GAROÑAREN ITXIERA HITZ EMAN DUTE PSOE ETA IU-K

  • 2015. urtera bitartean, baldin eta datozen hauteskundeetan PSOE, IUren laguntzarekin, irabazle ateratzen bada eta bere hitza betetzen badu. Hala iragarri dute behinik behin.

2021eko uztailaren 21ean
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Duela hilabete batzuk, ez zegoen inolako itxaropenik Euskal Herritik hain hurbil dagoen Garoñako zentral nuklearra eta Espainiako Estatuan dauden beste zortzi zentral nuklear itxiarazteko. Esan beharra dago zentral nuklear horietan partaidetza garrantzitsua duela Iñigo de Oriolek zuzentzen duen Iberdrola euskal enpresak. Baina, Espainiako Gobernuko Lehendakaritzarako hautagai den Joaquin Almuniak orain dela bi hilabete adierazi zuenez, bera Moncloara iritsiko balitz, zentral horiek, pixkanaka, 2015. urterako ixteko prest legoke. Horrek itxaropenari leiho bat zabaltzen dio energia nuklearra baztertu eta energia berriztagarriaren alde egin nahi dutenentzat. Itxaropen hori, gainera, indartzen joan da azken asteotan, IUrekin egindako Gobernurako programa-itunean azpimarratu egiten baita erronka eta agindu horren aldeko jarrera. Orain, hurrengo gobernua Almuniaren esku egotea eta hauteskunde garaian agindutakoa betetzen hastea geratzen da. Beraz, itxaron egin beharko da.
Hauteskundeetako promesa horiek entzute hutsarekin zentralen jabe diren enpresa elektrikoen eta banketxeen argi gorriak piztu dira. Eta, beti bezala, hasiak dira energia kontsumitzaileak ikaratzeko kalkulu ekonomikoak egiten, hau da, hiritar guztiok ikaratzeko kalkuluak egiten. Konpainia elektrikoek dagoeneko gizarteari jakinarazi diote zentral nuklearrak itxiz gero argiaren ordaina urtean 120.000 milioi pezeta (4.800 milioi libera) igoko dela. Halaber, konpentsazioak eskatzen dituzte. Garoñako zentraleko zuzendariak ohartarazia du zentrala ixteak milaka milioiko kostua eragingo liokeela altxortegi publikoari.


GAROÑA ETA ZORITA AURTEN ITXIKO LIRATEKE.

Almuniaren proposamenaren arabera –neurri batean Alemaniako esperientzian oinarriturik–, martxoaren 12ko hauteskundeen ondoren boterea eskuratzen badute, bi zentralik zaharrenak, Garoña eta Zorita, aurten bertan itxiko lirateke. Garoña –Burgosen dago, Euskal Herritik hurbil– 1971az geroztik dago jardunean, eta haren jabetza Iberdrola eta Endesaren artean banatzen da, bakoitzak % 50 izanik. Gaur egun duen potentzia elektriko gordina 466 megawattekoa da. Zoritakoa Guadalajaran dago eta Fenosarena da % 100. 1969az geroztik dago jardunean eta duen potentzia elektrikoa 160 megawattekoa da.
Espainiako Estatuan zehar dauden gainerako zentral nuklearrak, beste zazpi –7.000 megawattetik gora dituzte, hau da, Espainiako Estatuko kontsumoaren heren bat–, hemendik 2015. urtera bitartean itxiko lirateke, pixkanaka. Zazpi zentral nuklear horiek honako hauek dira: Almaraz I eta II (1983an sortua), Caceresen dago eta haren % 52,7 Iberdrolarena da; Trillo I (1988), Guadalajaran, % 48 Iberdrolarena; Cofrentes (1985), Valentzian, % 100 Iberdrolarena; Vandellos (1988), Tarragonan, % 28 Iberdrolarena; Ascó I (1984), Tarragonan, Endesa eta Fenosarena; Ascó II (1986), Tarragonan, % 15 Iberdrolarena.
Energia hori ordezkatzeko, PSOEren programak energia alternatiboak erabiltzea proposatzen du, eta hala berretsi du IUk ere: gas naturala, ziklo konbinatuko zentralen bidez; edo haizea, eguzkia eta ura energia iturri bezala erabiltzetik sor daitezkeenak.
PSOEren programan zentral nuklearrak 25 urte betetzerakoan ixtea aurreikusten da. Hori da instalazio horien amortizazio epea, hasierako inbertsioa berreskuratu ahal izateko. Baina konpainia elektrikoen asmoa 40 urtez iraunaraztea da. Beraz, zentralik zaharrena (Zorita), 2009an itxi beharko litzateke, eta berriena (Trillo) 2028an.
Egitasmo horiek abiarazteko, PSOEren balizko gobernu berriak, ikuspegi juridikotik begiratuta, Lege Elektriko berria egin beharko luke. Gaur indarrean dagoena 1997an onartu zuen PPk eta aldaketa asko egin beharko litzaizkioke. Horri guztiari honelako operazio baten kostu ekonomiko izugarria gehitu behar zaio. Amortizazio epeak aztertu beharko dira eta baita enpresa elektrikoek, planifikazioa eta inbertsioak egin ziren garaian ezarritakoa aldatzeagatik eskatzen dituzten konpentsazio berriak ere.
PPren Gobernuak ez du daturik 15 urteko erabilgarritasuneko zentralei buruz. Aldiz, baditu datuak 40 urteko erabilgarritasuna duten zazpi zentral nuklearrei buruz: ixtearen kostua 327.714 milioi pezetakoa litzateke. Kopuru horri erantsi beharrekoa litzateke gastatutako errekinaren eta intentsitate handiko hondakinen azken kudeaketaren ondorioz sortutako kostua ere: beste 526.751 milioi pezeta. Eta baita aldi baterako metaketarena ere: 114.421 milioi pezeta. Guztira, bilioi bat pezeta inguruko kostua litzateke.
Enpresa elektrikoak ez daude bide horren alde, eta PPk jarraitzea nahi dute. Dirudienez, sektore horretan interesa duten enpresak biltzen dituen Foro Nuklearrak ez du sinetsi nahi PSOE gobernura iristen bada gerta daitekeena. Eta horrela, gogora ekarri dute Europan antzeko proposamenak egin izan direla, esaterako Alemaniako hauteskundeetan, eta gero ezerezean geratu direla. Eta, gainera, dagoen energiarik merkeena dela diote

930 heriotza, 1975 eta 1993 urteen artean

Instalazio nuklearren inguruan, 30 kilometrotako erradioko esparru batean dauden 489 herritan, 930 heriotza izan dira 1975etik 1993ra bitartean. Datu hori ageri da, Espainiako Estatuko osotasunari dagokionez, zentral nuklearren ingurune hurbilean tumore hematologikoen ondoriozko hilkortasunari buruz osatutako txosten batean. Heriotza horiek honela sailkatu dira: 610 heriotza, adin guztietan, leuzemiaren ondorioz; beste 198 linfomengatik eta beste 122 mieloma anitzengatik.
Emaitza horiek ateratzeko, instalazio nuklearretatik urrutirago –50 eta 100 kilometrotako erradioan– dauden eta antzeko ezaugarri soziodemografikoak dituzten 477 herri aukeratu dituzte, eta herri horietan gaixotasun hauen ondorioz izandako heriotza kopuruak aztertu eta alderatu dituzte

Garoña, zentral nuklear susmagarria

Gaur egun Espainiako Estatuan dauden zazpi zentral nuklearren eta errekin nuklearreko bederatzi lantegien inguruneetan osasun egoerari buruzko lehenengo azterketak egin dira. Gaixotasun larrietarako hainbat arrisku atzeman dira, eta azterketa zehatzagoak egitea gomendatu dute Garoña, Vandellos eta Zoritako inguruneetan, Espainiako zentral zaharrenak direlako. Garoñako zentralak, nahiz eta Burgosen egon, Euskal Herriko hiriak ditu ingurune hurbilean, eta, beraz, haren gaur egungo eta etorkizuneko egoerak eragina du Euskal Herrian ere.
Azken urteotan, Garoñako zentral nuklearra eztabaidagai izan da, eta hala izaten jarraitzen du, haren zahartasun eta arriskuengatik. Hura itxiarazteko eskakizun zorrotzak egin izan dituzte Euskal Herriko eta Gaztelako ekologistek ez ezik, esparru horretako hainbat alderdi politikok ere.
Duela gutxi «El Pais» egunkariak ezagutzera emandako azterketa batean zera azpimarratzen da: Zorita inguruan mieloma anitzaren ondorioz izandako heriotza kopurua, aurreikus zitekeena baino lau aldiz handiagoa hain zuzen. Leuzemia izateko arriskua ere «

nabarmen handiagoa
» omen da Andujar eta Ciudad Rodrigoko uranio meategietan.
Azterketa hori Gonzalo Lopez-Abentek zuzentzen duen Espainiako Epidemiologia Zentroko talde batek egin zuen. Behatzak ez harrapatzeko, azterketaren egileek garbi uzten dute ezin dela inolako kausa-ondorio lotura finkorik ezarri instalazio erradioaktibo horien eta atzemandako minbizien artean. Horregatik, azterketa zehatzagoak egitea gomendatzen dute, besteak beste, Garoñan.
Txostenak hainbat minbizi mota aipatzen ditu, datozen argitalpenetan aztertuko direnak. Lehenengoa dagoeneko argitaratua da, eta odolaren minbizi-patologiaren gaineko eraginari dagokio. Aztertutako inguruneetako hilkortasun datu guztiak 1975etik 1993ra bitartean hartu ziren.
Erradiazio ionizatzaileak minbizi mota ugarirekin lotu izan dira, eta gauza jakina da erradiaziopean egotearen ondorioz ageri ohi den lehen gaitza leuzemia dela. Horregatik, ikertzaileak patologia honen aztarnak bilatzen aritu ziren aztertutako zazpi zentralen inguruneetan. Han ez zuten aurkitu, baina gaixotasun honen «

arrisku garrantzitsua
» aurkitu zuten gaur egun itxirik dagoen Andujarreko meategiaren eta bi urte barru ixtea aurreikusten den Ciudad Rodrigoko (Salamanca) prozesatze lantegiaren eta uranio meategiaren ondoko 30 kilometroko erradioko esparruan.
Azterketa honen arduradunek datu horiek instalazio honetatik 50 eta 100 kilometrotara dauden herriekin alderatu zituzten, eta urte horietan Andujar eta Ciudad Rodrigoko ingurune hurbil horietan, hurrenez hurren, leuzemiaz gaixotzeko % 30 eta % 60 arteko arrisku handiagoa izan zutela sumatu zuten. Beraz, herri hauetan erreferentziatzat hartutako besteetan baino heriotza gehiago gertatzen ziren leuzemiaren ondorioz.
Andujarreko meategia 1981ean itxi zen, eta 15 urte igaro behar ziren lantegiko 35 langilek uranioarekin egindako lanaren ondorioz izandako gaixotasunak Administrazioak gaixotasun profesionaltzat har zitzan. Are gehiago, langileek egindako txosten batean ageri denez, beste 60 heriotza ere lan honen ondorio ziren, gehienak minbiziak jota.
Txosten epidemiologikoak dio ez dutela «

emaitza garrantzitsurik
» aurkitu gainerako prozesatze lantegitan. El Cabril-eko (Kordoba) hilerri nuklearrean ere ez zen «

arriskurik
» sumatu, «

kontuan izanik, ia basamortu erako ingurunea dela
».
Beste era bateko tumore hematologikoei dagokienez, txostenaren arabera zentral nuklearren ingurunetako batean bakarrik, Zoritarenean, sumatu da «

mieloma anitzaren gehiegizko arriskua
». Ikertzaileek «

uste baino hilkortasun handiagoa aurkitu zuten
», eta zentralera hurbildu ahala areagotu egiten zen. Arriskua, kontrol esparrutan baino lau aldiz handiagoa da. Hau da, patologia honen ondoriozko 19 heriotza izan dira, eta gaixotasun honen batez bestekoa kontuan izanik, ez da 5 heriotza baino gehiago zertan egonik. Adituek kalkulatutako gehiegizko arriskua % 335ekoa izan zen.
Azkenik, azterketa honen arduradunek tamalgarritzat jo zuten minbizien inolako erregistrorik ez egotea, hori erabateko oztopoa baita azterketa epidemiologiko zorrotzak egin ahal izateko. Tarragonan izan ezik, aztertu diren beste probintziatan ez dago minbizi erregistrorik. Diotenez, erregistro horiek baleude gaixotasun honek esparru bakoitzean duen eragina egiaztatzeko aukera legoke


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
2025-03-08 | ARGIA
ARGAZKI GALERIA
Mugimendu Feminista: “Faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feministez armaturik gaude”

Mugimendu feministak manifestazioak egin ditu goizean Donostian, Gasteizen eta Iruñean eta arratsaldean Baionan eta Bilbon. Oinarrizko irakurketa partekatu dute, eta horri gehitu diote hiri bakoitzean bertako problematika, eragile eta ekimenen erreferentzia.


2025-03-08 | ARGIA
Bilgune Feminista
“Feminismoa da heldulekurik argiena desio dugun Euskal Herrirako”

Bilgune Feministak Heldulekuak argi, Euskal Herria feminista leloa baliatu du M8an, azpimarratzeko feminismoak ematen dituela “datorrenari aurre egiteko tresnak”, eta gogorarazteko faxismoaren gorakadaren testuinguru hau helduleku horretatik irakurri eta borrokatu... [+]


Iruña-Veleia: epaiketatik bost urtera

Otsailean bost urte bete dira Iruña-Veleiako epaiketatik, baina oraindik hainbat pasarte ezezagunak dira.

11 urteko gurutze-bidea. Arabako Foru Aldundiak (AFA) kereila jarri zuenetik epaiketa burutzera 11 urte luze pasa ziren. Luzatzen den justizia ez dela justizia, dio... [+]


Superwoman

MAITE: (biharko eguna antolatzen bere buruaren baitan) Jaiki, gosaldu, bazkaria prestatu, arropa garbitu, etxea garbitu, gizon hori jaiki, seme-alabak jaiki, hiru horien gosaria prestatu, haiek agurtu, erosketak egin, lanera joan, seme-alabak eskolatik jaso, merienda eman,... [+]


Espainiako Sustapen Ministerioa: “Ez dakigu Ezkioko lotunea oso bideragarria den”

Josu Estarrona EH Bilduko Arabako senatariak egindako galderari erantzun dio Espainiako Sustapen Ministerioak, eta hor berretsi du Ezkioko aukera zailtasunez beteta dagoela.


2025-03-07 | Laia Alduntzin
Hezkuntza gotorleku

Matxismoa normalizatzen ari da, eskuin muturreko alderdien nahiz sare sozialetako pertsonaien eskutik, ideia matxistak zabaltzen eta egonkortzen ari baitira gizarte osoan. Egoera larria da, eta are larriagoa izan daiteke, ideia zein jarrera matxistei eta erreakzionarioei ateak... [+]


Mazónek ez du lortu bere misioa: Valentziako gurasoek katalanaren alde egin dute

“Askatasunaren” izenean, ikastetxean zein oinarrizko hizkuntza nahi duten galdetu diete guraso valentziarrei. Helburua katalana zokoratzea zen. PPren eta Voxen gobernuak ez du lortu. 33 eskualdeetatik 22tan katalana gailendu da. Emaitzarekin oso pozik agertu dira... [+]


800.000 euro gastatuko ditu EBk errusiar inbasioaren mamuari aurre egiteko

Europar Kontseiluak onartu du Ursula Von der Leyenek gastu militarrean proposatu duen 800.000 milioi euroko gastuarekin aurrera egitea. Horretarako bi arrazoi nagusi argudiatu ditu: Errusiari aurrea egitea eta Europar Batasunak aurrerantzean bere burua AEBen babes militarrik... [+]


Gizakunde
Badator, esnatu da

Gizakunde (Inauteriak)
Noiz: otsailaren 15ean.
Non: Arizkun eta Erratzun. plazan.

------------------------------------------------

Amaitu dira inauteriak, sutan erre ditugu gaiztoak, gaizkiak, sardinak eta panpinak. Baina xomorroak esnatu dira eta badator... [+]


Kontzertuak, hitzaldiak, antzerkiak, dantzak, bertso-saioak... M8ko ekitaldi kulturalen bilduma

Festa egiteko musika eta kontzertu eskaintza ez ezik, erakusketak, hitzaldiak, zine eta antzerki ikuskizunak eta zientoka ekintza kultural antolatu dituzte eragile ugarik Martxoaren 8aren bueltarako. Artikulu honetan, bilduma moduan, zokorrak gisa miatuko ditugu Euskal Herriko... [+]


Bizi testamentua: aurretiazko borondateen agiriaren gakoak

Soco Lizarraga mediku eta Nafarroako Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkarteko kidearen ustez bizi testamentuak heriotza duin bat eskaini eta familiari gauzak errazten dizkio.


2025-03-07 | Uriola.eus
Iker Egiraun, Etxebarrieta Memoria Elkartea
“Bizi dugun testuingurua urteetan emandako borroken ondorioa dela sinbolizatu nahi dugu”

Bilbo Hari Gorria dinamikarekin ekarriko ditu gurera azken 150 urteetako Bilboko efemerideak Etxebarrieta Memoria Elkarteak. Iker Egiraun kideak xehetasunak eskaini dizkigu.


2025-03-07 | Aiaraldea
Ferosca I zentral eolikoaren kontrako alegazioak zabaldu ditu Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak

Laudion, Aiaran eta Okondon izango du eragina energia azpiegiturak eta plataformaren aburuz, proiektuak eta ingurumen-inpaktuaren azterketak gabezia garrantzitsuak dituzte.


Eguneraketa berriak daude