Jokin Nazabal, Hernaniko Udal Euskaltegiko irakaslea: «Euskararen irakaskuntzarako aurrerapauso bat da»
Euskalduntzearen kurrikulu berria ikasturte honetan jarri da abian, hau da, 99-00 ikasturtean. Hala ere, Hernaniko Udal Euskaltegian, proba gisa, 94-95 ikasturtean hasi ginen berau aplikatzen, HABE erakundeak gurean Saio-Talde bat jartzea erabaki zuenean, hain zuzen ere. Beraz, ondoko lerro hauetan dagoena esperientzia horretan oinarritutakoa izango da.
Gure ustez, kurrikulu berriari hiru ekarpen nagusi aitortu behar zaizkio. Lehena irakaskuntzaren ikuspegia bera. Orain arte, irakaslea izan da klasearen ardatz, hots, berak zekien zer ikasi behar genuen, noiz eta nola. Orain, berriz, irakaslearengandik ikaslearengana egin du ardatzak. Esate baterako, ikasle bati ikasturte baterako helburuak jartzeko orduan ikasleak izan behar du abiapuntua eta ez, oraintsu arte bezala, programazioak. Programazioa egin aurretik, honelakoak galdetu behar dizkiogu geure buruari: zertarako behar du ikasleak euskara? Zein testuingurutan erabiliko du? Nolako ikasleak dauzkagu? Hortik dago abiatu beharra, beste arrazoi askoren artean, irakaskuntza bere beharretatik hurbil sentitzeak berak motibatuko duelako ikaslea. Eta hori izan du gure euskaltegian eman den lehen aldaketa, programazioa alegia.
Bigarren ekarpena, berriz, da hizkuntzaren ikuspegi zabalagoa eskaintzen duela. Ikuspegi zabalago hau bi alderditara ekar liteke. Bata, ezagutzatik erabilerara eman nahi den saltoan. Bi hitzetan esanda, orain arte gramatika zen irakaskuntzaren erdigunea, hau da, ikasleak hizkuntza ikasi behar zuen: aditza, esaldi konpletiboak, erlatibozkoak... Pentsatzen genuen, horiek ikasiz gero, ikaslea gai izango zela gero hori praktikan jartzeko. Baina nork ez du ezagutzen hainbat eta hainbat ikasle forma horiek primeran jakin eta hitz erdirik esateko ezgauza? Horri erantzuteko, orain, erabilerara hurbildu nahi da ikaslea, hau da, ikasleak hizkuntzarekin gauzak eginez ikasi behar du; esate baterako, hizkuntzarekin salerosketak egin behar ditu klasean, telebistako berriak ulertzeko trebatu behar dugu... Hots, ikasleak hizkuntza kalean erabil dezan trebatu behar dugu klasean. Egia esan, euskaltegietan hau egiten urte asko generamatzan, baina, askotan zera egiten genuen, trebetasun horiek alde batetik irakatsi eta gramatika beste alde batetik, aparteko mundu bat bailitzan. Trebetasunak, gainera, irakatsi ez, praktikan jarrarazten genizkion ikasleari, bat-batean, nola egin erakutsi gabe, ikasleak berez jakingo balu bezala nola hitz egin, nola idatzi. Gure ustez, kurrikulu berriak hori guztia jaso eta horretan sakontzeko bide ematen du.
Bestea, berriz, esalditik testura eman den saltoa da. Orain arte hizkuntza ikasteko zutabea esaldia zen. Esaldi horiek, gainera, zer azaltzeko nahi genituen, hartarako asmatzen genituen. Baina gero zera gertatzen zen, esaldi horiek artifizialak zirela, ez errealitatean erabiltzen direnak bezalakoak. Horren ondorio da, beste batzuen artean, euskaldunberrien euskara, askotan, hain artifiziala gertatzea. Jatorrizko hiztunok, hitz egiten ari garenean, esaldi asko ondo amaitu gabe uzten ditugu, gauza asko esan gabe... eta, hala ere, parean dagoenak primeran ulertzen gaitu. Zergatik? Ba, elkarrizketa ez delako esaldiak bata bestearen atzetik jartzea, testu bat baizik, osotasun bat duena. Esaldi asko eta asko ulergaitzak izango dira testuinguru horretatik ateratzen baditugu. Klasean, ordea, esaldiak landu izan ditugu, testuingurik gabe, isolatuak. Beraz, gure ustez, klasera ekarri behar dena elkarrizketa oso hori da, esaldi amaitu gabeekin, isildutako gauzekin... testua alegia. Ikasleak horrekin egingo du topo kalean, eta gure helburua erabilerara hurbiltzea bada, horretara jarri behar dugu eta ez laboratorioan asmatutako hitzkuntza eman eredu. Eta, gure ustez, kurrikulu berriak ikuspegi hau ere jasotzen du.
Honek guztiak, jakina, zenbait aldaketa ekarri ditu gure klaseetara. Besteak beste, testu errealak erabiltzea euskaltegian, eta, ondorioz, euskal hedabideak gehiago eta maila guztietan erabiltzea; klaseak integratuago egitea, ez gramatika alde batetik eta trebetasunak bestetik, baizik eta gramatika bai, baina zertarako erabili behar duen, hartarako eta neurri horretan.
Azkenik, kurrikuluaren hirugarren ekarpenari buruz bi gauza aipatu behar dira. Bata, ikaslea da. Ikasle bakoitza diferentea da, ikasteko modu, bizio, ohitura... diferenteak ditu. Kurrikulu berriak hori aintzat hartzea eskatzen du eta, horren ondorioz, gure klaseetan ikasten ere irakatsi behar dugu, hau da, ikasleak dituen ikasteko ohitura txarrak zuzendu, irakasteko modu eta teknika berriak erakutsi... horrela azkarrago eta hobeto ikasiko baitu.
Bestea azaltzeko, berriz, adibide bat erabiliko dut: eskolan egiten genituen idazlanak. Zenbat egin ote ditugu? Irakasleak gaia jarri eta guk idazlana asmatu. Baina, nola? Inork erakusten al zigun idazten? Inork esaten al zigun non eta zergatik jarri behar genuen puntu eta aparte? Inork irakasten al zigun nola lotu behar genituen esaldiak? Edo areago, inork esaten al zigun ez zaiola berdin idatzi behar gure lagun minari edo lantegiko nagusiari? Eta nola idatzi bakoitzari? Ez. Eskatzen zitzaiguna, eta zuzentzen zitzaiguna, irakasleari ematen genion idazlana zen. Zuzendu, gainera, akats gramatikalak bakarrik.
Kurrikulu berriaren ekarpenetako bat da
nola horri ere erreparatu egin behar zaiola, ikasleei nola idatzi ere irakatsi behar zaiela. Eta prozesu hori ere ebaluatu egin behar da. Idazmenarekin bezalaxe entzumenarekin, irakurmenarekin eta mintzamenarekin. Edo berdin-berdin entzuten ote ditugu film bat, abesti bat edo aireportuko bozgoragailutik ematen duten oharra? Bada, hori guztia aintzat hartu behar da klasean ere, eta hau delakoan gaude kurrikulu honen ekarpenik nagusienetako bat, nagusiena ez bada.
Hauek dira, beraz, labur-labur bada ere, gure ustez kurrikulu berri honen ekarpenik nagusienak. Ekarpen hauek eguneroko jardunera ekartzea da orain erronka nagusia. Horretan aritu gara, eta ari gara oraindik, Hernaniko Udal Euskaltegian. Hasieran kosta egiten da, gauza berri guztiei ekitean gertatzen den bezalaxe, baina Hernaniko Udal Euskaltegiko bost urte hauetako jardunak erakutsi digu merezi duela saiatzea. Jakina, kurrikulu honek ez ditu arazo guztiak konponduko, ezta gutxiagorik ere, kurrikulu hau dela medio, ikasleek orain ez dute bat-batean eta ahaleginik gabe ikasiko, baina, gure ustez, euskararen irakaskuntzarako aurrerapauso bat da, gure klaseetako kalitatea hobetzen asko lagun dezake eta