EMAKUMEAREN LAN GOGOR ETA NEKEZA EUSKAL HERRIAN

  • Testua:Daniel Udalaitz etaMikel Asurmendi
Martxoaren 8an mundu osoan ospatuko da Emakumezko Langilearen Nazioarteko Eguna. Urtero-urtero mundu osoko emakumeak mobilizatzen dira bere eskubideak aldarrikatzeko asmoz, eta aurten, txosten honetan aurrerago ikusiko denez, egun horretan greba egiteko deialdia egin zaie emakumeei Irlandatik.
Euskal Herria ez da salbuespena eta hemen ere mugimendu feministek mobilizazioak antolatu dituzte egun horretarako. Giro horretan onuragarria izan daiteke emakumezko langileek gure artean bizi duten egoera gogora ekartzea. Euskal Herriko emakumearen egoera kezkagarri bihurtzen hasia da dagoeneko, etxean zein kanpoan lan egin behar izaten baitu sarri. Nafarroan eta Euskal Autonomi Erkidegoan azken hilabeteotan eginiko ikerlan bi dira horren lekuko. EAEn Emakunde izan dugu azterlanaren bultzatzaile, eta horren arabera, etxe-langileek egindako lanek «

nekezia maila handia
» dute, oro har euren jarduera «

nekeza eta gogorraren
» artean koka genezakeelarik. Lanbide horrek gainera, ondoeza eta lesioak izateko arriskua handitzen du epe ertain eta luzera. Nafarroan berriz, Nafarroako Lan Osasunerako Institutua eta Nafarroako Emakume Institutua izan dira ikerketa hori egin dutenak. Nafarroan, emakumezko langileen % 37ak uste du osasuna arriskuan duela etxe barruan zein etxetik kanpo egin beharreko lan bikoitzaren erruz.


EPAI BATEN ONDORIOZKO AZTERLANA.

Ikerketa horiek argitara ematen zituzten bitartean, Ana Maria Seifert ikertzaile boliviarrak «El minuto de 120 segundos» (120 segundoko minutua) deritzon liburua aurkeztu zuen. Bere ustez, emakumeari lanean sortzen zaizkion osasun arazoak ez dira lan-estatistiketan irteten eta horrez gain, bere jarduerak garrantzia sozial txikiagoa dauka. Gehienbat emakumeek eginiko lanek erraz itxura izaten dute beti. Idazle boliviarra oro har zuzen badabil ere, aitortu beharra dago kontzientzia feminista eta sozial handiagoa dugula Hego Euskal Herrian eta hori izan dela, hain zuzen, azken hilabeteotan emakumearen lanaren gaineko ikerlan bi horiek egitea ahalbidetu duena.
Epaile baten epaiak ekarri du Emakundek etxeko lanei buruz egindako lana. EAEko Justizia Auzitegi Gorenaren Lan-arloko Salako epaileak behin betiko ezintasuna ukatu zion etxe-langile den Juana Morenori. 1999ko urtarrilaren 22ko epaian, Auzitegi Gorenaren Lan-arloko Epaimahaiak ondorengoan oinarritzen du bere erabakia: auzi-jartzailearen lanbidean «

eguneroko etxeko lan batzuek ez dute ahalegin fisikorik eskatzen
»; gainera, «

nolabaiteko ahalegin fisikoa behar duten lanak ez dira nekezak eta tresna mekanikoak ditu horretarako lagungarri
».
Emakundek buruturiko ikerketarako Bizkaiko 47 urte inguruko 6 etxe-langile aukeratu eta haiek normalean egiten dituzten lanak egiteko eskatu zitzaien. Aldez aurretik, azterketa analitiko eta fisikoak gainditu behar izan zituzten langileek, osasun betean zeudela egiaztatu eta ikerketaren emaitzak ez faltsutzeko. Etxeko lan horiek etxean eta laborategian egin zituzten, bihotz-erritmoa bezalako aldagaiak zaintzen zitzaizkien bitartean.
Ondorengo lanak ziren zainpean egin beharrekoak: lisatzea, oheak egin eta desegitea, leihoak garbitzea, zorua zurgatzea, arropa zabaltzea, komuna garbitzea, zoruari erratza pasatzea eta garbitzea, altzariak garbitzea, janaria prestatzea, sukalgaina eta sukaldeko armairuak garbitzea eta erosketak egitea. Emaitzak behar baino handiagoak izan ez zitezen, normala dena baino epe laburragoan burutu ziren lanak (ordu erdiko lisatzea, adibidez), ahalegin fisikoa (izara edo berokiak bezalako gauza handiak ez ziren lisatu), pisua (gehienez 4na kilo erosketa eskuetan) eta ibilbidea ere mugatuz (100 metro baino gutxiagokoa).
Hala ere, ikerketaren emaitzak aski esanguratsuak dira: etxe-langileek egiten dituzten lanak nekezia handikoak dira eta jarduera hori nekez eta gogortzat jo beharra dago. Are gehiago, lanbide horrek ondoeza eta lesioak izateko arriskua areagotzen du epe ertain eta luzera. EAEn 30.000 emakume dabil etxe-langile, hau da, lana duten 10 emakumetatik bat. Horietatik % 80ak ez du kontratu idatzirik.
Emakundek EAEko Gizarte Epaitegietara eta EAEko Justizia Auzitegi Gorenaren Gizarte Epaimahaira bidali ditu azterlan horren emaitzak, eta lanerako ezintasuna baloratzen duten taldeei, sindikatuei, Lan Harremanetarako Kontseiluari eta Abokatu Elkargoari ere igorri dizkie. Bidalketak erakunde eta elkarte horien jokabideak datu objektiboetan oinarritzea du helburu, bere kideek izan ditzaketen ideia subjektiboetan oinarritu beharrean

Demokrazia bukatu gabea

Demokraziaren kontzeptua aldakorra izan da. Historian zehar ez da beti berdina izan. Bere jatorrian, Grezia klasikoan, esaterako, emakumeek ez zuten parte hartzerik izan sistema politiko horretan, nahiz eta bere izaerari berdintasunaren ideia lotua egon, eta, demokrazia esaten zitzaion biztanleriaren erdiak bozkatzeko eskubiderik ez zuenean ere. Gaur egun, Europan, nekez onartuko luke inork emakumeen bozkatzeko eskubiderik gabeko demokraziarik, gizarteak aurrera egin du beraz, eta honekin batera demokraziaren kontzeptua garatuz joan da.
Bilakaera honetan beste aurrerapauso bat suposatu du erabaki guneetan emakumeen neurriz beherako ordezkaritzak demokrazia bukatu gabea bihurtzen duela ulertzeak, eta, aldi berean, parekotasuna eskakizun demokratikotzat onartzea.
Honela ulertu zuten 1999ko maiatzean «Emakumezkoak eta Gizonezkoak Agintean» izeneko Parisko Batzarrean Europako Batasuneko 15 gobernuek. Haiek hitza eman baitzuten parekotasuna aplikatuko zutela politikaren eta gizartearen arlo guztietan. Orduz geroztik, Frantzia izan da hitzarmen hau praktikan jartzen lehena; bere Asanblea Nazionalak hauteskunde zerrendetan egon behar duten gizon zein emakumeen kopuruaz onartutako lege-proiektuak bultzada eder bat eman dio eztabaidari.
Izan ere, esan beharra dago, erabaki prozesuetan emakumezkoen ordezkaritza indartzeko era guztietako neurriak beharrezkoak ditugula, polemikazko kuotak direla, subentzioak direla... guztien eta bakoitzaren eraginetik etorriko da irtenbidea, eta ez bakar baten erabilpenaren ondorioetatik.
Aipatu bezala, erabaki postuetan emakumeen eta gizonen partehartze orekatua lortzeko prozesua martxan dago. Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, momentuan emakumezkoen ordezkaritza zertan den begiratuz, zera aurkitzen dugu: Legebiltzarrean, % 29,3 da emakumeen partehartzea, Batzar Nagusietan % 25,8 eta udaletan % 27,2. Datuek adierazten duten bezala, nahiz eta nolabaiteko aurrerapena izan den, hor ere bada oraindik defizit demokratikoa. Eta defizita gainditzeko nahitaezkoa dugu geure gizarteko alde guztien eskuhartzea, eta batez ere geure botere publikoena, parekotasunak eskatzen duen partehartze mugetara iristeko, hau da, sexu bakoitzeko ordezkaritza ez dadila izan % 40 baino baxuagoa eta % 60 baino altuagoa.
Emakumezkoen partehartzeak botere politikoan biztanleriaren erdiaren interesak kontuan hartzea ahalbidetuko du, gizon eta emakumeen baldintza, egoera eta beharrei erantzungo dielarik.
Erabakiak hartzerakoan partehartze orekatua gizarte-kohesio faktorea da. Giza-hitzarmen berri hau boterea, familia eta lana partekatzearen ideian oinarritzen da. Historikoki egin den lan banaketak gizartea bi eremutan zatitu egin du, arlo publikoan eta arlo pribatuan. Gizonezkoei publikoa eta enpleguaren mundua egokitu zaie eta emakumezkoei etxekoa eta pribatua. Egoera honek sortu dituen gizarte egitura eta baloreak gizonak eta emakumeak mugatu ditu, emakumeen kalterako, batez ere.
Gizarteak ezarritako oztopo hauen gainetik, helburua, pertsona bakoitza bere etorkizunaren jabe izatea da, mundu bi horiek uztartu, familia eta etxeko erantzukizunak eta enplegua guztien artean banatzeko.
Emakumeek agintean duten parte urria indartzearekin, emakume eta gizonen artean aukera berdintasuna lortzera bideratutako politikak eta estrategiak ezartzea lortu nahi da, lehen esan bezala, emakumeak eta gizonak mugatzen dituen gizarte sistema hau aldatzeko.
Hala eta guztiz ere, kontuan hartu behar da, erabaki guneetan emakumeen partehartzearekin soilik ez direla berdintasun politikak aurrera eramaten. Emakume zein gizonen borondatea behar da desberdintasunak suntsitzeko eta emakumeen eskubideak defendatzeko.
Mugimendu Feministaren lanak eta adoreak agintearen ateak zabaldu dizkietela onartzen den bezala, onartu beharra dago, emakume izateak ez duela halabeharrez gai honekin konprometitua bihurtzen. Jakina, hau auzi ideologikoa da eta ez biologikoa. Gaur egun, botere politikora iristen diren emakumeen artean, beste alorretan bezala, batzuk genero ikuspuntuarekin lan egingo dute eta beste zenbaitek ez du egingo, hau izanik, agian, prozesu honetan ordaindu beharreko peajea, aurrera begira beste emaitza batzuk jaso ditzagun. Edozein modutan, mundua begiratzeko ikuspuntua orekatuagoa eta pluralagoa izango da emakumeen partaidetzarekin eta, gizartea gizon eta emakumez osatua dagoen bitartean, botereak honen isla behar du izan, guztion mesederako


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Feminismoa
Bortizkeria ikusgarri egitetik, ardura hartu eta erreparaziorako bideak antolatzera

Azken bi hamarkadetan indarkeria matxistaren gaia lehen lerrora ekarri du mugimendu feministaren borrokak, besteak beste, eta bikote arteko indarkeria edo “familia arazo” gisa deskribatzen zenak, eremu publikora eta kalera egin du salto. Indarkeria matxistaren... [+]


2025-04-16 | June Fernández
Meloi saltzailea
Chimamanda

Desengainu handia hartu dute euskal feminista askok jakin dutenean Chimamanda Ngozi Adichie idazleak haurdunaldia esternalizatu duela, alegia, surrogate batek ernaldu duela bere haurra, diru truke. Guztiok izan beharko genuke feminista saiakeraren egilea da Adichie, besteak... [+]


Amaia Alvarez Uria
“Euskal literaturaren sisteman eztabaida piztu nahi du ‘Zuzi iraxegia’-k”

Izenburua aski argia da: Zuzi iraxegia. Euskal emakume idazleak eta literatura klasikoa (TZ, 2025). Eta 300 orrialdeko liburu mardulean, XIV. mendeaz gero gurean izan diren emakume idazleen gainean jardun du, irakasleari dagozkion azalpenak emanez bezainbat, testu klasikorik... [+]


Baionako Xingar Ferian salatutako bortxaketa gaitzesteko elkarretaratzea egin dute

Ostegun gauean emakume bat bortxatzea egotzita atxilotu zuten gizon bat larunbatean. Gizona kasua argitu arte zaintzapean dago. Mobilizazioa egin du Itaiak astelehenean 18:30ean, Baionako Herriko Etxean, eta horren erantzukizuna azpimarratu du.


2025-04-11 | El Salto-Hordago
“Gatazka eta abusua ez dira gauza bera”, feminismoko eztabaidei heltzeko

Laura Macayaren liburua ekarri du euskarara Katakrakek. Amaia Astobizak itzuli du, feminismoaren baitako eztabaidak ireki eta beste begirada batzuetatik ekiteko helburuarekin.


Gorputz hotsak
“Niretzat klabea izan da familiak eta inguruak ez tratatzea gaixo moduan”

Indartsua, irribarretsua eta oso langilea. Helburu pila bat ditu esku artean, eta ideia bat okurritzen zaionean buru-belarri aritzen da horretan. Horiek dira Ainhoa Jungitu (Urduña, Bizkaia, 1998) deskribatzen duten zenbait ezaugarri. 2023an esklerosi anizkoitza... [+]


Pippi Kaltzaluzek 80 urte bete ditu, beti bezain iraultzaile

Pippi Kaltzaluzeren istorioak lehenengoz kaleratu zirenetik 80 urte bete direla-eta, leku berezia eskaini diote Boloniako Nazioarteko Haur eta Gazte Liburu Azokan. Azkarra, independentea, errebeldea, lotsagabea, menderakaitza, apur bat basatia, sormen handikoa, ausarta eta... [+]


“Neutrotzat aurkezten dena, egiaz, ideologia nagusiaren konplizea da”

Gozamen aparta bezain deskribatzeko zaila dakar, norbaiten hitzak irakurri edo entzun ostean, zera pentsatzeak: “Horixe zen neu aurreko hartan azaltzen saiatu nintzena!”. Idazlea eta itzultzailea da María Reimóndez, eta galegoz aritzen da, hizkuntza... [+]


Eskolaz kanpoko jarduerek kanpoan uzten dituzte premia bereziak dituzten haurrak

Bai ikastetxeek antolaturiko eskolaz kanpoko jarduerek, bai aisialdiari loturiko ekintzek eta udalekuek desgaitasunen bat duten haurrak kanpoan uzten dituzte maiz, eta hain justu, jarduera horiek bereziki onuragarriak dira premia bereziak dituzten haurrentzat. Hala dio... [+]


Gorputz hotsak
“Desgaitasunaren eta eskiaren mundua deskubrimendu bat izan da”

Orain arte desgaituak ez diren pertsonekin lehiatu da Uharteko Ipar Eski Taldeko Eneko Leyun eskiatzailea (Iruñea, 1998). 2024-2025 denboraldian, lehenengo aldiz parte hartu du Adimen Urritasuna duten Pertsonentzako Iraupeneko Eskiko Espainiako Txapelketan. Urrezko... [+]


Eguzki beltza

Joan den urte hondarrean atera da L'affaire Ange Soleil, le dépeceur d'Aubervilliers (Ange Soleil afera, Aubervilliers-ko puskatzailea) eleberria, Christelle Lozère-k idatzia. Lozère da artearen historiako irakasle bakarra Antilletako... [+]


AINTZANE CUADRA MARIGORTA
“Endometriosia gizonek pairatuko bazenukete oso bestelako egoera batean egongo ginateke”

Endometriosiaren Nazioarteko Eguna izan zen, martxoak 14a. AINTZANE CUADRA MARIGORTAri (Amurrio, 1995) gaixotasun hori diagnostikatu zioten urtarrilean, lehen sintomak duela lau urte nabaritzen hasi zen arren. Gaitz horri ikusgarritasuna ematearen beharraz mintzatu da. 


Gure istorioak berreskuratzea eskubideak defendatzeko

Duela aste batzuk, gurean egon ziren El Salvadorko eta Kanarietako emakumeen eskubideen aldeko hainbat aktibista. Sexu- eta ugalketa-eskubideez eta eskubide horiek urratzeak emakumeengan dituen ondorioez aritu gara; hala nola El Salvadorren berezko abortuak izanda homizidio... [+]


“Zuek, emazteek ez duzue deus ere balio”

Zuberoako ohiturei buruzko bi liburu ditut gogoan. Batek XX. mendean aritu izan diren 180 dantzari eta soinulari aipatzen ditu. Haien artean, emakumezkorik ez da agertzen. Besteak, pastoralei egiten die errepasoa eta hor emakumeak aipatu aipatzen dira, baina omisio esanguratsuak... [+]


Itxaro Borda
“Gure norabide sexualen, ezinegonen eta beldurren erraiteko hiztegi bat sortu dugu”

1984an ‘Bizitza Nola Badoan’ lehen poema liburua (Maiatz) argitaratu zuenetik hainbat poema-liburu, narrazio eta eleberri argitaratu ditu Itxaro Borda idazleak. 2024an argitaratu zuen azken lana, ‘Itzalen tektonika’ (SUSA), eta egunero zutabea idazten du... [+]


Eguneraketa berriak daude