"NIK ASKO SUFRITU IZAN DUT BETI BERTSOTAN"


2021eko uztailaren 19an
B

ertsotan jendaurrean nahiko berandu hasi zinen, 29 urte ingururekin. Baina betidanik izan duzu zaletasuna. Nondik datorkizu bertsotarako gogo hori?
Nik uste afizioa aitonarengandik etorri zaidala. Ni mutil koxkorra nintzela hura egoten zen sehaska eragiten eta bertsoak kantatzen zizkidan: Udarregirenak edo ikasiak zituen beste norbaiten bertso zaharren batzuk, baina bereak sekula ez. Aitona zena, plazan eta jendaurrean ibili gabea izango zen, baina nik uste bertsotan egingo zuela: artalde koxkor bat bazen gure etxean, eta oso negu txar batek ardi gehienak akabatu zituen. Negu hari bederatzi puntuan hamabi bertso jarri omen zizkion, eta bertso onak omen ziren gainera. Harek gogoan zeramatzan, baina pena da galdu egin direla, ez baitzituen idatzi. Nik hamaika urte nituela-edo hil zen aitona, eta artean ez nuen denborarik eduki bertso haiek ikasteko edo apuntatzeko. Gainera oso lotsatia zen, eta ez zuen nahi izaten haiek kantatzerik.
Baina aitona zena bertsotan ibili izan balitz, ni orain naizena baino hobea izango zen, seguru asko.

Kanta paperak ere izaten ziren zuen etxean...
Bai. Igandero eta feria egunetan ere bai. Azpeitian 2 errealetan saltzen ziren eta erraz ikasten genituen haiek. Horri esker gelditu naiz irakurtzen ahaztu gabe!
Nobioak andregaia uzten zuela, edo andregaiak nobioa uzten zuela, edo elurte bat zela, edo ezkontza bat zela, bertso paperak ateratzen ziren gehienetan.

Uste dut Uztapide zela gustukoen zenuen bertsolaria. Nola gogoratzen duzu harekin egin zenuen lehen saioa?
Duela 40 bat urte, gutxienez, Uztapidek Olabarrira joateko deitu zidan. Horrelaxe, Bixente lagunak bazuen «Hilario» esaten zion motor bat, ez dakit Vespa edo zer zen hura, eta ni harekin joan nintzen Beasaingo geltokira motorrean, eta handik gora Bixentek jaso gintuen Uztapide eta biok, banaka banaka. Bixentek kristoren mesedea egin zigun, egingo ez zigun ba? Orduan ez zegoen orain bezalako aukerarik garraiorako... Beldurrak amorratzen joan nintzen, sekula ez bainuen ordurarte Uztapiderekin traturik izan. Baina ondo moldatu ginen: Uztapide jatorra zen ikaragarri, ondradua ere bai. Eguna han pasa genuen, eta azkenean behintzat kontuak egiteko garaia iritsi zen. Eta han pezetak antolatzen zebilenak «zuena zenbat da?» galdetu zuenean, «gurea? Ehun bana duro eta propina libre!» erantzun zion Uztapidek. Nik lehenengo ehun durokoa orduan kobratu nuen. Lazkano eta biok laurogei duro-eta, besteak baino gutxiago kobratuz ibiltzen ginen... Amari eman nion hurrengo egunean ehun durokoa, eta amak esan zidan «hau atzo irabazia al dek? Ja! Nahiago nikek egunero joango bahitzake!».

Amak egunero bertsotara joateko agindu zizun, baina hori ez zen garai hartan normalena, ezta? Zer fama zuten orduan bertsolariek?
Lehenago beti erriertan egoten ziren etxeratzeko. Oraingo goizeko bostak baino beranduago ziren orduko hamabiak; berandu xamar, ordubatak aldera etxeratzen banintzen «bart berandu etorri haiz!» hasten zitzaizkidan marmarka, «izango huen, bertsoa edo txorakeria!». Gero, bertsotan hasi ginenean etxean giro ona izan genuen, baina hasieran bertsolarien erreferentzia txarra zuten, Zepaiena eta antzerako bertsolari alprojena.

Eta hasiberritako garai haiek nola oroitzen dituzu? Zailtasunak edo izango ziren, beldurra, bertsoa nola bukatu...
Beno, hori hasiberritan eta baita orain ere! Zailtasun horrek ez du behin ere aldegin. Nik asko sufritu dut bertsotan. Egun gutxi izan ditut etxera gustura etorritakoak. Etxera joaten nintzen «dedios! gehiago ez diat bertsotan egingo!» esanez eta hurrena nonbaitetik hots egiten zidaten, eta ezetz esatea ere... «Beno, joan egingo nauk» esan, eta gero agian egun polita tokatzen zitzaidan, eta lehengoa horrekin ahazten nuen. Eta gure burua honelaxe engainatzen pasatu dugu denbora osoa.

Zuk omenaldi bat jaso zenuen gaztea zinela, 49 urterekin...
Gaztea al da hori? Oroitzapen ona daukat nik. Ezertan harro egoteko motiborik badut, nik uste hartantxe daukadala. Karmelo Baldan zen, eta ia tope bete zen jendez. Donostian eginiko omenaldietan jende gehien bildu zena izango zen, seguru asko. Ni gustora egon nintzen, oholtza gainean aulkian eserita, baina gero han zer edo zer kantatu beharra etorri zenean, gaizki pasa nuen, gero! Nik ordurarte pasa nuen une gogorrena izango zen hura. Estimatu egiten duzu, hainbeste jende joan izana, baina bestetik estuasuna ematen du, nola erantzun behar diot nik jende honi?

Puntuari erantzuten abila zara zu, eta zer egin behar da puntuari ondo erantzuteko? Bukaera pentsatzen al duzu?
Ez, hori ez. Lagunak puntua jarri eta hura erantzun egin behar da, puntuari segi, bukaera pentsatu gabe. Azkena pentsatzea zaila da, bestela denbora asko pasa behar duzu erantzuten hasteko. Egunak izaten dira, eta batzutan goitik beherako erantzuna etortzen da, baina zaila izaten da puntua jarri eta da! derrepente bertso osoa akordatzea...

Eta inoiz gelditu al zara erantzunik gabe?
Txarra erantzun, bai. Erantzunik gabe... ez dut uste. Nola hala bertsoa bukatu egin behar da, zeozerekin hasi eta zeozerekin bukatu!

Bertsolaria izateko zer behar da? Berezko dohaia?
Irazu, zerorri bertso eskolara joan ez bazina ere bertsolaria izango zinen! zuk ez duzu bertsotan han ikasi. Zure ateraldi batzuek ez dira eskolan ikasitakoak, e! Bistan da berezkoa behar duela. Praktikatu eta ikasi bai, ikasi egingo da, baina berezkorik ez badu hura ez da bertsolari ona izango.

Baina zuen garaian ere ez al zenuten eskola moduko bat osatu? Tabernaren batean edo biltzen zineten, ezta?
Hori ez zen eskola, hori zen lotsagabekeria galanta! Eskola? Etxerako bidean batekin aritzen ginen bertsotan, edo tabernan, edo neskalaguntzatik etxerakoan ere bai (hau egin banio, edo beste hori... geure buruarekin bertsotan). Hori zen gure eskola, baina gaur egungoena oso ezberdina da.

Lanari behin kantatu zenion: «ez dut esango lana/ denik osasuna/ baina hori da pobreen/ aberastasuna»...
Lanean ibiliak gara beti: udan etxean eta neguan basoan... Dirurik ez zen, gure etxean behintzat, eta nonbaitetik pezeta batzuk irabazi nahi izaten ziren... Orain sinistu ere ez luke egingo askok, guk zer bizimodu eraman genuen!
Gero, 39 urterekin harrobian hasi nintzen lanean. Txarrena da ganadua etxean edukita, harrobira joaterako haiei jaten eman behar izaten niela, eta goiz jeiki. Umeak ere eskolara neuk eramaten nituen goizean, eta ekarri ere bai iluntzean.

Garai hartakoen esana da «lanari ez zaiola beldurrik eduki behar»...
Lanarengandik ihesi ez ginen ibiltzen, eta gehiago esango dizut, urguilua izaten genuen lan asko egiteko: esaterako, nik azken urtetan makinarekin mendia zulatzen jardun nuen, eta egunean 30 metro baino 50 metro zulatzea nahiago izaten genuen!

Apustu kontuak ekarriz... Aizkora apostuan aritua zara, ezta?
Izarraitzen festa jartzeko eta, aizkoran pixka bat ibilia naiz ni. Hor bazen Kostita deitzen zaion lurzulo bat, eta han erromeria egiten genuen. Egun batean bi aizkolarik jardun zuten. Gure lagun batek ikusi zituen ahizkoran, eta esan zien «zuei biei apustu joko lizueken bat bada, Izarraitzpean». Eta apustua jokatu nien bieri, eta irabazi. Orduan 63 kilo bakarrik pisatzen nituen, haria baino iharragoa nintzen. Bakoitzak 60na duro jokatu zituen. Garai hartan asko zen. Handik hamabost egunera jokatu genuen apustua. Orain plazan ez da erabiltzen egur hori: oinbetekoa, egur txiki bat da. 6 oinbetekotara bota genuen erronka, haiek hiruna oinbeteko ebaki behar zituzten, eta nik 6. Nik irabazi nien, eta hortik pentsatu zer bizkorrak izango ziren haiek ere!

Nola entrenatzen zenuten?
Entrenatu? Zer entrenatuko genuen bada, hamabost egunetara jokatu genuen eta apustua! Bat ere ez. Apusturako bakarrik egongo bagina... Baina guk etxean ganadua eta abar gobernatzen lana egin behar izaten genuen. Gainera entrenamentuak akituta bukatzen nituen, batere ohitu gabe nengoen eta aizkoran. Gu basoan aritzen ginen pagoak botatzen eta abar. Eta han egiten nuen aizkoran, lanak eraginda. Apustua jarri genuenean, berriz, bi aldiz etorri zen Urrestilako Keixeta aizkolaria gure etxera, ni entrenatzera.

Garai hartan orain baino apusturako zaletasun gehiago zegoen, ezta?
Beno! Orduan jende mordoa etortzen zen gu ikustera eta orain aizkolari onenak jarrita ere plaza betetzeko komeriak izaten dira... Beste behin Azpeitiko zezen plaza osoa bete zen: dirubiltzeko apustu bat egin zen elbarri zeuden gure osaba eta bere alabaren alde. Eta nik eta beste lagun batek Iurrebaso ezagunari jokatu genion apustua, eta bion artean irabazi.

Korrika apustu bat ere egin omen zenuen...
Bai, baina jokatu gabe geratu ginen. Landetako bailarak Izarraitzpekoari jokatu zion. Eta orduan, ospera! 58 kilotaraino jaitsi nintzen. Goseak eta egarriak amorratzen ibiltzen ginen, korrika arinago egiteagatik. Baina gero besteak atzera egin zuen eta ez genuen elkar probatu.

Garai hartan diru gutxiago izanda, nola jokatzen zen hainbeste?
Guk hiru mila pezeta jokatu genituen aizkora apustuan, eta garai hartan asko zen hiru mila pezeta. Eta Keixetak ere horixe esan zidan: «Jokua berde berde daukazue eginda!». Baina orduan finak ginen horretan. Niri orduan norbaitek aginduko balit hamar mila duro emango zizkidala, gure etxean zentimorik ere ez zen izaten, eta nik ez nuen galduko apustu hura! Tranpak, eta horiek uste dut geroztikoak direla.

Erromeriazalea ere izan zara...
Guk 15-16 urte izango genituen erromeriara joaten hasi ginenerako. Aittolako gainean hemen inguruko erromeriarik onena izaten zen, Elgeta trikitilaria-eta izaten ziren jotzen. Gure etxean soinua erosteko dirurik izan balitz orduan, ni soinujolea izango nintzen: txarra edo ona, baina soinujolea. Dantzan ere ez nuen ikasi. Gustatu bai, baina ni gaztea nintzela amona hil zitzaigun eta orduan lutoak eta horrelakoak izaten ziren, eta horrela geratu nintzen dantzan ikasi gabe.

Neskalaguntzak nolakoak ziren?
Batzuentzat besterentzat baino hobeak... Guk orduan badakizu zer beldur edukitzen genuen? Etxean ere elizaren mende egoten ziren denak, eta gurasoen aldetik egur pixka bat jasotzen genuen, apaizaren aldetik, berriz, kristorena: dena zen pekatua... Garairik onena alperrik galdu genuen, eta hori ez dago orain harrapatzerik.

Nola ikusten da oraingo Euskal Herria 70 urterekin?
Bertakoek elkarrekin konpondu ezin horrek ematen dit pena gehien. Orain dela gutxi arte nahiko itxura ona zuen: EH, EA eta PNVkoak gauza askotan behintzat bat zetozen, eta orain berriz ikusten ditut nahiko sakabanatuta dabiltzala. Nik uste dut Euskal Herria bere tokira eramango baldin bada, horiek denek elkarrekin joan behar dutela. Nahiz gauza batzutan hain ondo etorri ez, uste dut elkarrengandik hurbil ibili behar dutela. Eta horixe daukat beldurra, ez direla hala ibiliko.

Hasi zinenean, uste al zenuen 70 urterekin 80 plaza egiten ibiliko zinenik?
Nola antzemango nuen ba! Ezta pentsatu ere! Gainera gu bertsotan hasi ginen garaian, orain baino gutxiago ibiltzen zen bertsotan. Gogoratzen dut Uztapidek 91 herritan kantatu homen zuela urte batean, eta hura ikaragarria zen ordurako. Eta guk, gure arlotean, izan genituen 120 saiora inguratzen ziren urteak ere! Orain, berriz, Egañak eta Sebastianek ehun saiotik gorako urteak asko izan dituzte.

Bertsolari gazte batek esaten dizunean bere bertsolari gustukoena zarela, zer etortzen zaizu burura?
Nik ez diot sinesten hori

UZTAPIDE
«Kontuzale amorratua, oso lagunartekoa. Hasarretuta ez nuen sekula ikusi, baina horrelakoetan zakar xamarra zelakoan nago»

IMANOL LAZKANO
«Konfiantzarik haundienetakoa dudana»

ANDONI EGAÑA
«Guk ezagutu dugun bertsolari onena»

LEIRE OSTOLAZA
«Bertsoak ondoen kantatzen dituen emakumea»

KEIXETA
«Aizkolari ona eta gizon gozoa. Ateraldi onak zituen, dotorea zen hizketan»

EMAZTEA
«36 urte pasa ditugu elkarrekin eta ez dugu behintzat dibortziatzeko asmorik»

JOXEAN AGIRRE
«Galdetzen ez da txarra hura ere»

XABIER ARZALLUZ
«Gustatzen zaizkit bere ateraldi batzuk... lehenago `amen' egiten zuen, baina orain botatzen ditu ederrak!»

EUSKITZE
«Asko estimatzen dut. Punta-puntako bertsolaria»

ARANALDE
«Apaiza izanagatik edozer esan daiteke bere aurrean»


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Elektrizitate kontsumoa geldituta dago Espainiako Estatuan 2004ko mailan

Espainiako Sare Elektrikoak jakinarazi berri du ekaineko elektrizitate kontsumoa zein izan zen Espainiako Estatuan: 19.422 gigawat orduko. Hau da, 2004ko datuaren oso antzekoa: orduan 19.384 gigawat izan ziren.


Bilboko genero-indarkeriagatiko epaiketetan kolore bereizgarriak jartzeko neurria ezabatzea erabaki du EAEko Auzitegi Nagusiak

Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Bilboko bi Epaitegiek neurri hori onartu dute. Bilboko epaile dekano Aner Uriartek neurria emakumeak babesteko eta ez birbiktimizatzeko helburuarekin hartu dela esan du, baina Bilboko Abokatuen Elkargoak salatu du kolokan jartzen dituela ikertuen... [+]


Menditik hirira: zer ezkutatzen digu Pirinioetako sendabelar saltzaileen lanak?

XIX. eta XX. mendeetan ohikoa zen hiri nagusietako kaleetan ikustea janzkera tradizional ikusgarria zuten emakume batzuk, sendabelarrak saltzen. Ansotarrak ziren, Aragoiko Ansó ibarrekoak. Erakusketa batek haien historia kontatu digu, eta bide batez azalerazi du atzean... [+]


2024-08-30 | Gedar
Pertsona migratuen deportazioaren alde agertu da Pedro Sanchez

"Migrazio zirkularra" sustatu nahi du PSOEren gobernuak, langile batzuek behin-behineko hainbat lan egiteko migra dezaten Espainiako Estatura, eta gero euren jatorrizko herrialdeetara itzul daitezen.


Talgo erosteko eskaintza kenduko du Ganz MaVag talde hungariarrak

Ganz MaVag-ek adierazi du ez diola uko egiten etorkizunean tren-enpresa erosteko beste eskaintza bat egiteari. Talde hungariarraren ekintzari esker, Talgok eskaintza berriak entzun ditzake.


2024-08-30 | ARGIA
Polio txertaketa igandean hasiko da Gazan

Igandean hasiko dira polio txertaketa egiteko su-etenak, goizeko 6:00etan hasi eta 15:00ak arte. Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) eman du operazioaren berri eta bederatzi egunetan hiru esparrutan emango da: iparraldean, zentroan eta hegoaldean.


Amezketako paper fabrikako langilearen heriotza salatu dute

30 urteko behargina hil da Amezketako (Gipuzkoa) paper fabrikan. Ibarra Argi Lanak enpresak azpikontratatuta zegoen. Elkarretaratzea egin dute ostiralean, 11:00etan, gertatutakoa salatzeko. 2024an hil den 38. langilea dela adierazi du LABek.


2024-08-30 | Axier Lopez
Espainiar eta britainiar kolonialismoaren arrastoak ezabatzen hasi da Trinidad eta Tobago

Karibeko bi irletan kolonialismoaren loriarako dauden monumentu, iker eta izendapenak ezbaian jartzen hasi dira herritarrak eta gobernua. Lehen pausua eman dute agintariek eta erabaki dute herrialdearen armarritik Cristobal Colonen lehen espedizioaren hiru karabelak kentzea.


2024-08-30 | ARGIA
Aurtengo hiru disko on eta gomendagarri

ARGIAko erredakzioak aurtengo zortzi hilabeteotan kaleratu diren diskoen artean hiru hautatu ditu, gomendatzeko.


Eskoletan eduki sexualeko irudi faltsuak zabaltzen ari direla salatu dute Hego Koreako feministek

Neska gazteak agertzen dira irudietan eta Telegram bidez zabaltzen dituzte. Irailaren 1ean kanpaina bat abiatuko dute sare sozialen bidez, gobernuak neurriak hartu ditzan.


Europako Mugikortasun Astea irailaren 16tik 22ra egingo da Iruñean

Iruñeak bat egiten du irailaren 16tik 22ra egingo den Mugikortasunaren Europako Astearekin, mugikortasun iraunkorra eta espazio publiko partekatuari buruzko hausnarketa sustatzeko diseinatutako jardueraz betetako programa batekin. "Konbinatu eta mugitu"... [+]


2024-08-29 | Sustatu
Suitzan diote: Diru publikoa, kode publikoa

Duela aste batzuk Suitzak lege federal aitzindaria onartu du (Europako legedietan aitzindaria), LMETA delakoa, Loi fédérale sur l’utilisation de moyens électroniques pour l’exécution des tâches des autorités frantsesez,... [+]


2024-08-29 | Gedar
Aurrekontuetan aitortutakoa baino are handiagoa da Espainiako Gobernuaren gastu militarra

2022an, urteko aurrekontuan onartutakoa baino %20 handiagoa izan zen inbertsio militarra; 2023an, %30 handiagoa. Europako herrialdeen gastu militarra Gerra Hotzaren amaierakoa baino handiagoa da une honetan.


Eguneraketa berriak daude