"TELEBISTA BUKATZEN DENEAN BUKATUKO DA FUTBOLA"

F

utbolsofia» liburuan kirol honen alderdi txarrak baino hobeak gehiago azpimarratzen dituzunaren irudipena hartu dut. Futbolari buruz iritziak eta usteak ez al dira oso muturrekoak?
Lehen ere hala esaten zen: «Futbola herriaren opioa da». Jende asko futbolaren aurka dago futbola beti modu berdinean azaltzen delako, hau da, ez dago jende asko futbola talde lan, talde zuzendaritza bezala erakusten duena. Edozein enpresatan gertatzen den bezala. Nik futbolari esker mundu osoa ezagutu dut, entrenatzera joan naizenean tokia ezagutzen saiatu naiz, ohiturak, arazoak... Beste asko joan, etxean sartu, entrenatzera joaten dira, laupabost gauza topiko esaten dituzte eta gero berriz etxera itzultzen dira. Horiek futbolari propaganda txarra egiten diote. Futbola gehiegi saltzen dute, baina gaizki.
Futbolean bi talde banatzen dira garbi: profesionalen mundua eta amateurren mundua. Bi talde hauetan daude bestalde heldutako futbolariak eta oraindik hazten ari direnak. Futbol profesionalaren mailan eta helduen kasuan erraz saltzen dira emaitzak, irabazi egin behar dela... Horren atzean beste futbol bat dago. Herrietan-eta umeak entrenatzen aritzen direnak... Liburuan ere esaten dut eta nire ustez esandakoa sakona da: umeek sarritan entrenatzaileari arreta gehiago jartzen diote gurasoei baino. Argi!

Zuk banatu dituzun talde horiek ez dira banatzen gehienetan.
Zinean «artea eta saiakera» dagoela, zine komertziala dagoela... esaten da. Futbolarekin berdin da. Futbol bat dago «artea eta saiakera» dela esan litekeena eta beste bat saltzen dena.

Zenbateraino uste duzu dela hori positiboa, futbolak hainbesteko pisua izatea. Liburuan Boliviaren kasua aipatzen duzu.
Esperantza da futbola. Boliviari buruz orain arte noiz hitz egiten zen? Estatu kolpea zenean eta droga kontuengatik. Orduan, futbolagatik ere bai. Noiz eta zertan irabaziko dio Boliviak beste herri bati?
Espainiara Boliviako enbaxadore berria etorri da eta oraingo Boliviako presidentearen eskutitz bat ekarri zidan. Eta enbaxadoreak berak esan zidan ni ez nintzela izan Boliviako entrenatzailea, baizik eta psikologoa. Horrelako herri txikietan horixe gertatzen da, lehen esan dudan bezala: haurrek entrenatzaileari arreta gehiago jartzen diote gurasoei baino. Ni «urteko pertsonaia» izendatu ninduten eta hilero-hilero lehendakariarekin biltzen nintzen eta bazkaltzen genuen. Futbolari esker Boliviak pixka bat gehiago sinestu zuen. Zerekin piztu sua? Futbolarekin bada, futbolarekin. Boliviako telebistan Unicefen grabazio bat egin nuen. Amazoniako oihaneko amei erakusten nien umeak ez deshidratatzeko zer egin behar zuten. Nigan sinesten zuten. Zergatik nigan? Bolivia Munduko Txapelketara eraman nuelako.

Ez da gogorra horrela izan beharra?
Bai, oso gogorra, baina bestaldetik eskergarria. Estatu Batuetako Munduko Txapelketan lehen neurketa Alemaniaren kontra jokatu genuen. Partida aurretik jokalariekin bildu nintzen eta arbelean letra handiz hitz hau jarri nuen: «maitasuna». Nola irabaz diezaiekegu alemaniarrei? Maitasunarekin. Orain arte egin dugun lana, taldean dugun giroa... Ez diegu irabaziko jantzi hobeak ditugulako, kotxe dotoreak ditugulako, ile horiak garelako... Futbolari esker gauza hauek gertatzen dira. Ni bestela ez nintzen Boliviara joango. Askotan pentsatzen dut futbolak eta erlijioak zerikusi handia dutela. Zenbait jende Boliviara ez zen joango misiolari gisa izan ez bazen.

Adierazi berri duzu futbolaren zurrunbiloa ez duzula kontrolaezin ikusten. Profesionalak erotzen badira, orduan izango direla arazoak.
Futbolak oinarri handia eta ongi zabaldutakoa dauka. Asteburuetan futbola egiteko jende gutxiri diru asko ordaintzen zaio, baina jende askok diru gutxi ordaintzen du beraiek futbolean egiteko. Askoz gehiago dago ordaintzen duena kobratzen duena baino. Jendearen hain barrura sartu da ez dela inoiz galduko futbola.

Jokalarien soldatek gora eta gora egiten dute. Mugak jarri beharko direla esaten hasiak dira.
Horrek lege bat du, eskaintza eta eskariarena. Besterik ez dago. Noiz bukatuko da? Jendeak futbola begiratzea uzten dionean. Denok «share»aren biktimak gara. Futbol partida eskas batek kulturako programa baten audientzia gailentzen du. Telebistak indar hori daukan bitartean ez dut uste arazorik izango denik. Gauza bat dago garbi, gaur egun futbola oraindik «impasse» egoeran dago. Futbolistek irabazten duten dirua futbolak berak ordaintzen die. Baina begiratu Estatu Batuetan: Michael Jordanek gehiago irabazten du saskibaloitik kanpora saskibaloian baino. Hori hona iritsiko da, ari da jada iristen.

Futbolean jarraitu eta ikasketak ez baztertzeko saiakerak egiten dira.
Baina ezin da, oso zaila da. Saiatu gaitezke futbolariari heziketa gehiago eskaintzen, baina gero eta azkarrago erabaki behar du gazteak: kirolak ala ikasketak. 13-14 urterekin zenbait herritako mutil Donostiara etortzen da, ikastetxea aldatzen dute, txapelketak dauzkate...

Hor nola uztartzen dira gurasoa, hezitzailea eta entrenatzailea?
Urte asko ez direla esaten zen «utz ezazu futbolaren txorakeria hori eta ikas ezazu». Orain gurasoek zera diote: «Ez ote da nire semea futbolaria egingo? Hainbeste ikasi, hainbeste ikasi eta gero futbolaria; hori egin behar dugu!».

Liburuan diozu etorkizuneko taldeak ez direla estatu edo nazio taldeak izango, markaren araberakoak baizik.
Kotxeetan gertatu da. Schumacher alemaniarra da eta bere lasterketetan Alemaniako eta Italiako banderak agertzen dira. Ferrari marka italiarra da. Futbola ere publizitatearen esku dago. Gogoratzen dut Mexikoko Txapelketan nola haserretzen zen nire ama, aitarekin, nire anaiarekin eta nirekin. Alemania-Italia partida ikusten ari ginen, gauez eta izugarrizko oihuak egiten. Orduan telebistak ez zuen hainbesteko indarrik eta neurketa gauez zen. Orain partida orduak ez dituzte jokalariek edo jokalarien zuzendariek jartzen telebistak baizik. Guk Estatu Batuetan eguerdiko ordubietan jokatu behar izan genuen, 40 gradurekin, Europarako ordu egokia izan zedin. Futbola bukatuko da telebista bukatzen denean.

Marken araberako taldeak aurreikusten dituzu. Nazio selekzioek ez dute aurrera egingo?
Zaila ikusten dut. Telebista sartzen ari den bezala, partida onenak ematea izango da helburua. Hemendik aurrera Italia-Espainia norgehiagoka izango da interesgarria. Baina nork jokatuko luke Espainiaren aldetik? Espainiako Ligako selekzioak. Eta Italiatik berdin. Hori Ameriketan gertatzen ari da eta kontuan hartu amerikarrak amerikarrak direla!
Lehenengo gerra aurten bertan izan dugu. Betiseko Denilsonek Joko Olinpikoen aurreko partida jokatu nahi zuen Brasilekin. Loperak esan zion baietz, joateko, baina bere irudiagatik kontratua zuen etxeak ez zuela kobratuko erantzun zion. Laster futbol profesionalak FIFA eta antzekoei ezetz esango die. 1.000 milioi pezeta ordaindu jokalariari eta 1.000 egunetik 400 egunetan beste norbaitentzat jokatzen aritu?

Dopingaren gaiak zenbaterainoko indarra du futbolean?
Dopinga futboletik nahikoa kanpora gelditzen da. Orain arrisku bat badago dopinga futbolean gehiago sartzeko. Jokalarien prestaketa zientzia alderditik begiratuta gehiago lantzen hasi dira eta dopingaren arriskua gehitu da. Baina zaila da. Txirrindulariak berak bakarrik Tourra irabaz lezake, baina futbolari batek lasterka gehiago egiteagatik partida irabaztea zaila da. Dopingak ez du erakusten baloia geratzen, eskoadran jartzen edo jaurtitzen. Horregatik dopingak futbolean duen eragina beste kiroletan baino askoz txikiagoa da. Saskibaloian ere bostetik bat ona edukitzeak asko esan nahi du. Futbolean hamaika dira. Futboleko atezainak zein doping behar du baloia hobeto geratzeko? Horrek ez du esan nahi giharrak-eta egiteko prestaketetan, gaztetan, zerbait hartu ezin denik. Baina oraindik futbol talde batean ez dago ez dirurik, ez modurik, ez instalaziorik hain gazteekin horrelako lan bat egiteko.

Zientzia aldetik orain garatzen ari direla esan duzu.
Gai horretan ez dago profesionaltasunik. Adibidez, Real Sociedad. Taldeak ez dauka beretzako medikuntza zerbitzurik. Eta hori zenbat kostako litzateke urtean? Izugarri harrituko zinateke jakingo bazenu zenbateraino futbola ez den profesionala.

Diego Armando Maradona.
Asko ezagutzen dut. Bere inguruaren biktima da. Noski, bere buruaren jabe ere izan beharko luke. Gizartea ez da ongi portatu berarekin. Drogetatik ateratzea lortzen badu norbaitek, denok txalotu egiten dugu. Maradonak hori egin zuen eta berriz hasi zen futbolean. Jendea, txalotu beharrean, zera esaten hasi zen: «Ez da lehengo Maradona, asko gizendu da...». Maradona futbolari gisa bakarrik kontsideratua izan zen. Horrek min handia egin zion. Inguruan jende gehiegi izan du baietz esanez eta jende gehiago behar zuen ezetz esateko. Gizatasun eza nabari da gai honetan. Zer egin behar da Maradona bezalako batekin?

Maradonarena adibide nahiko muturrekoa da, baina ospeak eta diruak zurrunbiloan hartutako futbolari asko dago.
Ekain honetan kontratua amaitzen zaion bat hartu adibidetzat, egunkarietan egunero azaltzen dena. Bukatu eta hurrengo egunean konturatzen da pertsona normala dela. Zenbaitek ez du hori edozermoduz irensten.

Jokalariak pertsona bereziak dira, beraz?
Bai. Eta gainera heziketa eza dute. Ikasle arruntek heziketan arazoak badituzte, hauek gehiago. Gazteak horrelako arazoak izaten ditu guapoa jaio delako. Jokalariak herriko guapoak, aberatsak, famatuak, neskak atzetik dituztenak, izugarrizko kotxeak dituztenak... dira. Horiek denak edukita, gazte bati «hi, normal ibili hadi» esatea ez da erraza.

Psikologoaren irudiak ez du indarrik futbolean.
Gutxi. Gainera nahasmenak daude. Clemente Realera etorri da eta esaten dute psikologo handi bat etorri dela. Psikologia erretolikarekin nahasten dute.

Entrenatzailearen betebeharra zein da, bada?
Entrenatzaileak zuzendari lana bete behar du. Gainareko arloak berdin jorratzen dira taldeetan; nutrizioa dela, prestaketa fisikoa dela... taktikak ere gutxi aldatu dira. Zuzendari lan hori betetzeko jokalarien informazioa behar da eta informazio hori psikologoak eskainiko lioke entrenatzaileari. Baina bihar Realak esango balu psikologoa kontratatu duela, jendeak segituan pentsatuko du jokalariak gaixo daudela, lur jota daudela

Lankide baino askoz lehenago maisu izan nuen, baina ikasleontzat, irakaslea ezezik, laguna zen. Gogoan dut OHOko 8. maila bukatu ostean kurtso amaierako bidaia antolatu genuela. Gurasoek ez ziguten bakarrik joateko baimenik ematen, ordea. Maisu edo maistraren batek laguntzea izan zen derrigorrezko baldintza, eta ahobatez hautatu genuen Xabier.
Lesio batek eten zuen bere futbolari karrera, baina artean zaletasuna odolean zeraman. Ikastolan irakasle zela hasi zen Ondarroako Aurrera taldea entrenatzen. Entrenatzaile titulua ere atera zuen, eta bere promozioko lehena izan zen. Inor ohartzerako iritsi zen lehen mailako Espanyol taldera. Patuak Valladoliden elkartu gintuen berriz. Ni soldadu nengoen eta bera entrenatzaile. Maiz joaten nintzen haienean dutxatu eta meriendatzera, hantxe jan nuen lehen pizza ere. Geroztik ez dut halakorik jan.
Karrera ere amaitu zuen, eta kirol medikuntzan espezializatu zen. Alta, Bartzelonako klinikako lan seguruak baino gehiago tentatu izan du beti entrenatzaileen bizi-molde behin-behinekoak, teknikoen aulkiak ipurdi bera denbora luzez jasateko pazientziarik ez izanagatik. Sevilla eta Tenerifetik iragan ondoan, Bolivia, Txile eta Japonian nekez ahantziko duten arrastoa utzi du, futbolaren mugak gainditzen dituen jakintza eta gizatasunarena.
Orain, Bartzelonan pausatu eta laketurik, bestelako zenbait eginkizuni lotu zaio azpeitiarra. «Futbolsofia» liburua argitara eman berria du, prentsa idatzian hainbat artikulu idatzi ohi du, eta Sorginen Laratzeko pertzak ere bera du pizgarri. Poliglota da, lankide ona eta lagun hobea, komunikatzaile aparta eta, batez ere, bizitzen doktore

JOXE ANJEL IRIBAR
«Athleticen sinboloa izan da beti. Berari esker giputx asko txuri-gorri zaleak dira. Euskara eta futbola lotzen bera hasi zen»

JAVIER CLEMENTE
«Futbol entrenatzailea»

LUIS FERNANDEZ
«Borrokalari bat. Gaztetan gogor hazteko heziketa bere filosofia dela nabarmena da bere konportamenduan»

LUIS ARCONADA
«Profesionala eta ez futbolean bakarrik. Bere seriotasuna nabarmen azaltzen da egiten dituen gauza guztietan»

JORGE VALDANO
«Oso lotsatia. Horren kontra borrokatzeko kultura aukeratu du. Intelektual toke bat eman dio futbolari»

DIEGO ARMANDO MARADONA
«Munduko jokalaririk onena. Inguruak `bai' gehiegi esan dio eta `ez' gehiagotan esan behar zion»

MIKEL ARANBURU
«Realak daukan jokalaririk onena, lan gogorra egiten badu izugarrizko jokalaria izan daiteke, Zamora baino hobea»

JUAN ANTONIO LARRAÑAGA
«`Larra'k adaptatzeko izugarrizko kapazitatea erakutsi zuen; `kamaleoia'. Beti jator eta langile»

JOSE MARIA GARCIA
«Historiko bat, irratia egiteko estilo bat asmatu du eta beti oso ondo informatuta egoten da»

IÑAKI DE MUJIKA
«Irratiaren bitartez saiatzen da futbolaren mundua xamurragoa eta maitagarriagoa egiten. Euskaraz esaten den bezala pixka bat neskazaharra da. Jatorra da»


Azkenak
2025-02-18 | Euskal Irratiak
Miarritzeko euskal ihauteriak berpiztu dituzte tokiko elkarteek

Hamarkada batez lokarturik izan ondotik, otsailaren 22an iratzarriko dute hartza Miarritzen. Festilasaik, Arroka elkarteak, Maritzuli dantza konpainiak, Gaztetxeak eta Ikastolak bat egin dute, aurten, programazio berezi bat eskaintzeko.


2025-02-18 | Antxeta Irratia
Hendaia, Urruña, Donibane Lohizune eta Ziburuko herriek hamabostaldia antolatu dute euskararen erabilera hauspotzeko

Hizkuntzarako ere gurasoak haurrentzako eredu direla kontuan hartuta, euskararen erabilera eta irakaskuntzari buruz sentsibilizatzeko helburua duen hamabostaldia antolatu dute Hendaia, Urruña, Donibane Lohizune eta Ziburuko herriek. Martxoaren 15etik 30era guraso... [+]


Ekainaren 1 era atzeratu dute Iparraldetik zirkulatzeko ingurugiro agiriaren derrigortasuna

Apirilean zen sartzekoa araua baina atzeratzea erabaki dute. Derrigorrezkoa izanen da ibilgailuetan agiria eramatea, ez soilik hiri eta herri nagusienetan sartu ahal izateko, baita kostalde osoko errepideetan mugitu ahal izateko ere.


Sabotaje algoritmikoaren alde

«I will overturn, overturn, overturn, it[…]»
Ezekiel 21:27 – King James Version

«Algoritmo guztien gainetik, algoritmo guztien azpitik»
Xabier Landabidea

Deseroso nago, deseroso gure jendarteak teknologiarekiko hartu duen jarrera kasik... [+]


HezkuntzArtea taldeak manifestua aurkeztu du: “Moda pedagogikoak bata bestearen atzetik ezarri dituzte”

Irakasleek urtetan pilatutako jakintza kontuan hartzea, klaustroek erabakiak hartzeko autonomia bermatzea, IKTen “uneoroko erabilera” sustatzen duten planak geldiaraztea, eta ikasgeletan aldaketa metodologikoak sartu aurretik dituzten ondorioak tentuz aztertzea... [+]


2025-02-17 | ARGIA
Ikasle feministek elkarretaratzea egin dute Gasteizko EHUko campuseko irakaslearen sexu erasoak salatzeko

Gertatutakoak ez direla kasualitatea azpimarratu dute. Unibertsitateko eremuetan indarkeria matxista gertatzen dela azaldu dute, eta arazoa sistematikoa dela. Protokolo bat eskatu dute erasotuak babesteko. Erasotzaileak inpunitate osoarekin jokatu duela salatu dute.


Bi futbol taldek planto egin dute irain arrazisten aurrean Bizkaian eta partiduak bertan behera geratu dira

Gaztelueta C -Berango C gazteen futbol partidua bertan behera geratu zen Larunbatean. Jokatzen ari zirela Gaztelueta C taldeko gazte batek aurkariari "beltz zikin madarikatua" deitu zion. Gorengo erregional mailako Otxarkoaga-Iturrigorri partiduan ere... [+]


Bederatzi pertsonari lau eta hamar hilabete arteko kartzela-zigorrak ezarri dizkie Voxen kontra protesta egiteagatik Bilbon

Atxuri auzoan 2019ko azaroaren 5ean Voxen kontra egin zuten bederatzi pertsonaren kontrako epaia iritsi da. Akusatuek ez dute espetxean sartu beharko.


2025-02-17 | Axier Lopez
Itziarren semea?

Ia mende batez, Euskal Herrian ez da belaunaldirik tortura ezagutu ez duenik. 1960tik 5.379 lagun dira ofizialki, baina askoz gehiago dira, publikoki torturatu gisa agertzeak min egiten duelako oraindik ere. Eta seguruenik, oinarri-oinarrian ez delako ezer aldatu. Polizia... [+]


Eneko Anduezak PSE-EEko idazkari nagusi izaten jarraituko du

PSE-EEren zuzendaritza berriak alderdikideen %95en onespena jaso du. Anduezak proposatutako Batzorde Exekutiboan aurreko 26 kideetatik zortzi aurpegi berri daude soilik.


Europak toki bat aldarrikatu nahi du Ukrainako bake negoziaketan, AEBen bazterketaren aurrean

Macronek egindako deiari erantzunez, NATOko eta Europako agintariak Parisen elkartuko dira astelehen honetan, AEBek eta Errusiak iragarri ostean Ukrainako gerra amaitzeko elkarrizketei heltzekotan direla. Europak diru asko xahutu du Ukraina laguntzen, eta gerra amai dezakeen... [+]


Erantzukizun publikoak hartzea eskatu dute Euskal Herriko Torturatuen Sarearen aurkezpenean

Torturak jasan dituzten 900 lagun bildu dira Donostian Euskal Herriko Torturatuen Sarea aurkezteko, otsailaren 15ean. Ekimenak torturatuen bozgorailu izan nahi du, eta oraindik torturen berri eman ez duten herritarrak sarera batzera animatu dituzte. Eusko Jaurlaritzari eta... [+]


Labrazaren defentsan
"(Oiongo osoko bilkuraren) helburua argia da, legez legitimatzea tramitazioan irregulartasun nabarmenak dituzten megaproiektu energetikoak"

Joan den asteazkenean egun gogorra eta desatsegina bizi izan genuen, ez bakarrik Labrazarentzat, baita zentral eoliko,... [+]


Gazteen arteko genero arrakalak gora egin du kokapen politikoari dagokionez

Azken hogei urteetako gazteen kokapen politikoa izan dute aztergai The Economisten. Europan 18-29 urte arteko gizonak emakumeak baino posizio kontserbadoreagoetan kokatzen dira. 


Gasteiz inguruan Vitoria Solar 1 eta 2 parke fotovoltaikoak eraikitzea onartu du Eusko Jaurlaritzak

Parke bakoitzak hirurogei hektarea izango ditu, eta 32 milioi euroko aurrekontua du proiektuak. Ingurumen eta baimen teknikoak berretsita, egitasmoari hirigintza baimena baino ez zaio falta eraikitzeari ekiteko.

 


Eguneraketa berriak daude