SALDA BADAGO.
Aurtengo txapelketak oholtza gaineko saioen seriotasuna hankaz gora jartzen duen beste ukitu bat ere izan du. Batez ere lehen fasean igarri da, afalostean lehiatu baitziren taldeak. Giroa pilpilean eta barrua berotuta, entzule askok ezin izan zion tentaldiari eutsi, eta espontaneoek ere tokia hartu zuten. Zarauzko kasua horren adibide, bertso eta kantu zaharrak kantari itxaron zioten mahaikideek beste saio batetik berandu iritsi zen bertsolariari. Egin zuten Zarautz-Zarautzen aurkako derbia, eta entrenatzaile lanetan ibilitako bi gaijartzaileek bukatu zuten saioa, behin berotuta beraiek ere jokoan sartzea erabaki baitzuten. Hernanin ere, argazkian ageri den gizonak bere trebezia erakusteko aukera izan zuen, publiko artetik eta entxufatu gabeko mikrofonotik aritu bazen ere.
OBSESO BERTSUALAK.
Batzurena jada gaisotasuna da. Ahoz aho transmititzen dute sindromea. Obseso bertsualak dira. Ikusi ditugu autobusetan iristen bere herria animatzera. Pankartak eskegitzen dituzte. Apustuak ere jokatu dituzte talde baten edo bestearen alde eta kuttunenak bakandu ahala txaketaz aldatu eta beste bandoetara afiliatu dira. Erniope taldeko kide batek dioenez, «
haseran taldea bakarrik ginen Erniope, eta orain mundu guztia Erniope da». Lehiaren morbora beti inguratzen da jendea, nola putreak haragi ustelera. Burrunban abiatu dira desafioa zegoen tokira: gaurdaino bertsozaleak izan gabe askok saio ugari tragatu du laguna animatu beharrez. Beste batzuren kasuan esperimentuak ez du arrakastarik izan eta saltsan sartu gabe lo hartu dutenak badira. Lehendik bertsoari bizioa ziotenentzat aldiz, sekulako pagotxa izan da, hainbat bertsolari-jenero ezberdin gozatzeko aukera izan baitute ia asteburuero. Lehen faseko bertso afarietan ehun, ehun eta berrogeita hamar lagun inguru elkartu ziren herri bakoitzean. «Petit comité» bihurtu ziren saioak, lagunartean aritzeko politak. Ondoren aretoetara egin zuen jauzi txapelketak eta espero baino askoz entzule gutxiago inguratu zen. Baina kanporaketak aurrera joan ahala txapelketak irabazi duen ikusminarekin eta egindako publizitate lanari esker, berriro aretoak bete dira. Batipat gero eta gorago geratzen ari ziren herrietako zaletuz. Baina badira entzule batzuk, berdin zaienak zein saio den edo nork abesten duen. Publikoko aurpegi berrien artean izkutatzen dira betiko bertso-edozer-jaleen karikaturak. Bertso onekin oiloazala loratzen zaie. Goimailako kalitateko dosi txiki hori zainetaraino iritsi, eta puntu goren horretan zutitzen direnak ere badira, ikus argazkia.
ANTOLAKETA AUTOLAKET.
Oholtzako fokopean bertsolarien jarduna da ikusten dena, baina hori ez da icebergaren gailurra baizik. Horren azpian antolakuntza oso bat dago, beti itzalpean geratu harren goiari eusten diona. Aurtengo txapelketak herri osora zabaldu du porteadore lana, Unai Agirre sherpa zutela. Talde bakoitzaren esku geratu da, lehen fasean batez ere, herri horretan jokatuko zen kanporaketaren antolaketa ardura osoa. Batzuk euren bizkar hartu dute gaiak jarri eta ideiak biltzeko zama. Gaijartzaile gehienak berriak izan dira, eta lehen inpresioan gehien arritu dituena uste baino lan zailagoa dela izan da. Erniopeko gaijartzailetako bat den Urtzi Basterrikak zioenez «
Ikusle garen aldetik zer gai jarri jakiten dugu, baina nola jarri ikasi dugu». Besteek epaileen pisua hartu dute beregain. Saioak iragarri eta kartelak pegatzeko lan likatsua ere egin dute beste batzuk. Afaria prestatu eta zerbitzen zikindu eta busti dira asko. Megafonia jarri eta frogatzen karaokea deskubritu du zenbaitek. Eta argazkiak ateratzeko, zein saioak kasetez eta bideoz grabatzeko begiak erne izan dituzte besteek. Honek balio izan du jende berria bertso mundura ekartzeko, eta bertso munduko jendea beste saltsatan aritzeko.
GENERAZIO KOKTAILA.
Erreserbakoa eta urteko ardoaren nahasketak aho zapore gozoa utzi du. Berreskuratu dira bodegatik jendartera urtetan atera gabeko jeneroak. Txapelketetan ateratzeari utzi zioten Joxe Agirre, Txomin Garmendia, Jon Sarasua... eta bertsosaioetan kantatzeari berari utzitako Anatx, Olalde, Aizpurua, Goikolea... Bestalde, lehen aldiz Gipuzkoako txapelketara merkaturatu diren elementuak ere ezagun egin dira. Horien artean daude Mantxi, Julen, Imanol eta Nahikari zarauztarrak. Baita Azpeitiako Jokin edo Leire ere. Eta lehen saioa txapelketan egitera ausartu dira beste batzuk. Hala nola Hernaniko Ibon Miner edo Aretxabaletako Kike Dapena. Jauzi hau nekez emango zuten taldearen segurtasun sarea azpian izan ez balute. Honek kualitate ezberdinetako karta zabaldu du. Estilo gozoa, landua, zuria, gorria, zaharra, ozpindua, lehorra, punta puntakoa, merkezurrekoa... dastatu ahal izan dugu.
LIDERRAK PELOTOIAREN BILA.
Bertsolaritzaren osasunari txapelketak ekarri dion onurarik handiena dake. Herri bakoitzean bertsoaren munduan orbitan zebiltzan izar eta asteroideak batu ditu. Talde bakoitzean bildu dira gaijartzaile bana (gutxienez), epaile bana eta hiru bertsolari (gutxienez). Horiez gain, taldeko argazkian kabitzen ez diren botilero asko egon dira: zaletuak, elkarteetako sukaldariak... Entrenamentuak ez dira txantxetakoak izan: astero pare bat aldiz bildu dira talde gehienak. Normalki afaritan beroketak egin, eta ondoren jarri dute bere burua martxan. Gaijartzaileak izan dituzte manager, entrenamenduak zuzendu eta lana aginduz. Lehiaren aurreko egunetan irteera bat eginaz konzentratu direnak badira, edo txapelketarako entrenatzeko txapelketak antolatu dituztenak erebai. Hau guztia ez da kanpora begira ikusten, aldageletan geratzen da. Hala ere taldelanak ekarritako jokaldi polit batzuk ikusi ditugu txapelketan: Hernaniko Txisplau taldeak agurrak aprobetxatzen zituen erdi imno bihurtu zuen bere taldeko estrofatxoa botatzeko. Zarauzko taldeak berriz, gai bati talde osoak kantatu behar izan zion lehen kanporaketan, eta hiru taldekideek beti bukaera berarekin bota zituzten bertsoak: «limosnatxo bat eskatutzen det /jainkoaren izenian.» Saioari originaltasun handia eman zion, eta taldeari batasun irudia.
Gaur arte bertsolari askok ez du herri bereko beste bertsolari eta zaleekin harreman askorik izan. Eta txapelketak batu eta elkarlanean jarri ditu. Hargatik, sortutako lagunarte giro hau da partehartzaile askok txapelketaz gorde duena.
F. Irazustabarrena gaijartzailea
Zergatik hartu dute parte talde bakoitzak hautatutako epaileek?
Txapelketaren filosofiari jarraituz, pentsatu zen bertsolariez gain txapelketako beste multzoak ere bultza behar zirela, eta herri bakoitzetik epaile bat sartu da. Talde iraunkorreko partaideak berriz aspaldi zebiltzan lanean, baina talde gisa oraintxe sendotu da.
Nola trebatu dira epaile berriak?
Hasieratik garbi genuen denekin ezin izango zela ikastaro osorik egin, asko zirelako. Zeukaten bertso ezagutza zeukaten, eta horrekin erantzun beharko zioten bere lanari. Egin duguna izan da egin behar duten lanaz konsziente izaten saiatzea, eta bere lanak duen garrantzia zentratzea... Beste zati bat mekanika azaltzea izan da. Badago irizpide txosten bat, hori zabaldu, eta irizpide horien dudak argitu ditugu.
Zein da zure balorazioa?
Positiboa da hasieran markatu ziren helburuak betetzen direlako: jende berriak epaitzen du... Praktikan zuzen egin duten edo ez, subjetiboa da. Nik uste dut orokorrean jendeak konszienteki eta serio lan egin duela. Orain, asmatu duten edo ez, betiko eztabaida da, bai herrietako epaileen lana juzgatzerakoan, bai iraunkorrena...
Aurrera begira zer ekar lezake?
Epaileen eskaera ez da ikaragarria, txapelketetan bakarrik behar baitira. Baina badago asmoa talde iraunkor xamar bat sortzekoa, eskaerei erantzuteko, gaztetxoen txapelketarako eta abar
Saroi Jauregi Gai jartzailea
Nolaz sartu zara gai-jartzaile?
Ni kasualitatez sartu nintzen. Herriko bertso afari batzutan jarri izan ditut gaiak eta aurkeztu ere bai, baina bestela lehenengo aldia izan da. Zaldibiko taldean Altzo Txiki ibili zen antolatzaile eta esan zidan gaiak jarri eta aurkezteko norbait behar zutela eta nigan pentsatu zutela. Gaiak bion artean elkartu eta aurkezpena moldatu genuen.
Nola moldatu dituzue gaiak?
Gai jartzaile talde iraunkor bat dago eta gero talde ezberdinetakoak biltzen ginen haiekin. Denen artean aportazioak bildu eta erredaktatzen joan gara saioz-saio, baina ardura gehienbat gure esku egon da.
Zer nolako esperientzia izan da, lehen aldia izateko?
Esperientzia ona izan da, urduritasun pixka bat ere sortu dit, baina nik uste polita izan dela. Esperientzia gustatu zait eta jarraitzeko asmoa ere badut, baina espero dut lasaiago hartzea, zeren eta bi hilabetetan, inoiz azaldu ez eta bat-batean Azpeitiako finala aurkeztu beharra...