JUDUEN HIZKUNTZA INOIZ HILIK EGON OTE ZEN?

  • Hebreera ez da "berpiztu" nahi izan den hizkuntza bakarra. Latina, greko klasikoa eta koptoera berreskuratzeko alfer-saioak aipa litezke. Manxera eta kornubiera, Erresuma Batuko hizkuntza zeltak, arrakastatsuagoak izan dira. Baina hebreeraren kasua bakarra da munduan bere lurraldean hizkuntza nagusia delako. Sionismoaren alderdirik harrigarrienetariko bat bada ere, euskaldunendako guztiz ezezaguna da hebreeraren pizkundea. Hego Euskal Herriko hizkuntzetan ez da monografiarik argitaratu gai honetaz (bai, ordea, frantsesez). Artikulu honen bidez hutsune hori betetzen saiatuko naiz eta honen pizkundean ustez ardura gehien izan zuena ezagutarazten ere bai: Eliezer Ben Yehuda (1858-1922).

2021eko uztailaren 16an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Ñabardurak ñabardura, ikertzailerik gehienen arabera, hebreera bigarren mendean gelditu zen mintzatua izatetik. Oso litekeena da, esateko, Yeshu ha-Notzeriren (Jesus Nazaretekoaren) lehen mintzaira arameera izatea eta ez hebreera. II. mendetik XIX. mendera bitarte hebreera hizkuntza erritual bat izan zen, mundu osoko juduek beren otoitz eta zeremonietan zerabiltena. Halaber, hizkuntza izkiriatu bat ere izan zen, gehienbat baina ez bakarrik literatura erlijiosoa zuena, herri juduaren hizkuntza antonomasiaz. Ez da egia, beraz, hebreera inoiz hilik egon zela. XIX eta XX. mendeetan gertatu dena ez da hizkuntza baten "berpiztea" (hori gertatuko zatekeen, adibidez, akadiera edo sumeriera berriro mintzatuko balira), haren "berrerritartzea" (revernaculation, ingelesez) baizik, hots: hizkuntza idatzi moduan iraun duena berriro mintzatu bihurtzea.
Juduen "disglosia" aipagai izan da askotan. Ia bi mila urtez hebreera idazteko erabili zuten israeldarrek eta beste mintzaira batzuk (judu-espainola, judu-alemana, judu-arabiera eta abar), hitz egiteko. Mintzaira horiek juduen auzoenen antzekoak izaten ziren oso. Ustezko "eskizofrenia" hori ez da batere berezia izan historian. Gogorarazi beharra dago, agian, latina katolikoen kultur hizkuntza izan dela ia gaur arte, Erromako Elizaren jarraitzaile gutxik hitz egiten bazekiten ere. Berdintsu esan liteke greko eskolastikoaz eta eslavonikoaz ortodoxoei dagokienez, koptoeraz eta geezaz Egiptoko eta Etiopiako kristauei dagokienez hurrenez hurren, arabiera koranikoaz musulmanei dagokienez, pehlavieraz mazdeistei dagokienez, sanskritoaz hinduei dagokienez, palieraz budistei dagokienez, guruen punjabieraz sikhei dagokienez, wenyan edo txinera klasikoaz konfuzionistei, taoistei eta shintoistei dagokienez... Horretan hebreeraren kasua ez da salbuespena, araua baizik.
Juduen Ilustrazioak, Haskala delakoak (XVIII-XIX. mendeak), eragin izugarria izan zuen hebreera "berrerritartzeko". Alde batetik, juduen hizkuntza mintzatuak eta, bereziki, yiddish edo judu-alemana "ghettoko mordoilotzat" hartu zituen Haskalak. Bestetik, "hizkuntza garbiei" hoberitzi zien, hebreerari eta alemanari, alegia. Israeldarren artean Haskalak bi ondorio nagusi izan zituen. Alde batetik, yiddisha utzi eta alemana edo tokian tokiko gainerako hizkuntzak aukeratu zituztenek judu izateari utzi zioten, hein batean, bederen. Baina, bestetik, judu izaten segitu nahi izan zutenek areago landu zuten hebreera, sinagogatik aparte ere bai. Lehen hebreerazko aldizkaria,"Ha-Measef" ("Biltzailea"), adibidez, 1783an sortu zen, Koenigsbergen. Esan gabe doa, Lingua Sacran idaztea erabaki zutenek, Peretz Ben Moshe Smolenskin-ek (1842-1885), kasu, beti ere, pentsatu zutela hebreerak egoera disglosikoan iraunen zuela, alegia, bakarrik idazteko erabiliko zela, judu bakoitzak segituko zuelakoan bere ama hizkuntzan hitz egiten.
Smolenskinek ez bazekien ere, Palestinako judu sefardiek eta askenaziek, XV. mendeaz geroztik, hebreera lingua franca gisa erabiltzen zuten, sefardien ahoskatzearekin, gainera. Bitartekari-zeregin hori bera izan behar zuen hebreerak Eliezer Ben Yehudaren "Sheela Nikhbada" ("Kontu garrantzitsu bat") artikuluaren arabera. Artikulu hori 1879an argitaratu zen. Bi urte geroago Ben Yehuda Eretz Ysraelera (Eretz Ysrael Palestinaren izen biblikoa da -Samuelen lehen liburuan ageri da, 13:19, duela ia 3.000 urte-. Hebreera, Britainiar Agintaritzaren garaian, ofizialtzat jo zenean (1922an) Palestinaren hebreerazko izena izan zen. Ez nahastu Medinat Ysrael edo Israelgo Estatuarekin ez eta Kelal Ysrael edo Judu Herriarekin ere) joan zen bizitzera. Dirudienez, "arbasoen hizkuntzaz" zituen ideiak errotik aldatuak ziren ordurako.


ELIEZER BEN YEHUDAREN LANA.

Eliezer Isaac Perelman Elianov, gero Eliezer Ben Yehuda izanen zena, 1858an sortu zen, Lituaniako Luzhkyn. Haren familia askenazia zen eta yiddish edo judu-alemana zuen ama hizkuntza. Hebreeraz bazekien idazten (ozta-ozta hitz egiten, baina), errabinoekin ikasia zelako. Errege Daviden hizkuntzari buruz zituen gogoetek bi iturri zituzten. Alde batetik, jakina, Haskala. Haren eraginez, "ghettoko mordoiloak" mesprezatzen zituen, bere lehen hizkuntza barne. Bestetik, Ekialdeko Europan, non-nahi, sortzen ari ziren mugimendu nazionalistak, "herria" eta "hizkuntza" berdintzen zituztenak. Esan dudan bezala, 1881ean kokatu zen Palestinan, Jerusalemen, hain zuzen ere, eta ordurako erabakia zuen hebreeraz baizik ez zuela hitz eginen. Imajinatzen ahal dugu haren lehen andre Debora Yonas-en sufrikarioa, ez baitzekien hebreeraz. Hurrengo urtean haien seme Itamar jaio zen, ia bi mila urtez hebreera ama hizkuntza izan omen zuen lehenbiziko haurra.
Ben Yehudaren lana alimalekoa izan zen. Kontuan hartu behar da hebreera oso hizkuntza pobrea zela -bakarrik zortzi mila hitz ageri dira Biblian eta hamasei mila Mishnan-. Ia egunero hemeretzi ordu eman behar izan zituen lanean hebreera hizkuntza modernoa eta eguneroko jarduera guztietarako gai izan ahal zedin. Hebreerazko Hiztegia bukatu gabe utzi zuen, baina asmatu zituen hitz berri askok indarrean diraute gaur egungo mintzairan. 1890ean Hizkuntzaren Batzordea (Wa'ad ha-Lashon) sortu zuen, Hebreeraren Akademiaren aurrekaria. Astekari bat ("Ha-Zevi", "Oreina", 1884) eta egunkari bat ("Ha-Or", "Argia", 1908) ere argitaratu zituen.
Ez dadila pentsa berehalako arrakasta izan zuenik Ben Yehudak, ez eta hurrik eman ere. Adibidez, Theodor (Binyamin Zeev) Herzl (1860-1904) sionismo politikoaren sortzaileak, "Der Judenstaat" izeneko liburu ospetsuan (1896) honako hau esan zuen geroko Juduen Estatuko hizkuntzari buruz: "...guk (juduek) ez dugu jadanik hizkuntza erkiderik. Ezin da pentsatu ere gure artean hebreeraz mintzo ahal gaitezela. Nork ote daki tren-txartel bat erosteko adina hebreera? (...) Norberak bere hizkuntzari eutsiko dio (...) Mintzairarik baliagarriena berez nagusituko da". Alegia, itxuraz Herzlek Juduen Estatuko eleaniztasunaren alde jotzen bazuen ere, haren gibelasmoa "mintzairarik baliagarrienaren" nagusigoa zen, hots, alemanarena, haren ama hizkuntza baitzen. 1896rako Ben Yehudak hamabost urte eginak zituen Palestinan hebreera lantzen. Herzlen jarrera ez da harritzekoa, haren garaian hogei familiak baizik ez baitzuten hebreera erabiltzen etxean. Esan dezadan, baina, Herzl orduan ez zegoela jakitun hebreeraren aurrerapausoez -1896an berean itzuli zen hebreerara haren "Der Judenstaat"- eta eman dudan lerroaldea hurrengo argitalpenetan aldatzen saiatu zela. Herzl ez ezik, lehenbiziko sionista gehienak eta hebreerazko idazle asko ere, Smolenskin bera barne, berrerritartzearen kontrakoak izan ziren.
Eliezer Ben Yehuda 1922an hil zen. Haren bizitza ez zen alferrikakoa izan. Urte hartan berean, Britainiar Agintaritzak Palestinako hizkuntza ofizialtzat jo zuen hebreera, arabierarekin eta ingelesarekin batera. Orduan 34.000 lagunen ohiko hizkuntza zen: Palestinako juduen artean hiztun gehien zituena. Egun lau milioi israeldarren mintzaira nagusia da.


BEN YEHUDAREN ZEREGINA EZBAIAN.

Batzuen arabera, Ben Yehuda erraldoi bat izan zen, borroka bakarrik egin zuena, hilik zegoen hizkuntza bat "berpizteko" ahaleginetan. Ikusi dugunez, baina, hebreera, ez zen inoiz hilik egon eta beti izan zuen nahikoa literatura aberatsa. Historialari gehienen arabera, Ben Yehudaren eragina handietsi egin da. Menachem Mendel Ussishkin (1863-1941) buruzagi sionistak izan zuen zerikusi handia handieste horretan, "hebreera mintzatuaren aita" deitu baitzion Ben Yehudari 1919an. Hala ere, urte batzuk geroago, Ussishkinek berak, zinismo osoz aitortu zuenez, bazekien Ben Yehuda ez zela deusen "aita" izan, baina, "herriak heroi baten beharra zeukan eta nik eman egin nion". Haren antzera, hebreerazko irakaskuntzaren sustatzailerik ezagunenetariko batek, David Yellin-ek (1846-1941), "hebreeraren pizlea" iritzi zion Ben Yehudari 1923an, hura hil eta berehala. Kontua da hamar urte lehenago antzeko hitzak ibiliak zituela Yellinek, baina orduan ez Eliezer gureaz baizik eta Yehiel Mikhal Pines-ez (1843-1913) ari zela, baita hori hil eta berehala ere. Pines-ek, 1879an, hots, Ben Yehuda Palestinara joan baino bi urte lehenago, proposatu zuen hebreera berriro hizkuntza mintzatua izan zedila, baina bakarrik Eretz Ysraelgo eremu batean, aldi baterako, bederen. Ben Yehudak, ordea, Palestina osoa hartuko zuen abiapuntu. Pines eta Ben Yehuda lagun minak izan ziren eta honek bere autobiografian adierazten duenez, "hebreeran berpiztea (sic) 5642ko (1882ko) Hoshana Rabba gauean hasi zen, Yehiel Mikhal Pinesen etxean".
Ikusten dugunez, hebreeraren berreskurapenak "aita" asko izan zituen (eta dudarik ez, "ama" asko ere bai, pentsa bedi Ben Yehudaren bi emazteez, Deboraz eta Hemdaz, adibidez). Ikertzaile batzuek mesprezatu izan dute Ben Yehudaren zeregina, hura hebreeraren "bultzatzaileen" kate luze bateko kate-maila bat besterik izan ez zelakoan. Ezin ditut aipatu gabe utzi XIX. mendeko beste "kate-maila" batzuk: Yehuda Hai Alkalai, Yosef ha-Levy, Akiva Yosef Schlesinger, Baruch Mitrani... Horiek denek, eta gehiagok, urratu zuten gero Ben Yehuda lotuko zitzaion bidea.
Gauza batean ez dago inolako zalantzarik: Ben Yehudak ez zuen inoiz arrakastarik izanen "hebreera, hebreeraren bidez" ('ivrit be'ivrit) izeneko irakasbidea garatu ez balitz. Izan ere, sistema horrek ahalbidetu zuen eskolakumeen artean hizkuntza zabaltzea eta, 1898an, lehenbiziko hebreradun haurtzaindegia sortzea, horixe izan baitzen Eretz Ysraelgo hizkuntz berreskurapeneko giltzarria. "Hebreera, hebreeraren bidez" irakasbidea ez zuen Ben Yehudak asmatu, Nissam Bechar-ek (1848-1931) baizik. (Bitxitasun bat: Bechar-ek 1874an sortu zuen bere metodoa, hots, Ben Yehuda Palestinara joan baino lehen, non eta Istanbulen, Palestinatik kanpo). Hezkuntzaz gain, Bigarren Aliya edo etorkin juduen oldea (1904-1914) izan zen berreskurapenerako erabakigarria. Lehenagoko etorkinek ez bezala, urte horietan Palestinara ailegatutako juduek hebreera ikasi ohi zuten tokian tokitik abiatu baino lehenago.
Hizkuntza berrerritartzeko prozesua kinka larrian egon zen 1913-1914 urteetan. Garai hartan "Hizkuntzen Gudua" gertatu zen, Ben Yehudak 1881az geroztik eginiko lan guztia hankazgoratzeko arriskuan jarri zuena. Gudu hartan alemana eta hebreera lehiatu ziren, zein gehiagoka, irakaskuntzan bietariko zein erabiliko zen erabakitzeko, baina hebreera izan zen garaile, dudarik gabe. Harrigarria bada ere, lehenbiziko garaiko boluntarismoak zerikusi gutxi izan zuen garaipenean. Hebreeraz hezitu ziren ikasleak izan ziren gakoa, ez baitzeuden prest eskolako hizkuntza aldatzeko.
Joshua Fishman entzute handiko soziolinguista Ben Yehudarekin kritiko gorria izan da. Fishmanen arabera, hebreera "berrerritartu" zen ez Ben Yehuda horretan aritzeagatik, horretan arituagatik baizik. Hebreera Modernoaren Hiztegia argitaratu zenerako, Ben Yehuda hil ondoren (1940tik 1953ra bitarte), bazen Israelgo judu gehienen hizkuntza eta ezin izan zuen soberako eraginik izan berreskurapenean. Hiztegi hori, gainera, Fishman-ek dio, bide egin ez duten "neologismo esoterikoez" beterik dago. Soziolinguista handiak leporatzen die Eliezer gizajoari eta haren Hizkuntzaren Batzordeari sobera murgildurik egon izana beren lanean, hitzak biltzen eta asmatzen, Hizkuntzen Guduan eskua sartu gabe, orduantxe erabaki baitzen hebreeraren geroa. Baina kritikarik gogorrena honetan datza: Ben Yehuda Jerusalemen kokatu zela, judu erlijiosoek menperatzen zuten Hiri Santuan. Ortodoxoek hebreera sinagogatik kanpo erabiltzea erabat arbuiatzen zuten. Hebreeragintza kibbutz eta kokaleku sionistetatik abiatu zen, baina Ben Yehudak ez zuen eraginik haietan. Jerusalem oso berandu hebreartu zen, hogeiko hamarkadatik goiti, Ben Yehuda hil eta gero, alegia.
Israelgo Estatua aldarrikatu zenean, 1948an, Palestinako juduen % 75ek hitz egiten zuten hebreeraz. Hurrengo urtean ulpanak edo hebreerategiak sortu ziren, euskaltegien eredu. Haietan sei hilabete ematen zituzten Israelera bizitzera zihoazen juduek, bost ordu egunero, oinarrizko maila lortu arte. Neurri handi batean ulpanei esker 58.000 pertsonak ikasi zuten hebreera urtero 1954a arte. Une larriak izan ziren haiek, hebreera ito zezaketelako mundu osoko milaka etorkin berriek. Baina, hebreera, berriro ere, garaile atera zen.


"KANAANITAK".

Judu nortasuna, modu batean edo bestean, erlijioan oinarritu izan da. Naziek berek, norbait "arrazaz" judua zen (beraz, Auschwitzera joatea merezi zuen) erabakitzerakoan, oso garrantzitsu zeritzoten haren aitatxi-amatxien erlijioari. Baina Ben Yehudak oinarriak jarri zituen hizkuntza izan zedin nortasun haren beste oinarri bat, erlijioa bera bezain garrantzitsua, edo are garrantzitsuagoa. Eliezerrek, adibidez, hauxe eskatu zion bere alabari: "Ezkon hadi nahi dunanarekin, berdin dun judua den edo ez, horrek ez din garrantzirik, baina, hebreeraz hitz egin dezala!". Ben Yehudaren seme Itamar Ben Avik (1882-1943), ustez ama hizkuntza hebreera izan zuen lehenak, eragin handia izan zuen kanaanismoaren bilakaeran.
Kanaanismoa judaismotik kanpoko sektatzat edo sionismotik kanpoko mugimendutzat jotzen ahal da. Adyah Gor Horon-ek (1907-1972) eta Yonatan Ratosh-ek (1909-1981) sortu zuten, 1939an edo. Ziotenez, haiek ez ziren juduak (yehudim), "hebrearrak" ('ivriyim) baizik. Horretan ere Ben Yehuda aitzindari izan zen. "Kanaanitek" nazionalismo moderno bat garatu nahi izan zuten, Palestinatik kanpoko juduekin hautsita, hauek guztiz "kutsaturik" baitzeuden errabinoen eraginaz. Diasporarekiko haustura areagotzeko, latindar alfabetoaren erabilera nagusitzea nahi izan zuten "hebrear" berriek. Horonen eta Ratoshen arabera, lurraldeak eta hizkuntzak, ez erlijioak, izan behar zuten Eretz ha-Kedem edo Ekialdeko Herriko, hots, "hebrear" herriko oinarria. Eretz ha-Kedem Nilotik Eufratesera (edo Tigrisera!) bitarte zabaltzekoa zen, israeldarrak ez ezik, antzinateko kanaanitak, feniziarrak, kartagotarrak, edomitak, moabitak, amonitak, amorritak, akadiarrak eta aramearrak ere hebrearrak zirelakoan. Gaur egungo Palestinako arabiarrak ere hebrearrak dira "kanaaniten" irudiko. Baina hebrear nazioa, haiek diote, juduez gain, kristauek, musulmanek eta erlijiogabeek osatzen dute. 1967az geroztik, "kanaanita" askok aitortu zuten arabiarrek eskubidea zutela Lurralde Santuan egoteko eta Palestinako Estatuaren alde azaldu ziren.


HEBREERAREN ARRAKASTAREN ARRAZOIAK.

Arrakasta hori modu askotan azaltzen saiatu izan dira. Egile zenbaitek aipatu izan dute Israelgo Estatuko hizkuntza erkide baten beharra. Baina aukera asko zeuden: alemana, frantsesa, ingelesa, errusiera, yiddisha (Palestinako askenazien mintzairak), judu-espainola eta arabiera (sefardien mintzairak). Hizkuntza horiek guztiek abantaila bat zuten hebreeraren aldean: askoz hiztun gehiago zituztela. Esperantoa ere aipa liteke, Poloniako judu batek, Ludoviko Lazaro Zamenhof-ek (1859-1917) asmatua, gaztaroan 'Hibbat Zion erakunde sionistako kidea izan baitzen eta esperantoz mintzatuko ziren mundu osoko juduez beterik imajinatu baitzuen bere Palestina. Hautagai horiek guztiek bazuten beste gauza batean elkarren antza: lingua francatzat har zitezkeela, baina ezin espero zutela herri judu osoaren berezko Hizkuntza izatea, ez eta Eretz Ysraelen sorturiko juduen ama hizkuntza bihurtzea ere. Hebreeraren arrakastaren arrazoiak, beraz, ideologikoak dira gehienbat: populu batek herri berri bat eraikitzeko nahia eta nahi horretarako hizkuntza berri bat ezinbestekoa zen, ghettoz eta zapalketaz beteriko iraganarekin hautsiko bazen.
Yiddish edo judu-alemana zen hizkuntza horien guztien artetik arriskutsuena hebreerarendako. Oso literatura aberatsa zuen, guztiz egokiturik zegoen bizitza modernorako eta Palestinako judu gehienek, baita hebreeraren lehenengo bultzatzaile gehienek ere, Ben Yehuda barne, ama hizkuntza zuten. Paradoxikoa bada ere, Shoah edo Holokaustoak lagundu zion hebreerari yiddisharen aurkako borrokan. 1939an 16.600.000 judu zeuden munduan eta horietarik hamar milioik, hots % 60k, yiddisha zuten ama hizkuntza. Naziek hil zituzten sei milioi juduetarik bost milioiren ama hizkuntza zen yiddisha. 1945ean 11.500.000 juduk zirauten, baina yiddisha bakarrik munduko juduen %43ren ama hizkuntza zen.
Askotan egin ohi den galdera da Israelen mintzo den hizkuntza Davidek eta beste hebrear erregeek hitz egiten zuten bera ote den. Sionistek, jakina, ez dute horretan duda izpirik. Baina, zorionez edo zoritxarrez, hori ez da egia. Ben Yehudari "hebreera osoa" erabili izana leporatu izan zaio. Izan ere, hebreerak, hizkuntza guztiek bezala, bilakaera bat izan zuen denboraren denboraz. Literatura laikoan ere erabiltzen zen, gehienbat Haskalaz geroztik. Zentzuzkoena izanen zatekeen hebreera modernoa hartzea abiapuntua "berrerritartzerako", hizkera hori nahiko landua baitzegoen eguneroko bizitzarako. Horixe izan zen Yosef Klausner-en jarrera (1874-1958). Baina Ben Yehudak ez zuen horrela egin eta Bibliatik eta Mishnatik hasi eta bere garaiko azkeneko egileekin buka nahaste-borraste bat egin zuen, hitz guztiak zaku berean sartuz. Hortik aparte, Ben Yehudaren ondoren, hainbeste hitz berri asmatu dira, hainbeste aldaketa izan dira joskeran, hiztegian eta hotsetan ezen ez baita bidezko hebreera klasikoarekiko ezberdintasunak ahanztea. Israelgo hebreerak, Bibliakoari dagokionez, gaztelaniak edo frantsesak latinarekin duten alde bera du gutxienez. Egia da gaurko hebreeradunek oso ongi ulertzen ahal dutela Genesia edo Exodoa jatorrizko hizkuntzan. Baina kontrakoa ez da egia: Abraham aitalehenak itzuli bat eginen balu Tel Aviveko ostatuetatik ez luke gauza handirik ulertuko. Ziur pentsatuko lukeela berriro Sodoma eta Gomorran zegoela


Azkenak
Nazioarteko Zigor Auzitegiak Netanyahu eta Israelgo Defentsa ministro ohi Gallant atxilotzeko agindu du

Gizateriaren aurkako krimenak eta gerra krimenak egotzi dizkie Hagako auzitegiak bi sionistei. Erabakia "antisemitismotzat" jo du Netanyahuk, eta Hamasek, aldiz, "Justiziarako urrats garrantzitsutzat".


Umandi izena eta izana

Andoni Urrestarazu Landazabal Araiako herrian 1902ko uztailaren 16an jaio zen eta 1993ko azaroaren 21ean hil zen Gasteizen. 31 urte bete dira jadanik eta bere izena eta izana aitortzeko une aproposa dela deritzot, ez baita ongi ezagutzen utzitako ondarea. Umandi, bere herriko... [+]


Memoriadun euskara

Autobiografia idaztea omen da garapen pertsonalerako tresnarik eraginkorrena, askatzaileena. Iraganeko kontuei tira egin eta gogora ekartzeak, orainaldiko korapiloak askatzen laguntzen omen du. Bai, laguntzen du orainaldia ulertzen eta komeni zaigun etorkizun bat marrazten... [+]


Etorkizuneko apustua

Pandemiaren iragarpenetik Valentziako tragediarainoko errepasoa egin eta ondorioztatu dut gezurra eta forupea suhesi gisa dituen kudeaketa instituzional negargarria klase gobernariaren konstantea dela.

Ez dugu gobernari ordezko baliogarririk sistema pendular hau aldatzen ez... [+]


Gelditu dute emakume baten eta bere alaba adingabearen etxegabetzea Gasteizen

Polizia etxegabetzea geratu nahi zituzten herritarren aurka oldartu da eta hainbat lagun zauritu ditu. Azkenean, etxegabetzea atzeratu duela jakinarazi du epaitegiak.


X-etik irten nahi? Nor dago Mastodonen eta Blueskyren atzean? Nola finantzatzen da bakoitza?

Gaur, azaroak 21, Mastodon.eus komunitateak sei urte bete ditu. Urteurrena ospatzeko Gure aukera, sare libreak kanpaina abiarazi dute, atxikimenduak biltzeko. Izan ere, azken asteetan “eXodoa” ematen ari da: erabiltzaile asko X-tik ihes egiten ari dira, sare... [+]


Iruñeko Erorien Monumentua
Maravillas Lambertoren izena ez erabiltzeko eskatu dute fusilatuen senideek

Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak gogor kritikatu du Iruñeko Erorien Monumentuaren inguruan EH Bilduk, Geroa Baik eta PSNek egindako akordioa. "Pedagogia" egiteko toki hobeagoak daudela dio eta interpretazio zentroari Maravillas Lamberto izena... [+]


2024-11-21 | Julene Flamarique
933 nobedade eta 200 ekitaldi Durangoko Azokaren 59. edizioan

Abenduaren 5ean Ikasle Goizarekin hasiko dute azoka. Hurrengo egunean Gazte Eztanda eguna egingo dute, eta gazteei zuzendutako hamaika jarduera egongo da. Egun berean, iazko Sormen Beka irabazi zuen Argizagi. Zubiak adiskidetasunerantz telesailaren aurkezpena egingo du Marramiau... [+]


Mastodon.eus-en “Gure aukera, sare libreak” kanpainarekin bat egin du ARGIAk

ARGIAko lantaldeak bat egin du Mastodon.eus-ek bere seigarren urtemugan abiatutako Gure aukera, sare libreak  atxikimendu kanpainarekin.


2024-11-21 | Sustatu
Sei urte bete ditu gaur Mastodon.eus-ek

Mastodon.eus euskal fedibertsoko instantzia agian nagusiak sei urte bete ditu gaur. Urteurrena ospatzeko "Gure aukera, sare libreak" kanpaina abiarazi dute, atxikimenduak biltzeko. Efemeridea une interesgarri batean dator: Elon Musk-ek, X/Twitterren jabeak,... [+]


Ertzaintzak zaurituriko Realeko zalearen kasua berriz irekitzeko agindu du epaileak

Gipuzkoako Lurralde Auzitegiaren ustez, bideo bateko irudietan ikusten denak "talka" egiten du Ertzaintzaren atestatuarekin, eta Amaia Zabarte foam bala batekin zauritua izan zenaren "ebidentzia erakusten" du, Noticias de Gipuzkoa-k jaso duenez.


Arma nuklearrarekin erantzuteko bidea ireki du Putinek, Ukrainak AEBek eta Ingalaterrak emandako misilekin eraso egin eta gero

Arma nuklearrarekin erantzuteko aukera dakarren dekretua izenpetu du Vladimir Putin presidenteak. Hegazkinekin, gurutzaldi misilekin zein droneekin "eraso masibo bat" pairatzeak ondorioztatu dezake arma horren erabilpena. 


2024-11-21 | Gedar
Mobilizazioak bertan behera utzi ditu ‘Lo que no te cuentan de Donosti’-k

Bere Telegram kanalaren bidez jakinarazi du ez dituela deialdi erreakzionario gehiago egingo oraingoz. Aurreko larunbatean, nabarmen egin zuen porrot Eason antolatu zuen kontzentrazioak, eta agerian geratu da kontramobilizazioen eraginkortasuna.


2024-11-21 | Julene Flamarique
Feministak eta artista emergenteak eskutik eskura: Feministaldia eta Inmersiones jaialdiak ahizpatu dira

Azaroaren 20an Donostiako Le Bukowski tabernan abiatuko dute elkarlanean egindako jaialdia. 40 artista, aktibista, pentsalari eta kolektibok hartuko dute parte. Amaiera Gasteizen izango da, ZAS espazioan.


Eguneraketa berriak daude