ITOIZKO URTEGIAN HONDAMENDI ARRISKUA HANDIA DA

  • Lurrikara moduan erori da joan den asteko Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren epaia. Itoizko Koordinakundeko kide eta bozeramaile den Patxi Gorraizekin aztertu dugu epaia eta bere ondorioak. "Epai txarra" izan arren, ba omen da lana eta baikortasunerako tarterik.

2007ko otsailaren 21an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Auzitegi Konstituzionalaren epaiaren zain zineten. Ona espero zenezaketen, kaskarra edo txarra. Azkenean txarra etorri da. Espero zenuten maila honetako danbatekoa?
Ez genuen espero horren epai txarra eta kaltegarria izatea. Konstituzionalak erabaki behar zuen Nafarroako Legebiltzarraren naturguneen babeserako lege aldaketa balekoa zen ala ez, ea Auzitegi Nazionalak ebatzitako debekuen gainetik aurrera egiteko legea zen ala ez. Eta ez dio erantzun. Epai hau izugarri kaltegarria da ingurugiroarentzat, edozein herritarrentzat eta Zuzenbideko Estatuarentzat, administrazioen gustuko ez den legeren bat sortzen denean, debekuetatik ihes egiteko ateak zabaltzen dituelako aurrera begira. Nafar administrazioak amarrukeria anitz erabili du auzi honetan, eta epai honek hala jarrai dezaten bidea zabaltzen du. Epaileen zeregina kolokan geratu da eta herritarrak inongo babesik gabe geratu gara botere politikoaren aurrean.

Dena den, beste auzi txikiagotan ere Estatuaren instituzio desberdinek sarritan egin dituzte halakoak, nahiz eta akaso ez diren horren entzutetsuak izan.
Beharbada bai, baina horren lotsagabeki ez. Auzitegi Nazionalak Itoizko proiektua legez kanpokoa zela ebatzi zuen lehenbizi eta Auzitegi Gorenak ebazpen hori baieztatu zuen geroxeago. Hala ere, ez dituzte eraikuntza lanak gelditu; eta orain, Auzitegi Konstituzionalak egin duenarekin hemengo botere politikoek egindako amarrukeria guztiak baietsi ditu. Botere politikoak bere kasa nahi duena egin dezakeela, hori da epai honetatik atera ahal den ondorio nagusiena.

Hau da, diozunaren arabera, garbi ikusten duzue epai hau politikoa dela eta ez judiziala.
Bai, erabat politikoa da. Prostituitutako "interes orokor" horren harira beraiek erabakitzen dute guztia eta guztiak balio du. Zeinek esaten du zer den "interes orokorra" eta zer ez?

Zuzenbideko Estatu batean, Auzitegi Konstituzional batek "interes orokorrekoa" dela esatea asko da, nahiz eta zehazgabea izan.
Bai, baina horrek erakusten du epai hau berau ere oso tristea dela Zuzenbideko Estatuarentzat, argi erakusten duelako Zuzenbideko Estatu horrek ez dituela gutxiengoak kontuan hartzen, segurtasun juridikorik ez dagoela. Lehengo erregimeneko "aktu politikoaren" kontzeptua berrezarri da, eta kontzeptu horiek kontrol juridikotik kanpo uzten zituen zenbait jarduera politiko. Hori da gertatu dena.

Itoizko Koordinadorak bide juridikoa erabili du indar handiz. Orain, ordea, epai politikotzat jotzen duzue Konstituzionalaren hau. Ez al duzue konfiantza gehiegi jarri bide horretan, jakinik epai politikoak ere egon zitezkeela?
Ez dugu esaten gure aldekoa bada ona eta bestela txarra, ez. Espero genezakeen gure aurkako epaia, jakina, baina ez horren epai kaskarra eta landugabea. Guk, azken hogei urteetan bezala, lanean jarraituko dugu Itoiz herria, Irati bailara, ingurugiroa eta interes orokorra babesteko. Horretarako lan molde guztiak landu behar dira etengabe: informazioa, mobilizazioa, informe teknikoak (orain segurtasunarena), juridikoa... Epaiak beste ate batzuk irekitzen ditu, eta guk lanean jarraituko dugu.

Orain, epe laburrean, Auzitegi Nazionalak urtegia betetzeko jarritako debekua altxatuko duela pentsa liteke.
Bitxia bada ere, gu ez ginen Auzitegi Konstituzionalean aztertu den auzi honetako aldeetako bat: batetik Nafarroako Gobernua zegoen eta bestetik Auzitegi Nazionaleko fiskaltza. Orain Konstituzionalak epaia Auzitegi Nazionalera bidali beharko du eta honek guri. Gure herriko agintari batzuek erakusten duten segurtasuna ikusita, akaso landu dute Auzitegi Nazionalak debekua altxatzearena. Edozein modutan, Auzitegi Nazionalak debekua altxatzea erabakitzen badu, horri helegitea jarri dakioke Auzitegi Gorenaren aurrean; eta ez dezagun ahaztu epaitegi honek 97ko ekainaren 14an Itoizko proiektua bertan behera utzi zuela. 2000. urteko martxoan, beraz, ez dago Itoizko proiekturik, legez kanpokoa da eta urtegia bete nahi badute proiektu berri bat egin behar dute.

"Interes orokor" hori dela eta, Konstituzionalak emandako epaiak Nafarroako Gobernuaren naturguneekiko lege berria egokitzat jotzen du. Auzitegi Gorenak, ordea, bere garaian lege zaharraren arabera aztertu zuen auzia, baina Konstituzionalak lege berria ontzat ematea, akaso Gorenak ere ontzat ematen du lanekin aurrera jarraitzea.
Ez, hori ezin da egin, egungo proiektua baztertua dago eta urtegia bere osotasunean ureztatzeko ezinbestean egin behar dute proiektu berri bat, gero informazio publikora atera, emendakin garai bat zabaldu... Horrek ere denbora eramango luke eta gu ere hor egongo ginateke gure helegiteekin. Guk horrela ikusten ditugu gauzak.

Orain, ohiko bide horiez gain, urtegiaren segurtasunarena ere lantzen eta aztertzen ari zarete. Zer eman dezake bide honek?
Epaitegiek orain arte ezin izan dute baloratu urtegi honek segurtasunaren aldetik dituen arrisku larriak. Zergatik? Nafarroako Administrazioak, Gobernuak 1989an Intecsari enkargatutako lana eta Herri Lanetako Ministerioko teknikoek 1975ean egindako azterketa ezkutatu egin dituelako; Txosten hauetan, ezkerreko mendi magaletako lurrek behera egiteko duten arriskuaz ohartarazten da.

Nafarroako Gobernuak dioenez, bere teknikoek gaia ondo aztertuta dute eta ez dago arriskurik.
Intecsaren txostenak -89koa- zioenez, ezkerreko magaleko 23 metro kubiko lur behera etor zitezkeen. Koordinakundearen enkarguz, 89ko maiatzean Casas irakasleak egindako azterketaren arabera ere, urtegiko pareta mendi magalean sartzen den tokian lurrak mugitzeko arriskua ikusten zen. Hala gertatuko balitz gauza desberdinak gerta daitezke: urtegiaren pareta beheko ur ihesbideak tapatuta geratzea; edo urtegia badago, olatu erraldoi bat eragin dezake, paretaren apurketa horrek bailara beherakoentzat ekarriko lukeenarekin. Europan inoiz gertatu gabeko kaltea eragin dezake. Ingurugiro Ministerioak berak ere arrisku goreneko A kategorian sailkatu ditu -A kategorian-, Itoizko urtegi nagusia zein bigarren mailakoa. Areago, Nafarroako Gobernua ere ez dago erabat "seguru". Martxoaren 8ko Aldizkari Ofizialean ageri zenez, segurtasun azterketak bideratu zituen horretan 85 milioi pezeta (3,4 milioi libera inguru) gastatuz.

Segurtasunaren atea aipatu duzu, baina bada urtebete kontu honi ekin zeniotela eta epaileek ere ez diote kasu handirik egin.
Imajina ezin dezakezun oztopoak gainditu ondoren, eskuratu genituelako txosten horiek eta aurkeztutako helegiteetan sartzeko aukerarik izan ez genuelako. Konstituzionalaren aurrean alde moduan ere ez gaude. Baina segurtasunaren kontu honekin hasieran besterik ez gaude. Ikerketarako eremu handia dago hemen, eta horretan ari gara.

Europako bideari dagokionez, lehenbizi onartu egin behar dizuete helegitea eta ondoren epaia eman. Sinbolikoki balio dezake, baina urte gehiegi zerbait geldiarazteko.
Badakigu, baina gu eremu askotan ari gara lanean. Europakoa beste bat da eta heldu egingo diogu.

Ekin, jarraitu, bide desberdinak.... aipatzen ari zara etengabe. Urtegiaren proiektuaren aurkako herritarrek urtegia betetzeko ateak zabalik ikusten dituzte; zuek, ordea, jendea animatu nahian ari zaretela dirudi.
Ez da hori. Beti egin dugun bezala, errealitatearen analisi erreala egiten saiatzen gara. Epai honen aurrean, zenbait politikok esan du auzia erabakita dagoela. Guk diogu ezetz, Auzitegi Nazionalak debekuak altxatu egin behar dituela eta orduan guk Auzitegi Gorenaren helegitea eramango dugu, beste proiektu bat egiteko eskatuz, eta hor segurtasun kontuetan dagoen saltsa-maltsa guztiarekin. Ez gara ari ametsak saltzen, aurrean dugun lana erraza ez delako, baina objetiboki aztertzen saiatzen gara.

Nafarroako Ubidea ere gertuxeago al dago epai honekin?
Dagoeneko, Nafar Gobernuak lehiaketa publikora atera ditu Nafarroako Ubidearen eraikuntza lanak, eta hori ere bitxia da. Orain pentsa dezakegu norbaitek bazekiela Auzitegi konstituzionalak zer esango zuen, edo esan beharreko hori azpitik landu egin duela. Gainera, lehiaketa hori hauteskunde garaian atera dute. Hori bai, segurtasun azterketa kontuetan 85 milioi pezeta gastatu dituela ez, hori ez du esan. Baina argi, Itoiz betetzen bada, ea gero apurtu eta hondamendi bat egon behar den Irati eta Aragoi bailaretan, eta gainera ubidea ur gabe gelditu behar den. Arrisku hori mahai gainean jartzea da gure betebeharra eta guztiona, saihestea.

Baina zuek dituzuen datuen arabera, arriskua horren handia da?
Nik ez dakit zehatz-mehatz arriskuaren ehunekoa zein den, baina hondamendirako arriskua handia da. Dena den, hondamendiaren arriskua txikiena izanda ere, gure betebeharra hori saihestea litzateke.

Baina nola da posible hori? Nola da posible Nafarroako Gobernuak halako arriskuak hartzea bere bizkar? Bere azterketak ditu, teknikariak...
Ez da normala, jakina, baina filma garbi dago eta aspaldikoa da. Itoizko urtegiaren proiektua frankismoaren garaitik dator, Aragoi-Irati erregulatze sistemaren bidez nafarren ezezkoa jaso zuen orduan Agoizko urtegia deitzen zenak. PSOE ere aurka zegoen 77an. Gero boterera iritsi zen eta Urralburuk bere legealdiko proiektu erraldoi gisa aurkeztu zuen, ezinbestez egin beharrekoa. Eraikuntza lanen lehiaketan iruzurra egon zen gainera: bost enpresa-batasun aurkeztu ziren, bi iritsi ziren finalera eta beste hirurak kanpoan geratu ziren. Baina azkenean hiru horietako batek hartu zuen lanen ardura. Gerora jakin zen ("Diario 16"ek publikatua) Antonio Aragonek proiektuaren %1 eta %3ren artean patrikaratu zuela legez kanpoko adjudikazio honengatik. Gero Intecsako txostena dator 89an eta hor arriskuak argi ikusten dira, baina Gobernuak ezkutatu egin zuen. Gero horren berri jakin izan da guk, kasualitatez, txosten horrekin topo egin genuelako.

Nafarroako indar politiko gehientsuenek pozik hartu dute epaia. Zer balorazio egiten duzue jarrera horietaz?
Oso txarra, juridikoki izugarri kaskarra izateaz gain, epaiak ingurugiroa eta zuzenbide estatuaren alde gaudenon aurkako aurrekari larria sortzen duelako. Beraz, hori guztia gertatu eta indar politikoak pozik agertzea larria da, areago IU-EB edo EA moduko alderdiez ari bagara. Ulergaitza da Estatu mailako IU epaiaren aurka agertzea -gainerako mugimendu ekologista bezala- eta hemengo IU alde. Ez dakite nondik nora ari diren ere, eta argi ikusten da ingurugiroak eta natur baliabideen defentsak ez diela axolarik.

Epe laburrean zeri ekingo diozue?
Lanean jarraitu. Ekimen ugari dago, baina ezin dizut gauza handirik zehaztu. Irati bailara salbu jarri behar dugu, horren alde aritu gara hamalau urtetan eta orain, Aragoi bailararen segurtasunaren alde ere egin behar dugu

LURRAREN ZALDUN
Telefono, nerbio, azalpen eta kokapen egunak dira Itoizko Koordinadorako Iruñeko Alde Zaharreko lokalean. Han da Patxi Gorraiz, lan horiei guztiei aurre egiten. 1962an Itoizen jaioa, irakasle ikasketak egin baina nekazaritzan jardun zuen ondoren, herrian bertan, lurrari atxikia. Badira ia hamabost urte Itozko Koordinadora sortu zenetik eta 1989tik horretan dihardu Patxik.


Azkenak
Adin txikikoak dira Osakidetzako genero identitateko unitatetik pasa diren erdiak

1.075 pertsona artatu ditu Barakaldoko ospitaleko genero-identitateko unitateak, 2016ean unitate hori martxan jarri zenetik. Erdiak baino gehiagok adin-nagusitasuna bete aurretik jaso zuen lehen arreta. Eta, kopuru osoaren herenak hamasei urte baino gutxiago zituen.


BBK Livek bisitarien oinarrizko hainbat eskubide urratzen ditu eta salaketa ipini diote

OCU kontsumitzaileen Elkarteak hiru arrazoi zehaztu ditu, horien artean kanpoko janaria eta edaria Kobetamendiko esparruan sartzeko debekua, eta eskudirutan edo banku-txartelaren bitartez ordaintzeko ezintasuna. Facuak aurreko urtean egindako salaketan zehazturiko arazoak... [+]


Arrazakeria salaketen erdiak Polizia jotzen du “agente diskriminatzailetzat” Bizkaian

Diskriminazioaren ahotsak txostenak zenbakitan jasotzen ditu 2023an Bizkaiko SOS Arrazakeriaren Informazio eta Salaketa Bulegoan pertsona ugarik agertarazitako esperientziak, eta haietan "arrazoi arrazista eta xenofoboen aurkako indarkeria, eraso eta diskriminazioak”... [+]


Meaka-Irimo bizirik!

Enpresa batek Irimo mendian zentral eolikoa eraikitzeko asmoa zuela iragarri zigun aspaldi batean haize kolpe batek. Gehienek ezin zuten sinistu, inondik ere. Are gutxiago Irimo mendiaren orografia eta izaera harritsua ezagutzen dituztenek. "Baina ba al dakizu ze nolako... [+]


2024-07-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubi proiektua hasia da konponketa lanak, landaketak eta formazio saioak egiten

Zestoako Iraeta auzoan, Urola ibaiaren meandroan daude Amilibia baserria eta bere lurrak. Horiek modu kolektiboan erosteko dirua biltzen ari da Biolur laborantza ekologikoaren aldeko elkartea. 2025 bukaerarako dute hitzartua azken ordainketa, baina erosketa fasean egon arren,... [+]


Emakume alkateentzako jantzi erronkariarra diseinatu dute, Hiru Behien Zergan parte hartzeko

Larunbatean egingo dute San Martin Harriaren inguruan 600 urte baino gehiago dituen ohitura eta aurten emakume alkateentzako jantzi erronkariarrak prestatu dituzte, orain arte gizonezkoentzako baino ez baitzeuden.


2024-07-12 | Gedar
Pertsona bat atxilotu dute Gasteizen, faxista bati aurre egiteagatik

Orgullo Cazurro talde faxistako kide bati kontra egin zion atxilotuak, eta bideo batean jaso zuen hori. Guardia Zibilak atxiki du berriki, eta badirudi "gorroto-delitu bat" egotzi diola.


Donostian 300 pertsona baino gehiago “muturreko bazterkeria egoeran” bizi direla salatu dute

Donostian, 300 pertsona baino gehiago “pobrezia eta muturreko bazterkeria egoeran” bizi direla salatu dute Kaleko Afari Solidarioak (KAS) eta Hiritarron Harrera Sarea taldeek. “Michelin izarrak dituzten zortzi jatetxe dituen hirian eta Basque Culinary Center... [+]


2024-07-12 | Euskal Irratiak
Cyclopotes elkartea: Ikusmenik gabeko jendeen inklusioaren alde, bizikletaz ibiltzeko

Angeluko Cyclopotes elkarteak ikusmen-gabeko jendeer parada ematen die bizikletaz ibiltzeko. Tandem club des déficients visuels du zinezko izena elkarteak eta 2004ean sortu zen. Joan den astean Amikuze eta Oztibarren gaindi pasa dute aste osoa, egun guziez ibilbide... [+]


Kataluniara itzuli dira Tsunami auziko erbesteratuak

Ostiral goizean ekitaldi politiko bateratua egingo dute Gironan, Herrialde Katalanetan. Puigdemont faltako da, ezin baitu itzuli.


Maximo Aierbe hil da, Euskaldunon Egunkariaren sortzaileetakoa

Bere sorterri Ataunen hil da Maximo Aierbe Muxika, 74 urterekin. Euskaldunon Egunkariaren sortu aurreko eta ondoreneko urte malkartsuetako eginahaletan parte hartu zutenek gogoratuko dute proiektu berriaren akziodun bila hainbeste lan egindako gizon hura. Disziplina eta... [+]


2024-07-11 | Uriola.eus
Gentrifikazioaren aurka, pisu turistiko bat okupatu dute Bilbon

Bilboko AZET plataformak pisu turistiko bat okupatu zuen atzo, auzoaren turistifikazioa salatzeko.


Fronte Herritar Berria garaile atera da, eta hirugarren kokatu da eskuin muturra

20:00etan atera dira lehen datuak, harridura orokorra eraginez: zundaketa guziek lehen kokatzen zuten eskuin muturreko RN hirugarren atera da eta ezkerreko FHB Fronte Herritar Berria garaile. Gehiengoan edota gehiengo osoan ikusten zen RN Batasun Nazionalarentzat zaplaztekoa... [+]


Anibal direktiba
Urriaren 7an Israelgo Armadak bere soldaduak eta zibilak ere hil zituen, ‘Haaretz’-en arabera

Israelgo egunkari Haaretz-ek hilabeteetako ikerketa egin du Israelgo Armadak iragan urriaren 7an Hamaseko erasoari nola erantzun zion aztertzeko. Armadako soldadu eta ofizial ugarirekin hitz egin du eta ondorioa argia da: Israelek Anibal direktiba indarrean jarri zuen, aurretik... [+]


Eguneraketa berriak daude