"GURE ARMADURA MEHEGIA DA ANTZERKI KRITIKOA EGITEKO"

  • Lotsatien xarma du Karlosek. Lehen begiradan inor gutxik igarriko luke Maskarada antzerki taldeko zuzendaria dela. Leioa eta Getxon ere antzerki eskolak ematen ditu. Txapelik gabeko bilbotarra eta solaskide fina dugu, berehala antzematen zaio eskola frantsesera joandakoa dela. Zigarroa bakarrik hatz artean edukitzeko pizten duen gutxi horietakoa da, ia zupadarik eman gabe. Bere euskara beharko lukeen bezain ona ez dela esan digun arren, euskara hutsean mintzo gara. Gaiak purrustaka ateratzen dira: euskal antzerkiaren oztopo lasterketa, antolatzaileen desantolaketa, korrikalari izateko zein ezaugarri behar ote diren, lasterbide ezkutuen bilaketa helmuga topatzeko. Eskerrak bidean hornidura guneak aurkitu ditugun pausatu ahal izateko

2007ko otsailaren 21ean
Arte Ederrak Leioan ikasten ari zinela, erabat kasualitatez hasi zinen antzerki munduan.
Bai, musika aldera eman nituen nire lehen urratsak, baina aldi berean oso poesia zalea nintzen. Hori zela eta, Kilikilariak nirekin harremanetan jarri ziren, beren obra baterako musika jo nezan. Horri lotua, estreinatu berri dugun "Ikaro" ikuskizunak lotura handia dauka nire hastapenekin. Pixkanaka aktore gisa hasi nintzen, esaldi laburrak lehenengo eta luzeagoak gero. Kilikilariak profesional bilakatu zenean, nire bizitzako erabakia hartu nuen, antzerkian buru-belarri murgildu. Ordutik hona, nire formakuntza autodidakta izan da, nire hutsuneak betetzeko ikastaro asko egindakoa naiz, Parisen Teatre du Soleil taldearekin lan egin nuen. Eskarmentua hartu banuen ere, antzerki arloan ez zegoen nik nahi nuen elementurik, esaterako, nola erabili koloreak, formak... Leioan Arte Ederrak ikus-entzunezko arloan amaitzen ari nintzela, bertako Antzerki Aretoko zuzendaria ere banintzen. Eta, egia esan, oso baliagarri izan zait teoria jakitea, gauza bakoitzak oholtza gainean zer garrantzi duen jakiteko

Maskaradaren 20. urteurrena gertu dela, zein balantze egiten duzu? Zerbait erakutsi baduzue, profesional petoak eta zeharo eklektikoak zaretela izan da.
Nahiko posmodernoak gara, ez dugu ildo jakin batetik jo. Gaia interesatzen zaigu, obra horren izpiritua gureganatzea, zorroztasun batekin sakondu. Adibidez, Antonio Skarmetaren "Nerudaren postaria" egin genuenean, Txilera joan nintzen Nerudaren etxera, girotu eta handik eszenografia ateratzeko: branka, kanpaia, eta abar. Txileko jendearekin ere desagertuen gaiaz aritu nintzen. Fikzioa den arren, antzerki dokumentala, oinarri erreala duena da.Beraz, ez dakit nondik joko duen hurrengo muntaian, agian Pedro Osinagaren kutsuko zerbait izango da, auskalo. n Maskaradan komedia hobetsi duzue, komertzialagoa delako akaso?Ez, arrazoi komertzialengatik baino trebeagoak garelako landu dugu komedia. Txiste errazak milaka daude eta tragediak beste hainbeste. Ez dut uste gainera, komedia tragedia baino errazagoa denik. Bizitzak biak ditu eta, antzerkia, bizitzaren ispilua da. "Nerudaren postaria"n biak sartzen ziren, hasieran komedia eta gero, tragedia

Antzerkia zikina eta inperfektoa da, inguratzen gaituen mundua bezala.
Hori egia borobila da, begiak irekitzea baino ez dago. Obra plastiko bat, margo bat, hor dago betiko. Antzerkia berriz, beti aldatzen ari da; iragankorra den arren, lantalde baten dinamika sortzea zirraragarria da.

Talde frankok euskarazko bertsioa betegarri gisa egin ohi du diru laguntza eskuratzeko. Zuek aldiz, guztiz Alderantziz.
Jaio ginenean euskaraz egiten zen antzerkia amateurra zen, Zuberoako pastoralak eta talde txikiak herrietan. Gure asmoa euskarazko antzerkia duina bilakatzea zen, erdarazkoaren parean jarriz. Haur antzerkia eginez hasi ginen eta, hortik segitzerik bazegoen ere, esparrua zabaltzea nahi genuen. Hortaz, hasi eta bi urteren buruan, Dario Foren lan bati heldu genion egokitzapena egiteko. Baina orduan arazoa sortu zitzaigun, nori zuzendu? Euskaldunzaharrak, berriak, hikaren kontua herri batetik bestera hor egonda. Publikoaren gustukoa izatea helburu baikenuen. Testua ere errazegia edo zailegia gertatzeko duda genuen. Bestalde, komertzialtasun apur bat eduki behar zela garbi genuen, batik bat komedia arloa, publikoa ez uxatzeko. Modu honetan taldearen muina sortu genuen. Gure arteko harremana oso ona izan da beti, baita taldetik pasa direnekin ere. Lagun talde bat gara.

1994an berriz, "Ernesto izatearen garrantzia" lana gazteleraz ere taularatzen hasi zineten. Zergatik?
Euskarazko antzerkiak duen muga ez zaigu hainbeste axola. Azken batean, bizitzak hainbat labirinto du, bizi ahal zara euskararen labirintoan eta ongi, gainera. Prestigio kontuak eraginda hartu genuen erabakia, nahiz eta prestigioa oso erlatiboa den. Hain zuzen, hamalau urtez euskaraz bakarrik jardun ondoren, jendeak taldearen izena ezagutzen zuen, baina ez gure lanak. Nola kanpora ezer gutxi ateratzen ginen, bazirudien Maskaradakoak ia-ia abarkekin genbiltzala. Antolazaileak berezia izan behar zuen gu gonbidatzeko. Kontua da Madril edo Bartzelonara joanez gero kontuan hartzen zaituztela, bestela ez. Arrazoia beraz, gure maila ona zela erakustea zen bai euskaraz bai gazteleraz. "Ernesto" gazteleraz egin genuenean jendea esaten hasi zen

"kontxo, zelako maila duten hauek".
Nolabait, ikus gaitzaten buia bat azaleratzea izan da

Maskaradan gainera, lehenik antzezlana euskaraz lantzen duzue eta gero gaztelerara egokitu.
Bai, eta ez genuen uste hainbeste buruhauste emango zigunik gazteleraz moldatzeak, zelako lana! Doinuarekin bereziki. Esaterako "Ernesto izatearen garrantzian" ingeles aristokraten antzera hitz egin behar zuten aktoreak euskarazkoan ongi aritzen ziren, baina gazteleraz, "erreak" gehiegi ahoskatzen zituzten eta, ondorioz, obra gelditu genuen euskal doinu hori kentzeko

Garai zailak bizi ditu antzerkiak, zuk berriki esan duzunez, telebistak komediaren tokia hartu du eta zinemak dramarena, non dago antzerkiaren lekua?
Pastelaren zati handi bat kendu dio antzerkiari telebistak. Komedia zuri horien tokia hartu du, gaur egun etxean zapping egitea nahikoa zaio jendeari. Eta drama kutsua nahi badu, hor dago zinema. Egin kontu, New Yorkeko Broadway-en ere jendeak erreferentzia bat behar du antzerkira joateko, izen ezagunak, zinema edo telebistako aktoreak izan daitezela, edota gutxienez, obra ezaguna izatea. Hori ez badu, txarto doa. Jendeak, gero eta gehiago ikuskizun berezi modura ikusten du antzerkia. Bere tokia erdibidean dago, abangoardia eta komertzial arloen artean. Dena den, gu saiatzen gara obra bakoitzak jendearen ikusmina piztu dezan. Badakit zaila dela abangoardia antzerkia egitea, "Ikaro" bezalako lan bat taularatzeko jende asko mugiarazi behar duzulako. Dugun azpiegitura ere ez da batere aproposa gauzei taxuz heltzeko

Lan baldintzak aipatu dituzula, Ricardo Bilbao Eusko Jaurlaritzako kultura zuzendariak adierazi du antzerki eskola ofiziala beharrezkoa dela, baina ez dutela epe jakinik jarriko, aurretik, kultura, industria eta hezkuntza sailek plan estrategikoa lotu beharko luketelako.
Hamar urte daramate hori bera esaten. Gogoratzen naiz Kultura Sailan aritu zen Labaienek bota zuena: "Euskadi kulturarik gabe bizi daiteke baina ez euskararik gabe". Nola? Antzerkia eta euskara eskutik helduta doaz-eta! Duela gutxi arte karguan egon den Amaia Rodriguez ahalegindu zen zerbait egiten; orain berriz, geldirik dagoela dirudi. Tamalez, ez dugu harreman ona administrazioarekin. Era berean, ez da normala guk, 20 urteren buruan, antzezlan bakoitza leku ezberdin batean prestatu behar izatea, "Ikaro" Santurtzin, "Neruda" Zornotzan, "Ernesto" Basaurin... Santurtzin egin ziren jardunaldi batzuetan, estatu mailako zenbait aditu etorria zela, eztabaidak izan genituen agintariekin. Hemen egiten den antzerkia askoz gehiago mimatu beharko litzateke. Sormenaren emaitza ona da gurean, kanpoan begi onez ikusia eta lehiakorra, baina hemen ez hainbeste. Administrazioak ez du arte eszenikoen auzia adarretatik heltzen, antzerki eskola ofizialaren premia, sortzeko tokiak; denbora pasatzen ari da. Jendeak hemendik alde egiten du, hemen jai duelako. Murtzian ere eskola ofiziala duteeta

Hemengo kritikariak ere ez dira bereziki lagungarriak...
Batzuk behinik behin ez, jarrera txarra erakusten dute. Esate baterako, duela gutxi estreinatu den "Birus" lana ez dute batere lagundu; hobea edo txarragoa izan daiteke, baina faborez, errespetuz tratatu! Hemen asmatu, idatzi eta taularatua izan delako. Ur taldea hemen zegoenean ez zioten kasu piperrik egin, hori bai, Sari Nazionala eman dietenean, goresten hasi dira. "Nerudaren postaria" taularatu genuenean esan zuten "filma ikusi baduzu ez du merezi, ez baitu inolako ekarpenik egiten". Kanpoan berriz, kritika onak jaso zituen. Madrilgo bat hona etorri eta miretsi egiten dute, Osinaga edo Arturo Fernandez izanda ere. Zergatik?n Programatzaileek eragin handiagoa dute baina...Handiagoa ez nuke esango, programatzaileek kritikariei kasu egiten dietelako. Egia da hala ere, zartagina eskutik beraiek dutela kontratuak luzatzerakoan. Adibidez, Ander Lipus-en "8 Oliveti poetiko" antzezlan ausarta oharkabean pasatzen ari zen, harik eta norbaiti gustatu egin zaion arte eta orain gehiago programatzen hasiak dira

Antzerkian, nor da "erregea", publikoa ala aktorea?
Biak kutunki zaindu behar dira. Agian, publikoa gehiago daukat buruan entseguetan bere eserlekua hutsik egoten baita. Nolanahi ere, nik orokortasunari begiratzen diot, antzerkia arte ezberdinen nahasketa izanik, hau da, dramaturgia, musika, estetika, eszenografia, eszenaratzea... baina noski, aktorerik gabe ez dago ezer

Dario Fok dio publikoak buruan duen kamera erabiltzera bultzatu behar duela antzezle on batek, zoom baten gisan, plano orokor batetik motz batera mugi dezan.
Bai, jakina, hori da aktore on batek egiten duena. Taula gainean ere plano ezberdinak lantzen ditugu ikuslearen arreta mantentzeko. Lehenengo metroa ongi kontrolatu behar du, non pausatu begirada, begirada nola erakarri, eta abar

Maskaradak egingo al du inoiz gure errealitatea salatzeko antzezlanik?
Oso zaila da. Herri honetan kritika zorrotz bat egiteak ondorioak ekarriko lituzkeelako. Gizartea erdibitua dago, ez da erraza erdian egotea "Pepito Grillo"ren antzera; abertzaleak ez direnak kritikatuz gero, egurra, eta besteen aldean lerrokatuz gero, berdin. Behin baino gehiagotan planteatu dugu, baita zerbait idatzi ere. Baina suizidioa litzateke guretzat. "Els joglars"eko Albert Boadellak bere irudia lantzen jakin badu ere, ez dezagun ahaztu Katalunian dagoela

Heldutasuna eta tradizioa falta zaigu gure burua kritikatzeko.
Katalunian estatu mailan dagoen antzerkirik hoberena dute, antzerki kritikoa: "Els joglars", kale antzerkia "Els comediants", abangoardia "La fura dels baus" eta komedia "El Tricicle". Eta horiek iceberg-aren punta baino ez dira, antzerki eskola ofiziala, nazionala, milaka aktore eta zuzendari onak aukeran, alegia, Mario Gas, Flotats, Lluis Pasqual, Belbel, eta abar. Antzerkiko goi mailako ikasketak daude, gainera. Hemen aldiz, itsaso erdian gaude, norbaitek labankada bat eman eta ez duzu kontatzerik. Gure egoera apalegia da esperimentuak egin ahal izateko. Gure armadura mehegia da jasoko genituzkeen kolpeak jasateko

Zerez zaudete eginak antzerki zuzendariak?
Ba, denetik dago, ni, berez, lotsatia naiz. Baina badugu zerbait amankomunean: ikusmina eta jakinmina; oso ondo pasatzen dugu bizitza behatzen, begi zoliekin. Giza portaera, rolak, jendea ikustea ihauterietan, antzerki amateurra, jarrera bereziak, kalean entzuten diren ika-mikak, orain guregana datorren zerbitzariaren jarrera. Hori da gure iturri nagusia. Zuzendariak voyeurrak izaten gara, ateko zirrikitutik barrura begira; isilpean

Hamarrekoa
Hamarrekoa
AITA
"Ezkertiarra eta kultura zalea. Eragin handia izan du nigan"

AMA
"Okendo herrikoa, aberria eta euskal sena sentiarazi zizkidan"

AITOR MAZO
"Aktore naturala, gizon prestua eta atsegina. Txiste kontalaririk onena eta txarrena"

RAMON BAREA
"Aktore izugarri ona, eta zailena dena: aldakorra. Molderraza. eta puntako zuzendaria"

ALFONSO SASTRE
"Liburu handi bat da, kontatzen dituen anekdotekin ikasten duzu. Gurean dugun harribitxia"

HELENA PIMENTA
"Bere balioa kanpoan saritua izan ondoren onartu zaio. Klasikoak moldatzeko trebezia du"

FERNANDO BERNUES
"Gurekin jardun zuen aktore gisa. Jantzia dago antzerkiaren egoerarekin. Bere iritzia oso kontuan hartzen da Espainian"

DARIO FO
"Teatro kritikoaren idazlerik onena Brecht-en atzetik. Bere obra ezezagunak zorrotzagoak dira"

JUAN CARLOS PEREZ
"Musikan bide berriak zabaltzeko duen ausardia miresten dut. Bion elkarlanaren ondorio da 'Ikaro'"

MIKEL MARTINEZ
"Komediarako dohaia duen aktorea, bakarrizketei heltzeko kuraiarekin"

Tantoa
Tantoa
Iraupen lasterketa bat da antzerkia; jai dute oportunistek, antzerkiaren xarmak erakarrita hurbiltzen diren horiek. Eta Karlos Panerak egiaztatua du -ongi merezita- iraupen korrikalariaren maila euskal antzerkiaren lasterketan (norantz ordea?). Berari zor zaio talde "euskaldun" profesional baten sorrera. Baina lortu al du? Pilota hori oraindik teilatuan dago, beste anitz bezala; hain zuzen, Maskaradak, azkenean, bere burua konpainia elebiduntzat eman izanak gauza bat baino ez du adierazten: beren antzezlanen oihartzuna ez dutela hizkuntzaren arabera mugatuko. Beti ere, xede nagusiari muzin egin gabe: antzerki "euskaldun" profesionala. Maskaradaren curriculumean nornahik konta ditzakeen son handiko lanak daude, hain ezberdinak diren testuak oinarri hartuz. Hala nola, Gabriel Aresti, Marc Legasse, Oscar Wilde, eta abar; eta orain, "Ikaro" hau. Ahalegin esperimentala, gero, antzerki dramatikora gogo biziz itzularaziko dituena (guk nahiago ditugu beren saialdi "depouilees" horietan, ikuskizunaren "zero gradu"tik gertuago itsusikeria handietatik baino, non soinu efektuak isiltasun mota ezberdinetatik sortuak diren, eta mugimendu handiak, ia ezerezetik. Panerak denetara jokatzen daki, eta ongi egiten du, gainera)


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Akordioa erdietsi dute haur eskoletako langileen baldintzak hobetzeko, bi greba deialdien atarian

16 urteren ostean, Eusko Jaurlaritzak eta Haurreskolak Partzuergoak akordioa erdietsi dute astelehen iluntzean lan-hitzarmena berritzeko. Greba deituta zegoen asteazken eta ostegun honetarako, eta LABek eta Steilasek indarrik gabe utzi dituzte bi deialdiak. Asteartean mintzatuko... [+]


Bigarren itzulian erabakiko da nor izango den Ekuadorko presidentea

Inkesta gehienen faboritoa Daniel Noboa egungo presidente eskuindarra izan arren, aurreikusitakoa baino tarte txikiagoa atera dio Luisa Gonzalez hautagai correistari. Apirilaren 13an egingo da bigarren itzulia.


2025-02-10 | ARGIA
Traktoreak Gasteizko, Baionako eta Tafallako kaleetan, azken protesten urtemugan

Gasteizko protestak Trebiñu eta Araba elkarteek deitu dituzte, Tafallakoak Semilla y Belarra elkarteak eta Baionakoak 'Pirinio mendikateko laborariek’. Denek salatu dute Mercosur merkataritza akordioaren ondoriozko konpetentzia, eta erregaien zerga gehiegizkoak.


Goya sariak eta esaten (ez) diren hainbat kontu

Euskal herritar ugari saritu ditu Espainiako zine akademiak pasa den asteburuan banatu diren Goya sarietan. Artikuluaren bigarren partean, zeresana eman duten hainbat kontu aletuko ditugu.


Altzairuari eta aluminioari %25eko muga zergak ezarriko dizkiela iragarri du Trumpek

AEB inportatzen dituen altzairu eta aluminioari %25eko muga zergak ezarriko dizkiola iragarri du Donald Trumpek. Ez du zehaztu noiz sartuko den neurria indarrean.


Bosgarren preso trukea egin dute Hamasek eta Israelek

Bien arteko su-etena indarrean sartu zenetik hiru aste bete direnean, Hamasek guztira 21 bahitu askatu ditu eta Israelek, berriz, 730. Bahitu israeldarren irudiak "gizateriaren aurkako krimen baten adibidea" direla salatu du Israelgo presidente Isaac Herzogek.


Carrefourren kontrako boikot eguna antolatu du larunbaterako BDZk

Gizarte palestinarrarekin elkartasunean luzatutako Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak kanpainak "baterajotze nazionalera" deitu du otsailaren 15erako Carrefourrek Hego Euskal Herrian dituen bost merkataritza zentrotan. 


Mezu “faxistak” zabaltzeagatik ikertutako EHUko irakasleak salatu du sareetan identitatea ordezkatu diotela

"Gaia argitu arte, irakaslea ez da campusera itzuliko", adierazi du Joxerramon Bengoetxea errektoreak, eta gehitu du "bitartekaritza" bat abiatu dutela zer gertatu den ikertzeko eta horren aurrean zer egin ikusteko. EHUko Ikasle Kontseiluko lehendakari... [+]


EH Bilduk zerrenda bateratuak osatzeko eskua luzatu die EAJri eta ezker konfederalari, Espainiara eta Europara begira

"Adostasun zabaleko gutxieneko programa amankomun bat" oinarrian izatea posible da, EH Bilduren esanetan. Zerrenda bateratuak osatzea lehenetsiko du Espainiako eta Europako hauteskundeetan, Frantziako Estatuko Fronte Herritar Berriaren tankera hartuta.


Ibaipeko autobidearen proiektua gelditzea exijitu dute ehunka lagunek Bilbon

Bizkaiko Foru Aldundiak abiatutako proiektuak "herritarren benetako beharrei" erantzuten ez diela salatu dute, Subflubiala EZ! plataformak deituta. Autobideak eraiki ordez, instituzioek garraio publikoa sustatu behar dutela adierazi dute.


Beltrán eta Sololuze oroitu dituzte Zaldibargo hondamendiaren bosgarren urteurrenean

Bi langileak oroitzeaz gain erantzukizunak eskatu dituzte, Zaldibar Argituk igandean Eitzagan eginiko ekitaldian. Justiziaren mantsotasuna salatu dute, sumarioa oraindik instrukzio fasean dagoelako.


“Udala legez kanpo ari da errolda ukatzen gasteiztar behartsuenei”

Erroldarik gabe izaterik ez ekimenak Gasteizko Udalaren bi barne dokumentu eman zituen argitara urtarrilaren 30ean. Udalerrian erroldatzeko irizpide murriztaileak jasotzen dira bertan, “bidegabeak eta ilegalak”, eragilearen esanetan, herritar baztertuenen kaltetan... [+]


2025-02-10 | Behe Banda
Barra warroak
Gaia atera

Batzuetan ez dakit gehiegi ez ote den. Pipa janean gaudela, beste edozer gauzaz hitz egiten gaudela, gaia ateratzea. Ozen hitz egitea gustatzen zaigu guri, ia isilunerik ez uztea, ahotsak teilakatzea, zeinek handiagoa botatzea. Hitz egitea bakoitzak bereaz, bakoitzak... [+]


Eguneraketa berriak daude