Hego Euskal Herriaren historian 1931ko apirilaren 14an gauza anitz aldatu zela idatzi da, baita Nafarroa Garaiko datuak aztertzen baditugu ere. Bada, eta hondarrean eskuineko indarrak nagusitu baziren ere, errepublikar alkate eta zinegotzi franko ezagutu zuen Nafarroa Garaiak, hiriburua den Iruñean bertan kasu. Horien artean denetarik zegoen, hala nola errepublikar arruntak, euskal abertzaleak, ezkertiar errepublikarrak, sozialistak, komunistak edota aipaturiko eskuindarrak. Azken hauen artean, gutiengoa izan arren, «Euzkadi» hitza gorrotatzen zuten ultraeskuindar espainiarzaleek eragin handia zuten, gehienetan Madrilgo botereari loturarik estuena zioten aberatsenak zirelakotz.
Edonola ere, eta garai hartaz ari garela ezin ahantzi, banaketa hauek nahikoa arriskutsuak direla erran beharra dago. Honela, erraite baterako, euskal kulturaren aldeko jarrera garbia ediren nahi izanez gero, ez dugu soilik euskal abertzaleen artean miatu behar, nolabaiteko «baskismoa» edozein alderditan topatzen ahal baitugu, baita aurkakoa ere, jakina. Eta eserlekuak eskuratzen zituzten taldeen artean ezezik, jendeari eskaintzen zitzaizkion hauteskundeetan parte ez hartzeko deialdia egiten ohi zuten anarkisten artean ere honelako jarrerak atzemaiten ahal ditugu.
Izan ere, egoera uste baino hagitzez konplexuagoa zela azpimarratu beharra dago, funtsean alderdikideen artean benetako lubakia arlo sozioekonomikoa zelakotz. Honek ere, ildo beretik, eragin ikaragarria izan zuen orduko proiektu autonomistetan, balizko euskal asmo zintzoa korapilatuz. Eta orain arte aipatu dugun guzia ongi laburbildu eta ulertu ahal izaiteko izen bat datorkigu bururat, David Jaime Dean, Tafallako euskalduna.
Hitz batez, Jose Maria Jimeno Jurio ikerlariak argitu zigunez (ARGIA 1652) «Lizarrako lehendabiziko batzarrean lau herrialdeak baturik zeudela eta Estatutua onartu zuten aho batez erlijio ekarpenak agertu arte. Orduan Erriberako sozialistek proiektua utzi egin zuten. Eskuinak ere arreta handiz landu zuen Nafarroa. Karlistak eta liberalak Euskal Estatutua saboteatzen saiatu ziren. Gure herriko karlistek ere gaizki pentsatzen zuten. Azken batzarrean jende anitz ez zen ohartu noiz bozkatzen zen ere, Luzaide kasu. Bertze batzuk nahasturik zeuden. Eta gainera anitzek haien udalek agindurikoaren aurka bozkatu zuten». Enbata horren erdian tafallarra dugu gidari.
DAVID JAIME DEAN TAFALLAR ERREPUBLIKARRA.
Pablo Fermin Irigarai Goizueta auriztar sendagilea bezala, hots, «Larreko» ezagunagoaren gisa (ARGIA 1706), tafallar errepublikarra 1949an hil zen, bientzat eta Nafarroako euskaldunentzat 1949ko data agerian utziz.
1887ko maiatzaren hamaseian jaio zen. Europar kontinentean Italia eta Alemania batu berriak ziren, mendetako zoritxar nazionala baztertuz. Hego Euskal Herrian, Nafarroa Garaian bereziki, azken guda karlistaren ondorio latzak airean ziren eta urte guti falta zen «Gamazada» izeneko matxinada herrikoia gerta zedin. Ordurako Iparragirre urretxuarra hila zen eta Sabino Arana Goiri izeneko abantoar batek bere burua abertzaletzat hartzen zuen jadanik. Tafalla ondoko Orbaibarreko herrixketan, bertzalde, euskara hiltzen ari zen eta ez zirudien Iruñeko Txapitela karrikako Arturo Kanpion buru zuen nolabaiteko euskaltzale taldearen lanaren helburua Tafalla alderat bideratzen ari zenik.
Gure hizkuntza hainbertze maite zuen David euskaldunberria zen. Alta, Nafarroako bertze herri batean, garai hartan arrunt euskalduna eta bertsozalea zen Eugin Bonaparte printzearen Iruñeko nafarrera ikasi zuen, hau da, Esteribarreko iparraldeko herri handian, Iragi, Urtasun, Baztan eta Xalbadorren Urepeleko mugetan dagoen horretan, Mendialdeko bihotzean. Egun bere baitan oraindik euskaldunak dituenean, hain zuzen. Bertan jaio baitzen, kasualitatez, bere aita liberalaren lana zela medio.
Tafallar hau, denboraren poderioz politikaren ur nahasietan murgilduko zena, euskararen alde beti mintzatu zela dirudi. Dena den, eta une horietako euskaltzale ezagunenen artean hagitz gutitan jaso bada ere, David ez zen apaiza edo jaunttoa, eliza katolikoaren aurkako nafar euskaldun hau, Altsuko Constantino Salinas moduan ezkertiarra baitzen. Hortaz, euskara eta euskal kultura maite bazuen ere, ez zen «Larreko»ren sokakoa, epe historiko horretan Nafarroako euskal kulturan hainbatetan nabarmenarazi den balizko monolitismo ideologikoa kolokan jarriz.
Gaztetan ezkertiar ideiak bere egin zituela idatzi da. Argia eta alaia, erakargarria, Jose Mari Espartza Zabalegik bere garaia aztertzerakoan liburuan azaldu duenez –«Un camino cortado. Tafalla 1900-1939»–, nafarrak emaniko hitzaldietan bertze politikariak kritikatzeko erabiltzen zuen tresna nagusia ironia zen. Mundua ezagutzen zuen, Kuba eta Buenos Aireserat egin zituen bidaiak lekuko. Baina bidaia horiek bere burua jantzi bazioten ere, osasuna errekarat eraman zioten, zeren eta hil arte arnas arazo larriak pairatu baitzituen.
Bidaiak egin ondoren, Etxarri Aranatzen eman zituen urte batzuk eta honek ikasiriko euskarari eusten lagundu zion. Bertsotan ere aritzen omen zen. Bertako Martina Larrazarekin ezkondu eta handik gutirat emaztea alaba batez erditu zen, baina tikia une horretan bertan hil zen, bikotearen bihotzak goibelduz. 1921ean Tafallako «Cooperativa Vinicola» zelakoan kudeatzaile lanpostua eskuratu zuen, enpresak bizi zuen egoera larria hobetuz.
1931n Tafallan errepublikar zinegotzia zelarik, Nafarroako Foru Aldundian ere lan handia bete zuen, hautetsia zelakotz. Aipaturiko aldundian indarrean zegoen ustelkeriaren aurka aritu zen, bera pobrezia duinean bizi zela bertzeei erakutsiz. Bertzalde, bere herriko «Acción Socialista» eta «Izquierda Republicana» taldeetako burua izan zen. Antza denez, eta bertzeak bertze, praktikan euskararen ofizialtasuna Nafarroa osorako zabaltzea bultzatu zuen, Arturo Kanpionen taldekoek eskatzen zutena baino hagitzez neurri aitzineratuagoa, alegia.
Lizarrako Euskal Estatutuaren aldekoa, erakutsi zuen jarrera eragin handikoa izan zen. Bere merinerriko (merindadeko, nafar eskualdeko) herriek aldeko bozka eman zutela erraitea nahikoa izaiten ahal da, hots, guziz erdaldunduak ziren Tafalla, Erriberri, Faltzes... Eskualde honetan nagusi zen nekazal munduan, EAJ alderdiak indar eskasa zuela oroitarazi beharra dago. Estatutuaren zirriborroa prestatu zuen Eusko Ikaskuntzako partaide honen lana erraldoia izan zela bistan da: EAJ eta errepublikar ezkertiarren artean diferentziak baziren ere, elkarlana eman zelakotz. Jaimek, Lorente alkateak, Telesforo Montzonek eta Irujok Estatutuaren aldeko lan handia egin zuten, merinerriko hogeita zortzi herrietako ordezkariekin bi batzarre antolatuz.
1936: FUSILAMENDUETATIK IHESI.
1936an bere herrian bertan babesa eman zioten. Bazter guziak miatu bazituzten ere, ez zuten topatu. Etxe batean ezkutatu zen eta han bere emazteari eginikoa ezagutu zuen –atxiloketak, isunak, ilea moztu, tortura–. Erresistentzia sareak ondoko Artaxonarat eraman zuen, azkenik, eta Azagra nahiz Azkoiengo bertze iheslari batzurekin mugarat abiatu zen. Bere osasun arazoak zirela eta bideko Ultzamako Alkotz herrian gelditu zen, hango emakume batzuek babesa eman ziotelakotz. Alta, pasadizo latz hartan euskalduna izaitea lagungarria izan zitzaion. Haran berean, haiek jakin gabe, Tafallako alkatea zen Julio Iribarren ere babesturik zegoen. Gaulana nagusi zen garaian zaldiz pasa zuen muga, laguntzarik gabe.
Jende anitz atxilotu eta erail zuten bera harrapa ez zezaten mugimendu herrikoian. Izan ere, David Jaime Deanekin batera lagun anitzek alde egin zuen Tafallatik, fusilamenduak saihesteko. Horien artean Santiago Doxandabaratz euskal abertzale fina, Venezuelarako bidean Baionarat joan zena. Lapurdiko hiribururat ere Jose Alfarok jo zuen, herriko espetxetik ihes egin eta gero. Vicente Esparza, Felix Yoldi, Vicente Ozcariz zein Justo Valencia Euzko Gudarostearekin bat egin zuten eta Jose Ezpeleta kataluniar fronterat abiatu zen. Pedro Bermudez, Serafin Indart, Maximo Martinez, Primitivo Lorea edota Felix Sanchez, bertzeak bertze, Frantziako kontzentrazio zelaietan sartu zituzten, laster nazien eskuetan geratzeko.
Frankistek Nafarroan fusilaturiko milaka lagunen artean ez izanik, Iparralderaino heltzea erdietsi zuen. Euskal lurraldeetatik irten gabe, Hego Euskal Herriko erbesteratuen alde lana egin eta Nafarroako Kontseilua antolatu zuen. Erakunde horretako lehendakaria zen. Erakunde honek 1936-1939ko gertakariek sorturiko nafar erbesteratuak elkartzea zuen helburu, baita frankismoa garaitu ondoren Euskal Estatutua antolatzea ere. Erakunde honetako bultzatzaileak David Jaime Dean, Rufino Garcia Larache eta Javier Domezain izan ziren. Ia nafar errepublikar guziak batzea erdietsi zuen, baita Euskal Estatutuarekin hagitz kritikoak zirenak ere. Europak bizi izan zuen ondorengo gerrate ikaragarrian, hala ere, Nafarroako Kontseilua desegin zen, partaideak Europa eta Ameriketan sakabanatuz.
Ez dirudi urte horietan ere erbestean zegoen Euzko Jaurlaritzarekin batere ongi moldatzen zenik, eta euskaraz idazten zizkien eskutitzetan Nafarroa abandonatzea aurpegiratzen omen zien EAJko buruzagiei. 1949ko urriaren hogeita bederatzian Lapurdiko Kanbo herrian hil zen. Hirurogeita bi urte zuen. Orokorrean ez duzu, irakurle, euskal entziklopedietan politikari euskaldun honen berri topatuko, ezta Nafarroako entziklopedietan ere
Euskal Estatutua eta Nafarroa
1931ko apirilean Kataluniak katalandar errepublika aldarrikatu zuen. Madrilgo gobernuak onartu ez eta katalandar udalek Nuria izeneko autonomia estatutua prestatu zuten, konponbide gisa. Berehala, 1931ko maiatzaren 8an, Eusko Ikaskuntzari estatutuaren zirriborroa prestatzea eskatu zitzaion. Hil horretan bertan, azken egunean hain zuzen, proiektua amaituta zegoen eta egunkarietan argitaratu zen. Hego Euskal Herri osorako, erraite baterako, euskara eta gaztelania hizkuntz ofizialak izanen ziren. Bi aste eskas pasa ondoren Lizarran aurkeztu zen, Iruñean egiteko saiakera baztertu ondoren, eta Ega ibaiaren hirian Hego Euskal Herriko laurehun eta hogei alkatek aldeko bozka eman zuten. Madrilek Kataluniakoa onartu bai, baina Hego Euskal Herrikoa praktikan ez. Hitz batez, Karlistaden ondoren ematen zen lehendabiziko saiakera sendo horrek huts egin zuen.
Hego Euskal Herrian indarrean ari ziren alderdiek beste proiektu bat idatzi eta herrialdeetako batzarreek 1932ko urtarrilaren 21ean onartu zuten. Testu berrian bi aldaketa nagusi ziren. Batetik, Vaticanorekin balizko harreman zuzenak baztertzen ziren. Bertzetik, «Estado Vasco» izeneko kontzeptua desagertu zen.
ESTATUTUARI EZ ALA «PUCHERAZO»A.
Hala eta guztiz ere, 1932ko ekainaren 19an Nafarroako ordezkari gehienek aurkako bozka eman eta herrialde hau estatututik kanpo gelditu zen. Ikerketek frogatu dutenez, hala ere, Nafarroak inoiz ez zuen ezezko bozka eman: Madrilgo agintariek ordezkari batzuk erosi zituzten eta hauek haien udalek erabakirikoaren aurka aritu ziren. Hots, «pucherazo» delakoa eman zen, karlisten artean kasu. Hau da, Nafarroak Lizarrako estatutua onartu zuen, baina nafarrek hartutako erabaki librea ezkutatu zen. Hego Euskal Herri osoak onartu zuen, bai lehen proiektua bai bigarrena. Bi kasuetan Madrilek debekatu zuen, agerian diren modu ezberdinak erabiliz.
Edonola ere, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako ordezkariek bertze proiektu bat prestatzeari ekin zioten, hirugarrenez. 1933ko abuztuaren 6an Gasteizen eginiko batzarrean ekimen berria onartu zen. Erreferenduma egiterakoan, hala ere, Arabak ezezkoa bozkatu zuen. Gipuzkoa eta Bizkaiko emaitzen aurrean, dena den, gainditutzat hartu zen. Orduko irakurketa politikoa egindakoan ukaezina da, hori bai, estatutuaren bultzatzaileentzat Araban jazorikoaren larritasuna. Espainiar eskuindarrek Araba balizko autonomiatik kanpo uztea nahi zuten, Nafarroari jarraituz.
1934ko irailaren 2an beste udal biltzar bat antolatu zen, Gipuzkoako Zumarraga herrian. Oraingo honetan espainiar poliziak ekitaldia galerazi zuen. Hots, funtsean, estatutua debekatu zen. 1936ko apirilaren 16an eztabaidak berriro hasi ziren, Madrilen ere bai, baina uztailaren 18an faxistek gerra piztu zuten. Urriak batean, gerra bizian, Madrilek estatutua onartu zuen. Ez zen urtebetez ere bizi, hilabete gutxietan frankistek Hego Euskal Herri osoa menperatu zutelakotz. Burgosko paper ofizialen arabera, 1937ko ekainaren 23an hil zen