Parisko euskal diasporaren erreferente historiko nagusia Eskual Etxea da. Iparraldean "euskaldunari eskualduna" esan izan zaio. Etxeak, hartaz, Eskual du izena. Eskual Etxetik landa, komunzki, bertako euskaldunak pilota frontoietan eta euskal jatetxeetan bildu ohi dira. Ez dute inoiz erkidegorik auzo konkretu batean osatu. Egun, aitzitik, Paris eta bere eskualdean bizi dira; arras sakabanatuak. 1953an antolatzen hasi zenez geroztik, kultur eta giza elkarteak bildu izan dira Eskual Etxean. Egun, berriz, Eskual Etxeak norabide berri baten beharra dauka.
Eskualduna.
Jean-Pierre Cachau mauletarra Eskualduna elkartean sortzailetariko bat da; 1928an sortua. Elkarteko kide historiko honek honela argitu dizkigu Parisko euskal diasporaren lehen urratsak: "1920ko urteetan Pariserat heldu nintzen lehenetariko bat naiz. Eskualduna elkartean zuberotarrak, baxenafartarrak eta lapurtarrak bildu izan gara historikoki:% 60 zuberotarrak, % 30 baxenafartarrak, eta lapurtarrak gaineratikoak".
Parisen bizi ziren euskaldunen semealabak Euskal Herrira oporrak pasatzera eramateaz okupatzen zen Eskualduna. Eguberriko, Bazko eta Udaldiko bakantzetan bidaiatzeko trena edo autobusak muntatzeaz arduratzen zen: "Autobusak eta tren-bagoiak alokatzen genituen bidaia-txartelak merkeago egiteko. Seme-alabak etxeratzea zen gure ekimen garrantzitsuena. Gurasook urtean behin baino ez ginen sortetxerat joaiten".
1950eko urteetan, Ipar Euskal Herritik Parisera joaten zirenei lana eta etxebizitza bilatzen laguntzen zieten elkartekideek, baita Eskual Etxearen antolaketan aritu ere. Jean-Pierre Cachauk honela ikusten ditu Parisko egungo euskaldunak: "Arrazoiak arrazoi, Parisko eskualdunak ez dira beste herrialdeetako eskualdunak bezala garatu, ez dute elkarrekin bizitzeko behar handia sentitu nonbait".
XVI. DISTRITUA.
Parisera joandako lehen belaunaldiak burgesiaren etxeetan lan egin zuen: emakumeak neskame lanetan, eta gizonak ofizio arruntetan. XVI. distrituan eta Boulogne aldean kokatu ziren gehienak. Bigarren belaunaldikoak administrazioaren funtzionarioak izan dira, eta horietako asko -Eskualduna elkartean biltzen direnak- jatetxeen jabeak bilakatu dira. Baionako Gure Irratiko Agus Hernan zuzendaria Parisen bizi izandakoa da: "Bi mundu dira Parisko euskaldunen artean; jatetxe ospetsuen jabeak (120 bat) eta Eskual Etxearen inguruan mugitzen direnak".
Agus Hernan irundarrak honela dio Parisko euskal diasporaz:"Historian gora-beherak izan dira Hegoaldeko euskaldunekin; 70eko hamarkadan errefuxiatu asko bildu zen Parisen eta arazoak izan ziren. Normala da hori. Bestalde, Eskual Etxea Iparraldeko herri txiki baten espresioa da, joera guztiak biltzen dira bertan, horregatik beragatik arazoak izan dira; arras normala da hori ere bai. Iparraldean ere hiru lurralde historikoetako euskaldunen artean ezberdintasunak dira".
Eskual Etxea -Agus Hernanen iritziz- azken hogei urteotan asko zabaldu da Hegoaldeko euskaldunekiko. Eusko Jaurlaritzaren arduradunen bitartez lan egin ondoren batez ere; diru laguntza jasotzen baitu Eskual Etxeak. Errazago hartzen dituzte hegoaldiarrak orain.
PARIS BASAMORTUA.
Euskal funtzionario guztiek Paristik pasa behar dute ezinbestez. Posta eta EDFko langileek (Frantziako Elektrizitate Konpainia) Euskal Herrira itzultzeko basamortuaren ibilbidea egin behar dute; 10 urte egin behar dituzte Parisen. Belaunaldi honen gurasoek bizitza osoa eman zuten Parisen. Udan baino ez ziren etortzen Euskal Herrira. Eskual Etxeak indarra hartu zuen orduan. Bigarren belaunaldiak, berriz, ez du bere lekua aurkitu Parisen.
Jean-Battita Coyos zuberotarra, Parisen bizi izana da luzez. Paueko Kontseilu Nagusiko hizkuntza gutxituen saileko burua da orain. Parisko euskal diasporaz honela dio:"Ene ustez euskaldunak galduak dira Parisen. % 20 besterik ez dira joaten Eskual Etxera. Euskal Herriaren gustua galdu dute. Hori erranik ere, bada lan baliosa egiten duen jendea. Nik euskara batua bertan ikasi nuen. Gutti mintzatzen da euskaraz maleruski. Hegoaldetik gero eta estudiante gehiago etortzen dira Pariserat eta euskarazko irakasle gisa engaiatzen dira".
Mixel eta Mayi Irigoien bikotea Parisen eta Baiona artean bizi dira egun: Mixel hendaiarra da eta Mayi baionesa. Mixel Seaskako Lizeoan ari da Hezkunde Nazionalerako Parisen lan egin ondoren. Mayi matematika irakaslea da Parisko Unibertsitatean. Biziki engaiatuak bizi izan dira Eskual Etxeko ekintzetan. Mayi Irigoien Eskual Etxearen batzordeko kidea da. Mixel Baionan lanean ari da, eta Mayi Parisen. 20 urte inguruko semea dute; Parisen ikasten ari dena. Beraz, familiak hanka bat Parisen eta beste bat Baionan ditu. Egunero telefonatzen diote elkarri: "AHT edo TGV euskal diasporaren metroa da, edo gure metroa behintzat. Anitz jende bizi gara asteburuetan joan-etorrian". Mixel eta Mayi 60ko urteetan finkatu ziren Parisen: "60ko hamarkadan Hegoaldeko ikasle asko ibili zen Parisen, giza-zientziak ikasten zituzten bereziki. Egun ez dago halakorik. Badaude ikastaroak egitera datozenak, denbora batez ikasketak osatzera. Gaur egun diren ikasle gutxiak arte alorrean ari dira ".
Mixelek honela ikusten du euskal diaspoaren bilakabidea mende honen bigarren erdian: "Azken hogei urteetan, euskal seme-alaba franko Parisera joan da, eta Eskual Etxearen bitartez hartu du euskaldun kontzientzia. Antzina, alta, han sortu zen bigarren belaunaldiak ez zuen euskara bildu. Euskaldunen fenomenoa etorkinen soziologiari atxikia da, oro har. Garai batean, euskaldunak joaten ziren behin betiko Parisera. Ez zuten joan-etorri bidaia-txartela hartzen, egun, jendea joaten da joan-etorriko tiketa sakelean. Joanaldia behin-behinekoa da".
Irigoientarrek oso hurbiletik ezagutu zituzten frankismoaren erbesteratuak. Gaur, ordea, inor gutxi: "Erbesteratuekiko harremana zeharo aldatu da. Errefuxiatu berriak anonimatoan bizi dira".Eskual Etxearen geroa pixka bat zalantzan ikusten dute: "Eskual Etxea ez da lehenago bezala tradiziori lotua bakarrik, edo ez luke egon behar bederen. Norabide berrietan finkatu behar du bere geroa, dinamika eta proiekzio berri batean zuzendu behar ditu bere urratsak. Iparraldea eta Hegoaldean ari diren enpresa eta instituzioen laguntzaz, hauekin harremanetan garatu beharko lituzke bere pausoak".
Irakasleak diren aldetik horrela ikusten dituzte oraingo ikasle gazteak: "Oraingo irakaskuntzan ari diren ikasle eta irakaslearen arteko ikusmoldea bitan banatua da; bi joera dira. Batzuek nahi dute arras atxiki Euskal Herriari, hemen sustatu eta lurrari errotu. Besteek, berriz, kanpora joan nahi dute abtsulutuki. Naski, abertzalea denak hemen gelditu nahi du eta kanpora bortxaz eraman izanaren aurka erreakzionatzen du. Iparraldeko gazte batzuek bertan nahi dute egon, ez dute Parisera joan nahi. Hori ere ez da zuzena. Norabait joatekotan hobe Parisera joanik eta ez barreiaturik egon Frantziako hamaika hirietan. Euskaldunok zabaldu behar dugu. Gauza bat da behartuta joaitea, eta beste bat gure burua arras ixtea" diote Irigoientarrek.
ELKAR EZAGUTU EZ.
Garbiñe Eraso Versaillesen sortu zen orain hogeita bost urte. Parisen bizi izan da martxora arte. Bere gurasoak (Nafarroa Garaikoak) Parisera joan ziren lehen belaunaldikoak dira. Soziologia politikoan lizentziatua da eta Baionan bizitzera etorri da: "Euskara txikitan ikasi eta gaztetan galdu nuen. Eskual Etxean kurtsoak hartu eta berriz berreskuratu dut. Gurasoak Parisen utzi ditut, Iparraldera etorri naiz lan bila. Beste bizimolde bat egin nahi dut" . Orain arte, oporretan etorri izan da Donostiara edota Nafarroara; gurasoen etxera. Txalaparta Irratiko esatari gisa aritu da urte luzez: "Txalapartaren bidez ezagutu dut Iparraldea, ikasle bizitzan eta Koordinaketa elkartearen jendearekin. Bestela ez nuen Iparraldea ezagutuko".
Parisko euskal gazteen bizimoduaz honela mintzatu zaigu: "Gazteentzako ez da erraza Parisko bizimoldea; ez da batere erraza jendea ezagutzea, ezta jendeak zer egiten duen jakitea. Irratia da uneon lotura eta harremanetarako bitarteko ona. Eskual Etxeak galdu du harremanetarako zuen indarra. Batzuk alokairuan bizi dira bertan, baina ez da ezer egiten. Ez dago borondate edo dinamikarik. Ez dago gure printzipio historikoetan aritzeko gogorik, ez soilik molde politiko batetik ikusia. Gazteen elkarbizitza sustatzeko nahirik ez dago, elkar ezagutzeko eta gure kezkak elkarrekin konpartitu ditzagun. Garai batean izango zen, baina gaur egun ez dago horretarako girorik".
Horrela mintzatu izanagatik, Eskual Etxeko dinamikari lotua izan da Garbiñe Eraso: "Zabaltzen taldea muntatu genuen giroa berpizteko. Elkarte honek hartu zuen jai eta gizarte giroa sustatzeko ardura. Helburuak jaiak eta kultura sustatzea zen. Oraingoz jaiak dira aurrera eramaten, denborarekin agian egingo da beste zerbait. Kontzientzia falta da; folkloreaz haratago joan behar da ".
Hegoaldeko eta Iparraldeko euskaldunen arteko harremana honela bizi izan du Garbiñek: "Konfiantza falta atzeman izan dut, mesfidantza bat izan da beti. Nire gurasoak 1960tik bizi dira Parisen, eta Iparralde eta Hegoaldekoen artean ez da izan harremanik sekulan. Ez dute elkar ezagutzen. Berdin Eskual Etxean egonik ere".Hala ere, egoera aldatu da bere ustez: "Azken belaunaldiko euskaldunen arteko harremana aldatu da. Eskual Etxean, edo euskal giroan ibilitako gurasoen seme-alabak harritzen dira, beren gurasoek ez dutelako elkar ezagutzen". Garbiñeren gurasoak ez omen dira sekulan Iparraldeko jendearekin ibili. Orain, berriz, hauen seme-alaben bitartez hasi dira elkar ezagutzen, eta euskaraz ere hitz egiten dute. Garbiñek Iparraldean nahi du bere bizitza antolatu orain. Itxaropentsua da etorkizunari begira. Iparrralde nahiz Hegoaldeko gazte abertzaleen artean harreman ona dago. Jatorria ez da hain markatua, euskaldunak dira, besterik ez. Batzuk Parisko diasporan kontzientzia harturiko euskaldun berriak.
EKITALDI ETA TXOKOAK.
Aste Santuko oporraldia Pariserako asmotan ari denak zenbait inguru eta jai ekitaldiren berri aurkituko du jarraian. Apirilaren 15ean, larunbata, Hizkuntza Gutxituen batzarra burutzen da UNESCOren egoitzan. Hil honen 23an, Lokarria taldeak Aberri Egunaren jaia antolatua du Eskual Etxean. Maiatzaren 31n, berriz, Herri Urrats burutuko da Parisen Lokarria eta Sustraiak-Erroak taldeak antolatua. Festa hau Senpereko Herri Urrats ospatu ondoren burutuko da. Parisen, bestalde, euskal jabeen 10 bat ostatu edota jatetxe ezagun daude. Euskaraz galdeturik apairu ederra aurki daiteke hiru jatetxe hauetan: La Mijean; Xan Pagueguy hazpandarra da nagusia. Malar karrikaren 27an dago. Tl: 01 47 058689. L'Étoile; Etxenike da jabea. Tl: 01 47 83 56 33. La Taverne Basque; Alkorta da nagusia. Tl: 01 42 225107. Eskual Etxea, Duban karrikaren 10.ean dago. Tl: 01 42249887