru hilabete barru kalean geratu zen.
15 urtetan masajeak ematen, hasieran bezeroa zena orain lagun bihurtu da. Gainera, Diegok (beste maratoilari profesional guztiek bezala) asko sofritzen du. Lesioak dituzte, garai txarrak, eta entrenatzen jarraitu behar dute. Orduan jendeak ez dio bizkarrekorik ematen eta komunikabideek ez diote deitzen. Masajearen orduan, gela baten barruan animatzen dut. Entrenamenduetan, beti ematen ari da. Hartu, ez du ezer hartzen. Horregatik masajelari bezala kariñoa eta maitasuna ematen saiatzen naiz, momentu gogorrak asko izaten dituzte-eta. Masajeko gela konfesionarioa bihurtu da


Azkenak
Adin txikikoak dira Osakidetzako genero identitateko unitatetik pasa diren erdiak

1.075 pertsona artatu ditu Barakaldoko ospitaleko genero-identitateko unitateak, 2016ean unitate hori martxan jarri zenetik. Erdiak baino gehiagok adin-nagusitasuna bete aurretik jaso zuen lehen arreta. Eta, kopuru osoaren herenak hamasei urte baino gutxiago zituen.


BBK Livek bisitarien oinarrizko hainbat eskubide urratzen ditu eta salaketa ipini diote

OCU kontsumitzaileen Elkarteak hiru arrazoi zehaztu ditu, horien artean kanpoko janaria eta edaria Kobetamendiko esparruan sartzeko debekua, eta eskudirutan edo banku-txartelaren bitartez ordaintzeko ezintasuna. Facuak aurreko urtean egindako salaketan zehazturiko arazoak... [+]


Arrazakeria salaketen erdiak Polizia jotzen du “agente diskriminatzailetzat” Bizkaian

Diskriminazioaren ahotsak txostenak zenbakitan jasotzen ditu 2023an Bizkaiko SOS Arrazakeriaren Informazio eta Salaketa Bulegoan pertsona ugarik agertarazitako esperientziak, eta haietan "arrazoi arrazista eta xenofoboen aurkako indarkeria, eraso eta diskriminazioak”... [+]


Meaka-Irimo bizirik!

Enpresa batek Irimo mendian zentral eolikoa eraikitzeko asmoa zuela iragarri zigun aspaldi batean haize kolpe batek. Gehienek ezin zuten sinistu, inondik ere. Are gutxiago Irimo mendiaren orografia eta izaera harritsua ezagutzen dituztenek. "Baina ba al dakizu ze nolako... [+]


2024-07-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubi proiektua hasia da konponketa lanak, landaketak eta formazio saioak egiten

Zestoako Iraeta auzoan, Urola ibaiaren meandroan daude Amilibia baserria eta bere lurrak. Horiek modu kolektiboan erosteko dirua biltzen ari da Biolur laborantza ekologikoaren aldeko elkartea. 2025 bukaerarako dute hitzartua azken ordainketa, baina erosketa fasean egon arren,... [+]


Emakume alkateentzako jantzi erronkariarra diseinatu dute, Hiru Behien Zergan parte hartzeko

Larunbatean egingo dute San Martin Harriaren inguruan 600 urte baino gehiago dituen ohitura eta aurten emakume alkateentzako jantzi erronkariarrak prestatu dituzte, orain arte gizonezkoentzako baino ez baitzeuden.


2024-07-12 | Gedar
Pertsona bat atxilotu dute Gasteizen, faxista bati aurre egiteagatik

Orgullo Cazurro talde faxistako kide bati kontra egin zion atxilotuak, eta bideo batean jaso zuen hori. Guardia Zibilak atxiki du berriki, eta badirudi "gorroto-delitu bat" egotzi diola.


Donostian 300 pertsona baino gehiago “muturreko bazterkeria egoeran” bizi direla salatu dute

Donostian, 300 pertsona baino gehiago “pobrezia eta muturreko bazterkeria egoeran” bizi direla salatu dute Kaleko Afari Solidarioak (KAS) eta Hiritarron Harrera Sarea taldeek. “Michelin izarrak dituzten zortzi jatetxe dituen hirian eta Basque Culinary Center... [+]


2024-07-12 | Euskal Irratiak
Cyclopotes elkartea: Ikusmenik gabeko jendeen inklusioaren alde, bizikletaz ibiltzeko

Angeluko Cyclopotes elkarteak ikusmen-gabeko jendeer parada ematen die bizikletaz ibiltzeko. Tandem club des déficients visuels du zinezko izena elkarteak eta 2004ean sortu zen. Joan den astean Amikuze eta Oztibarren gaindi pasa dute aste osoa, egun guziez ibilbide... [+]


Kataluniara itzuli dira Tsunami auziko erbesteratuak

Ostiral goizean ekitaldi politiko bateratua egingo dute Gironan, Herrialde Katalanetan. Puigdemont faltako da, ezin baitu itzuli.


Maximo Aierbe hil da, Euskaldunon Egunkariaren sortzaileetakoa

Bere sorterri Ataunen hil da Maximo Aierbe Muxika, 74 urterekin. Euskaldunon Egunkariaren sortu aurreko eta ondoreneko urte malkartsuetako eginahaletan parte hartu zutenek gogoratuko dute proiektu berriaren akziodun bila hainbeste lan egindako gizon hura. Disziplina eta... [+]


2024-07-11 | Uriola.eus
Gentrifikazioaren aurka, pisu turistiko bat okupatu dute Bilbon

Bilboko AZET plataformak pisu turistiko bat okupatu zuen atzo, auzoaren turistifikazioa salatzeko.


Fronte Herritar Berria garaile atera da, eta hirugarren kokatu da eskuin muturra

20:00etan atera dira lehen datuak, harridura orokorra eraginez: zundaketa guziek lehen kokatzen zuten eskuin muturreko RN hirugarren atera da eta ezkerreko FHB Fronte Herritar Berria garaile. Gehiengoan edota gehiengo osoan ikusten zen RN Batasun Nazionalarentzat zaplaztekoa... [+]


Eguneraketa berriak daude