argia.eus
INPRIMATU
GUAY INTERNET, BURTSARA IRTEN NAHI DUEN ARABAKO ENPRESA TXIKI ETA GAZTEA
2021eko uztailaren 15
BBVA ETA IBERDROLA bezalako enpresa handiez gainera, Euskal Herrian badira Interneten negozioan sartzea planteatzen ari diren enpresa txiki batzuk. Horietako bat, Guay Internet izenekoa, enpresa txiki eta gazte bat da, bost hilabeteko bizitza baino ez duena. Miñaoko Parke Teknologikoan dago, eta 2000. urtea amaitu baino lehen burtsara ateratzeko asmoak azaldu ditu.
Guay Internet 200 milioi pezetako (8 milioi liberako) kapital sozialarekin sortu da, eta era guztietako pertsonek parte hartzen dute enpresa honetan, kontsultategi mailako industria bazkideak eta higiezinen promotoreak. Eta oso enpresa gaztea izan arren, inbertsio-fondoak eta finantza entitateak bezalako bazkideen sarrera planteatzen ari da. Gaurko egunean 60 langilez osatutako plantila du. Plantila gaztea, batez besteko adina 26 urtekoa baita.
Guay Internet enpresak WAP teknologiari egin zion sarrera, eta teknologia honek bide ematen du sakeleko telefoniatik Interneten sartzeko. Gaurko egunean atari bertikal bat du, besteak beste, Karlos Argiñanok sukaldaritzan ematen dituen aholkuen eta errezeten berri izateko. Guay Interneten ataria Espainiako Estatuko bisitatuenak diren zazpien artean dago. Guay.com helbidean dagoeneko lau milioi orri bisitatu dituzte eta 2000. urteari begira 27 milioi orri bisitatuak izateko helburua dute.
Euskal enpresa bokazioz, Guay Internet enpresak gaztelaniaz eta portugesez hitz egiten den merkatua erdietsi nahi du. Asegarce enpresaren laguntzarekin, brikomanian espezializatutako atari baten diseinuan ari dira lanean egun. Luze gabe abian jarriko dute MP3 (Internetetik musika grabatu) delakoa, eta lanean ari dira higiezinen gestiorako atari bat eta enpresei laguntzeko beste bat edukitzeko.