Preso ohi hauek hogeina urte eman dute barruan


2000ko urtarrilaren 30ean
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Mitxel Sarasketa
Eibartar honek joan den abenduaren 21ean espetxetik kalera libre atera zeneko bere lehen urtebetetzea ospatu zuen. Santo Tomas eguna izan zen. Pentsa daitekeenez, egun hori ez du sekula ahaztuko. 45 urte ditu, eta 20 urte luze eman zituen kartzelan. Baldintzapeko askatasunean dago, ordea. Hilabetero estatuaren bulego sozial batera doa, eta gizarte-laguntzaile baten aurrean bere sinadura botatzen du. Espainiako estatuaren mugetatik atera nahi izatera baimen berezia eskatu behar du bestalde.
Baldintzapeko askatasun murriztu hau sendagileek emaniko grazia medio erdietsi zuen. 1997an Almerian zegoela hemorragia zerebral bat izan zuen. Afaria eramatera joan zitzaizkionean konorte barik aurkitu zuten funtzionarioek bere zeldan. Buruko odoljarioa txikitatik zeukan zain baten malformazioak eraginda izan zela pronostikatu zioten ospitaleko medikuek; buruan angioma bat zuela jaiotzez adierazi zioten ere. Minutu bakar batzuk beranduago aurkitu izan balute gaur egun ez zen bizirik egongo. Espetxeaz lekora, Granadara eraman zuten eta bertako ospitalean egin zioten buru-ebakuntza. Egoera delikatuan zegoenez Basaurira ekarri zuten. Basaurira ekarri, eta urte bat eta erdira, epilepsia-atake bat jasan zuen. Sendagileak muturreko osasun egoera larrian zela ohartu ziren azkenik eta epaileek baldintzapeko askatasuna eman zioten.
Kaleratu zutenean bera zen barruan denbora gehien zeraman presoa. Aspaldiko urtetan espetxetik espetxera penintsulan barrena bere atzetik ibilitako ama kalera atera baino aste bat lehenago hil zitzaion Mitxeli. Hori ez du behehalakoan ahaztuko alajaina. Oraingo askatasun gradua bere osasun egoerarengatik eman zioten arren, legez 1993tik aske behar zuen; zigorraren bi herenak beteak baitzituen ordurako. Zigorra ez zaio 2005. urtera arte bukatzen baina. Getxon bizi da Uxune bikote lagunarekin, eta bigarren haurra izan dute urtarril honen 16an; Ander izena du. Lehenak, Xabier, 6 urte ditu

Manu Legarreta-Etxebarria
Mungiar hau joan den irailaren 17an utzi zuten libre Basauriko espetxean; 21 urteko kartzelaldia betetzeko 4 hilabete eskas falta zituela. 56 urte ditu eta 35 zituen –1979ko otsailaren 21ean– atxilotu zutenean. Kartzelan sartu zutenean bi alaba eta emaztea utzi zituen kanpoan. Egun Ainhoak 31 urte ditu eta Araidak 29. Mirentxu emaztea ostera orain hiru urte zendu zen. Manu irten zenean kartzelan denbora gehien zeraman presoa zen.
Emaztearen heriotzaren berri modu lazgarrian ezagutu zuen. Emazteak telegrama bat bidali zion Castellongo espetxera ebakuntza bat egin behar ziotela esanez. Telegrama hura ez zuen eskuratu, ordea. Emaztearen heriotza Jone Goirizelaia bere abokatuak eman zion telefonoz. Beranduago, Basauriko espetxean zegoela eskuratu zuen emazteak igorritako telegrama. Urte batzuk lehenago telegrama baten medio ezagutu zuen amaren heriotza, beste inolako abisurik gabe.
Askatasuna familiako egoeragatik iritsi zitzaion bestela kartzelan legoke egun bere iritziz. Aspaldi behar zuen aske izan edonola ere, orain sei urte bete baitzuen legeak agintzen duena. Artean, Basaurira ekarri zuten eta bertako espetxetik Mungiaraino korrika egin zuen askatu zuten egunean. «

Aske utziko zuten egunean, Euskal Herriko espetxe batean egonez gero, kartzelatik etxera korrika egingo zuela
» hitzeman zion emazteari behin batez. Basaurin hasi, Soria, Alcala, Puerto, Herrera, Sevilla, Aljeciras, Castellon eta Basaurin bukatu zuen bere presoaldiaren harat-honata.
Kirolari porrokatua da, eta horri esker iraun omen du osorik espetxean. Mitxel Sarasketak bezala, preso ohiei dagokien subsidioa jasotzen du: 51.000 pezeta hilean; urte bat eta erdiz. Biek kadukatua duten gida-baimena berritzeko arazoak dituzte. Jose Antonio Torre Altonaga «Medius» mungiar preso ohi eta lagunari Gipuzkoan besterik gabe berritu diotela aipatu zioten elkarri, eta karneta berritzeko gestioa egiteko asmoz geratu dira


Azkenak
Eguneraketa berriak daude