ZEUK ERABAKI
Margarita Uria (EAJ)
Autogobernua eraikitzea xede
ETAren azken hilketek badute beren garrantzia, eta kanpaina desitxuratu duten arren, ez dute eragina izanen hauteskundeen emaitzetan. Funtsean, EAJ lantzen ari den proiektua sendoa baita; euskal autogobernuaren eraikitzea xede duena. Gure azkeneko Batzar Nagusitik atera den ponentzia arrakastatsua izan da oso, bera aplikatzen ari gara hauteskundeetako programan, eta bera da gure iparra eta jarraibidea.
EHren abestentzioak ez du aldatuko aulkien banaketa. Gipuzkoan bigarren aulkia eskuragarria da, Araban beste bat, eta Bizkaian laugarrena erdiestea espero dugu. Herri honentzako prestatua dugun aukera zentzuzkoa eta koherentea da zazpigarren aulki hori lortzeko. Abstentzioak, gure ustez, behartu gabea izan behar du, eta abstentzio faktoreak ez luke aldaketarik ekarri behar aulkien banaketan. Herritarrek dute hitza
ABSTENTZIOA
Kepa Gordejuela (EH)
Pauso berriak birdefinitu
Bizi dugun gatazka jatorriz politikoa bada, konponbideak ere halaxe behar du. Azken urte eta erdi honetan ados jarri bagara herri honetako gehiengo soziala eta politikoa –nahiz eta une honetan espresio bortitza beste behin ere bere gordinean azaldu den–, alderdi bakoitzak dugun erantzukizunetik ekin behar diogu gatazkaren gainditzeari.
Zentzu honetan berebiziko tresna da Lizarra-Garaziko Akordioa. Hori da bidea, eta bide hori lantzen segitu behar dugu. Erantzukizun politikoak ditugunok azken aste honetan izan diren une zailetan nahiz beste une zailetan eutsi izan diogu bideari. Gasteizen bizi izandako une trajiko eta zail honen ondoren, aurrera egiteko eman beharreko pausoak birdefinitu behar ditugu epe laburrera. Orain arten elkarrekin aritu izan garenok elkarrekin segitu behar dugu, hasteko eta behin
BIZIA ETA ASKATASUNA
Elvira Kortajarena (PSE-EE)
Ezker eta eskuma diferenteak dira
Bizitzen ari garen egoerak euskal gizartearen zatiketa ekar dezake. Horrek jarrera nazionalistak mantentzen dituztenak eta demokrazia eta askatasuna defenditzen ditugunak banandu gaitzake. Hala ere, ez gara datozen lau urteotako bi Gobernu posibleen diferentziak aldarrikatu gabe geldituko.
Gure mezuak adierazgarriak dira oso: elkarbizikidetza, zerbitzu publikoa, zerbitzu soziala eta irakaskuntza hobetu nahi ditugu; abortoaren, zergen, izatezko bikoteen legea eta prozedura akats asko dituen atzerritarrentzako legea aldatu nahi ditugu. Bestalde, PPk aberastasuna sortu duela badio ere, berau Europan bizi dugun abagunearen ondorioa da. Irlandan, Portugalen edo Grezian ere aberastasuna hazi da. Gu ez gara aberastasunaren kontra, bai berau pertsona gutxien eskura soilik pasatzearen kontra. Hau agerikoa da eta horrek ezberdintzen ditu ezker eta eskuina
BEHARREZKOAK GARA
Isabel Lopez Aulestia (EB-IU)
Ezkerrak irabaz dezake
IU eta PSOEren arteko akordioak ondorio onak ekarriko ditu. Herritar gehienek ezkerrak hauteskundeak irabaz dezakeen aukera aurreikusten du. Demokraziara transtizioaz geroztik, lehen aldikotz PSOEk onartzen du herrialde honetako ezkerra anitza dela, eta ohartu da irabazteko IUrekin kontatu behar duela.
Haatik, akordio bat lortu izanak ez du esan nahi erabateko akordio bat sinatu dugunik eta bere zerrendetara pasatu garenik, ezta bere politika gure egiten dugunik ere. Akordio bat da, ez gehiago ez gutxiago. PSOEk hauteskundeak irabaziz gero hitzartu ditugun puntuak betetzen baditu, Almuniak inbestidurako gure botoak jasoko ditu. Horregatik ez diogu uko egiten gure politikari, Euskal Herriari eta baketze gaiari dagokienez, gure politika oso da ezberdina PSOEren politikatik. Ez dugu urrats bat atzera egingo arlo honetan
EA, ZURE HITZARI EUTSIZ
Mikel Mintegi (EA)
Kanpainan ere bakea xede
Araban PPk, PSOEk eta EAJk aulki bana lortuko dutela aurreikusten da. PPk berak du laugarren aulkia irabazteko aukera gehien. Bestelakoan EAk eskuratuko luke. PSOEk eta EAJk ez dute bigarren aulkia lortzeko adina boto lortuko eta abstentzioak, azken finean, ez du aparteko eraginik izanen aulkiaren banaketan.
EHren zenbat boto etor daitekeen gure alderdira zaila da jakitea, bestalde. Guk ez dugu kanpaina horri begira egin nahi, gure azterketa ez doa hortik, ez dugu espekulatu nahi azken atentatuaren kontura, ea boto gehiago batera edo bestera joango den. Alderdi estatalak bai egiten ari direla kanpaina gertaera latz honen kontura. Gasteizko hilketen ondorioak alde batera utzita, kontua da gatazka honi aterabidea aurkitzea. Guretzat bakea eta normalizaziorako bitartekoak erakitzea ere hauteskunde kanpaina honen xede dira
AURRERA GOAZ
Jose Eugenio Azpiroz (PP)
Iraultza fiskalaren segida
PPk bere programan erreforma berri bat sartu izana iraultza fiskal baten segida da. 1996ko programan abiatu eta azken legealdian gauzatzen hasi dena. Oposizioak estatuaren tamaina gutxitzea, aurrekontu publikoa, gastu publikoa edo zorraren defizita gutxitzea posible zela zalantzan jarri zuen. PPk egin du, eta aldi batez zergak gutxitu ere bai.
PFEZen (Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga) erreforma garrantzitsu hau errenta gutxieneko zergadunen alde izan da. Kapitalaren errenta-plusbalioan erreforma eginez, zerga hori modernizatu du PPk, baita diru-biltzea biderkatu ere bai. Zergadunentzako zergak apaldu ditu eta zergapeko fiskalitatearen ekitatean beste irizpide batzuk sartu: gutxiago dutenak eta familia handiago dutenak lagunduz, hauen seme-alaben arabera dirua itzultzen, eta 65 urte baino gehiago dutenei, elbarriei edota behartsuenei dirua emanez
NAFARROAK BEREZKO BOZA DU
Juan Cruz Alli (CDN)
PP-UPN gezurretan ari da
Gasteizko azken hilketek polarizazioa handitu dute. PPk eta PSOEk, berriz ere, nazionalismoaren aurkako kanpaina bati egin diote, euskal nazionalismoaren aurka bereziki, nazionalismo katalana ez baitute aipatu ere. Jakina, nazionalismo katalanaren botoak oso beharrezkoak izan daitezke edozein inbestidura prozedurarako.
Bestalde, PPk zergak apaldu dituela dioenean gezurretan ari da. Zeharkako zergen handitzearen bitartez presio fiskala haunditzen ari dela ezkutatzen du, zerga erregresiboak alegia; kontsumoari lotuak direnak. Kontsumoa hazten da ekonomia ondo doanean, jakina. Gure alderdiak UPNk Nafarroan burutu nahi zuen erreforma oztopatu zuen bere garaian; PPren erreforma. PPren erreforman PFEZ hobetzen da errenta altuentzako eta honek erraztu du tarifaren aldatzea. Baina hori Nafarroan ezarria dugu CDNri esker
AURRERA GOAZ
Jaime Ignacio del Burgo (UPN)
Abstentzioa gutxitzea xede
Bereizi beharra dago EAEn eta Nafarroako Foru erkidegoan bizi den egoera politikoa, eta beraz hauteskunde kanpaina ere. EAEn ageri den gizarte zatiketa Konstituzioa eta estatutua defenditzen dutenak eta beraiekiko haustura defenditzen dutenen artekoa da; erdiz erdiko zatiketa. Nafarroan, berriz, populazioaren % 80k sentimendu bera du Foru Erkidegoa definitzean. Bi komunitate politikoen arteko izan zitekeen krispazio edo enfrentamendu maila ez da Nafarroan ematen.
Dirudienez, azken atentatuek haustesleengan berebiziko eragina izan dute, eta hauek ari dira gehiago mobilizatzen. Horregatik, eta EHk abstentzioa deitzen duelako, nahi duguna da abstentzioaren botoa ez dakiola leporatu EHk aldarrikatzen duen abstentzio politikoari. Horrek hautesleen partehartze handiago bat ekarriko du