H
artz aroa gertu dugula, neguko goizik hotzenean Hazparneko Kultur Etxean bildu gara, sutondo itzali baten ondoan goxoki mintzatzeko. Hotza hezurretaraino iristen bazaigu ere, Koldoren begirada aratzak, giro beroa piztuarazi du. Ez zaio arrazoirik falta suge-xarmagileak ipuin kontalariekin parekatzen dituenari).
1982. urteaz geroz profesional gisa jardun duzu. Nola sortu zitzaizun ipuinekiko grina?
Gazte denboratik antzerki ikastaroak eginak nituen, ahotsa, dantza eta gorputza lantzen ikasteko. Ondotik, txotxongiloak egiten hasi nintzen eta emeki-emeki ipuinen munduan sartu. Baionako Adur-Navarre irrati librean euskarazko emankizunen barnean ipuinak kondatzeari ere heldu nion. Garai hartan gau eskolen arduradun nintzela, dena utzi eta ipuin kontalari engaiatu bilakatzea erabaki nuen, jende aitzinean lasaiki aritzen nintzen-eta.
Ahozkotasunak behiala garrantzi handia zuen. Denboraren bortxaz ordea, bertsolaritzak ipuin kontalaritza itzalpean utzi du. Frantzian berriz, harrera ona du.
Bertsolaritzak hartu du toki gehiena, bat-batekotasuna eta antzerki kutsua ere baduelako. Ipuina etxe barnekoa izan da gehiago, eta bertsolaritza berriz, etxetik kanpora atera da. Frantzian, nolabaiteko berpizkundea ukan du, folk musika eta antzerkitik zetorren jendeari esker, Jean Pierre Chabrol kasu, ipuinak idazteaz batera kontatzen ere hasi zena. Okzitania, Lyon, Normandia edo Bretainiako jendearekin festibaletan elkartzean jakin genuen garai beretsuan murgildu ginela ipuin kontalaritzan. Geroztik, hartu eman hori atxiki dugu, ikastaroak antolatuz eta.
Antzerkiak ez bezala, kontalaritzak funtsezkoa du publikoaren esku hartzea.
Bai, hala da bete-betean. Enetzat arau hirukia da: publikoa, ipuina eta ni. Hiru elementuek elkar behar dute. Aldi berean, hiru toki horietan egon behar duzu, bestenaz hankamotz geratzen da. Argi baten azpian jarri, atera, berriz barruan, eta kanpoko eragileak baliatu ipuinaren barnean sartzeko. Norbaitek arrabotsa egiten duelarik, eta orduan, «zapla! deabrua hor sartu zen», esaten dut. Hori ez duzu beti egiten ahal, baina saiatzen naiz.
Zein iturrietatik edaten duzu ipuinak hautatzeko? Menturaz, Azkue eta Aita Barandiaranek jasotakoak baino haratago.
Bai, ikertzaileengandik ere hartzen ditut kondairak. Baina ez bakarrik tradizioari atxikiak, gaurkotasuna ere sartzen dut. Gaur egungo kolorea eta ukitua ematea zinez lagungarria da-eta. Horrek ez du erran nahi Internet eta telebista nahitaez sartu behar duzunik. Azken batean, antzinako gizonak eta gaur egungoak ezaugarri berak ditu muinean, berdinki maitatu, haserretu, negar egin eta hil egiten gara-eta.
Perraulten amandre ipuinak edo lamien kondairak izan, zeintzuk dira ipuinen betekizunak? Akatsak eta birtuteak azpimarratzen dituzte, ona eta gaiztoaren artean bereizten ikas dezagun. Baina zer gehiago damaigute?
Aldi berean irudimen oparotik eta errealitatetik edaten dute. Atsegina hartzeko eta amesteko ere balio dute, bide bat urratzeko; badute ere zuhurtzia kutsu bat, heldutasunera iristeko edo. Batzuek uste dute ipuinak filosofia ederra direla, eta apezak bagina bezala hartzen gaituzte. Baina ez dut uste horrela denik. Menturaz, hitzak xaloki erabiliz gauzak plazaratzeko trebezia dugun arren, erantzukizuna sentitzen duzu. Ipuin bat entzun eta gero, ate bat irekitzen diozu entzuleari. Giltza bederen, ematen diozu. Gure egitekoa beraz, kalte egiteko baino, gehienbat on egiteko da.
Ipuinak, kontatzeko baino irakurriak izateko direla diote. Bernardo Atxagak behin esan zuenez, istorio bat zuzenean eta apaingarririk gabe kontatuz gero, 0-10 arteko eskalan, 3 puntutik ez da pasatzen. Ahozkotasuna oinarri duzula, kontatzeko moldean entzulea girotu eta lilura dezazun, non dago koska?
Naski, antzeko zerbait gertatzen da ipuinak kontatzean ere. Zuk irudiak berpiztu behar dituzu, idatzia dagoena erdi lotan dagoelako. Kontatzeko moldean dago koska. Ezin da xuxenki kontatu, barnean duen filosofia biziarazteko ipuina bereganatu behar du kontalariak. Horren kariaz, Euskal Herrian badugu ipuin bat, nireganatu ezin dudana, «Hiru olatuen» ipuina; irristatu egiten naiz. Bestalde, badira ipuin idatziak, ederrak izan arren, kontatzeko batere egokiak ez direnak. Deskribapen eta apaindura gehiegi dituztelako; baita alderantziz ere, kontatuak izateko hobeak direnak.
Kontatzean, begietara begiratu behar duzu, nahiz eta batzuei gogorra egiten zaien kontalaria aurrez aurre ukaitea. Pertsonaiak ere ez ditugu xehe-mehe azaltzen, izan dadila publikoa irudimena erabiliko duena pertsonaiak janzteko, hitza eman hark irudika dezan, bere ipuina egiteko parada emanez. Erritmoa ere funtsezkoa da, girotu eta erritmoa finkatzeko. Gorputza ongi mugitzea biziki inportantea da. Nik panderoa erabiltzen dut, nire gorputzaren luzapen bat bezala, bai girotu, bai erritmoa ezartzeko. Musikari bat lagun duzularik ere, bat-batekotasuna sartzen ahal duzu. Pascal Gaigne-rekin kasu, izugarria izaten da.
Ipuinak umeen kontua direla esaten den arren, helduak hunkitzeko ere egokiak izan daitezkeela erakutsi duzu.
Haurrendako ipuinak xinpleagoak izaten dira. Gaur egungo umeek gainera, iduri du erne egoteko gaitasun urriagoa dutela, telebistaren eraginez edo. Gero eta laburragoak egiten ditut beraz, haiei zuzendutako ipuinak. Salbuespenak ere badira, noski. Ene irudiko gainera, ipuinak umeak lokartzeko eta helduak esnatzeko ere badira. Beti erraten dute ipuinak entzuteko denon baitan lozorroan dagoen haurra esnarazi behar dugula. Ba, ez nago batere ados esaldi horrekin, topiko hutsa da. Zure irudimena eta freskotasuna baduzu, zergatik ezin zaitzake ipuin batek hunkitu? Helduak hortaz, makilarekin akuilatzen ditut. Esaterako, Normandiara joan eta honako hau azaltzen diet: «Ardi buru bat duzue eta ura irakiten, herri honetan zer jartzen diozue zaporea emateko? Tipula, piperra, berakatza edo «La creme»? Ez dakizuela? Bada, ni ez naiz herri honetan geratuko afaltzen. Norbaitek zuen etxean lanean arituz gero, eguerdian bazkaltzera gonbidatzen al duzue?». Gisa horretan, jendea inplikatzea lortzen duzu.
Emaiguzu Maddi Oihenartekin batera apailatu duzun «Maribil» ikuskizunaren berri.
Kontu kantari gisakoa da. Wendworth Webster apez anglikanoak duela 100 bat urte Laurentine Kopena andere kontalariaren ahotik jaso zuen «Zorria» izeneko ipuin miresagarrian oinarritua. Hara zer duen kontagai: Behin baziren errege bat, Maribil bere alaba, zorri bat eta deabrua bera. Ahantzi gabe etxeko behor zuria, zeina neskaren kontzientzia den. Ez da behin ere mintzatzen beste norbait inguruan dagoenean. Maribilekin buruz buru bakarrik. Behor zuriak laster deabrua uxatu eta zorri larrua desagertarazi zuen. Gero, era hortan erregearen alaba salbatu zuen. Printzearen amodioa beregana zezan, bide desbideratu batzuetarik eraman zuen. Eta egun batez...
Maddi Oihenart Barkoxeko kantaria izanen dut lagun, prefosta daukagun kantari ederrenetako bat, «Belatxa» basahaidea, pastoraletako bost «Satan» idatzi berria, Manex Erdozaintzi Etxarten «Euskadiko neskatxa», «Amets egin duzu» olerkia, Pierpol Berzaitzen «Gauak gauari ganberan» kantutik zati bat, Xiberoko kantu herrikoiak: «Goizean goizik», «Lau sasuak», «Xorittoa norat hoa»....beste olerki eta melodia parrasta bat ere abestuko du. Iruñea, Donostia eta Gasteizen emanen dugu martxoaz gaindi.
Herrialde frankofonoetan ibilia zaitugu ipuinak kontatzen. Ezagutuko dituzu munduko kontuak.
Europa mailan Suitzan nahiko indar badute ipuin kontalariek; emakumezkoak izaten dira baina, dohai hobeak dituztelako, koordinazioan bereziki. Amateur gisa hasten direnek umeentzako ipuinak kontatzen dituzte; eta gero, profesional bilakatzean, helduei begira egindako gauzekin hasten dira. Animatzaile, irakasle eta erretretan daudenak elkarteetan bildu eta ipuin laborategiak egiten dituzte. Egin kontu, behia hizpide hartuta, ehundaka pasadizo sortzen dituzte.
Afrikan ere egondakoa naiz, ahozkotasuna atxikitzeko egiten diren jaialdietan. Uste dugunaren kontrara, han ere ahozkotasuna galbidean baita, mundu guztiak irrati bat dauka belarrian itsatsia Europako emisorak entzuten.
Duela urte mordoa «Conteur du monde» ipuin topaketan, harpa, txilibitoa eta bestelako musika tresnak erabiltzen zituztenak aurkitu nituen, zutik, eserita, belauniko. Harritu ninduen halako aniztasuna aurkitzeak. Hara! Apaingarri baino gehiago, ipuina bera bezain garrantzitsuak bazirela. Quebec-eko kontalari batek adibidez, oinak erabiltzen ditu, «klake»ren gisara, kantatuz, harmonikaz lagundua. Ikusi nuen ipuinak nonahi kontatzen ahal direla, antzerkian, presondegian...
Zein alde dago ipuin bat euskaraz edo frantsesez kontatzearen artean?
Enetzat alde handia dago; askoz erosoago sentitzen naiz euskaraz mintzo naizela, barren barrenetik ateratzen zaidalako. Herrialde frankofonoetan nagoela, ikuskizuna hasi aitzin, euskararen inguruan mintzo naiz; euskalduna naizela esaten diet, hots, nik ere badudala ama hizkuntza bat haiek bezala, nahiz eta frantsesez aritu. Hori entzutean ez dute sobera ulertzen; eskemak apurtzen dizkie hori jakiteak. Usu, Okzitanian entzun nuen zubiaren pasadizoa kontatzen dut: aitona batek ilobak frantses eskolara eramaten zituen egunero. Zubira heltzean beti hala esaten zien: «Orain atera ezazue euskara ahotik eta erreka bazter honetan utzi etxeratzen zaretenerako». Egun batean, aitona hil eta gero, iloba bati hori egitea ahaztu eta frantsesa kutsatu zuen herrian. Hobenduna zela zioten herrikoek. Hori entzutean, jendeak berdinki erreakzionatzen du, hala Flandrian nola Afrikan.
Zein da zure bete gabeko ametsa?
Herrialdez herrialde egiazki ibili ahal izatea, patxadaz bidaiatzea. Orain bi semetxo ukanik, ezin dut halakorik egin.
Helduen munduan bizi zarenetik, zerk sortu dizu etsipen gehien?
Ausardia falta, mugitzeko askatasun eza. Gure buruari ezartzen dizkiogun mugak. Gizarteak oro har dinamika horretara xurgatzen zaitu. Karratuegi bilakatu nahi gaituzte. «Maribil» ikuskizunean kontatzen dut nola garai bateko jauneriak arma guztiak urtu zituen lan tresnak egiteko. Ba, jendeak ez du sobera hori konprenitzen; «ez da posible hori egitea!» diote. Ez dute alderdi sinbolikoa ikusten.
Zein da zure lorpenik handiena?
Bada, ipuingintzaren bidea berpiztu izana, gure munduan bere betekizuna ukan dezan. Azkenaldian gainera, mugaz bi aldetara sortu da zenbait kontalari on. Eta hori arras pozgarria da enetzat.
Hautua emanen balizute, zure ipuinetako zein pertsonaiaren azalean sartuko zinateke?
Ez da hain erraza, kontalaria ez baita pertsonaien barruan aktoreak bezainbat sartzen. Baina erratekotan, axeria hautatuko nuke, ausardia, kalaka ederra eta askatasuna duelako. Jakinen duzu saiaren isatsean hozka egin eta zerurantz hegaldatu zirela. Orduan, askatu zedin, saiak axeria mintzarazi zuen. Axeriak ahoa irekitzean lurrera amildu zen. Eta behera iristean, hara, axeri-gizon bihurtu nintzen