Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara,
jarrai dezagun txikitik eragiten.
Jean Louis Larre
Jean Louis Larre 1962ko apirilaren 6an sortu zen; Heletan. `Popo' izengoitiaz ezagutua. Gaztetan dantzari eta antzezlea izan zen, baita rugbilaria ere. Xirrixti Mirrixti taldean aritu zen antzerkian. Kultur munduak bideratu zuen Euskal Herriaren aldeko eskubideak defenditzera eta politikoki konpromisoa hartzera. Borroka armatuan engaiatu zen, eta IK-ko militante gisa klandestinitatean bizi zen desagertu arte. Leoneko kanpinean ikusia izan zen azken aldikotz. Desagertu zen unetik prentsan zabaldu zen guztia poliziaren iturriek adierazia izan da. Hilabete batzuk pasa ostean, `Popo' agertzen ez zela oharturik, IK erakundeak jendarmeak akusatu zituen Poporen desagertzeaz. Bere familiak salaketa aurkeztu zuen Baionako auzitegian. Frantses justiziak baina, bere familiaren dolurako Poporen inguruan gezurrak sakatu eta oinazea sortu baino ez ditu egin.
Gabi Mouesca
Gabi Baionako Chikitoys enpresako langilea izan zen. 1980an, CGTko militante engaiatua zen. Langileriaren borrokan ziharduen tinko. 1984ko martxoaren 1ean, atxilotu zutenean, berekin zegoen Didier Lafitte hila izan zen. Espetxean izaniko lehen aldian GALen aferei loturiko presoen jazarpenak jasan zituen. 1986an ihes egin zuen Maddi Hegirekin batera, eta 1987an berriz ere atxilotua. Kartzelako isolamendua eta bakartasunean atxiki izan dute urte batez. 11 urte pasa ditu, egunean hogei orduz zelda batean sartua, jateko eta bisitatua izateko denbora doiarekin. Fleury-Merogis, Fresnes, Bois d'Arcy eta La Sante-tik pasa da. Paue ondoko Lannemezanen dago egun. Aurten 17 urte beteko dira espetxeratu zutela lehen aldiz.
Filipe Bidart
Baigorri haranean biziki ezaguna izan zen gaztetan, kultur, kirol eta politikan engaiatua baitzen. Nafarroaren Egunaren sortzaileetarik bat da. 70eko hamarkadan militantzia politiko eta kulturalean parte zuzena izan zuen. Herri Taldeen eraikuntzan hala nola Seaska Ikastoletan; irakaslea izan zen. Garai berean, IKren sorreran eta garapenean parte hartu zuen. 1981ean sasian sartu zen, eta zazpi urtez aritu zen klandestinoki. Frantses poliziarentzako amets gaizto bat izan zen 1988an atxilotu arte. Espetxe askotan izana dute. Azken bost urteak Clairvaux espetxean eman ditu, eta 26 hilabeteko bakartasun aldiak ezagutu ditu. 6 aldiz izan da jujatua. Bietan kondenatu gabe irten da, beste bi aldiz sei urtetara kondenatua eta beste bi aldiz betirako kondena jaso du. Leoneko gertakaria dela-eta jujatua bada zazpigarrenez aurkeztua izango da auzitegi baten aitzinean.
Ttotte Etxebeste
Urruñako Hazia eta Herritarrak elkarte herrikoien sortzaile bat da. Herri Taldeak-en parte hartu zuen. 1983an sartu zen IK-en eta 1988ko otsailean atxilotua Bokalen, eta lurrean zegoela bizkarrean nahita tirokatua. Elbarria izanik, Fresnes espetxeko ekipamendua bere osasun egoerarentzako aski ez zela-eta, 1989an, agindu mediku bat medio askatu zuten. Epaileek, bere egoera ez zela larria argudiatuz espetxeratzeko modua aurkitu zuten berriz ere. Herri mobilizazioaren ondorioz medikuen grazia eskuratu zuen berriz ere. Militante politiko gisa ari da gaur egun Abertzaleen Batasunean. Leoneko auzia mehatxu bat da berarentzat. Pentsaezina eta dramatikoa litzateke bere egoeran kartzelara itzuli behar izatea