P
ierre Meyzenc, ene aita, eskuin eta ezker, bere plazerrarentzat eta batzuetan lagunek eskaturik, grabaketa batzu egiten hasi zen. Badakizu, ez gaurko teknika numerikoekin, baina berunezko hariekin lehenik, eta gero `monobanda'rekin. Hasierako hari horiek hausten ziren, eta koropiloak egin behar zizkien, grabaketa aurrera segitzeko, hots, artisauen gisa ari zen, pasioa zuelako». Hitz hauek Manex Meyzenc, Pierre Meyzencen semearenak dira. Honek zuzentzen du gaur egun, duela berrogeita hamar urte Meyzenc aitak abiatu zuen «Le Disque» musika tresna saltegiaren ondotik etorri zen Agorila diskoetxea.
«
Gutxinaka hazi den sozietatea da Agorila», azaltzen digu Manex Meyzencek. «
Gure merkatua Akitania osora zabaltzen dugu, Hego-mendebaldea deitzen dugun horretara. Agorilaren jarduera diskoen edizioa da; hirurehun hurbil. Baina horien hedatzea ere bai, Akitaniako eta Frantziako hirietako disko-saltegi nagusietara». Gainera, Agorilak saltzen ditu Sony eta TDK etxeen grabatzeko euskarriak. «
Audioa ere saltzen dugu, laurehun bat bideo kazeta inguru ditugu katalogoan. Gure urteko aurrekontua 13 edo 14 milioi liberatakoa da (325 edo 350 milioi pezetatakoa)». Agorilak Baionan duen egoitzan, errugbi zelaiaren gibelaldean, zazpi pertsona ari dira lanean. «
Duela bi urte langile gazte bat hartu genuen, kanpo-harremanak landu zitzan. Alabaina jakin beharra baita azken urte hauetan, Oldarra bezalako euskal abesbatzek edo Kukumiku bezalako dantzaldi-taldeek lortu duten arrakasta iragarki paregabea izan dela gainontzeko euskal musikarientzat. Orokorrean euskal musikari Pariseko edo Lilleko disko-saltoki handietan sartzeko aukera eman diote».
IPAR EUSKAL HERRIKO HISTORIAREN ZATI BAT.
1949an Pierre Meyzenc berunezko hariekin bere inguruko musikariak grabatzen hasi zenetik gaur egunera teknikak asko aldatu dira, baina gizartea bera ere bai. Horrek esan nahi du, pasa den urtean Agorilak bete zuen urteurrenak omenaldi txikia egiten diela Ipar Euskal Herriko iraganeko urteei. Nostalgia pittin batekin gogoratzen ditu Manex Meyzencek aitarekin egin grabaketa-saioak: «
Autoan sarturik, soinua hartzeko tresnak kofrean, aita eta biok abian ginen. Autobusen aterbetzeko eraikin handi eta hotzetan grabatzen ohi genuen; bestela, ikasgela hutsetan». Eta garai haietan haurra zen Manex Meyzencen oroitzapenetan dago oraindik, nola batzuetan loak harturik kulunka goxo bat edo beste egiten zuen autobusen barnean. Edo baita ere, nola aitak eta grabatzen ari zen koruetako kantariek autobusak tokiz aldatzen zituzten behin, bi aldiz eta gehiagotan, harik eta sonoritate hoberena aurkitu arte. «
Tekniken garapena bihotz-bihotzean bizi izan dut; gaur egun arrunt desberdina da: grabaketa-estudioak badaude, taldeak, musikariak eta kantariak berak ere aldatu dira. Garai haietan denak ari ginen amateurismo hutsean, orain gutarik asko egituratu gara, dela elkarteetan edo enpresetan; gertatu beharreko garapena zen. Hala ere, erran nezake teknikek gaitzeko abiadura hartu dutela azken urteetan, duela hogei bat urte aldiz, arraposkiago zihoazen».
Urteak aurrera joan ahala, Meyzenc etxeak edo Agorilak teknika berriak bereganatu ditu arlo gehienetan. Nahiz kasetak saltzen dituen oraindik, disko konpaktoa lantzen du gehien. Bestalde, bere ekoizpenen banaketa errazteko, Interneten gune bat ireki berri du, erabat eraginkorra izan nahi duena. «
Baitezpadakoa zaigu tekniken eboluzioarekin bat joatea, ez baikaude lehengo merkatu horretan, non disko-saltzaile txikiak gu ezagutzen gintuen pertsonalki, eta askotan, saltzen zituen diskoen egileak ere».
Agorila iragan aberatsa duen diskoetxea da, baina primeran jakin izan du egokitzen aro berrietara. Garapen horretan emaitza batzu gelditu zaizkio, hala nola, duela mende erdia baino gehiagoko grabaketak, Uztaritzeko seminarioan Pierre Meyzenc aitak berunezko harietan arrasortu zituen txistularienak kasu. «
Euskal Kultur Erakundearekin harremanetan gaude. Elkarlanari eta soinuaren garbitzeko ahala berriei esker, artxibaturik ditugun grabaketa ugari berreskuratuko ditugu ondoko urteetan». Gisa horretan espero du Agorilak euskal musikaren ondareari ekarpena egitea.
BAIONATIK AKITANIA OSORA BEGIRA.
Agorila diskoetxeak goraki aldarrikatzen du Baionan jaio izana, eta Baionatik musikari begirada berezia botatzen dio. Izan ere, bere eskaintzari so egiten badiogu, mota zein jatorri desberdineko proposamenak dituela ohartzen gara. «
% 90 aipatu Hego-mendebaldeko kultura horretan oinarrituriko lan desberdinak argitaratzen ditugu» dio Manex Meyzencek, 1989az geroztik Agorila diskoetxearen zuzendaritza artistikoa duenak.
Eta zer da «Hego-mendebaldeko kultura»? «
Koralak, kantari bakarlariak, bandak eta txarangak. Besta girotik, dela errugbiaren edo zezenketen mundutik ateratzen den musika, Landetan, Biarnoan edota Euskal Herrian egina», ematen du arrapostu. Akitaniako, hots, Bordeletik Tolosaraino Baiona, Hendaia, Donibane-Garazi eta Maule barneratzen dituen eremu horretako publiko zabal bezain desberdinaren nahiak asetzeko, ezinbestekoa duen eginmoldea.
Azken bospasei urte hauetan, Agorilak hogeita hamar bat lan ekoitzi ditu urtero. Horietarik hiru laurdenak Euskal Herriko musikariak edo taldeak dira. Agorilak ez daukanez grabaketa-estudiorik, eginkizun hori azpikontratatu egiten du. Horregatik, etekinak ateratzeko, alde batetik ekoizpen arrakastatsu batzu behar ditu, eta bestetik, publiko gehien biltzen duten kasetak, diskoak edota bideokasetak.
Manex Meyzenc Agorila diskoetxeko zuzendariak azaldu digu halaber datozen hilabeteetan lan amankomuna eramanen duela Kortsikako eta Bretainiako bi diskoetxe txikirekin, «
ezen `major' edo diskoetxe handiei buru egiteko egituratu behara baitaukagu», azpimarratzen du. Baionako disko editatzaileak bi lan berri plazaratu zituen iragan Durangoko Liburu eta Disko Azokan: Erramun Martikorena baigorriar artzainarena eta Beñat Axiari sortzez zuberotarrarena. Azken hau, oroitaraz dezagun, musika garaikidearen erreferentzia eta izen pisuduna bilakatu da azken urteetan. Eta 50. urtemugaren karietan, hiru disko kaleratu ditu halaber: «Bandas du Sud Ouest», «Chorales du Pays Basque» eta «Voix Basques». Azken honetan, «Salut Bayoune» okzitanieraz kantaturiko abestia agertzen da, eta 1949. urteko grabaketa da. Azkenik, aipa dezagun Hego-mendebaldea deritzon eskualde horretan Agorilak gehien saltzen duen diskoa Lourdeseko musika sakratua eta mezetako zeremoniak biltzen dituena dela. Publiko zabal batek urtero eskatzen du grabaketa horien berrargitaratzea