EUSKARA IRAKASLE, IKERLE ETA PIZTAILE EIBARTARRA

  •  Imanol Laspiur eibartarra "Eibarko euskeriaren deklinabidia eta entonaziñua" idazten ari zen, 1998ko Gabon egunez zendu zenean. Euskarari egingo zion ekarpen ugarietako bat gehiago. Serafin Basaurik eman zizkion azken ukituak liburu honi eta orain gutxi argitaratu.

2017ko azaroaren 28an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Hogeigarren hamarkadak bereak emanak zituenean jaio zen eibartar hau Bergaran. Ama eskoriatzarra eta aita bergararra zituen mutikoa, ume-umetan joan zen Eibarra eta hangotzat zuen bere burua. Gazte zelarik, Eibarko Klub Deportiboan esperantoa ikasten ari zenean ezagutu zuen gero bere emaztea izango zena, Arrate Ibargutxi. Ezkondu eta hiru seme-alaba izan zituzten: Asier, Lore eta Uxue. 1998ko Gabon egunez, gaixotasun zital baten ondorioz, hil zen.
Hona hemen Imanol Laspiurren bizitzaren muina. Hala ere, enbor honen inguruan amets, gogo eta lan askoz osaturiko adarrak izan ziren. Osotasun honek benetan berezi egin zuten eibartarra bere lagun eta herrikideentzat. Maitasun eta errespetu honen erakusgarri izan ziren, besteak beste, Eibarrek bere heriotzaren ondorenean eskaini zizkion bi omenaldiak: lehenengoa Orbea frontoian, Natibidade egunez, eta bigarrena abenduaren 26an, «Bai euskarari»ko ekitaldien barruan.
Bera umea zelarik, garaile ateratako frankismoaren aurrean jarrera tinkoa agertu zuen arlo guztietan, euskaltzale amorratua izan zen, garaiak horretarako ez zeudenean, politikan inplikatua, kartzela eta deportazioa jasandakoa...
1952-53an hasi zen Eibar euskal mugimendura iratzartzen. Sorrera honetan Juan San Martin, Bittor Kapanaga, Jabier Zubiaurre, Jose Luis Ugarteburu, Jose Antonio Eizagirre eta beste askorekin batera Imanol ere protagonistetariko bat izan zen. Euskararen eta euskal kulturgintzan lan egiteak arrisku bat baino gehiago esan nahi zuen garai hartan, euskararekin eta euskal herriarekin zerikusia zuen guztia ezkutuan egin beharra zegoen; horren erakusgarri, esate baterako, Yon Etxaidek 1955ean euskal literaturaz emandako hitzaldia Egotxiagako pagadian izatea.


1961EAN KARTZELARAKO BIDEA.

Beste hainbat gazterekin batera, Imanol EKINekoekin harremanetan jarri zen euskal kultura eta historiaren zenbait ikastaro tarteko zirela. Ordurako EKIN EGIrekin bat eginda zegoen eta hori dela eta Imanol talde honetako partaide izatera pasa zen. Horrela hasi zen eibartarraren ibilera politikoa. Azkenik, 1958-59an ETA erakundea sortu zenean, bertan geratu zen, nazio mailako ardurak hartuz. 1961ean kartzelaratu zuten, tortura ikaragarriak jasan eta hamabost urteko kartzela zigorra jaso zuen. Lau urte eman zituen Soriako espetxean. Ostean, «Zeruko Argia» edota «Egin»eko bere artikuluetan eta bestelako ekintzetan ere argi agertzen denez, bizitzaren aurrean konpromiso handiz eta zapalkuntza eta injustizien aurrean indartsu azaldu zen.
Kartzela ez zen izan eibartarrari frankismoak ezarri zion zigor bakarra, 68an Granadako Zafarraya herrian egon zen deportatuta. Han lagun izan zituen emaztea eta semea, ezarri zioten zigorra eramangarriagoa gerta zedin. Alabaina, hamalau hilabeteko alaba Eibarren utzi behar izan zuten egoera hartan umearentzat bizi baldintza onik ematen ez zelako. Herritxo honetan berak horrenbeste miresten zuen naturarekin gozatu ahal izan zuen bere osotasunean eta egoera gogorrenetan ere alde ona ikusteko gaitasunaren adierazgarri dira Juan San Martini igorritako eskutitz batetik jasotako berbak: «...hor zehar egurasten irtetzen naizenean, garia agurtu eta agurtu joaten nauk».


EUSKAL HARREMAN SAREA.

Arestian esan bezala, kartzelako egonaldiak moztu zuen Imanol Laspiurren politika bidea; hala ere, beste zenbait esparrutan kementsu aritu izan zen lanean. Hasieran esandako moduan, euskaltzaleen hasierako mugimendu gehienetan parte hartu zuen Imanolek beste euskal herritar askorekin batera, besteak beste: Jokin Zaitegi, Alfontso Irigoien, Yon Etxaide, Txomin Peillen, Karmele Rotaetxe, Txillardegi, Aresti, Balendiñ, Aurre Apraiz, Nemesio Etxaniz, Xarriton eta beste hainbatekin. Hauek osatu zuten garai haietan, oraindik osatu gabe zegoen eta euskararen biziberritzean hain beharrezkoa izan zen euskal harreman sarea. Hasierako bilerak eta esperientzia trukatzeak gordean egiten zituzten, beti ere agindu indarretatik urruti.
Euskara berreskuratzeko prozesuan, euskalduntzeak zuen garrantziaz hasiera-hasieratik jabeturik, gau eskolen sortzaileetariko bat izan zen Laspiur. Hasierako irakasle haiek egin ohi zuten bezala, eskolak emateaz gain, didaktikarako materiala prestatzen ere lan handia egin zuen. Imanol Laspiurrek bere eskolak emateko erabilitako baliabide eta materialen nolakotasuna begiratuz gero, euskarak azken hamarkadetan izandako gorabehera eta eboluzioa ikus daiteke neurri handi batean: Zabala Aranaren gramatikarekin hasi zen eskolak ematen, gero Xabier Peñaren ikasbidea erabili zuen. 1955ean, euskaltzale talde horrek bultzatu eta Urkixo Mintegiak babestuta, Andoni Urrestarazuren Umandi gramatika argitara eman zen eta hau izan zen euskara ikasle askok urte luzeetan jarraitutako metodoa. 1968an euskara batuaren bidean lehen pausoak eman ziren eta Imanol Laspiurrek honen aldeko jarrera azaldu zuen.
Belaunaldi berriei bidea zabaldu eta lana erraztu ostean, AEK ofizialdu zenean, euskara irakasteari utzi zion. Eskola ematen hogei urteko esperientzia hori bilduz, «Euskara Ikasbidea» izenburudun lana osatua zuen, argitaratu gabe dagoena, baina garai bateko irakasleek beraien kabuz egin beharreko lan izugarriaren erakusle garbi dena.
Gau eskolez gain, Euskal Herriak hizkuntzaren berreskurapenean nabarmendu duen beste tresna baten sorreran eta garapenean ere partehartze zuzena izan zuen eibartar honek. Gipuzkoako Ikastolen Federazioko talde bateragileko partaidea izan zen 1971. urtean. Honetan ari zenean hitzaldi ugari eman zituen, bereziki gurasoen kontzientzia esnatu nahian. Eibarko ikastolako lehendakaria ere izan zen garai batez.


1975EAN EUSKALTZAIN URGAZLE.

Euskara erakusteko lanez gainera, euskara bera aztertu asmoz lan asko egin zuen. Horren ondorioz, 1975ean euskaltzain urgazle izendatu zuten, bere sarrera ekitaldian «Azentu diakronikoa Eibarko euskaran» lana irakurri zuelarik. Euskara batuaren lehenengo urteetan honen aldeko apustu garbia egin zuen arren, azken urteetan euskalkiari zor zion begirunea argi azaldu zuen eta Eibarko «...eta kitto!» aldizkarian eibarreraz idatzitako artikuluak horren erakusgarri dira.
Hala ere, Laspiurrek egindako lanak ez dira euskarara bakarrik mugatzen, baditu idazten hasi zeneko zenbait bertso eta itzulpen eta Eibarko ikastolaren historia txikia berak idatzia da. Bestalde, bereziki azpimarragarria da, Imanolek aldizkari eta egunkariekin izandako harreman sendoa. Besteak beste, «Zeruko Argia»n, «Eibar» aldizkarian, «Kezka»-n, «Anaitasuna»-n, «...eta Kitto!»-n, «Egin»en edota «Euskaldunon Egunkaria»n argitaratuak daude berak idatzitakoak.
Imanol Laspiurren bizitza beste euskaltzale eta euskal herritar askoren ispilu izan da eta herri honetan izan diren gizon eta emakume askok jasan eta bizi izandakoaren erakusgarri.


«EIBARKO EUSKERIAREN DEKLINABIDIA ETA ENTONAZIÑUA».

Pasa den azaroan ikusi zuen argia Imanol Laspiurren azken liburuak «Eibarko euskeriaren deklinabidia eta entonaziñua» izenburupean. Liburu honetan ziharduen lanean gogotsu eibartarrak gaixotu zenean; hala ere, Serafin Basaurik, Imanolen lagun mina zenak, testuak egokitu eta azken ukituak eman ostean, Eibarko Udalaren Euskara Batzordearen eskutik kaleratu da. Liburu hau, Laspiurrek aurretik argitaratuak zituen zenbait lanen osagarri dela esan liteke, eta autore honek Eibarko euskararekiko zuen arduraren erakusgarri da. Liburua neurri batean berezi egiten duen ezaugarrietariko bat, azalpenak-eta ematerakoan eibarrera erabili izana da. Hau Imanolek bere herriko hizkerari zion begirunearen adierazgarri da.
173 orrialde ditu liburuak eta bi atal nagusitan dago banatuta: alde batetik, Eibarko euskararen deklinabidea aztertzen du eta, bestetik, hizkera honen azentua eta bereziki intonazioa.
Deklinabideari eskaintzen zaion atala da luze eta zabalena. Toribio Etxebarria gaia nolabait lantzen hasi bazen ere, oraindik aztertzeko eta begiratzeko asko zegoela ikusirik, Imanolek kasuak banan-bana eta sakonean jaso zituen. Deklinabidea lantzerako orduan Imanol koadro ezberdinetaz baliatzen da, eta hauen inguruko iruzkin eta adibide ugari ematen ditu. Zenbait alditan azalpen luzexeagoak ere eskaintzen ditu.
Azentua eta intonazioari dagokion atalean berriz, eibarrerak dituen ezaugarri bereizgarriak azaleratzen ditu batez ere. Gaia lantzerako orduan, eibarreraren ezaugarriak adierazteko «Eibarko euskariaren 15 entonaziño arau» ematen ditu, eta honek, neurri batean, antzeko beste saiakera batzuekiko berezi egiten du lan hau.
Imanol Laspiurren azken liburu hau eibarreraren azterketaren inguruan zegoen hutsune bat betetzera dator. Hizkera honi buruzko informaziorik jaso nahi izanez gero, Imanol Laspiurren beste zenbait lanekin batera, liburua ezinbesteko erreferentzi puntua da. Hizkuntza argian idatzia, adibide eta azalpen ugarirekin, Eibarko euskararen inguruan interesa duen edonorentzat, aditu edo ez hain aditu, oso baliagarria izan daiteke
Zenbait testu hautatu, zenbait lerro esanguratsu

Imanol Laspiurrek artikulu asko idatzi ditu euskal aldizkari, egunkari, eta abarretan. Bere idazkera eta pentsaeraren erakusgarri hiru artikulutako zenbait atal aukeratu da. Lehenengo artikulua eibartarren eta euskararen arteko harremanen ingurukoa da, San Juan egun batez idatzia, Eibarko jaiei buruzko gehigarrian. Bigarrena «Independentzia!» deiturikoa, Santi Brouard-en hilketa zela-eta idatzia da. Lege aurrean arazo bat baino gehiago sortu zizkion. Azkena, presoen ingurukoa da, gabon jaietan idatzia.


EIBARTARRA ETA EUSKARA. 1981-06-24. «EGIN»

«Euskaldun pertsona nagusi bat hil ohi den bakoitzean eta gure euskararen heriotz bidea ikusirik, zera pentsatu dut, pertsona hori hiltzean euskal historia zati bat hil dela, berarekin batean euskara eraman duela beste mundura eta gu geu zerbait hil garela berarekin batean. (...)
Ehundaka eta milaka urtetan zehar euskara bidez moldatu den nortasuna hilaz doakigu. Eta egia da: gazteria ez da euskaraz mintzatzen, ez daki euskararik eta gure herriak ukan duen euskaldun eibartar nortasun berezia galtzen ari zaigu. (...)
Eten bat ari da gertatzen, beraz, gure artean: orain arte euskaraz bizi izan den gizartea eta hemendik aurrera erdaraz bizi denaren arteko etendura. (...)
Hizkuntza, herri baten historia ere da. Gure euskaldun zahar hoietakoren bat hil izan denean euskal historia bat lurperatu da, horien bilobak erdaraz bizi baitira eta euskarak ez dauka jarraipiderik. (...)
Eibartar euskaldunak ikaragarrizko nortasuna ukan du beti eta bere euskara dela medio agertu du eibartar dela. Gaurregun nekez entzun daitezke bi emakume euskal hiketaz mintzatzen. Hiketa utz, zuketa gero eta erdararen bidea hartu da. Gaurregungo gazteriak ez dauka lehengo euskaldunaren nortasun nabarmenik, izan ere erdara batuaren bidez neutro bat bilakatu da eta berdinak dira eibartar eta bilbotar bat, esaterako. (...)
Eibartarrak eutsiko ote dio euskarari? Hori da nahi nukeena, baina beldur naiz. Erantzuna geure eskuetan dago.»


INDEPENDENTZIA!. 1984-11-28. «EGIN»

Santi Brouard abertzale gotor eta fina hil dute, asasinatu egin digute eta, berri triste hori jakinaz batera, garrasi ozen zoli hau beste darie gure eztarri laztu eta afonikoei: INDEPENDENTZIA! (...)
«Ez gara espainolak ezta ere frantsesak, euskaldunak baizik, eta gure aberria Euskal Herria, Euskadi da, eta ez urte luzeetan zehar zapaldurik gauzkaten Espainia eta Frantzia. (...)
Lehenago agian bai, baina gaurregun ez dut jadanik sinisten erdal estatu zapaltzaile hauekin bat eginiko federakuntza edo konfederakuntza batean. Estatu zapaltzaile horietako, bai frantses bai espainol horietako gobernu guztiek erakusten digute ez dutela ulertzen, eta ez dutela ulertu ere nahi, dialogoaren eta elkarrizketa zintzoaren giroa eta bere arrazoi bakarra indarkeria, gorrotoa, engainua, maltzurkeria, gezurra eta zanpaketa direla; historia osoan bezalatsu gaurregun ere. (...)
Santi, zure heriotzeaz min, baina harro da hain maite izan duzun zeure herria. Heriotze heroikoa zeurea. (...)
Gure nazioari eusten diogun bitartean begiak aterako dizkigute, mihia ebakiko digute, bihotza urratu, kanporatu, aterako digute, baina ez dizkigute askatasun bidean daramatzagun gure sineste sendi eta egiak kenduko.»


GURE PRESOAK, AI ENE!. 1994-12-24. «EGIN»

«Gauza lotsagarriak, jasangaitzak gertatzen ari dira Euskal Herri zapaldu, zigortu eta odoldu honetan. Huts egiteko okerrik gabe esango nuke gure Herriak politikari txarrak dituela, politikari horiek ez direla kapaz hainbeste urtetan espainiar Estatuarekin irekia dugun gatazka bukarazteko, euskal eskubideak nagusiarazteko, behin eta betiko bake ondradua lortzeko. (...)
Bien bitartean, txarrena, lazgarriena, negargarriena, espainiar eta frantziar Estatuek Euskal Herriarekiko duten borrokaldia geu euskaldunon artera, anai-arrebon artera iraultzen ari zaigula eta hori nolabait moztu beharra dago. (...)
Akordio egoki eta orekatu bidez bakea lortu behar denean, alde biek eman behar izaten diote zerbaiti amor. Beraz, ETAk borroka armatua utzi behar badu, utz dezala, zerbaitetan amor eman beharko baitu, baina besteok ere amor eman dezatela, gainera ez digute ezer erregalatuko, euskaldunon eskura ditzakeguna eskubidez zor zaiguna baita. (...)
Gauza bat argi dago: kristorenak eta bost egin dituzte euskal preso politikoek burua makur dezaten eta ez dute deus lortu. Aterabidea bakarra da beraz: elkarrizketa eta negoziaketa zintzo, zabal eta aberatsa ireki beharra dago eta hori bidera ahal dezanak, eta horren bidez duintasunezko bakea badakarkigu, a zer nolako ohorea lortuko duen gure historia berrirako, gaurgeroko hain bake eta zorion egarri den Euskal Herri zauritu honentzat! (...)
Datorkigun 1995. urte berri honetan lor dezagun hain merezia dugun bakea»


Azkenak
Adin txikikoak dira Osakidetzako genero identitateko unitatetik pasa diren erdiak

1.075 pertsona artatu ditu Barakaldoko ospitaleko genero-identitateko unitateak, 2016ean unitate hori martxan jarri zenetik. Erdiak baino gehiagok adin-nagusitasuna bete aurretik jaso zuen lehen arreta. Eta, kopuru osoaren herenak hamasei urte baino gutxiago zituen.


BBK Livek bisitarien oinarrizko hainbat eskubide urratzen ditu eta salaketa ipini diote

OCU kontsumitzaileen Elkarteak hiru arrazoi zehaztu ditu, horien artean kanpoko janaria eta edaria Kobetamendiko esparruan sartzeko debekua, eta eskudirutan edo banku-txartelaren bitartez ordaintzeko ezintasuna. Facuak aurreko urtean egindako salaketan zehazturiko arazoak... [+]


Arrazakeria salaketen erdiak Polizia jotzen du “agente diskriminatzailetzat” Bizkaian

Diskriminazioaren ahotsak txostenak zenbakitan jasotzen ditu 2023an Bizkaiko SOS Arrazakeriaren Informazio eta Salaketa Bulegoan pertsona ugarik agertarazitako esperientziak, eta haietan "arrazoi arrazista eta xenofoboen aurkako indarkeria, eraso eta diskriminazioak”... [+]


Meaka-Irimo bizirik!

Enpresa batek Irimo mendian zentral eolikoa eraikitzeko asmoa zuela iragarri zigun aspaldi batean haize kolpe batek. Gehienek ezin zuten sinistu, inondik ere. Are gutxiago Irimo mendiaren orografia eta izaera harritsua ezagutzen dituztenek. "Baina ba al dakizu ze nolako... [+]


2024-07-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubi proiektua hasia da konponketa lanak, landaketak eta formazio saioak egiten

Zestoako Iraeta auzoan, Urola ibaiaren meandroan daude Amilibia baserria eta bere lurrak. Horiek modu kolektiboan erosteko dirua biltzen ari da Biolur laborantza ekologikoaren aldeko elkartea. 2025 bukaerarako dute hitzartua azken ordainketa, baina erosketa fasean egon arren,... [+]


Emakume alkateentzako jantzi erronkariarra diseinatu dute, Hiru Behien Zergan parte hartzeko

Larunbatean egingo dute San Martin Harriaren inguruan 600 urte baino gehiago dituen ohitura eta aurten emakume alkateentzako jantzi erronkariarrak prestatu dituzte, orain arte gizonezkoentzako baino ez baitzeuden.


2024-07-12 | Gedar
Pertsona bat atxilotu dute Gasteizen, faxista bati aurre egiteagatik

Orgullo Cazurro talde faxistako kide bati kontra egin zion atxilotuak, eta bideo batean jaso zuen hori. Guardia Zibilak atxiki du berriki, eta badirudi "gorroto-delitu bat" egotzi diola.


Donostian 300 pertsona baino gehiago “muturreko bazterkeria egoeran” bizi direla salatu dute

Donostian, 300 pertsona baino gehiago “pobrezia eta muturreko bazterkeria egoeran” bizi direla salatu dute Kaleko Afari Solidarioak (KAS) eta Hiritarron Harrera Sarea taldeek. “Michelin izarrak dituzten zortzi jatetxe dituen hirian eta Basque Culinary Center... [+]


2024-07-12 | Euskal Irratiak
Cyclopotes elkartea: Ikusmenik gabeko jendeen inklusioaren alde, bizikletaz ibiltzeko

Angeluko Cyclopotes elkarteak ikusmen-gabeko jendeer parada ematen die bizikletaz ibiltzeko. Tandem club des déficients visuels du zinezko izena elkarteak eta 2004ean sortu zen. Joan den astean Amikuze eta Oztibarren gaindi pasa dute aste osoa, egun guziez ibilbide... [+]


Kataluniara itzuli dira Tsunami auziko erbesteratuak

Ostiral goizean ekitaldi politiko bateratua egingo dute Gironan, Herrialde Katalanetan. Puigdemont faltako da, ezin baitu itzuli.


Maximo Aierbe hil da, Euskaldunon Egunkariaren sortzaileetakoa

Bere sorterri Ataunen hil da Maximo Aierbe Muxika, 74 urterekin. Euskaldunon Egunkariaren sortu aurreko eta ondoreneko urte malkartsuetako eginahaletan parte hartu zutenek gogoratuko dute proiektu berriaren akziodun bila hainbeste lan egindako gizon hura. Disziplina eta... [+]


2024-07-11 | Uriola.eus
Gentrifikazioaren aurka, pisu turistiko bat okupatu dute Bilbon

Bilboko AZET plataformak pisu turistiko bat okupatu zuen atzo, auzoaren turistifikazioa salatzeko.


Fronte Herritar Berria garaile atera da, eta hirugarren kokatu da eskuin muturra

20:00etan atera dira lehen datuak, harridura orokorra eraginez: zundaketa guziek lehen kokatzen zuten eskuin muturreko RN hirugarren atera da eta ezkerreko FHB Fronte Herritar Berria garaile. Gehiengoan edota gehiengo osoan ikusten zen RN Batasun Nazionalarentzat zaplaztekoa... [+]


Eguneraketa berriak daude