LAINO BELTZAK ELKARRIZKETA ETA NEGOZIAZIOAREN ZERUAN


2021eko uztailaren 21ean
Urte luzetan errepikatutako egoerak bizi ditugu ETAren azken atentatuarekin: bonba-auto bat Madrilen eta Pedro Antonio Blanco, Espainiako Armadako teniente koronela hilda. Era guztietako gaitzespenak era guztietako guneetatik, alderdien prentsa ohar eta komunikatuak, hileta elizkizunak, ETAren aurkako herritar taldeek egindako bilkura erdi ahaztuak, beste manifestazio erraldoi bat Madrilen...
Erretratu ezaguna orain artekoa, aurreikusitakoa, eta prestatutakoa gainera. Lehen ere horrela zen baina oraingoan ia hamazazpi hilabete pasatu dira ETAk Manuel Zamarreño Errenteriako PPko zinegotzia hil zuenetik. Denbora tarte horrek ekarritakoan dago atentatuaren ondorengo argazkiaren desberdintasuna: heriotza, mina, gaitzespenak, mobilizazioak, erasoaldi mediatikoa... Guztia berdin, zenbait aktoreren erreakzioa ezik: ETAren su-etenaren ondorengo aliantza aldaketek, besteak beste, EAJ eta EAren beste erreakzio mota bat ekarri dute. Bi alderdiek gaitzetsi dute atentatua, ohi legez, baina biek mantentzen dute EHrekiko aliantza eta, batez ere, gatazka honen amaiera irtenbide elkarrizketatu eta negoziatuan dagoela.
Atentatuak berak baino min gehiago eragin du erreakzio horrek Madrilen, eta horrek, berriro, Madril ernegatzen duen bidea zein den erakusten du: abertzaleen arteko aliantza. Hauxe da aurreiragarritako atentatu honek utzi duen ondorengoaren desberdintasunik agerikoena: indar estatalista eta haien sostengu mediatikoak EAJ eta EAri –lehenari batez ere– eskainitako erasoaren tamaina. HBrekiko erasoa ohikoa zen ETAren atentatuen ondoren, Miguel Angel Blancoren hilketaren ondorengo lintxamendu giroa izan zen jazarpen giro horren unerik gorena. EAJk eta EAk egundokoak jasan behar izan dituzte Lizarra-Garaziko gurdian ekin ziotenetik, harrezkero une gogorrak bizi izan ditu euskal gizarteak eta erantzunaren logika Lizarra-Garaziren harikoa izan da.
Orain, ordea, erantzun molde horrek ETAren jardun armatuari zenbat denboraz eusteko gai izango den gai ikusi beharko da. Hori da erronketako bat, eta horren inguruan bilakatu dira lehenbiziko zenbait mugimendu, gehiago plano sinbolikoan, errealitatean eragin handia izateko moduan baino.
Hau da, ikuspuntu instituzionaletik ikusita, larria izan daiteke Ibarretxe Lehendakariak EHrekiko gobernu-akordioa indarrik gabe uztea, EHk «atentatua ezetsi eta ETArengandik behar beste aldendu arte». Baina EAEko aurrekontuak onartuta izateak, beroarenak kentzen dizkio erabakiari eta adostasunen bat lortzeko tartea ematen die EAJ, EA eta EHri. Ez da samurra izango, baina egoera hau berau, gaitzagoa izango litzateke abenduaren hasieran, aurrekontuak oraindik onartu gabe zirenean.
Egungo erakundeak eta etorkizuna eraikitze aldera eratu beharrekoak baliatu gura ditu EHk aurrera begira eta, apustu horretan, egungoetan abertzaleak nagusi izatea da helburua. Jaurlaritzan behintzat islatuta dago gehiengo hori eta horri eutsi beharko zaio handik edo hemendik.


TERMINOLOGIA.

EHk esana du bere jarduna bide demokratiko eta politikoetatik abiatzen dela eta ez dela gaitzespen kontuetan sartuko. Irudi kontua da azken finean, EHk ez du gaitzespenik erabiliko, baina berba dontsu eta huts horretatik «bide demokratiko eta politikoetara» tarte handia dago. Hasi dira erabiltzen tarte horretako adierazmodu asko –besteak beste atentatuaren erantzukizuna egiten duenarena dela– eta ez litzateke beldurrik izan behar beste asko erabiltzeko ere. EHk edo HBk –egunerokotasunean ez dago diferentziarik oraindik– gero eta garbiago erakutsi beharko du ETArekiko bere autonomia eta horretarako behar besteko tresneria terminologikoa atera beharko du kapela azpitik.
Batetik, ezker abertzalearen jardun politikoan azken urte bietan jarrera berriak ikusi ez dituenak itsuarena egiten du; eta bestetik, edonork daki edozelako gatazketan berbek eta esamoldeek duten garrantzi bereziaz. Beste kontu bat da proiektu politikoei dagokionez, hor berbek mirari gutxi ekarriko dute, idea argiak eta bide zehatzak behar baitira hor. Eremu abertzaleak badu lanik, «euskal herriaren hitza eta erabakia» praktikara eramateko.
ETAren beste era batera aritzeko gogoa, eta alderdi abertzaleen elkarlana eta adostasunen inguruan eraiki zen Lizarra-Garaziko Akordioa. Bere praktika armatuan ETAk emandako su-etenik luzeenak, beste modu batera jokatzeko borondatea erakutsi du erakunde armatuaren aldetik. Aznarren Gobernuak erakutsitako jarrera ere oso agerikoa izan da. Eta jarrera bien arteko konparazioan, herri honetara bakea eta politika normalizatua ekartzeko ahaleginean ez da zalantzarik erakunde armatuaren alde. Ondorioa, atentatuak itzuli dira baina horrek ezin du aurreko hilabeteetan markatutako bidea ezkutatu.
Urteen poderioz, gatazkarekin amaitzeko elkarrizketa eta negoziazioaren tresnak eraginkorrenak direla ondo baino hobeto sustraitu da euskal gizartean. Su-eten sasoia, denbora luzean mamitutako mezu horien azaleratzea besterik ez da izan. Baina gatazkatik ateratzeko tresna izateaz gain, eraikuntza nazionalean kontsentsuzko urratsak emateko bide apropos moduan agertu da su-eten garaia. Atentatuekin edo ez, beraz, zergatik isolamenduaren sasoi antzura itzuli behar? Zorionez, jadanik urruti entzuten dira Ajuria Eneko Mahaiaren hotsak, eta ez dirudi hartara itzultzea posible denik. Epe laburrean behintzat. Beste kontu bat litzateke ETAren jardun armatua luzatuko balitz, orduan bai, atzera pausoa saihestezina litzateke. Ez gaitezen engaina, mundu guztiak daki hori.


ABERTZALEEN EKIMENA.

Su-etenarekin, ETAk indar abertzaleen ekimenean jarri zuen bere jardunaren baldintza. Eraikuntza nazionalean aurrera egiteko jarrera eta ekimen zehatzak ikusiz gero, borroka armatua izozteko edo desagertarazteko asmoa iragarri du ETAk azkenotan. Bide horretatik jarraitu beharko litzateke, beraz, sendo eta eten barik.
Bai horrek ETAren jarduna eteten lagunduko lukeelako, baina batez ere indar abertzaleek herri honen etorkizunari kontsentsuzko bideetatik hel diezaioten garaia delako. Bigarren arrazoia da pisuzkoena, baina horrekin, gainera, jarduera armatua alboratzea lortuko balitz, are bultzagarriago. Orain arte nagusiki indar abertzaleen mugimenduek desblokeatu dituzte bideak eta aurrerantzean ere hala izango bide da. Abertzaletasunaren aurrean pareta izatea izan da PP eta PSOEren orain arteko funtzioa eta, gatazkaren konponbidearekiko bien arteko desberdintasunak desberdintasun, hori izaten jarraituko dute; «Ermuako izpirituaren itzulera»ri luzatutako gorespenak dira horren erakusgarri.
Baina hemen, gainditu beharreko joera ugari dago oraindik eta ekimen erraldoietarako –greba orokor bat hori da eta– baztertua beharko luke kontsentsu horretatik ateratzen den edozerk. Greba orokorra gizarte batek duen protesta erakusle sendoenetakoa da seguruenik, eta aurrera egiteko tresna ere izan daiteke, arrakastatsua den neurrian; gizartearen gehiengoak lan egiteari uzten ez badio, ostera, agitazio politikorako tresna bihurtzen da baina ez da greba orokor bat.
Tentsioak gora egingo du datozen hilabeteotan, batez ere Espainiako hauteskundeak arte. Orain arte behinik-behin, tentsio une gogor horietatik botoetan gehien eraman duena PP izan da, eta orain ere horretan ari dira popularrak, beraiek zein eremutan mugitzen diren arin argi erakutsiz. Dagoeneko, hauteskundeen ondorenera biltzen dira begirada gehienak, Madrilen PPk, PSOEk eta indar nazionalistek –CiUk eta EAJk– zer egingo duten ikusteko. Euskal gizartearen etorkizuna egituratzeko garrantzitsuena Euskal Herrian egin beharko da, hori egi borobila da, zalantzarik ez. Baina Madrila eta Parisera begiratu beharko dela ere bai; begiratu, ibili, negoziatu eta behar den guztia. Espainiako Segurtasun Indarrak Euskal Herritik ateratzeko ere, Euskal Herrian baino Madrilen egiten die eraso ETAk. Madril mundu guztiarentzat da garrantzitsu, antza denez.
Trantsizio garaiak bizi ditu euskal gizarteak, eremu askotan gainera, baina ezin uka denbora beharko dela trantsizio hori behar legez burutzeko. Denbora hori kudeatzeko buru hoztasuna eta erantzukizuna izango dira balorerik preziatuenak datozen hilabeteetan


Azkenak
2024-12-31 | Julene Flamarique
24 urteko espetxe-zigorra bete ostean libre da Guillermo Merino durangarra

Merino 2001. urtean atxilotu zuten, eta dispertsioa jasan du, zigorraren zati handi bat Euskal Herritik kanpoko kartzelatan igaro baitzuen baldintza “zailetan”. Orain, askatasuna berreskuratu du.


2024-12-31 | Leire Ibar
Prezioek gora egingo dute urte berriarekin batera

Urte berriaren hasierarekin, hainbat zerbitzu eta produkturen prezioetan igoerak izango dira. Elikagaietan, energia fakturetan, udal-zergetan eta etxebizitza gastuetan garestitze nabariak atzemango dira.


2024-12-31 | ARGIA
Apirilaren 11n egingo da Aberri Egun bateratua, Euskal Herria Baterak deituta

Euskal Herria nazio dela aldarrikatzeko ekitaldia egingo dute Donostiako Kursaalean. Astebeteko ekitaldi sorta izango da.


2024-12-31 | ARGIA
Gontzal Fontaneda euskaltzale gasteiztarra hil da

Euskaltzale eta militante gasteiztarra abenduaren 30ean hil da. Gontzal Fontaneda Orille (1943-2024) 1960ko hamarkadan euskarak Gasteizen egin zuen bidearen lekuko eta bidelagun izan zen. 15 urterekin hasi zen euskara ikasten. Euskara ikasteko metodo bat asmatu zuen eta euskara... [+]


Eraikiz kolektiboa: “Gizonok matxismoaren aurrean ardurak hartzeko unea iritsi da”

Ander Magallon, Mikel Irure eta Xabier Jauregi Metropoli Forala saioan egon dira maskulinitate berrien inguruan mintzatzen.


2024-12-31 | ARGIA
Zarautzen terapia kontsulta duen gizon bat atxilotu dute, emakume bati sexu-erasoa egitea egotzita

Getariako etxebizitza batean egin dio eraso, Segurtasun Sailaren arabera. Emakumea astero joaten zen terapia naturaleko kontsultara, eta Ertzaintza ikertzen ari da ea antzeko ekintzen biktima gehiago dauden.


2024-12-31 | Leire Ibar
Kataluniako emakume kazetarien erdiak baino gehiagok jasaten du sexuagatiko diskriminazioa

Media.cat-ek egindako azken ikerketak agerian utzi du emakume kazetariek Katalunian jasaten duten sexu-diskriminazioa. Inkestatutako emakumeen %54,4k sexu-jazarpena jasan dutela eta %55,1ek sexu-generoaren araberako jazarpena izan dutela adierazi dute.


2024-12-31 | Julene Flamarique
Akusazioak hemezortzi urteko espetxe-zigorra eskatu du Mario Lopez Gernikako entrenatzaile ohiarentzat

Sexu erasoak 1998an hasi ziren, biktimak 13 urte zituenean. 2003an kluba utzi bazuen ere, emakumeak iaz salatu zituen sexu erasoak, Mario Lopezek taldeko entrenatzaile gisa jarraitzen zuela. Orain 18 urteko espetxe-zigorra eskatzen du akusazioak, fiskaltzak baino lau urte... [+]


Israelgo espetxerik ankerrenean atxiloturik dago Gazako azken ospitaleko zuzendaria

Hussam Abu Safiya medikua askatzeko eskatu du Osasunaren Mundu Erakundeak, eta bere aldeko kanpaina ere abiatu dute sareetan. Abu Safiya medikua ez da edonor; nazioartean erreferente bihurtu da, berak zuzentzen zuen ospitalearen aurka egindako erasoak kontatzen zituelako.


2024-12-31 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Obrak eta obrak, marra horia lausotzeko

Garai aproposa izaten da urteburua iraganeko lorpenak goraipatzeko eta, are gehiago, etorkizuneko asmo-usteak aldarrikatzeko. Eta halatsu da Txinan ere, alafede. Bide batez, ez da harrigarria abenduko azken orduetan, aurreikusitako planari aurrea hartuz, Xinjiangeko Urumqi-Yuli... [+]


Petardo eta bengalak, albo-kalteak dituen tradizioa

Urtezahar gauean petardo, bengala, traka, suziri eta bestelako gailu piroteknikoekin jolasean arituko dira asko eta asko aurten ere, horietako ez gutxi adin txikikoak. Eta errepikatuko dira istripuak, suhiltzaileen esku-hartzeak, eta burrunba gordin sufritzen duten ume, adineko... [+]


2024-12-31 | Usurbilgo Noaua
Beste sute bat izan zen erraustegian

Suhiltzaileek beste sute bat itzali behar izan zuten abenduaren 27an Zubietako erraustegian.


2024-12-31 | Josu Iraeta
Borroka luzearen ametsak, egiazko nahi ditut

Badira, garun distiratsua izanik, "zehaztasun gutxiko" definizioekin, gauza bera, beste era batera esanda, aldatzen eta itxuraldatzen adituak direnak. Berea zen, eta hainbat hamarkadatan errepikatu den proiektu in eternum bat izan da. Hasiera batean hori zen hegemoniko... [+]


Bizilagunekin plataforma munduko futbol kopa Donostian jokatzearen aurka: “Ez dugu gure aurkako golik ospatuko!”

Bizilagunekin plataformak gogor kritikatu du Donostia 2030eko munduko futbol txapelketaren egoitzetako bat izatea, Marokok, Portugalek eta Espainiak antolatuko duten edizioan. “Hiria munduko mapan kokatzea” eta “lehen mailako kirol ikuskizuna herritarrei... [+]


2024-12-31 | Sustatu
Max streaming plataforman ere euskarazko edukiak agertzen hasi dira

Nazioarteko ordainpeko streaming plataformetan, Amazon Prime Video eta Netflix izan ziren lehenak euskarazko edukiak eskaintzen, eta orain Max gehitu zaie (2024 arte HBO edo HBO Max izan dena). Pantailak Euskaraz-ek azpidatziak moldatu ditu, eta EITBk bikoizketak eskaini, eta... [+]


Eguneraketa berriak daude