Kafe Antzokia, Zenbat Gara elkartea, Bilbo Hiria Irratia... Lau-bost urteren buruan izugarrizko gunea muntatu duzue Bilbo erdi-erdian, beti ere euskara ardatz hartuta. Nola ikusten duzu orain orduan sortutakoa, hastapen haiek nola gogoratzen dituzu?Aurretiaz beste esperientzia bat geneukan, beste mundu batetik gentozen. Frankismo garaian ETAn, gero LAIAn, KASen... gure mundua zen apurtzea, "destroyer"; oldartu Madril eta Parisi, eta orduan gure Estatu independente, batua, sozialista eta abar egin. Ikusi genuen luzera zihoala eta generaman bideari baten batzuk behintzat ez genion ikusten aukera handirik. Bizitzan aurrera joanik, hainbat urte pasa eta gero, Gabriel Aresti euskaltegia kudeatzeko aukera suertatu zitzaigun; eta beraz amets haiek gauza-tzeko paradan geundela iruditu zitzaidan: "Ea nola egiten dugun sozialismo famatu hori benetan, eta gure arteko benetako komunitate bat".
Guk ikusten genuena zen Bilbon euskaldun izatea garesti ordaintzen zela, alproja moduan hartzen gintuztela eta pertsona baztertuak ginela. "Goazen egitera zerbait balio diguna geuri, goazen aurretiaz egindako froga guztiak martxan jartzera". Eta ikusten genuen zoratzekoa zela, gure herrian eta Europan politikoki markatzen ziren ildoak eta geneukan mundua kontuan hartuta. Hainbat froga eta saioren ondoren, eredurik gabe, zalantzaz josiak, baina era berean beti aurrera jo nahian eta bideari ekinez jarraitu genuen. Gure giza taldea aberasten eta trinkotzen joan zen. Orain konturatzen naiz bide oparoa urratu genuela; zeregin handiagoetarako janzten ari ginela. Gero, "Txepetx"ekin egin genuen topo; bere ideiek eta gure praktika eta intuizioak bat egin zuten. Bilbon zerbait berria sortzeko bezperan geunden. Ez soilik jendea konpaktatzeko, baizik eta inpaktatzeko.
Bilbo erdi-erdian paratzea zen garrantzitsua, beraz.
Hori nahita zen, beti ez gara periferian, bazterrean, ezkutuan egongo. "Demostratuko dugu erdi-erdian euskal gunea izan daitekeela, eta gainera zabala izango dela, ez dela ghetto bat izango". Botatzen ziguten betikoa, ghetto izateko arriskua genuela, baina buelta eman genion: "Gu geu izango gara, euskaldunak etxean sentituko dira eta erdaldunak errespetoz hartuko ditugu". "Zenbat Gara" zuen aldizkariaren azken alean euskaren pedagogiaz mintzo zara, euskara ikastea erakargarri egin beharraz, ikaslearen motibazioaz, eredua sortzeaz. Hori hartzen duzu zuk ardatz.Han esaten nuena errepikatuko dut. Euskarak motiba dezakeela, baina beti ere ikasleari zerbait berezia eskaintzen badio; plus bat, gainerako hizkuntzena ez bezalako kultur-molde original bat (ez hobea ezta txarragoa, desberdina baizik), munduari erantzunak emateko kosmo-ikuskera propio bat, ikasleari zerbait esango diona, ikaslea aberastuko duena. Horri dagokionez, nola irakasleek hala kultur programatzaile zein teknikariek oso argi izan behar lukete gainerako hizkuntzetan egin ohi dutenaren fotokopia merkeekin ez goazela inora, haiena modu kaxkarrean kopiatzea baino ez dugulako lortuko gisa horretan. Erantzun propioak, originalak behar ditugu, orain inoiz baino gehiago. Horrek ez du esan gura, ordea, erregimen autarkiko bat aldarrikatzen ari garenik: unibertsaletik edan gura dugu, baina unibertsaltasunari ere geure ekarpen partikularra eskaini nahi diogu, ez besterik.
Euskarak motibatu egingo ditu ikasleak baldin eta hizkuntza horren bidez bestelako harreman batzuen lekuko badira, baldin eta euskal guneetan giro ona, osasuntsua ikusten badute, baldin eta euskara eta ludikotasuna, euskara eta bitalismoa lotzen badituzte. Hortaz, euskararen aldeko dei agonikorik ez, mesedez; akabo hileta-jotzeak, biba euskara, biba Pellot eta biba festa!
Eta nola sortuko dugu gure eredu hori?Itxaroten egon barik. Hau da sartu diguten beste kontu bat, "rollo" judeokristaua: bihar egingo dugu. Panorama politikoa berdina da: bihar izango dugu Euskadi libre, independente, sozialista eta batua, orduan zoriontsuak izango omen gara, eta bitartean zer? Bizitza hau daukagu eta subjetu printzipala hasten da norberarengandik, eta nik behintzat gauza bat daukat garbi: zurekin harreman onak baditut, bakoitza bera izanik biok batera herria egiten hasten bagara, gure harremanak berdintasunean eta solidaritatean oinarritzen badira, gure herrian denak kabi-tzen badira, hasi gara benetan amesten genuen nazioa egiten. Geuk nahi duguna egiten badugu, horri eman behar diogu corpus bat, estatus bat, Estatua. Herri honetan kabitzen gara denak, norabide honetan baldin bagoaz. Horrek esan nahi du norberaren bizitzan zentra-tzea, baina benetan; ez kontsumismo itsuan, baizik eta benetako baloreetan zentratzea. Eta horrek erakartzen du, erakar dezake. Zergatik?
Gauza printzipalarekin topo egiten dugulako, herri batek eman dezakenarekin. Historiatik, memoriatik onena hartu eta txarrena kenduz. Gure arbasoek zer utzi ziguten? Hau, hori eta bestea, berdin da ametsa izan, egia izan ala ez izan. Memorian badago, gure herriarendako balio badu, ona da. Motibazio handiena zer da? Bizitza eta harremanak, eta harreman horietan zer sartzen da? Dena: larru jotzea, lana, juerga, kultura, askatasuna, erantzukizuna...
Datu hotzetara joz, Bilbon 50.000 euskaldun eta 80.000 ia euskaldun omen daude, %36 alegia. Duela 22 urte ez zen %10era iristen. Zer iradokitzen dizute?Kontuan hartzen badugu euskaldunen gehikuntza batez ere umetxo eta gazte-txoengandik datorrela, eta kontuan hartzen badugu halaber Bilboko euskaltegi desberdinetatik datozenak gehi euren kabuz euskara ikasten dihardutenak urtero orotara 6.000-7.000 pertsona heldu direla gutxigorabehera, zera ondoriozta daiteke: euren burua ia euskalduntzat hartzen duten gehienak 18 urtez gorako lagunak dira (euskaltegietan ibiliak gehienak ere). Errealitate horren aurrean, zera galde dezakegu: zer gertatu zaie prozesua amaitu beharrean kategoria lauso horretan (ia euskaldun) trabatuta geratzeko? EGA titulua behar-beharrezkoa ote da denentzako?
Eskaintzen diegun euskara-metodoa, eta euskara-eredua bera, egokiak ote dira? Euskararen ezagutza soilaz gain, behar beste landu ote ditugu motibazioa eta erabilera? Zein da irtenbidea? "Emaitzak urriak izan direnez", helduen munduan soilik maisu-maistrak eta funtzionarioak euskalduntzea? Ez al gara konturatzen problema, azken beltzean, orokorra dela? Ez dela prozesuaren atal bat edo bestea txarto dabilena, baizik eta egiturari berari dagokiola akatsa? Ez ote dugu ikusten indarrean den metodo desegoki horrek denongan (dela ume, dela gaztetxo, dela heldu) duela eragin gaiztoa? Ez ote dugu ikusten geure hizkuntz-komunitatea, bere osotasunean hartuta, dela oso gaixo dagoena?
Kafe Antzokiaren inguruan jende mordoxka aglutinatu duzue, baina horrelako zerbait martxan jartzeko eta mantentzeko proiektu ekonomiko indartsu bat ezinbestekoa da. Baliabideak inportanteak dira.Hori garbi dago, geuretzat oso argi zegoen ezinezkoa zela kapital barik zerbait sortzea. Kooperatiba mundua adibidez zerotik hasi zen, eta pentsa zenbat garatu den. Proiektuan sinisten duen giza kapitala baldin badago, indar hori badago (eta ez funtzionario noiz bihurtu itxaroten ari dena bezala, edo sindikatu batean sartu eta %3arekin borrokan dabilena bezala, beti menpe eta beti mekauendioska), mirariak egiten dira, eta demostratuta dago, hemen Euskal Herrian, eta Txinan.
Gure proiektua autofinantziatua izan arren, ez dugu uste diru publikoa edozeinek edozelan gastatu behar duenik. Gaur egun instituzio batean sartzen denak sarritan uste du dirua berea dela. Horrekin berehala amaitu behar da, eta horren errurik handiena guk daukagu, uste baitugu instituzioa dela boterea. Ez, hori zerbitzua da, diru hori gestionatzeko. Hor, gauzak ondo baleude, gizartegintza zuzena balitz, elkarlanak, auzolanak berezko izan beharko luke, menpekotasunik gabe.
Zuen autonomia ekonomikoa eta politikoa zela eta, Kafe Antzokia sor-tzean errezeloak izan ziren hainbat esparrutatik.Betikoa da, zenbaitzuk hasten badira zerbait egiten kontrolatzen ez duguna, lehenengo gauza, txarto pentsatzea: "Besteen diruarekin izango da", "diru beltza izango da", "halakoengandik hurbil omen daude"... Betiko juzkua: norberaren mamu eta gabeziak besteengan proiektatu behar izatea. Kontua da denok ariketa sano bat egin behar dugula. Gu ez gara hasiko kritikatzen eta ez kritikatzen, bakarrik dakigu askoz haratagoko bidean gaudela.
ETAn ibilia zara, baita LAIAn ere sorreratik... Zein neurritan dira zuretzat erabilgarriak, aurrera egiteko, orduko ideiak?Gure herrian energia asko egon da, Europagaz konparatuz inon baino gehiago, baina naturaltasuna galdu egin da, jende pilo bat erre egin da eta etxera joan da. Ez da normala, kartzeletan, errefugioan... (72tik, militatzen hasi nintzenetik hona, diot), erori direnak kontatu gabe, 10.000 pertsona pasa egon dira, denak prest dena emateko; eta ostera, sortzeko, eraikitzeko (hitz famatu hori), zenbat topatzen duzu? Banaka batzuk. Batzuez ari naiz noski, besteak Madrilen eta Madrildik ogi papurrak jaten ibili baitira; orain ematen du "txipa" pixka bat aldatu eta beste jarrera bat hartu dutela.
Nahiz eta hau diktaduraren beste forma bat izan, ez da gauza bera diktadura militar argi baten menpe egotea edo itxura demokratikoa duen batean egotea. Zergatik? Jendeak sinisten duelako, ez benetan aldatzen delako, inperioaren botere militarra hor baitago, botere faktiko guztiak hor baitaude...
Gure galdera, jende askorena, hauxe zen: Frankismoaren ondoren, forma berri honetan, zer arraio egingo dugu? Geneuzkan ideiak zelan hedatu, zelan transmititu, zelan jendearengana iritsi? Ezker abertzalean irabazi zuen tesia, diktadura garaian irabazitako prestigioagatik eta indarragatik, ETArena izan zen, eta besteak ez zuen aukerarik izan.
Bestalde, aipatu behar da berez zeuden eta dauden hainbat jarduera jator (entrega, laguntasuna, elkartasuna...) denboraren poderioz, zoritxarrez, sarriegi dogma bihurtu zaizkigula.
Beti pentsatzen genuen sozial mailan, kolektibo mailan; indibiduala ez zen existitzen. Abertzaileak ginen baina fraileak, komunistak baina fraileak, anarkistak baina fraileak (beti bizitza ematen, haiengatik sakrifikatzen...). Nahi baduzu erakarri, ez du balio heriotzaren kantuak. Kontua ez da sufrimenduaren, biktimismoaren eta heriotzaren inguruan ibiltzea; funtsean bizitzaren aldeko kantuan sinisten dut, jakinik tartean garraztasun, negar eta sufrimendu asko dagoela.
Kafe Antzokia barne hartzen duen Zenbat Gara elkarteak egitasmo berriak dauzka esku artean. Badakigu Kafe Antzokiaren gisako guneak zabaltzeko asmoa duzuela Euskal Herrian eta baita gure mugez gaindi ere. Zeintzuk dira proiektuok? Eta ba al da besterik?Lehenengo eta behin, gure asmoa ez da gurea handitzea edo zabaltzea, baizik eta antzeko ildoetatik dabiltzan pertsona eta taldeekin elkarlanean aritzea. Ildo horretatik, Ondarroan eta Durangon an-tzeko proiektuetan dabiltzanekin elkarlanean ari gara. Gauza bera Euskal Herriko beste hainbat leku sinbolikoetan.
Gu konturatu gara gaur egun oso zaila dela nahikotasun maila batera iristea. Horretaz jabetzeko bidaia urte askotakoa izan da. Horrela hitz eginda tontakeria dirudi, baina historia baten laburpena da. Gure herria gaur egun ezezaguna da; lehen, nire ustez, errazago komunikatzen zen, ezagutza askoz gutxiago zegoen irakurmen aldetik, unibertsitate aldetik, baina emankortasun askoz gehiago zegoen. Oraindik badago dezente gure herrian, baina interesei askoz ere bideratuagoa dago. Gaur egun ez dago eztabaidarik, ez da lasai hitz egiten; guztiok gabiltza ia nor dagoen alboan, zer esan daitekeen, alde batetik eta bestetik kontrol izugarria dago.
Bilbori dagokionez, gure asmoa bada eredu izan daitekeen herria eraikitzen joatea: irakaskuntzan, aisialdian, komunikabideetan... Gazteei begira, euskara eta partaidetza aktiboa ardatz eta bizitza helburu, arlo eta esparru horiek bere baitan hartu eta garatuko lituzkeen gazte gune erraldoi bat dugu egitasmoan.
Amaitzeko, zera esan nahi dizut, nik hau dena buruz eta bihotzez bizi dut, betiko amets hori (herri aske, justu eta solidarioa) eguneroko bizitzan gauzatzen ari garelako. Gainera, bai baitakit gure herria funtsean norabide horrekin bat datorrela, eraikuntza dinamika honetan benetako partaide aktiboa izateko dohaina daukala