HIRU ITURRIETAKO ZOHIKAZTEGIAREN BILA

  • Hala ere, gizarteraturiko natura honetan, batez ere igoera arruntetatik at gelditzen diren aldeetan, oraindik balio natural eta ekologiko handiko inguruneak aurki daitezke. Horien artean aipamen berezia merezi du Hiru Iturrietako zohikaztegiak. Glaziazio garaietako erlikiatzat onar daitekeen mendiko hezegune txiki eta hauskor hau bizitzak baldintza gogorretan aurrera egiteko duen ahalmen ikaragarriaren adierazle garbia dugu. Ibilbide honetan Hiru Iturrietako leporaino hurbilduko gara eta bere sekretuak hobeto ezagutzen saiatuko gara.

2017ko azaroaren 28an
Hiru Iturrieta, Azkain herrian Urdazuri ibaiarekin bat egiten duen izen bereko errekaren sorburua denez, bertara joateko Azkaineko hareharrizko harrobietatik Larrunera igotzen den bidea aukeratu dugu. Abialekura iristeko, Azkainen Sararako bidea hartu eta eliza igaro bezain pronto, eskuinetik harrobietaraino iristen den errepidea jarraituko dugu, harrobiak baino lehenago dagoen aparkalekuraino. Bertan autoa utzi eta aldapa gogorrei aurre egiteko prestatuko gara.Larrunera igotzeko ibilbiderik erabilienetarikoa denez, bidea oso markatuta dago. Otadi eta zuhaitz landaketa berriez inguratua, bideak gora egiten du etengabe. Altuera pixka bat hartzen duzuenean, gelditu eta atzera begiratzeak merezi du, begien aurrean irekitzen den paisajea zoragarria baita. Gure oinetan Azkain herri dotorea eta zeruertzean Lapurdi eta Landetako kostaldea eta itsasoa.
Bidea jarraituz, Hiru Iturrietako errekak bere ibilbidean gainditzen duen ur jauzia aurkituko dugu. Euri askoko garaietan ikuskizun paregabea, ura ehunka metrotatik erortzen baita. Hemendik aurrera, bidean aurkitzen dituzuen harrietan edo ondoko harkaitzetan erreparatzen baduzue Larrunen nagusi diren bi harri motetatik bat, "pudding"a, ongi ezagutzeko aukera izango duzue. "Pudding"a ibaietan dauden biribiltasun handiko harkoskorrez osatutako harri konglomeratua da. Dirudienez, bere jatorria duela 230 milioi urte inguru eskualde honetan zeuden harkoskor-hondartzen kontsolidazioan dago. Beranduago, Pirinioak altxatu zituen orogenia piriniarrak, harri hauek egun ikusten ditugun altuerara eraman zituen.
Hiru Iturrietako erreka bistatik galdu gabe, bidean gora jarraitu behar duzue. Pago, izei eta pinuez osatutako baso batean sartu baino pixka bat lehenago, bidea errekatik aldentzen hasten da. Hala ere, zuek bidetik jarrai dezakezue, pixka bat aurrerago bide honek Pirinio osoa iparraldetik zeharkatzen duen GR10 ibilbide ospetsuarekin gurutzatu arte. Bidegurutze honetan ezkerretara jo, zati labur batez GR10a jarraituz. Bide honetatik berehala helduko zarete txango honen helburua den Hiru Iturrietako zohikaztegira.
Zohikaztegiak, harri iragazgaitzez osatutako mendi zokoguneetan garatzen direnez, urez asetako inguruneak dira. Ur asetasun honen ondoriozko oxigeno urritasunak, mendi ingurune hauetan nagusi diren tenperatura baxuekin batera, bertan hildako animaliak eta landareak erabat usteldu gabe geratzea eragiten du, zohikatza izeneko lurzorua eratzen delarik. Zohikaztegiak zohikatzezko metaketak baino ez dira.
Zohikatza sortzen duen amaitu gabeko ustelketa hau hartzidura edo fermentazio izenez ezagutzen da eta berari esker, zohikaztegietan sartzen den guztia kontserbatu egiten da, hala nola, lorautsa aleak, gizakiak egindako tresnak, animalia eta landareen zatiak. Hau dela eta, zohikaztegiak beste garaietako klima, fauna eta flora edo gizakiaren bilakaera aztertzeko alderdi paregabeak dira. Hau guztia dago zuen zain Larrungo Hiru Iturrietako lepoan. Aldapa leuneko ingurune honetan hainbat iturbururen presentziak eta mendiko klimak zohikaztegi eder eta zabal bat eratzea eragin zuten azken glaziazioan. Dena dela, argi eduki behar duzue egungo baldintza klimatikoek ez dutela zohikaztegi berriak eratzea ahalbidetzen. Horregatik, egun gure mendietan aurkitzen ditugunak erlikia naturalak dira eta zoritxarrez gizakiaren jarduerarekiko oso sentikorrak. Beraz, Hiru Iturrietara joatea erabakitzen baduzue, errespetu eta kontu handienaz jokatu behar duzue alderdi baliotsu honi inongo kalterik ez eragiteko.
Zohikaztegia arretaz begiratzen baduzue, nagusiki goroldioz estalita dagoela ikusiko duzue. Esfagnoak izenez ezagunak diren goroldio hauek berebiziko garrantzia dute zohikaztegiaren eraketan, izan ere, hauen behealdeak hil eta zohikatza bihurtzen diren bitartean, goialdeek hazten jarraitzen dute. Hala ere, zohikaztegietan nagusi diren bizi baldintza gogorretan bizitzeko moldatu diren landareen artean karniboroak ditugu, zalantzarik gabe, interesgarrienak. Maiatza eta iraila bitartean, Hiru Iturrietan erraza da eguzki-ihintzak edo muki-belarra bezalako landare karniboroak ikustea. Garai honetan ere, erraza da espezie desberdinetako sorgin-orratzak eta txitxiburduntziak intsektu txikien zelatan ikustea. Bestalde, aipatzekoa da Hiru Iturrieta bezalako zohikaztegiek mendiko anfibioentzat (igelak, apoak, uhandreak) duten garrantzia, anfibioen bizitzaren hasierako aldiak zapaburu forman uretan igarotzeak, ur geldoen beharra izatea eragiten baitu eta honetarako zohikaztegietako putzu eta aintzira txikiak oso egokiak dira.
Hiru Iturrietako zohikaztegiaren sekretuak ezagutzeko behar duzuen denbora guztia hartzea gomendatzen dizuet, baina hori bai, bertako landare eta animaliei inongo kalterik egin gabe, gehienak espezie bakanak eta bereziak dira eta.Jaitsierarako beste ibilbide bat proposatzen dizuet. Hiru Iturrietako zohikaztegia erreka bihurtzen den tokitik bidezidor bat abiatzen da Altxangako gandorra ekialdetik gainditzeko. Gandorra gaindituta bidea beherantz abiatzen da. Otalurren artean irekitako bide hau etengabe jaisten da, Lapurdi eta Landetako kostaldearen ikuspegi zoragarriaz gozatzeko aukera ematen digun bitartean.Jaitsieraren erdian gutxi gorabehera, bideak Altxangako iparraldean jaiotzen den Androlako erreka gurutzatzen du eta jarraian beherantz abiatzen da berriro. Hemendik aurrera, azienden presio handiaren ondorioz agertzen diren larreak, poliki-poliki otalurrak ordezkatzen hasten dira, belar berde eta altuak otadi, txilardi eta irasailen artean nagusitzen hasten direlarik.
Aurrera jarraituz, bidea lizar eta haritzez osatutako baso txiki batean sartzen da eta pixka bat aurrerago bidegurutze batera eramango zaituzte. Eskuinetik Azkainera jaitsiko zinatekete. Ezkerretik, ordea, Azkaineko hareharrizko harrobi ezagunak zeharkatuz autoa utzi dugun lekuraino iritsiko gara. Astean zehar, azken zati hau nahiko arriskutsua izan daiteke, Larrungo hareharri arrosa ospetsua erauzteaz arduratzen den makinaria guztiaren erditik igaro behar baituzue. Asteburuetan, berriz, harrobien jarduera gelditu egiten da eta beraz, ez dago bertatik igarotzeko inongo arazorik
LANDARE KARNIBOROAK
Herri mitologiaren eta azken hamarkada hauetan literatura, komiki eta alegiazko zinearen eraginez, landare karniboroak gizaki osoak irents ditzaketen landare erraldoi eta beldurgarri gisa identifikatu ohi baditugu ere, errealitatea oso bestelakoa da. Landare karniboroak, bizi diren inguruneetako elikagai mineralen urritasunari aurre egiteko animalia txikiak erakarri, harrapatu eta liseritzeko moldaera harrigarriak garatu dituzten eite txikiko landareak dira. Landare hauen biktimak tamaina txikiko animaliak dira beti, hala nola, intsektuen larbak, inurriak, euliak, erleak, matxinsaltoak...
Landare karniborismoaren prozesuak hiru fase dauzka: erakarpena, harrapaketa eta liseriketa. Erakarpenaren bidez, landareak animaliak hurbiltzea lortu behar du. Horretarako, batzuk usain atseginak jariatzen dituzte, beste batzuk nektar goxoak ekoizten dituzte eta beste batzuk kolore deigarriak azaltzen dituzte. Harrapaketan, hurbildutako animaliak harrapatzea lortu behar du. Horretarako, batzuk harrapakinaren mugimenduarekin automatikoki itxi egiten diren malguki edo zurrupaketarako tranpak dituzte. Beste batzuk, berriz, tentakulu eranskorrak dituzte eta azken batzuk kutxa edo inbutuak. Liseriketan, harrapatutako animaliak liseritu eta horrela, inguruan lortzen ez dituen elikagaiak eskuratuko ditu. Liseriketa landare karniboroen kanpoaldean gertatzen da. Euskal Herriko landare karniboroak bi familiatakoak dira: droserazeoak eta lentibuliazeoak. Droserazeoak, -eguzki-ihintzak-, hostoen gainean gorri bizi koloreko filamentu eranskorrak dituzten landareak dira. Lentibuliazeoak, berriz, bi motatakoak izan daitezke: errosetoiak eratzen dituzten hosto distiratsu, koipetsu eta eranskorrak dituzten muki-belarrak eta uretako animaliak harrapatzeko zaku zurrupatzaileak azaltzen dituzten utrikulariak


Azkenak
2025-01-21 | Hala Bedi
Ekaitz Samaniego (All In Da Haus): “Hemen irabazle bakarrak preso politikoak dira”

Joan dira All In Da Hauseko hiru final aurrekoak. Oñati, Gernika eta Hendaiako Gaztetxeetaraino iritsi da freestyle txapelketaren bederatzigarren edizioa. Orain arte egindako bide honen balorazio positiboa egiten dute antolatzaileek, "Euskal Herriko txoko hauetan,... [+]


Moriartitarrek ere badute Urrezko Danborra

Aitor Arregik, Jon Garañok, Jose Mari Goenagak, Asier Achak eta Xabier Berzosak osatzen dute ekoiztetxe donostiarra, eta euren lana aitortu nahi izan du Donostiako Udalak.


Umeek debekatuta dute Debako liburutegian egotea, denboraren zati handienean

6 urtetik beherakoek 16:30-17:30 artean baino ezin dute liburutegian egon Deban, eta 2 urtetik beherakoek zuzenean debekaturik dute. Bestelako neurri baztertzaileak ere jasaten dituzte. Ageriko diskriminazioak haurrak literaturatik aldendu baino ez ditu egiten, eta borroka luzea... [+]


Depresioarekin lotutako hainbat gene identifikatu dira lehenengoz, mundu osoko populazioetan

Dibertsitate genetikoaren ikuspegitik inoizko metaanalisi zabalena egin dute, depresioaren arriskuarekin lotutako geneak identifikatzeko. Horri esker, aurrez ezagutzen ez zituzten 700 aldaera eta 300 gene inguru aurkitu dituzte.


Migratzaileen aurkako ehiza abiatuko duela hitzeman du Trumpek, larrialdi egoera ezarrita Mexikorekin mugan

"Ameriketako Estatu Batuen gainbehera aldia amaitu da", esanez abiatu du kargu hartze ekitaldiko diskurtsoa Donald Trumpek. Besteak beste, trans eta pertsona ez-bitarren eskubideak deuseztatuko dituela hitzeman du, baita energia berriztagarrien aldeko politikekin... [+]


2025-01-20 | ARGIA
Otegi buru, “belaunaldi berri batek” hartuko du EH Bilduren gidaritza

EH Bilduk astelehen honetan abian ipini du mahai politikoa berritzeko barne prozesua. Zuzendaritzak zerrenda proposatu du. Arnaldo Otegik buruzagi izaten segituko du.


2025-01-20 | Julene Flamarique
Iruñeko Erorien Monumentua eraistea eskatu dute

Elkarte memorialisten ustetan, Rozalejoko Markesaren Jauregia, Nafarroako Memoriaren Institutua kokatuko litzatekeen tokia, "omenaldi, oroimen eta oroimenerako lokal bat" izan daiteke, eta Maravillas Lamberto izena eraman. Manifestariek adierazi dute ez dela nahikoa... [+]


2025-01-20 | Leire Ibar
Ortuzar prest agertu da EAJren buru izaten segitzeko

Abian da EAJren barne prozesua. Lehen fasea urtarrilaren 20tik otsailaren 2ra bitartean egingo da. Gaurtik aurrera, Ortuzarrek alderdiaren buru izaten jarraituko duen erabakitzeko aukera izango dute EAJko afiliatuek.


2025-01-20 | Julene Flamarique
Sunsundegiren aldeko manifestazioa: “Sakanan bizi eta lan egin nahi dugu”

Sunsundegik “produktua eta merkatua” dituela azpimarratu dute Altsasun eginiko manifestazioan. “Nafarroarentzat enpresa estrategikoa” izan daitekeela defendatu dute langileek, eta itxiera “aukera gisa ulertzen ez dutela” ziurtatu.


2025-01-20 | ARGIA
Nazioarteko eskuin muturrak inguratuta hartuko du presidente kargua Trumpek

Donald Trumpek asteleheneko 18:00etan (12:00ak Washingtonen) egingo dio zin AEBetako presidente izateari. Europako eta beste hainbat herrialdetako eskuin muturreko estatu buruak gonbidatu ditu inbestidura ekitaldira. Egun bakar bat lehenago emandako mitinean aurreratu duenez,... [+]


2025-01-20 | Leire Ibar
Su-etena indarrean, Israel eta Hamas hasi dira bahituak trukatzen

Igandetik indarrean da Hamasek eta Israelek nazioarteko bitartekaritzarekin adostutako su-etena. Lehen egunean 69 emakume eta 21 nerabe askatu ditu Israelek, horietako bederatzi adingabeak, eta Hamasek hiru israeldar. Gazara laguntza humanitarioko 630 kamioi ere sartu dira.


Eguneraketa berriak daude