NAFARROA EUSKAL ERRESISTENTZIAREN HISTORIA DA

  • "Mikel Sorauren Nafarroako hiriburuan, Iruñean jaio zen 1946. urtean, karlista zen familia baten magalean hain zuzen. Urte horietan eta Euskal Herrian ohiko zenez, apeztegian sartu zen, baina 1965ean berau utzi zuen. Historia ikasketei ekin zien, jarraian, Arturo Kanpionen eskutik Nafarroako historia mamituz eta, berak dioenez, "lehendabiziko espainol sentimendua separatista" bilakaraziz. Iruñean bertan bizi da oraino, aspaldidanik Irubide izeneko institutuan eskolak emaiten baititu, Txantreako iruinseme nahiz iruinalabei bertako historia erakutsiz.1999ko udaberrian Iruñeko Pamiela argitaletxeak "Historia de Navarra. El Estado Vasco" karrikaratu zuen, "Historia de Navarra" izeneko erdal bilduma arrakastatsuaren bigarren alea plazaratuz. Bada, ARGIA irakurtzen dugunok horren berri, laburpentxoa, izan genuen (1729 zbk.). Garaia da, hortaz, liburuaren egileari hurbil gatzaizkion.

2021eko uztailaren 15ean
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Euskal Herriko hiriburuan, Iruñean, jaio zinen. 1946an izan zen, uztailak 18 erranguratsua gauzatu zutenetik hamar urterat. Nolako giroa ezagutu zenuen haurtzaroan?
Giroa erlijioso karlista zen, etsipenez betea. Jendea ez zen zoriontsua, ez zegoen aberastasunik, utzikeria baizik. Batzuk hobeki bizi ziren lehen baino, gerra irabaztearekin batera erdietsi zuten jabegoaz gozatuz, baina jendea, oro har, ez zen gustura bizi. Nik uste dut erlijioa errealitatetik alde egin ahal izaiteko bidea zela, gizartea hagitz erlijiosoa zen. Eskolan, berriz, garaipenaz mintzatzen ohi zitzaigun, euforia betean, baina nik ez nuen balizko garaipen hura inon sumatzen, atzematen ere.

Dena den, zu hazi zinen bitartean gizartea poliki-poliki aldatu zela idatzi da. Honela gertatu zen? Nola bizi zenuen balizko aldaketa hura?
Bai, denborarekin, europar kapitalak bultzaturiko garapen gune berriak zirela- eta, ekonomia hobetu zen eta kritika ere azaltzen hasi zen, industriarekin batera hitz batez. Txikitan ene begitxoek ikusi zuten bi greba erraldoi horiek ez zaizkit sekula ahantziko. Iruñean bertan izan zen. Langile gehienak matxinatu ziren. Irudi bat dut burmuinetan grabaturik, Amaia eta Arrieta karriken inguruan zen Lopez lantegia eta han jazorikoa, langileen irudi hura.
Helduek diktadurak inposaturiko egoera orokorra, status quo delakoa praktikan onartzen zuten, baina ez zeuden ados, ez zuten maite. Sistema kritikatzen zen, desastre hutsa zela erraiten zen, jendea gaizki bizi zen, baina ez zegoen inongo antolaketarik gauzak aldarazteko. Etxean "Radio Pirenaica" entzuten genuen, baina deus gehiago egin gabe. Gerrarat joan zirenek ez zuten irabazpen handia eskuratu, hori agerian zen, eta jendea kexu zen, baina lagunartean bakarrik, solasaldietan.Eta 1951-1952 nahiz 1956an bi greba horiek gertatu ziren, datekin oker ez banago. Egin kontu, ni sei eta hamar urtekoa nintzen, baina oroitzen ditut. Hagitz bortitzak izan zirelakotz. Matxinada zapaldu ondoren, bazter guzietan fusila zuen goardia zibil bat zegoen, karrika guzi-guzietan. Ikaragarria zen. Gobernadore zibila Valero Bermejo zen. Jendeak manifestaldietan gose zela oihukatzen zion. Asteburu batez langile ugari zezen plazarat eraman zuten, greba egin zuen oro. Errepresio sentsazioa, izua zabaldu zen. Jendeak ez zuen Goardia Zibila maite, berde horietaz beldur zen, teorian gehienak Gerra Zibila irabazi zuten karlistak ziren arren.

Zu zeu, zure familia karlista zela aipatu duzu...
Noski, karlisten semea naiz. Horregatik Nafarroa garrantzitsuena zen guretzat. Pentsa, guk uste genuen Francok estatu mailan zuen aurkari bakarra ginela, bertze probintzia guzietan jendea falangista zelakoan geunden. Horri loturik foruena zen oinarrikoena. Zortzi urte nuela Javier Pueyo Iruñeko alkateak, eta "Movimiento" hartako bertze batzuek gelditzen ziren hondar foralak desagertarazi nahi izan zituzten. 1954ko iraila zen, "Inmaculada" inguruko jai bat ospatutakoan alkatea udaletxean ezkutatu zen eta orduak eman zituen bere dimisioa eskatzen zuten milaka lagunek inguraturik. Jendeak alkatea jipoitu nahi zuen, alkate frankista hartaz trufatzen zen.Gure ustez, frankismoak Nafarroa gorrotatzen zuen, baina ez ginen antolatzen gurea defendatzeko. Gizartea antifrankista zen, baina horren aitzinean zer egin zehaztu gabe. Edonola ere, garbi dago oraindik lotan baina esna zitekeen lagun ugari zegoela. Niri dagokidanez, espainiarra nintzela uste nuen, baina denbora pasa ahala gero eta espainiar sentimendu txikiagoa nuen.

Apeztegian tarte bat eman zenuen eta hor, erran didazunez, barrena inarrosi zitzaizun.
1965ean apeztegitik atera nintzen. Nafarra nintzela komentziturik nengoen, baina "separatismo" inguruko aipamenik ez nuen ezagutzen, izaitekotan horren aurkakoa izanen nintzen. Lagun "separatista" batzuekin elkartu eta ados geundela ohartu nintzen. Bat-batean eskolan ikasiriko guzia zentzugabe bihurtu zitzaidan. Karlista sentitzen nintzen, hamazortzi urte nuen, baina kontraerranak agerian ziren. Aitzinasmoak gainditu eta lehenagoko bide antzuari muzin egin nion. Javier Escaladaz oroitzen naiz. Arturo Kanpionen liburu bat utzi zidan eta, bertze hainbati gertatu bezala, niri ere testu horien bidez aldatzeko tenorea heldu zitzaidan. Laburbilduz, Espainiak Nafarroa txikitu zuen eta karlismoak foruak defendatzen zituela ulertu nuen. Ondorioz, Nafarroaren historia ikertzeari lotu nintzaion eta ikastearen bitartez nagusitu zitzaidan irudiak ez zuen deus ikusirik ordura arte inposatu zidatenarekin.

Franco hil ondoren, berriz...
Egun Francok sendotu zuen egoeraren oinordekoak gara. Trantsizioak ez zuen funtsezko aldaketa sorrarazi Nafarroan, nagusien indar berrantolaketa baizik. Espainiar botereek nafar nortasunaren berreskurapena galarazi dute, erru handiena "Amejoramiento" delakoaren sustatzaileena da, aldaketa oztopatzen dutelakotz.

Zer iruditzen zaizu aspaldidanik nahiko bazterturik zen baina gure artean berriro ere hedatzen ari den "Nafarroaren zentralitatea" Euskal Herri mailan?
Nik uste dut gaia kontu handiz landu behar dela. Nafarroak ez du Bilboko nagusitasuna onartu behar, ezta alderantziz ere. Nafarroaren zentralitateak eskatzen duena da euskaldun sentitzen garenon hausnarketa sakona gure historiaren gainean, mitoak bigarren mailan jarriz. Honela, Nafarroaz gain bertze zenbait euskal estatu eman dela ideia okerra da. Sabino Arana eta bertze ez dira kritikatu behar, haien usteak zintzoak ziren, historia aztertzerakoan nahasturik ibili arren. Estatu bakarra nafarra zen, ordea. Ondorioak ezkorrak izan dira, baina espainiar eskuindarren manipulatze lan handiarengatik batik bat.
Gure betebeharra euskal historiaren berrirakurketa da. Euskal estatuaren sorrera baskoien erresistentziarengatik sortu zen eta estatu hori Iruñea eta Nafarroa deitu zen. Garai batean egun deitzen dugun Euskal Herri osoa Iruñeko edota Nafarroako erregeen agintepean izan zen. Musulman iturriek Antso Handiari "baskoien erregea" deitzen zioten. Eta oraindik euskal lurralde gehiago zegoen: Burgos, Errioxa, Aragoi... Denok nafarrak gara, bizkaitarrak edo gu. Plangintza egiterakoan gauza anitz baztertu eta sentimendu hau ulertu behar dugu. Bertze euskal estaturen bat Gipuzkoan edo Bizkaian eman zela ez da egia eta topiko horiek gainditu behar ditugu. Era berean, benetako nafar nortasun historikoa ukatzen duenari nafarra ez dela erran behar zaio, egungo herrialdekoa izan arren.

Zer pentsarazten dizu adierazpen honek: "Euskal Herria nazioaren kontzeptu kulturala da, eta Nafarroa kontzeptu politikoa".
Errealitatea definitzeko hamaika izen erabili da, eta ez bakarrik Euskal Herriaren gainean, hor ditugu Erresuma Batua edota Galia moduko kontzeptu aldakorrak. Ez dut uste gai hauen inguruan eztabaida sortzea bide zuzena denik, nahikoa aldrebesa baizik.

Otsailan Iruñean emaniko hitzaldi batean, Burgosko Belorado herriko Rufino Gomez ikerlariak bere eskualdeko euskalduntasuna agerian utzi zigun: toki izenak, abizenak, hizkera, ohiturak, harremanak... Zer deritzozu?
Ongi definiturik dagoen nazioaren aldarrikapena egiteko eskubidea dugula uste dut. Euskal estatua Nafarroa izan da eta aitzinasmoak baztertu behar ditugu. Gure arteko loturak agerian dira.

Euskal Herria eta Nafarroaren etorkizuna, ikuspegi historikotik abiatua.
Bi aukera dira, "sasinabarristek" nafar nortasuna desagertaraziko dute edo nortasun hura berreskuratzeko bidean jarriko da. Lehenak ez dira uste bezain indartsuak. Bigarren aukera, berriz, gizartean sustraitzen ari dela dirudi.

Nafarroaren historia ikertzeari lotu zintzaizkiola aipatu duzu, zure ideologian iraultzailea izan zen murgilketa, alegia. Nola azalduko zenioke edozein laguni Nafarroaren historiaren funtsa, ardatza zein den?
Bi hitzetan, gutxienez erromatar aldiaren amaieratik askatasuna eskuratzeko euskal jendeak aitzinerat eraman duen borroka konszientea da Nafarroaren historia. Eta borroka hori zehazten ahal da. Alde batetik, autonomia hor dago, hots, jendearen subiranotasuna, independentzia, arrotzak diren botereen aitzinean. Era berean, gizartean, feudalismoa ez zen erabat inposatu, egiten ahal diren ñabardura guziak edota salbuespenak onartzen ditudan arren. Izan ere, nolabaiteko askatasun esparru zabalak baitira, jaurerriak mugatuak dira, jauntxoak, handikiak nafar estatuaren funtzionarioak dira, ezohiko eskubideak dituzte baina ezin dute eremu-agintea bere gain hartu. Egoera hau da foru antolaketa politikoak burutu zuena. Foruak garbi uzten du: lehena jendea da eta bigarrena erregea. Erregeak agintzen zuen nafar ordezkari nazionalek nahi zutelakotz, baita guda garaian ere. Bertze gauza da honen gaineko gorabeherak eman zirela, jakina.
Hor dugu, erraite baterako, Erdi Aroko Obanosko "Infanzones" talde antolatuaren leloa: "Pro libertate patria, gens libera state". Nork ukatuko dit hor "patria" hitzak "nazio" erranahia duela? Eta zer erran nahi zuten? Estatua librea zela bertako jendea librea bazen. Bisigodo eta frankoen denboraldi ilunetatik gu menperatzeko borroka dago. Musulmanek bertze era baterat jokatu zuten, liskarrak izan arren. Arriskua nafar eremuaren inguruan eraikitzen ari ziren estatuetatik zetorren eta oraindik ere dator. Nafarroa txikitu dute, lurraldetasuna zatikatuz. Nafarroa baskoi esparru txikitua da, eta hala ere estatua gauzatzea erdietsi zuen! Egun horren hondarra, bertzerik ez da.
Ene ikuspegi hau ulertu ahal izaiteko estatu handien eurozentrismoaren aurkako jarrera ere aldarrikatzen dut, zeren eta horrek gure euskal ikuspegia ere menperatzen baitu eta hau hagitzez garrantzitsuagoa da gertakariak berak baino

HAMARREKOA
HAMARREKOA
ARTURO KANPION
"Errealitate historikoa, foruen galera ulertu zuen nafarra"

JAIME IGNACIO DEL BURGO
"1936an aberasturiko frankisten ordezkaria. 1965-75eko plangintza burua"

JOSE MARIA LAKARRA
"1936ak baldintzaturiko historialari aparta"

GAIZKA ARANGUREN
"Heldutasun handikoa. Sakona"

GABRIEL URRALBURU
"Narzisista gaixoa. Maquiavelo modukoa zela uste zuen"

SABINO ARANA
"Euskal nortasuna berreskuratzeko borroka egin zuen progresista"

TOMAS URZAINKI
"Lagun min, dinamizatzailea, legegizona. Gure foruen interpretatzaile handia"

FEDERIKO KRUTWIG
"Hagitz intuitiboa. Galdera garrantzitsuak plazaratu zituena"

VICTOR MANUEL ARBELOA
"Dotorea eta azpikaria Versallesko gortesaua bailitzan"

PATXI LARRAINTZAR
"Bizia. Zorrotza jendea psikologikoki aztertzerakoan"

Tantoa
Tantoa
Mikelez gozatzen dudan adiskidetasuna 1975ean hasi zen. Orduan, enpresa ikasketak burutzen ari nintzenean eta berak historia lizentziatura eskuratu berria zuelarik, Iruñeko San Frantzisko eskola publikoetako sotanoetan hitzaldi batzuk eman zituen, hain zuzen ere garaiko udal dantza taldeak erabiltzen ohi zuen tokian.
Mintzaldiz osaturiko ikastaro hura sei egunez luzatu zen, bertan hizlariak gure historiaren gorabeherak Paleolitotik 1936ko gerra arte maisuki jorratuz. Jardunaldi horiek, aitortu beharra dut, eragin handia izan zuten nigan, ordura arte nik ezagutzen nituen inguruetan erabiltzen ziren eztabaidagai topikoak arront deuseztuz.
Izan ere, lehendabiziz gure herriaren biziraupen politikoan erromatar aldiak zuen garrantzi erabakiorraz ohartu nintzen. Era berean, euskaldun gisa nafar erresumarekiko genituen aitzinasmo oro, hots, gure irudiz euskal hiztunondako erakunde politiko arrotza zen ideiak zentzurik ez zuela ulertu nuen, zeren eta gure errege-erreginak euskaraz ez baliatzea arrunta baitzen, Europa osoan bezala. Latina erabiltzen zuten, ez herriaren mintzaira. Ildo beretik, euskaldunok bertze estatuen erasoen aitzinean biziraun ahal izaiteko sortu genuen nafar estatuaren bilakaera azaldu zuen, estatu horren zutabeak berezko sistema juridikoa nahiz hori bermatuko zituen erakundeak zirela baieztatuz.
Horrezaz landa, Forua, bertako erakundeen erresistentzia Espainia zein Frantziako erresuma absolutisten aitzinean, XIX. mendeko erasoa nahiz 1936ko testuinguru historikoa biziki argitzen zuen eta agirietan oinarriturik zegoen azalpen sendoa eskaini zigun.
Ondorengo urteotan, ia hiru hamarkada hauetan, berarekin eztabaida zirraragarri eta amaiezinak ukan ditut. Horri esker zekiena arlo guzietan ikaragarri handitu dela ziurtatu dut, historia ekonomikoan, zuzenbidean, gizartean, kulturan, pentsamendu politikoan, dena miatu duen artxibategietako hamaika agiri zaharrei esker. Ene ustez, gure nazio historiografiarako ezinbertzeko erreferentzia izanen den "Historia de Navarra. El Estado Vasco" lanarekin bere onena eman du


Azkenak
2025-03-12 | Nicolas Goñi
Errumanian meatzaritzak eskuin muturra bultzatu eta krisi instituzionala piztu du

Errumaniako presidentetzarako kandidatu ohia Călin Georgescu, aurten berriro iragan behar diren hauteskundeetara erregistratzera zihoalarik, Poliziak atxilotu zuen otsailaren 26an. Egozten dizkioten krimenetarik bat “ordenu konstituzionalaren aurkako ekimenen... [+]


Hezkuntza Departamentuari ikasgelak ituntzeko plangintza bidezkoa eta legala eskatzen diogu

2025-2026 ikasturterako matrikulazio kanpaina hasi baino bi aste lehenago, Hezkuntza Saileko arduradunengana jo genuen, itunpeko eskoletako gelen ituntze maila ez delako egokitzen demografiaren jaitsierara eta indarrean dagoen lege esparrura.

Hiri gehienetan arazo orokorra... [+]


2025-03-12 | El Salto-Hordago
Lanaren Ekonomia
Fusilak, droneak eta interes ekonomikoak: heriotzaren negozioa

Trumpen garaipenak, Ukrainako gerraren birkokatze geopolitikoa eragiteaz gain, Europaren apustu belikoa agerian utzi du.


Egutegia zilarrezkoa ilargian

Chão de Lamas-eko zilarrezko objektu sorta 1913an topatu zuten Coimbran (Portugal). Objektu horien artean zeltiar jatorriko zilarrezko bi ilargi zeuden. Bi ilargiak apaingarri hutsak zirela uste izan dute orain arte. Baina, berriki, adituek ilargietan egin zituzten motibo... [+]


Boteretsuegia emakumea izateko

Hertfordshire (Ingalaterra), 1543. Henrike VIII.a erregearen eta Ana Bolenaren alaba Elisabet hil omen zen Hatfield jauregian, 10 urte besterik ez zituela, sukarrak jota hainbat aste eman ondoren. Kat Ashley eta Thomas Parry zaintzaileek, izututa, irtenbide bitxia topatu omen... [+]


Ezustekoa Groenlandiako hauteskundeetan: liberal independentistek irabazi dituzte bozak

Agintean dauden alderdiek kolpe gogorra jasan dute emaitzetan: Inuit Ataqatigiit alderdi ezkertiar independentistak eta Siumut sozialdemokratak aurreko hauteskundeetan lortutako botoen erdia inguru galdu dute, oposizioko alderdien onurarako.


2025-03-12 | Mati Iturralde
Gudaren jauntxoak

1986. urtean Espainiako Estatuak NATOn jarraitzearen aurkako botoa eman zuen euskal gizarteak. Denborak ematen duen perspektibak oraindik ez du azaldu zeintzuk izan ziren gizartearen arrazoi sakonak gerra erakundean parte hartzeari uko egiteko.

Felipe Gonzálezen... [+]


Ikusezinak

Martxoaren lehenengo lanegunarekin batera, komunikabideetan azalduko ez diren aldaketak etorri dira EHUn. Azken Lan Publikoko Eskaintzaren ondorioz, ehunka langile –arlo tekniko eta administrazio zerbitzutakoak– orain arte okupatzen zuten lanpostutik atera eta beste... [+]


Bolo-bolo

Bolo-bolo dabil energia berriztagarrien hedapenaren inguruko eztabaida. Sarri askotan, iritsi den proiektu zaparrada desordenatuak eragindako artegatasunak bultzatuta, albiste zein iritzi-artikulu mordoaz gain, hitzaldiak, eztabaidak, mahai inguruak, bideo emanaldiak eta abar... [+]


Elle-aren biya

Lagun asko sumatu dut kezkatuta euskaldun gero eta gutxiagok ahoskatzen duelako elle-a. Haur eta gazte gehienek bezala, heldu askok ere galdu du hots hori ahoskatzeko gaitasuna, idatzian ere nahasteraino. Paretan itsatsitako kartel batean irakurri berri dugu: altxorraren biya... [+]


Lankidetzaren aldeko aldarria

Unibertsitateko ikasleen artean, maiz topatzen ditugu beste lurraldetakoak ere, bereziki gradu ondorengo ikasketetan. Topaketa horiek badira errealitate berriak ezagutzeko bide, baita besteak entzun eta besteez ikasteko parada ere. Garapenerako lankidetzari loturiko gaiak izan... [+]


Mickael Forrest: “Arbasoek ziotena errepikatzen ari gara: gu ez gara frantsesak”

Kanakyko Gobernuko kide gisa edo Parisekilako elkarrizketa-mahaiko kide gisa hitz egin zezakeen, baina argi utzi digu FLNKS Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanakaren kanpo harremanen idazkari gisa mintzatuko zitzaigula. Hitz bakoitzak duelako bere pisua eta ondorena,... [+]


Kanaky Herria
2024: deskolonizaziorako aukera oro sinesgaitz bihurtu zuen urtea

Urte bat beteko da laster Pazifikoko Kanaky herriko matxinada eta estatu-errepresiotik. Maiatzaren 14an gogortu zen giroa, kanaken bizian –baita deskolonizazio prozesuan ere– eraginen lukeen lege proiektu bat bozkatu zutelako Paristik. Hamar hilabete pasa direla,... [+]


Autobiografia linguistikoak eskolan euskara hauspotzeko

Eskolako zenbait gurasok euskalduntzeko egindako ahalegina ikusarazi, eta hezkuntza komunitatean euskararen aldeko jarrerak piztu. Helburu horiekin bultzatu du Autobiografia Linguistikoak ekimena Ramon Bajo ikastetxeko Basartea gurasoen elkarteak, Gasteizko Alde Zaharrean. Pozik... [+]


Eguneraketa berriak daude