MILA URTE PASATA, ZARAUTZEN AZALDU DIRA GURE ARBASOAK

Behe Erdi Aroan euskal kosta ez omen zegoen populatua. Normando eta vikingoen erasoen beldur izaki, populazioak barnealdean kokatzeko joera omen zuen. Horixe da, bederen, tradizio historiografikoak orain arte esan duena, Erromatarren garaitik –V. mendea– kostaldeko lehen hiribilduen fundazioa bitarteko –XIII-XIV. mendeak– tarte zabalean zegoen hutsuneari nolabait aurre eginez. 1997an Zarautzen aurkitutako nekropolia hutsune hori betetzen hasi da, aurreko usteak bertan behera utziz. Aztarnategiko arrasto zaharrenak IX-X. mendekoak izan daitezkeela diote arduradunek. Zarautzen fundazioa baino lehen ere (1237), zonaldea populatua zegoela, alegia.
Zarauzko hiribildua babes arkeologikodun zonaldea da. Horrek esan nahi du, hiribilduan lanak egiten hasi baino lehen, derrigorrezkoa dela prospekzio arkeologiko bat egitea. Eta hala egin zuten Santa Maria la Real parrokiako kanpandorrearen egokitze lanak abian jarri baino lehen. 1997an Aranzadiko ikerle talde batek giza aztarnak topatu zituen dorrearen azpian eta indusketako lehen kanpainari ekin zioten horrenbestez. Bigarren kanpaina, aztarnategiaren indusketa bera, iragan abenduan burutu dute Alfredo Moraza eta Alex Ibañezen zuzendaritzapean.
Morazaren aburuz, aurkitutakoaren azalpenarekin hasi baino lehen, «

beharrezkoa da edukia eta edukitzailea bereiztea, ez baitute zerikusirik
». Edukitzailea, kanpandorrea alegia, XV. mende bukaeran edo XVI.aren amaieran izan zen eraikia eduki zaharragoaren –nekropoliaren– gainean eta berau mozten. Indusketak dorrearen barruan egin dituzte, 25 metro koadro inguruko azaleran, baina horrek ez du esan nahi hildakoak barruan ehortzi zituztenik, ezta nekropolia azalera horretara mugatzen denik ere. Horren erakusle garbia da zenbait hildako eraikuntzaren zimentuek ebakita agertu izana.


HIRU MAILA.

Nekropoliaren indusketan, zoruan behera egin ahala, hiru maila desberdin bereizi dituzte arkeologoek. Maila bakoitzean garai ezberdineko arrastoak topatu dira eta lurperatzeko sistemak ere aldatu egiten dira batetik bestera.
Lehen mailak, berrienak, XIII-XIV. mendeko emaitza jaso du datazioetan. Gorpuak zangatan sartuta ehortzi zituzten. Estalkien aztarnarik ez da topatu, baina seguruenik izango zituzten. 8-10 gorpu berreskuratu dira, gehienak gizonezkoak eta gazteak.
Bigarren mailan harlauzazko ehorzketak geratu dira agerian. Hareharrizko harlauza landuak bertikalki paratuak daude, gorpuarentzako espazio errektangularrak osatuz. Estalkiak galdu egin dira hemen ere. Beste hamar bat gorpu azaldu dira maila honetan. Berriro ere gizonezkoak dira gehienak, baina emakumezkoren bat eta haurren bat ere badira tartean. XI-XII. mendekoak dira giza aztarna hauek.
Maila zaharrenean horma moduko hilobiak topatu dituzte. Oboide formako hilobiak dira hauek eta formarik gabeko hareharri eta kare-harri blokez pareta moduan eraikiak izan ziren. Kasu honetan estalkiak mantendu egin dira –kare-harrizko bospasei harlauza hilobi bakoitzeko–. Beste sei hildako aurkitu dira azken mailan. Datazioen emaitzak iristeke daudelarik, IX-X. mendeko behin-behineko data ipini diete aztarnei, Araba eta Bizkaian aurkitutako hainbat aztarnategitan tankera horretako hilobiek emaitza hori eman baitute.
«

Gorpuak ehortzi zirenetik mila urte inguru pasa direla kontuan hartuta, kontserbazioa oso-oso ona
» dela dio Morazak. Inguruko buztin eta hare nahasketa oso lagungarri izan omen da horretan. Gainera, aztarna hauek publikoak ikus ditzan agerian geratuko direnez, tratamendu berezi bat emango zaie iraupena ziurtatzearren.
Aranzadiko kideak pozik ageri dira dorrea museo bilakatzeko Zarauzko Udalaren egitasmoarekin. «

Gehienetan, aztarnak berriro lurperatu behar izaten dira edo besterik gabe suntsitu egiten dituzte
».


HILOBI KRISTAUAK

. Aztarnategi honek Behe Erdi Aroan gure kostaldea populatua zegoela erakusten duela esana dugu. Halaber, kristautasunak dagoeneko toki garrantzitsua zuela ondoriozta daiteke. Hilobi hauek ohikoak dira ehorzketa kristauetan eta gorpu guztiak ekialdera begira ipini zituzten. Objektu gutxi topatu da bertan –zeramika puska batzuk, txanponen bat, orratz bat–. Izan ere, horrelako ehorzketetan ez zen ohikoa hildakoak objektuekin hilobiratzea –ohitura hori beranduago zabalduko zen–.
Hildakoak kanpoan ehortzi ohi zituzten, eliza edo ermita baten inguruan. Eliza barruan ehorzteko ohitura beranduago iritsi zen, XVI. mende inguruan eta beranduago, XIX. mendean, higiene kontuak medio, hiribildutik kanpora eraman zituzten hilerriak.
Goiz da oraindik nekropoli honetatik ondorio gehiago ateratzeko. Lau bat hilabete zain egon beharko dela diote Aranzadikoek. Aztarna zaharrenen adina ezagutzeko datazioa Uppsalatik (Suedia) etorriko da. Analisi paleopatologikoaren ardura –hildakoen adina, sexua, gaixotasunak... argituko ditu– Pako Etxeberriak du. Azterketa Odontologikoa Alberto Goienetxea eta Eva Egurenek egingo dute eta hildakoen elikaduraren inguruko informazioa ekar dezake. Azkenik, azterketa numismatikoaz –txanponak– Bartzelonako Unibertsitatea arduratu da.
Nekropoli honen indusketa lanak ez dira, hala ere, horretan amaituko. Orain arte dorretxe barruan jardun badute ere, nekropolia zabalagoa da, eta lanean jarraitzeko egitasmoa hor dago. Zailtasunak ere hor dira, hala ere. Dorrearen albo batean eliza bera dago, bestean etxebizitzak eta parean Meagaserako errepidea. Baina Fernando Llopis Zarauzko Udaleko Kultua zuzendariak aurten bertan atzeko jardinetan lanean hasiko direla esan digu. Bere ustez interesgarria litzateke, «

hilobiez gain, garai hartako biztanleen bizitokia ere topatzea. Haien bizimoduaz informazioa emango liguke horrek
».
Oraingoz, ez dakigu noraino iritsiko den aztarnategi honen azterketa. Baina, orain arte egindakoaren emaitza Aste Santuan ikus ahalko du bertara hurbiltzen denak. Eta bisitariak ez dira, seguruenik, gutxi izango. Indusketan ari zirela ere jakinmin handia piztu zuen inguruan eta zarauztar mordoa hurbildu zen euren arbasoek, hil eta mila urtera, zernolako itxura zuten ikustera

Eskeletoak Arte eta Historia Museo berriaren oinarri

Zarauzko Udala kanpandorrearen egokitze lanetan ari da egunotan. Izan ere berau museo bilakatuko da aurki –dena aurreikusi bezala joanez gero Aste Santurako eta uda hasieran, bestela–. Fernando Llopis Udaleko Kultura zuzendariak argitu dizkigu proiektuaren nondik norakoak.
Aspaldikoa da dorrea museo bezala erabiltzeko asmoa. Herriko monumentu zaharrenetakoa izaki, eraikuntzak berak bazuen interesa publikoari zabaltzeko. Parrokiak, ordea, beste erabilera bat eman nahi zion dorreari –«Hogar del transeunte» delakoa ipini asmo zuten behean eta lehen solairua Caritas-en egoitza izan zedin nahi zuten–. Hortaz, publikoari dorreko bigarren solairua eta kanpandorrea soilik zabaltzea pentsatu zuen Udalak hasiera batean.
1997ko prospekzioak goitik behera aldatu zuen proiektua. Udalak beste egoitza bat eskaini zion parrokiari bere beharretarako eta dorrea osorik museo bihurtzea erabaki zuten. Leopoldo Zugazak burutu du berorren proiektua.
Beheko solairuan indusketek agerian utzitako giza arrastoak izango dira ikusgai. Kontserbazio arrazoiak direla medio, bisitariek ezingo dute nekropolian sartu; sarrera lehen solairutik egingo da eta plataforma moduko batek ahalbidetuko du bisitariek arrasto hauek ikus ahal izatea. Panel interaktibo batek informazioa eskainiko du gainera. Gainontzean, lehen eta bigarren solairuan Zarautzen inguruko artea eta historia jorratuko da gai desberdinetan banaturik (orotara 12): aipaturiko giza arrastoak, geografia fisikoa, urbanismoa eta arkitektura, administrazioa, komunikazioak, ekonomia, erlijio bizitza, hezkuntza, kultura, jai eta kirol agerpenak, gertakizun historikoak eta pertsonaia esanguratsuak. Azken solairua ere, kanpaien egoitza bera, bisitagai izango da.
80 milioi pezetako (3.200.000 libera inguru) aurrekontua du museo honek. Horietarik 50 bat egokitze lanetara bideratu dituzte, 13 museoaren proiektura eta indusketa lanek beste 6 eraman dituzte –parrokiaren beharretarako erositako egoitzarentzat 15 milioi eman dira–. Aurrekontuaren gehiengoa Zarauzko Udalak berak bere gain hartu badu ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak diruz lagundu dute proiektua


Azkenak
2025-01-19 | Urtzi Ugalde
Agur, amatxu

Hauek izan ziren nire azken hitzak zure lo arnas sakonean eskutik helduta ginela joan zinenean. Aparteko minik gabe, xume, duin, geratu zen betiko zure bihotza. Zuk nahi eta eskatu bezala. Guk nahi eta errespetatu bezala.

Jada hilabete, neguaren atarian, gaurik luzeenak diren... [+]


Amatasunaren giltzarik gabe

AMAK
Konpainia: Txalo teatroa.
Sortzailea:  Elena Diaz.
Zuzendaritza:  Begoña Bilbao.
Aktoreak: Intza Alkain, Tania Fornieles, Oihana Maritorena eta Iraitz Lizarraga.
Noiz: urtarrilaren 10ean.
Non: Itsas Etxea auditoriumean... [+]


Bayrouren aurkako zentsura mozioak porrot egin ondoren, Herritar Fronte Berria zatituta dago

Ostegun arratsaldean egin dute bozketa eta, aurreikusitako moduan, François Bayrou lehen ministroaren aurkako zentsura mozioak ez du aurrera egin. Izan ere, eskuin muturreko Batasun Nazionalaren sostengurik gabe, ez zuen aurrera egiteko aukerarik.


2025-01-17 | ARGIA
Hasi da denboraldia, Saizarren eta Alorrenenean txotxa irekita

Asteazkenean egin zuten ekitaldia Astigarragako Alorrenean, Sagardoaren Lurraldeak hala erabakita. Ostegunean egin du txotx hasierako festa propioa Usurbilgo Saizarrek.


Iruñeko Erorien Monumentuaren eraispena eskatzeko manifestazioa egingo dute larunbat honetan Iruñean

Talde memorialistek deitutako manifestazioa Erorien monumentuan hasiko da 18:00etan eta Gazteluko plazan bukatuko da. Amaierako ekitaldian El Drogas, Gran Ritxarson, Ilargigorri eta La Chula Potrak esku hartuko dute, besteak beste. Gaia orokorrean nola dagoen azaldu dugu... [+]


2025-01-17 | Oihane Artetxe
Urratutako haurtzaroa: indarkeria instituzionala gure testuinguruan

Gaur egun, emakumeen eta haurren ahotsei zilegitasuna kentzen dien kulturaren arrastoak diraute, haien esperientziak isilaraziz, haien oinarrizko eskubide eta beharrak minimizatu edo alde batera uzteko joera duen sistema baten barruan. Arazo horren adibide mediatiko bat Juana... [+]


2025-01-17 | ARGIA
Spoiler, gurasokeria, ziborg, santujale eta guakamole, Euskaltzaindiaren Hiztegiko azken eguneratzeen artean

2024ko bigarren seihilekoaren lanaren emaitzak jaso ditu Euskaltzaindiak. Forma berriak eta aurretik zeudenen osatzeak aurkeztu ditu. Forma berrietan, oraingoan, batez ere, sukaldaritzako hiztegia landu dute. EITB eta Berria-ko edukiak hartu dituzte iturritzat.


Jesus Carrera “diktadurak sortutako egoera bidegabeen biktimatzat” aitortu du Hondarribiko udalak

Jesus Carreraren erailketaren 80 urteurrenean udal adierazpena plazaratu dute Hondarribiko udalbatza osatzen duten alderdi politiko guztiek.


Tokiko espezieekin osatutako basoa landatzeari ekingo diote igandean Arrankudiaga-Zollon

Lursailaren jabeak hitzarmena sinatu du Lurgaia Fundazioarekin eta Sagarrak talde ekologistak deialdia zabaldu du landaketara batzeko. Zaraobe Institutuko ikasleak asteartean aritu ziren zuhaitzak landatzen.


2025-01-17 | Antxeta Irratia
Dagoeneko 1.000 autoinkulpaziotik gora bildu ditu J’accuse kanpainak

Irunen autoinkulpazio sinadurak biltzeko deia luzatu dute San Juan plazan urtarrilaren 18an, larunbatarekin, 10:00etatik 13:00era. Urtarrilaren 26an «modu masiboan» Irunen hasiko den manifestazioan parte hartzera deitu dute eragileek, «migrazio politika... [+]


2025-01-17 | Gedar
Soraluzen ‘desokupei’ aurre egiteagatik deklaratu beharko du lagun batek

 Ekainaren 5ean bota zituzten Desokupacyl enpresako bi matoi Sorazuletik, eta bi pertsona identifikatu zituen Poliziak. Urtarrilaren 29an deklaratu beharko du haietako batek.


Ezezkoa eman dio Eskoriatza eta Aramaio arteko parke eolikoari Espainiako Gobernuak

Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demokratikorako Ministerioak atzera bota du Statkraf multinazionalak Araba eta Gipuzkoa artean eraiki nahi zuen Itsaraz parke eolikoa.


Bizkaiko Foru Aldundiko langileen eta euskararen alde elkarretaratzea egin dute Bilbon

Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bizkaiko Foru Aldundiko langileak elkarretaratzea egin dute langileen egonkortzearen eta euskalduntzearen alde.


Eguneraketa berriak daude