ESTATU ARRAZOIA VERSUS DEMOKRAZIA: OROIT ETA SALA

  • Euskal Herria ez da salbuespen bat. Espainia nahiz Frantziako estatuen estrategia lekuko.Oroit eta Sala taldeak frantses estatuaren inpunitatearen aurka dihardu Iparraldean.

2021eko uztailaren 27an
GAL erakundeak 1987. urtean egin zuen bere azken atentatua Ipar Euskal Herrian. Juan Carlos Garcia Goena iheslari tolosarra hil –soldadutza ez egiteko ihesi egin zuen Hegoaldetik Iparraldera– eta urtebetera Baionako epaile batek ireki zuen GALekin (Askapenerako Talde Antiterroristak) zerikusia zuen lehen dosierra Frantzian; Jose Amedo Fouce eta Michel Dominguez poliziek eginiko deklarazioen arrastoan ireki ere. Edonola ere, 1995. urtera arte ez zen GALen inguruan oihartzun apartekorik izan frantziar auzitegietan. Bi polizia hauen aginduetara gerra zikinean aritzeagatik atxiloturiko hainbat mertzenariok –Georges Mendaille, Mohamed Talbi, besteak beste– Espainiako poliziaren partehartze zuzena eta hainbat polizia frantziarren kolaborazioa salatzen bazuten ere, frantses auzitegiek ez diote GAL aferari aparteko jaramonik egin gaur egun arte.
Frantses estatuetako seguritate indarretan diharduten polizien partehartzea susmo soila baino zerbait gehiago dela azaleratzen saiatzen da Oroit eta Sala kolektiboa.


GAL FRANTSESA: BOSLE ETA CATHALA POLIZIAK.

Frantziako «Nouvel Observateur», «Libération», «L'humanité» edota «Canard Enchaîné» agerkarietan, eta Espainiako «El Mundo» egunkarian GALi buruzko artikulu ugariek Guardia Zibileko Enrique Rodriguez Galindo jenerala eta Baionako PJko (Polizia Judiziala) Bosle poliziburuaren arteko harremana agerian utzi zuten. Egun zenduak diren Guy Metge eta Castets polizien eta Amedoren arteko harremanak frogatzen zituzten agiriak betetzen zituzten epaitegietako txostenek. PAFko (Muga eta Airetako Polizia) Joël Cathala poliziburu eta borroka antiterroristaren koordinatzaileari –euskal errefuxiatuei buruzko informazioaren truke– 1.500.000 libera (37.500.000 pezeta) ordaindu zitzaiola aitortu zuen Lopez Carrilok. Ez zen inplikatu bakarra. Guy Metge poliziari –Cathalaren menpekoa; ofizialki istripuz hila– eta Hassen izeneko beste poliziari –Cathalaren menpekoa ere– Garcia Goena iheslaria eta Ramon Basañez errefuxiatuari buruzko dokumentazio ugari aurkitu zitzaien. Hassen auziperatua izan bazen ere, Cathalak auzitegietan adierazi zuenez, beren menpekoei buruz eginiko inkestek ez zuten ondoriorik ekarri; errudunak omen ziren guztiz. Alta bada, Dufourg inspektoreak idatzitako «Section manipulation» liburuan kontatzen duenez, «Reinsegnement Généraux» delakoak espainol poliziari ematen zizkion euskal errefuxiatuei buruzko izenak, helbideak eta euren bizimoduen berri, eta atxiloturiko GAlkideen eskuetan aurkitutako informazioak Baionako suprefeturatik atera ziren. Baltasar Garzon epaileak kudeaturiko dosierretan Amedok Frantzian zituen kolaboratzaileen izenak agertzen ziren: Gerard Manzanal Pan Légion Etrangèreko buruzagi ohiaren esanetan Pedro Sanchez eta Echalier GALkideak aritzen ziren. Georges Mendaille mertzenarioak DST polizia sailerako ziharduen, eta hiriko seguritateaz arduradun ziren hainbat poliziek Amedorekin elkarlanean ziharduten. Egun hila dagoen Castets Amedoren kontaktoa zen, eta Michel Hélie bere poliziburua. Miarritzeko Gali komisarioa eta Buis Inspektorea, hala nola Baionako Berlan komisarioak Talbi eta Sanchez GALkideen proiektuen berri zuten. Datu hauek, GALek Ipar Euskal Herrian ehundutako sarean parte hartu zuten izen nagusiak besterik ez dira.


«JOEL CATHALA USTELA».

GALen inplikatutakoei buruzko informazioa Espainiako nahiz Frantziako hainbat kazetarik eginiko ikerketa lanari esker ezagutu zen publikoki. Ipar Euskal Herrian «Enbata» eta «Ekaitza» agerkarien bidez plazaratu zen informazioa. 1995ean, HA (Herriaren Alde) taldeak «Joël Cathala ustela» idatzia zeraman afitxa kaleratu zuen. Cathala, Hélie eta Etcheto poliziek HA auzitegira eraman zuten. HAko Jakes Bortairu atxilotua izan zen afitxaren erantzule gisa; eta «Enbata» eta «Ekaitza» auzipetuak ere. 1996ko martxoan frantses justiziak hiru poliziok iraintzeagatik kalte-ordainak pagatzera kondenatu zituen «Enbata»ko Jakes Abeberri zuzendaria eta HAko Jakes Bortairu. «Ekaitza» aldizkaria zigortu gabe geratu zen prozedura akats bat zela medio. Gaur egun Oroit eta Sala kolektiboaren militantea den Jakes Bortairu 590.000 liberako zigorra pagatzera kondenatua izan zen. Ondasunik ez duenez, hilero 850 libera kentzen diote bere alokairutik eta Joël Cathalaren eskura doa. Joël Cathalaren garaia pasa ondotik Alain Etcheto eta Michel Hélie poliziek eskaera berregin lezakete, eta bakoitzari –beste hamabost urtez– berriz ordaindu beharko lioke Bortairuk. Esan gabe doa, dirutza hori sustengu militanteari esker ordaindua dela. «Enbata»ren afera beste gisa batez trenkatu zen. Estatuak Jakes Abeberriren ondasunak bahitzen ahal zituenez 210.000 libera ordaindu zuen aldizkariak. Dirutza hau militanteen aldetiko laguntzari esker berdindua izan da. Ez dira hiru polizia hauei kalte-ordainak pagatzera kondenatuak izan diren hedabide bakarrak. Joël Cathalak dagoeneko 125.000 libera jaso ditu AFP agentziatik, «Info Matin» aldizkaritik edota «El Mundo» egunkariaren partetik.


ESTATU ARRAZOIA ETA DEMOKRAZIA.

Euskal agerkariak frantses estatuaren egituretan ari diren hainbat polizia eta funtzionario salatzeagatik zigortuak izan ondotik, Anaia Artea eta CDDHPBaren (Ipar Euskal Herriko Giza Eskubideen Aldeko Komiteak) inguruan diharduten militante eta abokatuen laguntzarekin antolatu zen Oroit eta Sala; GALri buruzko txosten judizialak irekitzeaz batera –1995etik 1998ra bitarte– jalgiriko herri ekimena biltzeko xedearekin. Talde honek 1998ko abenduan lehen Foruma eratu zuen: «Estatua legez kanpo. Frantses ohitura ote?» izenburupean. Izan ere, historikoki frantses estatua gerra zikinetan nahastua izatea ohitura izan ote den galdetzen du Oroit eta Salak: Aljeriako Gerran, 68ko maiatzean, Ben Barka iraultzaile marokoarra eta Henri Curiel militante komunista egiptoarraren hilketak, Vincennseko irlandarren afera, Rainbow Warrior, hala nola Korsikako Pailloten afera berriki gertatua, historian agertu diren adibide batzuk baino ez dira. Joan den abenduan berriz, «Demokrazia eta Estatu arrazoia» lemapean burutu zuten bigarren Foruma. Gilles Perrault frantziar idazleak honela adierazi zuen bertan: «Estatu arrazoiaren erabilpena frantziar kultura nazionalaren baitako eginmoldea da».
Bigarren Mundu Gerraz gero Frantzian eman izan diren ekintza bortitz ugari argitu gabe daude oraindik. Frantziako polizia aparatuek jabego eta gizabanakoen aurka egindako erasoak dira, baina egundo argitu gabeak. Estatuaren arrazoiari jarraikiz isilpean gordetzen diren aferak dira. Charles Pasqua Barne Ministro ohiak esana beteaz –

Demokrazia estatu arrazoia hasten den unean bukatzen da
– Frantziako estatuak ez du behin ere frantses zerbitzu sekretuek buruturiko sarraskien erantzukizuna bere gain hartu.


PARTEHARTZE ANITZA.

Azken urte honetan egindako lanak bere oihartzuna izan du engoitik. Forumetan parte hartu dutenen –Iparraldeko zein Hegoaldeko abokatu eta militante politikoak, baita Frantzia, Espainia nahiz beste estatuetatik etorritako kazetariek eta idazleek– jarrerak oso interesgarriak izan dira talde honetako Amaia Fontangen esanetan: «

Euskal Herritik kanpo etorritakoek beren esperientzia ekarri digute, baita gure herrian jasan izan genuen gerra zikinaren zergatiak hobekiago konprenitu ere. Biziki positiboa izan da orain arte egindako lana. GAL aferari buruz eztabaidatzeko dagoen beharra baieztatu dugu. Forumak eztabaida gune bat eskaini du kanpoan parada gutxi baita afera honetaz mintzatzeko
».
Oroit eta Salak Frantziako Asanblea Nazionaleko hautetsi bakoitzari aspaldi galde egin zion posizionatzea GAL aferari buruz: «

Ikerketa bat burutu ahal izateko batzorde bat antolatzea proposatu genuen. Instituzio mailan afera salatzeko burutu genuen lehen ekimena izan zen. Komunistak alde agertu ziren. Anartean, eskuina boterean zegoen. Gero, komunistak `Askotariko ezkerra' Gobernuaren partaide izatera pasa ziren eta erabat epeldu dira. `Berdeak' taldearen kasuan, besteak beste. Hasierako ahaleginaren ondoren isiltasuna gailendu izan da
».
Oroit eta Salako militanteek ez dituzte komunisten eta ekologisten ahalegin hauek gutxiesten. Alderantziz, positibotzat jotzen dituzte. Alderdi hauetako hainbat militantek asmo onez egindako ahalegina izan baita beren ustez.
Zer nahi gisaz, Ipar Euskal Herritik landako komunisten eta ekologisten jarrerak dira. Iparraldeko komunistek nahiz berdeek ez dute deus egin gerra zikina salatzeko.


EZ ETSI EUTSI BAIZIK.

Oroit eta Salako militanteak kontziente dira oso zaila dela GALen aferei buruz zabaltzen diren dosierretan zantzu berriak aurkitzea. Ez dute etsitzen alta. Gerra zikinean nahasiak egon litezkeen polizia frantziarrak salatzeagatik zigortua dagoen Jakes Bortairuk honela dio: «

Iparraldean lan ideologiko handia egiteko dago oraindik ere gerra zikinaren inguruan
». Amaia Fontangen ustez, berriz: «

Euskal Herriko gatazkari irtenbide bat aurkitzeko, gerra zikina argitzea baitezpadakoa da
». «Enbata»ko Ellande Duny-Pétré kazetariak erran digunez: «

Portugaleko presondegi batean dagoen Jean Pierre Labade GALkidea estraditatua izan liteke eta posibilitate berriren bat ekarri ere. Mohamed Talbi inkulpatua Pereigus (Perigueux) herrian dago poliziaren zaintzapean. Ramon Basañez, Juan Carlos Garcia Goena eta Fernando Egileorren dosierretara argibide berriak eman litzazkete GALeko kide biek. Horretan dihardute Yolanda Molina Ugarte, Jean Francois Blanco eta Carmen Galdeano –GALek hil zuen Xabier Galdeanoren alaba– abokatuek. Gainera, epaile berri batek hartu ditu GALen aferak biltzen dituen dosierrak. Ez da etsi behar, borrokari atxiki baizik
»

Oroit eta Sala: «Ezin dugu gerra zikina ahantzi zer izan zen argitu gabe»

Oroit eta Sala 1998ko maiatzean sortu zen Ipar Euskal Herrian. Ipar Euskal Herrian joan direneko hiru hamarkadetan burutu izan zen gerra zikina salatzeko helburu izanik, Frantziako Estatuak gerra zikina hartan izan zuen esku sartzea argitzeko xedez sorturiko herri ekimena da Oroit eta Sala. Diktadura frankistaren azken garaian hasi zen estatu terrorismo mota honek demokraziarako transizioan eta geroko urteetan astindu latzak jo zituen. 1976tik 1982ra bitartean, ezker abertzalearen hainbat militante hil zuen Hegoaldean nahiz Iparraldean. 1980. urtean, 19 lagun hilak izan ziren eta 30 bat zaurituak.
BVE (Batallón Vasco-Español) edo ATE (Antiterrorismo ETA) siglapean jardun zuten talde paramilitarrek hainbat atentatu burutu zuten euskal errefuxiatuaren aurka, baina txosten judizialik ez da egundo bideratu Frantziako Estatuaren auzitegietan. Sigla haiekin aritu ziren talde paramilitarren ondotik GAL agertu zen. 1983tik 1987ra bitartean 40 atentatu, 27 hilketa eta 30 zauritu burutu zituen talde honek. GALen atentatuetan

in fraganti
harrapatuak izan ziren hainbat mertzenarioz salbu inor gutxi izan zen frantses estatuan auziperatua.
Oroit eta Salako partaideek Frantziako Estatuaren funtzionario eta poliziek gerra zikina edo estatu terrorrismoa deituan esku hartze zuzena izan dutela uste dute. Beren aburuz, GAL erakundea Espainiako Gobernuaren erantzukizuna dela argituz doan ahalean gero eta ageriago agertu da Frantziako Estatuaren egiturek parte hartu izan zutela gerra zikin hartan. Frantses poliziaren erantzukizuna eta inplikazioa ezin da argira atera gabe utzi, militante hauen ustez. Esparru abertzalearen nahiz giza eskubideen aldeko militanteak osatua izaki lau ardatz landu ditu egun arte kolektiboak: «Arlo juridikoa», «Informazioa eta komunikazioa», «Forumak» eta «Autofinantziazioa».
Iparraldean izan ziren atentatuak frantses estatuaren erantzukizuna izan zela salatzeko, baita aldi hartan burutu ziren sarraskiak iritzi publikoaren oroimenean gordetzeko hainbat ekintza burutu izan dute azken bi urteotan: Baionako suprefeturaren aitzinean kateatzeak, PAF egoitzaren (Aire eta Mugetako Polizia) aitzinean kontzentrazioak, hala nola epaituak izan diren mertzenarioen auziei buruzko informazio zabaltze lanak burutu ere. Bitarteko eta ahal txikiak izanik ere, abokatu talde batek dihardu arlo judizialean. Aldi berean, Frantziako auzitegietan zabaltzen diren dosier judizialak aztertzen saiatzen dira militante abertzale hauek. Hartara, inoiz edo behin, pista edo elementu txikiren bat aurkituz gero, unean uneko auzian sakondu eta frantses sistemaren aurka dihardute. Uneon, esaterako Oroit eta Sala kolektiboa Madrilen burutzen ari den «Lasa-Zabala kasua» segitzen ari da. 1995. urtean, Jose Amedo Fouce poliziak GAL erakundearen antolaketa Espainiako Gobernuaren erabakia izan zela salatu zuen auzitegietan. Aldi batez, GAL erakundearen antolaketan parte zuzena izan zuen polizia honek frantses estatuaren zenbait kargu edo funtzionario inplikatu zuen GALen sarean ere bai. Bere deklarazioak ez dira aski izan frantses estatu erraldoia kolokan jartzeko, bistan da. Azken aldi honetan, berriz, «Lasa-Zabala kasuan» inplikatua eta inkulpatua dagoen Angel Lopez Carrilo polizia egiten ari den deklarazioek esperantza zirrikitu bat irekiko dutelakoan dihardute militante hauek. Lan biziki xumea egiten dutela jakinik ere, oroitzapen-lan ezinbesteko bat egiteko dagoela kontziente dira. Euskal Herriaren memorian atxiki behar den gertakizun ahaztezina da gerra zikina euren iritziz. Zentzu honetan betekizun lan bat burutzen omen dute Iparraldeko gizartean: «

Gerra zikina argitu behar dugu eta aldi berean fenomeno hura ezin dugu ahantzi zer izan zen jakin gabe. Euskal Herriak bizi duen gatazka ebatziko bada, estatuen terrorismoa argitzea eta salatzea baitezpadako eginkizuna da
» Oroit eta Sala kolektiboa osatzen duten militanteen iritziz


Azkenak
Orkatz Gallastegi preso politikoak EPPK utzi du

Berangoko euskal preso politikoa Zaballako espetxean dago gaur egun eta bertatik helarazitako idazkian Euskal Preso Politikoen Kolektiboa utzi duela iragarri du.


2024-12-24 | Julene Flamarique
Airearen kutsadurak 1.270 heriotza eragin zituen 2022an EAEn, Europako Ingurumen Agentziaren arabera

NO2 eta PM2.5 partikulak bezalako kutsatzaileei aurre egiteko hobekuntza planik ez dagoela salatu du Ekologistak Martxan elkarteak. Trafikoa murriztea eta airearen kalitatea hobetzeko alternatiba jasangarriak lehenestea galdegin du.


Turkiak 120 argitalpen kurdu debekatu ditu azken hiru asteetan

Editore Kurduen Elkarteak abenduaren 22an egin zuen salaketa: azken hiru asteetan Turkiako agintariek kurduei buruzko 120 liburu, aldizkari, egunkari edo bestelako argitalpen debekatu dituzte, Duvar hedabide kurduak jakinarazi duenez.


Garraio publikoa doan izango da 12 urtez azpikoentzat, duela bi urte bideragarria ez bazen ere

Garraio publikoak erdi prezioan jarraituko du datorren urtean ere, Espainiako Gobernuak bere hobarien parteari eutsiko diola iragarri ostean.


Amaya Zabarte zauritu zuten ertzainen arduradunak identifikatu nahi ditu epaileak

Realaren eta PSGren arteko futbol partidu batean larri zauritu zuten zalearen kasuan, epaileak onartu du familiaren abokatuek egun hartako bideo irudi guztietara sarbidea izatea. Oldarraldian parte hartu zuten ertzain taldeetako arduradunak identifikatzeko ikerketa ere eskatu du.


Santa Klausen ejertzito antikapitalista

Kopenhage, 1974ko abenduaren 18a. Eguerdiko hamabietan ferry bat iritsi zen portura eta bertatik 100 Santa Klaus inguruz osatutako taldea lehorreratu zen. Antzara erraldoi bat zeramaten haiekin. Asmoa “Troiako antzara” moduko bat egitea zen, eta, hirira iristean,... [+]


Eski estazioetako festibaletan kutsadurak goia jotzen du

Elur faltak eski estazio ugari kinka txarrean jarri ditu, klima larrialdiaren ondorioz. Baina paisaiari eta naturari ahalik eta etekin ekonomiko handiena ateratzeko batzuen logikak hor jarraitzen du, eta goi mendietan musika festibal erraldoi eta garestiak antolatzea da azken... [+]


2024-12-23 | Estitxu Eizagirre
Jaurlaritzak onartu duen planaren aurka mobilizatu da EH Bizirik
“Egungo eredu kapitalista gainditzea ezinbestekoa da larrialdi ekologiko eta energetikoari aterabide bat aurkitzeko”

Gizartean gatazka sortzen duten proiektuak jai bezperetan onartzeko ohiturari jarraituz, abenduaren 20an onartu du Eusko Jaurlaritzak Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren "behin behineko bertsioa". EH Bizirik-ek elkarretaratzea egin du Jaurlaritzaren... [+]


2024-12-23 | ARGIA
Hiru lagunek osatutako lehendakaritza izango du Seaskak

Erik Etxartek, Sophie Layusek eta Antton Etxeberrik osatutako lehendakaritzak ordezkatuko du Peio Jorajuria, 2019tik Seaskako lehendakari dena.


2024-12-23 | Julene Flamarique
Vidalina Morales, nekazaria eta ekintzailea
“Kaleetan gerra tankeak ikustea normalizatu dugu, gerran egon gabe ere”

Santa Marta komunitateko (El Salvador) ADES Garapen Ekonomiko eta Sozialerako Elkarteko presidentea da Vidalina Morales. “Rol horretatik harago, ingurumen ekintzailea ere banaiz, giza eskubideen defendatzailea eta emakume baserritarra; hainbat urtez borrokan egon diren... [+]


2024-12-23 | Julene Flamarique
Emakumeak nola bortxatu aholkuak partekatzeko 70.000 partaideko Telegram kanal bat atzeman dute Alemanian

Mundu osoko 70.000 gizonek baino gehiagok hartzen dute parte emakumeak nola drogatu eta bortxatu hitz egiteko txat-talde batean. Alemaniako ARD irrati publikoko bi kazetarik egin dute ikerketa urtebetez eta erakutsi dute kasu batzuetan biktimak bikotekideak, arrebak eta amak... [+]


2024-12-23 | Ahotsa.info
“HTX-k bukatzen du bere zikloa, baina oraindik daude borrokatzeko eta aldarrikatzeko motiboak”

HTX ROCK jaialdiaren azken-aurreko edizioa izanen da abenduaren 28an, eta Atarrabiako herrian ospatuko den azkenekoa, alegia.


Hegoaldean 222 milioi euro gastatu dira Espainiako Loterian, sarietan jasotakoa baino bost bider gehiago

Gabonetako Loteriaren datuak eman berri ditu Espainiako Gobernuaren menpeko Estatuko Loteriak eta Apustuak elkarteak. Horien arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan batez beste 84,33 euro gastatu ditu herritar bakoitzak, eta nafarrek, berriz, 53,38 euro, EiTBn irakur daitekeenez... [+]


2024-12-23 | ARGIA
Zaballako espetxeko funtzionarioek “ezkutuko greba” hasi dutela salatu dute zenbait presok

Hainbat euskal presok salatu duenez, Zaballako espetxezainek "ezkutuko greba" hasi dute, haien erdiak gaixotasun baja hartuta. "Ezkutuko greba honen bitartez, 'zerbitzuaren gabeziak' salatzea dute helburu, baina benetako greba bati ekin ez, eta preso... [+]


Eguneraketa berriak daude