"ZINEMA INDUSTRIARIK EZEAN, ETB IZAN DAITEKE PLATAFORMA"

  • giza uholdearen erdian gizon bat zira batekin ikusi nuen jendeari argibideak ematen; Martin Ibarbia zen (Beasain, 1943). ETBko sortzaileetako bat, telebista ekoizlea eta Euskadiko Filmategiko burua. Gizon engaiatua dugu Martin, grinaz eta ilusioz gainezka heltzen baitio edozein egitasmori. Telebistan egindako lanak ditugu horren adierazle. Inor gutxik daki ordea, beragatik ez balitz euskararen aldeko jaiak ez ziratekeela inoiz ospatuko. Hori jakinda, goiz hartako bere jarduna are sinbolikoagoa bihurtzen da. Beti aurrera begira dagoen gizona izanik, berandu baino lehen gauzatu nahiko lituzkeen proiektu berrietan murgildua dabil. Bere bila bazabiltza eta beste inon ez badago, joan igerilekura, han topatuko baituzu luze batzuk eginez.

2021eko uztailaren 19an
B

adira pertsona batzuk aldi berean hainbat saltsatan sartuta egon daitezkeenak, nahastu gabe, gainera. Martin dugu horietako bat. Bere ibilbidean frogatu duen bezalaxe, norberaren ametsak egia bilaka daitezkeela sinestea lema bizigarria da mundu honetarako. Hotel batean elkartuta, kafea eta kroissant bana hartu eta lasaiki mintzatu gara. Ekoizle izateak egin zaitu ezagun, nahiz eta beste hainbat arlotan ere buru belarri sartu zaren. Zerk bultzatu zintuen ekoizle izatera?
Berandu samar hasi nintzen, 1985ean, ETB utzi eta gero. Eresoinka enpresan aritu nintzen bi urtez produkzio arduradun gisa. Eta 1988an Orio ekoiztetxea sortu nuen, neure aspaldiko asmoa betez. Aurretik, gure betiko ametsa bete genuen ETB martxan jarrita. Eusko Jaurlaritza sortu berria zela, 1981ean, Ramon Labaienek deitu zidan Beasaingo udalera, non alkateordea nintzen, ETB sortzeko proposamena luzatuz. Nik berehala eman nuen baiezkoa. Ikus entzunezko gaietan nire burua ikusi nahi nuen. Lau pertsona mahai batean bilduta eta elkarri begira abiatu ginen. Joxe Joakin Azurtza, Eugenio Iriondo, Josu Zufiaur eta ni neu. Hik ba al dakik nola egiten den telebista bat? Gero Hamburgoko ikastaroa egin zen profesionalak trebatzeko. Baita bikoizketa eskolak ere Bilbo eta Donostian. Autonomia estatutua patrikan hartuta joaten ginen lekuetara, Xabier Mendigurenek ingelestu egin zigun, gainera. 1982, une historikoa izan zen, abenduaren 31 hura, lehenengo emisioa egiterakoan ez baikenekien zerbait ikusiko ote zen. Eugenio Iriondo Aoiz mendira igo eta hor egon zen antena eskuetan hartuta, sei gradu zero azpitik egiten zuela. Hogei segundu falta zirela, ingeniari batek esan zigun ez zela ezertxo ere ikusiko. Guk behatzak gurutzatu eta zapla! emisioa atera egin zen. Berealdiko poza gurea. Oraindik oroitzen naiz, Maria Jose Intxausti eta Elene Lizarraldek aurkeztuta, marrazki bizidunak eta «Pospoloak saltzen zituen neskatoa» telefilma eskaini genuela. Iurretako estudiotxoak kristalik ez zuenez, egiten zuen hotzarekin jateko genituen langostinoak izoztu egin ziren.

ETB abiatuz geroztik beraz, zein izan zen zure ardura 1985a arte?
Saio ez informatiboak hartu nituen nire gain. Harro sentitzen naiz besteak beste, Txirri, Mirri eta Txiribitonen saioak abiarazi izanaz. Momentu izugarri politak bizi izan genituen, ilusioz beteak, nahiz eta gu zangotrabatzen ere saiatu ziren. Hain zuzen, gutako batzuk lanera joan ginen bitartean, bestetzuk politika gordina egitera joan ziren. Eta badakizu, lanean murgiltzean ez genuen gure eserlekua gordetzen jakin. Garai hartan zuzendaritzak zeraman bidea ez nuen egokia ikusi eta ETB utzi egin nuen.

Zure irudiko, zuzendaritza berria lanean hasi delarik, lehengo ajeak konpontzeko bidean jarri al dituzte?
Nabari da zuzendaritza berriaren etorrera; onerako izan da, zalantzarik gabe. Kostatu egingo zaio, aje eta ohitura txar asko dagoelako, baina baikor naiz. Hasteko, laguntza behar du, bai gure partetik, baita politikarien partetik ere. Diru gehiago behar du digitalizazioak, merkatuak berak dakartzan aldaketei aurre egin ahal izateko. Ibarretxe lehendakaria eta legebiltzarrekoei ulertarazi behar zaie ezin dela hain telebista merke bat mantendu. Bestalde, ETBk ezin du audientziaren morroi izan. Euskarazko kateak bereziki. Oinarrizko diren printzipio batzuk berreskuratu behar dira, alegia, zeintzuk dira telebista publiko baten eginkizunak? Euskarazko kate bakarra egonik, ahalik eta produktu duinena egin behar da, gure jendearen gose eta egarria asetuko duena. Kalitatea da gure lehia bakarra. Nire ustez, kirolaren presentzia gehiegizkoa da.

ETB-1eko audientzia makilatzen duen kirol uholde hori gutxituz gero. zerekin osatuko zenuke programazioa? Itxura batean, Miramonen mila metro karratuko plato berria eraiki nahi dute fikzioa egin ahal izateko.
Euskaldunon benetako iraultza, txikia izanda ere, gure hezkuntza sistema propioa abiaraztea izan da. Horrek sortzen du jende hezia, ikusle potentziala. ETBk hortaz, euskarazko fikzioaren aldeko apustu sendoa egin beharko luke, goitik behera, gainera. Badakit hitz honi beldur diola askok. Goenkale ez baita nahikoa. Egin du bere bidea, eta txalogarria da. Baina ezin gaitezke hor geratu, langa gorago jarri beharra dago. Eskarmentuak esaten dit euskaraz egindako dramatiko bat mila lehiaketa edo

talk-show
baino askoz barrurago sartzen dela, eragina askoz handiagoa da pertsonarengan.
Fikzioa gehituko balitz, benetan diotsut, aurrerapauso izugarria emango genuke, bai euskararen aldetik, bai jendearen harrerari dagokionez. Badakit informatiboak funtsezkoak direla eta programazioa betetzeko bestelako elementuak behar direla, jakina. Tarteka denok jaten dugu

fast food
telebistan, baina gu oso kapazak gara beste platerak egiteko. Kalitateak ez du derrigor garestia izan behar, planteamendu txukun bat egitean dago koska. Berezko begirada batetik. Hori da nik aldarrikatzen dudana. Fikzioa platoan eta kalean egin daiteke, bere zabaltasun osoan, TV movie-ak, mini serieak edo telesailak direla. Plato hori egiten bada, nola eta zerekin bete asmatu behar da.

Agian, proposamen hori ongi iruditzen ahal zaio ETBri, baina hori Jaurlaritzaren esku dagoela esan dezake.
Bai, noski. Jaurlaritzak apustu zehatz bat egin beharko luke dramatikoak ekoizte aldera. Zinema industria baten faltan gainera, ETBren plataformaz balia daiteke. Urtetan, Jaurlaritzaren politika, eskuzabala izan arren, norabiderik gabekoa gertatu da. Orain, elkarte profesionalekin tratuan ari dira lankidetza batera iristeko.

Europako zinegileek eskaera bat luzatu dute Europako Parlamentuan, zinemarekin, Mc Donnell Douglas eta Boegin konpainiak itota desagertzear zegoen «Air bus» konpainiarekin bezalaxe joka dezaten. Zenbat itxoin beharko dugu zinemari industriaren labela eman diezaioten? Dirulaguntzak ez baitira aski industria bat eraikitzeko.
Nik zinema artea dela ez nuke premisa modura hartuko. Industria bat garatzeko ahalmena baldin badaukagu, gero etorriko da artea. Egongo al lirateke euskal idazle famatuak aurretik ikastolek, euskal eskolek eta Euskaltzaindiak sormen hori bultzatu izan ez balute? Ez dut uste. Bada, beste hainbeste gertatuko da ikus-entzunezkoekin. Ibilbide horretan, berriro diot, ezinbestekoa da ETB, bera izan dadila gure eskola eta Jaurlaritza berriz, gure Euskaltzaindia. Gainontzekook, profesionalak izan behar dugu.

Horri lotua, gurean, nahiz eta industria zantzurik ez dagoen, beste inon baino profesional gehiago ateratzen da, edozein arlotan gainera. Talentu hori ukanda, nola baliatu horretaz?
Perretxikoak bezala sortu dira bai, borondate, gogo eta talentuarekin; tamalez, Madrila alde egin beharrean daude. Hango industriak berak egiten du galbahe lana. Hainbeste euskaldun filmaketetan ikusteaz harro sentitzen banaiz ere, ezin gara horrekin konformatu. Badakigu merkatua Estatu Batuetako estudioek hartua dagoela, baina ezin da dena merkatuaren arabera neurtu. Soilik horri begira egongo bagina, Euskal Herrian ere pertsiana jaitsi beharko genuke. Gure herriak sobera erakutsi du bere ahalmena.
Akatsak akats, dozena erdi bat lagun lan egiteko gogoz elkartuz gero, ziurtzat jo zerbait ona aterako dutela, herri izugarri langilea gara-eta. Horra hor, Elgoibar inguruko «makina herramienta», zer esanik ez Mondragon Korporazio Kooperatiboa bezalako enpresa bat, mundu osoko unibertsitatetan eredutzat jartzen dutena. Hori guztia hor egonda, zergatik ezin dut amestu ikus-entzunezkoen arloan MCC antzeko zerbait egitearekin? Behin industria hori martxan jarrita, sortuko da gure Woody Allen bat. Eta euskaraz egin nahi bada, areto komertzialek eskatzen dituzten arauak euskarak ezin dituenez bete, ETBri dagokio euskarazko ekoizpenei irtenbidea ematea.

Kilometroak, Nafarroa Oinez, Araba Euskaraz, Ibilaldia, Herri Urrats, neurri handi batean zure ekimenaren ondorio izan dira. «Hitzaro» saioa halaber, urtetan izan da euskararen inguruan egiten den ororen lekuko. Ezagutza bermatua dagoela, orain erabilera da hurrengo erronka, makurrena seguruena.
Bai horixe. Erabilera da kosta ahala kosta bultzatu behar duguna. Gizarte honek kanpoko eragile anitz ditu euskararen erabilera baldintzatzen dutenak. Edozein adituk dio euskaldunongan dagoela euskararen geroa, ez araudietan, ez ikastoletan, ez inon. Hori dela eta, «Hitzaro» saioan ahalegin berezi bat egingo dugu jendea euskaraz mintza dadin, jakitea ez dela nahikoa ikustaraziz. Gainera, zeinen ondo sentitzen den bat euskaraz hitz egiten!

Berriki Euskadiko Filmategiko lemazain bilakatu zara, zein da aurrean duzun eginkizun nagusia?
Ba, helburu bakarra dugu aurrez aurre: Euskadiko Filmategia behin-betiko normalizatzea, alegia. Lau zorok sortu genuen, Euskal Herria hustutzen ari zela somatu genuelako. Materiala biltzen hasi ginen eta gure etxeetan gordetzen. Orain, 21 urte bete dituela, bere zilegitasuna erakunde gisa ez du inork zalantzan jartzen, bai materiala gordetzeko, bai gauzak antolatzeko. Zoritxarrez, oraindik ere, urtero esku hutsik eta eskale baten gisara joan behar izan dugu erakundeetara. Egoera hori ezin da jada onartu. Filmategia herri honen ikus-entzunezko memoria da, eta beraz, aurrekontu finkoa ezinbestekoa da azpiegitura bat taxutu dezagun. Hori da nire betebeharra. Momentu honetan, esateko moduan naiz, oso litekeena dela Jaurlaritzarekin hitzarmen bat lortzea, non filmategia erabat instituzionalizatu egingo litzatekeen, egitura eta antolakuntza sendo bati bide emanez. Egoitza handiago batera ere joango ginateke.

Esaera batek dio hobe dela damutzea egin duzunaz, egin ez duzunaz baino. Zuk egindako gauzen artean, ba al da damutzen zaren zerbait?
Beti daude gauzak berriro egin ahal izanez gero egingo ez zenituenak. Baina egia esanda, oso gauza gutxiez damutzen naiz, eta garrantzirik gabekoak denak. Nire buruarekin nahiko konforme bizi naiz. Era berean, txarra ahazten saiatzen naiz, momentuan mina sentitzen baduzu ere, perspektiban jarriz gero, ez diot halako larritasunik ikusten. Esaterako, ezkondu nintzenetik 28 urte igaro direla, istiluak eta momentu txarrak ere pasatu izan ditut, baina askoz oparoagoak dira momentu onak. Bi seme zoragarri izan ditut berarekin. Nahiago dut lorpenei erreparatu porrotei baino. Horren haritik, eta beste maila batean, ETBko sortzaileen artean egoteak asko pozten nau oraindik ere, normalkuntzarako tresna nagusia baita gure herriarentzat.

Ameslari errealista zaitugula, zein da noizbait bete dadin nahiko zenukeen ametsa?
Noizbait film bat egin ahal izatea da, dudarik gabe. Irlandarrek egiten duten moduan, Euskal Herrian girotutako istorioak, hemengo izaera eta kultura islatu arren, edozein tokitako ikuslea hunki lezaketenak. Orain arte, Gernikako bonbardaketa kontagai zuen «The spirit of the tree» filmean parte hartu nuen ekoizle gisa. Azken boladan, halaber, hor gabiltza istorio bat serio idazten. Film laburrak egiten hasteko ere asmoa badugu Orio ekoiztetxean. Hori bai, errealitate gauzatzekotan, jendeak musu truk aritu beharko luke

AITONA JOXE MIEL
«Sozialista utopiko euskalduna, justizia zer den erakutsi zidana»

AITA
«Abertzalea eta askatasunaren kontzeptua erakutsi zidana»

MARTIN UGALDE
«Konpromisoa zer den irakatsi zidan»

JORGE OTEIZA
«Gure artistarik garrantzitsuena da. Iraultza bat ekarri zuen»

PEDRO ALMODOVAR
«Inork ez bezala Espainiako herriko kultura xurgatu du filmetan, estilo kromatiko eta narratiboa sortuz»

MONTXO ARMENDARIZ
«Nire barruko fibra sentikorrena ukitzen daki. Euskaldunon begiratzeko modua, (`Un certain regard'), ageri da bere zineman»

PEDRO MIGUEL ETXENIKE
«Euskal Herrian geratu nahi izateak dena adierazten du bere kategoriaz»

JON JUARISTI
«Liburuak irakurrita, erraz antzematen da maitatzeko gaitasunik ez duela. Desamodio baten historia da berea»

MANU LEGINETXE
«Kazetaritzaren pertsonaia Barojianoa, egiaren bilaketan subjektiboa izan behar duzula dakiena»

JUANMA BAJO ULLOA
«Beste talentu zinematografikoa, zain gaude bere hurrengo filma noiz egingo ote duen»

Tantoa
Ezagutu nuen enteratu nintzenean bera zela Zestoako Zinemaldia zuzentzen, bultzatzen eta egiten ari zen gizona. Garai hartan, orain dela hogei urte. 80ko maiatzean Eusko Jaurlaritza sortu berria zen; kultura sailerako jendea bilatzen ari nintzen han-hemenka. Ideak ugari ziren, baina jende gutxi zegoen prestatua aurrean genituen erronketarako. Behar zen jende abertzalea, trebea eta euskalduna. Eta orain hogei urte horrelako jendea aurkitzea benetan miraria zen.
Martin Ibarbia beasaindarra ikusentzunezkoen munduan zebilen, Zestoako Zinemaldiko arduraduna zen eta. Noski, «amateur» gisa ari zen garai hartan. Gero denborak erakutsi du benetan profesional ona izateko, lehenengo «amateur»a izan behar dela. «Amateur» hitz frantsesa da, eta esan nahi du amorantea edo zerbaitetarako maitasun bat duen pertsona. Eta Martin benetan zinemarekin maiteminduta zegoen.
Bai Martin eta beste jende asko horrela hasi zen lanean: maiteminduta zeudelako, abertzaleak zirelako eta garai hartan ilusio handia zegoelako Euskal Herrian, euskararen munduan eta nazio berri batean gauzak egiteko. Aukera hor zegoen eta gauzak egiteari ekin genion.
Martin Ibarbia Gasteizera ekartzea aukera bikaina izan zen. Gaur egun profesional ona da, noski, bizkarrezurrean beste hogei urte dituelarik (eta hori ez da ona). Denbora ez da alferrik pasatzen. Gizon trebea eta nire ikuspegitik lagun ona. Eta hori da bizitza honetan gerta litekeen gauzarik ederrena: lanerako ezagututako pertsona hogei urte beranduago lagun jarraitzea. Espero dezagun Euskal Herriko beste alorretan ere beste horrenbeste gertatzea


Azkenak
Calexit, Kaliforniaren independentzia bilatzen duen ekimena

Ekimenak erreferendum eskaera egin du eta Shirley Weber estatu idazkariak onartu. Orain, prozesuari jarraipena emateko, 546.000 sinadura lortu behar dituzte datorren uztailerako. Marcus Evansek egin du eskaera.


Estatuaren biktimek Chivite lehendakariari eskatu diote egon dadila euren aitortza ekitaldian otsailaren 13an

Estatuaren biolentziaren biktima gisa onartzeko 125 eskaera egin zaizkio Nafarroako Gobernuari 2023an eta 2024an. Horietatik 41 onartu dira. Egiari Zor eta Torturatuen Elkarteak ongi baloratu dute egiten ari den bidea.


'Arizona' antzezlana
Muturrekoa, muturreraino eramanda

Arizona
Aktoreak: Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola..
NOIZ: urtarrilaren 26an.
NON: Berrizko Kultur Etxean. plazan.

-------------------------------------------

Arizona eta Mexiko banatzen dituen muga zaintzera abiatu da Idahotik Margaret (Aitziber Garmendia) eta George (Jon... [+]


Betiereko Wagner

'Tristan und Isolde' opera

Bilbao Orkestra Sinfonikoa. Zuzendaria: Erik Nielsen.
Bilboko Operaren Abesbatza. Zuzendaria: Boris Dujin.
Eszena zuzendaria: Allex Aguilera.
Bakarlariak: R. Nicholls, G. Hughes Jones, M. Mimika, E. Silins, C. Daza, D. Barcellona, J... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Argia Sariak banatuko ditugu gaur Usurbilgo Atxega Jauregian

Usurbilgo Atxega Jauregian, urtarrilaren 31n, hedabideetako, kulturgintzako eta erakunde publikoetako ehun lagun inguru bilduko dira. Bazkariaren ondoren, 16:00etan egingo da sari banaketa. Antton Mendizabalek egingo dituen azken garaikurrak jasoko dituzte saridunek... [+]


“Yoga onkologikoa xamurtasunean eta errespetuan oinarritzen da”

Prozesu onkologikoetarako tresnak lantzen ditu Paula Barrio yoga onkologikoko irakasleak: “Gorputzarekin eta lesionatutako zonaldearekin konektatzen dugu”.


Zestoan euskararen erabilera handitzea helburu, aisialdia doan baliabide urriko haurrentzat

Zestoan (Gipuzkoa), 2024ko irailaz geroztik, baliabide ekonomiko urriko haur eta gazteak bost kultur eta kirol ekintzen artean bat aukeratu, eta horretan doan aritu daitezke. Udalak dirulaguntzen araudia berritu du, haurren aisialdia eskubide bat dela argudiatuta. Aldaketarako... [+]


2025-01-31 | Euskal Irratiak
Ramuntxo Labat-Aramendi
“Duintasunez arituko gira; Ahetzeko herriko etxearen egoera egonkortu nahi dugu”

Lehen itzulitik bigarrenera, auzapezgotzara jauzi egin zuen Ramuntxo Labat-Aramendi abertzalearen zerrendak. Erdiespena "xinaurri lanari esker" egin zela uste du Labat-Aramendik. Ahetzen zerrendak bozen %44,39 lortu zuen urtarrilaren 12an eginiko behin betiko bozketan... [+]


Iruñean Laba elkartearen eta Windsor tabernaren lokalak bateratuko dituzte

Modu horretan, euskara eta euskal kultura hiriaren bihotzera eraman duen proiektuari egonkortasuna eta sendotasuna emanen diote.


2025-01-31 | Uriola.eus
Sukalde eta garbiketako grebaren lehen egunak %70etik gorako jarraipena izan du ostegunean, sindikatuen arabera

Ehundaka langile elkartu ostegunean Bilbon egin den giza katean “Lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita” lelopean.


Langile bat hil da Arbizun, lanean ari zela kamioi batetik karga gainera erorita

52 urteko altsasuar bat hil da ostegunean Arbizun lan istripua izan ostean, Nafarroako Foruzaingoak jakinarazi duenez. Urtea hasi zenetik Euskal Herrian lan istripu batean hildako laugarren langilea da. Ezbeharra herriko erdigunean dagoen etxebizitza bat zaharberritzeko lanetan... [+]


Greba Nafarroako hezkuntza publikoan
Ikasturteko hirugarren greba deialdia ere arrakastatsua izan dela diote sindikatuek

Ikasturtea hasi denetik hirugarren greba eguna izan da ostegunekoa Nafarroako Hezkuntza Publikoan eta goizeko mobilizazioen ondoren, LAB, Steilas, ELA eta CCOO –protestaren deitzaileak– pozik agertu dira. Euri jasak eta hotzak lagundu ditu etengabe irakasleak... [+]


Jerusalem ekialdean UNRWA debekatu izanak are gehiago zailduko du Gazarako laguntza

Urtarrilaren 30 honetan abian jarri du Israelek Jerusalem ekialderako UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoaren debekua. Urtarrilaren 15ean adosturiko su-etenari segi, bahituen eta presoen hirugarren trukea dute ostegun honetan.


2025-01-30 | Julene Flamarique
Erantzukizunak eskatuko dituzte Zaldibarko tragediaren bosgarren urteurrenean

Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze gogoratzeko eta hondamendiaren erantzukizunak eskatzeko elkarretaratzea egingo dute igandean Zaldibarko Eitzaga auzoan. Luizia “enpresarien diru goseak” eragin zuela, eta Eusko Jaurlaritzak “ardura txikiena ere ez duela... [+]


Zigor gehiago espero dituzte Zarauzko EAJko zinegotzi ohiaren etxearen auzian

EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiak ez duela "zirrikiturik utzi" dio SOS Talaimendi plataformak, eta "oraindik merezi duten legezko zehapena jaso ez duten zenbait erabaki arbitrario eta ia delituzko" geratzen direla adierazi du. Besteak beste, Zarauzko Udalak... [+]


Eguneraketa berriak daude