HIRITARRAREN ZEMENTU ARTEKO BIRIKA


2021eko uztailaren 21ean
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Gizakiaren bizi kalitatea hobetzen doa. Baina aurrerapenarekin batera, gizona «menditik hirira jaitsi da», eta bertan utzi zuhaitzak, belarra, loreak... Naturarekiko kontaktua galdu du hein handi batean. Baina natura bere bizi iturria da eta jatorri hori sortzen ahalegintzen da hirietan. Hori da hirietako berdeguneen funtzio nagusia.
Euskal Herria mendi eta belardiz josita dago. Baina hirietako kutsadurak eragiten duen burukomina saihesteko, beharrezkoa da berdegune bat gertu izatea. Berdegune batek funtzio biologiko ugari betetzen ditu: oxigenoa sortzen du, tenperatura jaitsi, landareek hautsa atxikitzen dute, eta gainera, itzala egiten dute. Ondorioz, gizakiaren ongizatearen zati dira berdeguneak: ez da berdina berdegune batetik ibiltzea edo solairu gogorreko guneetan egotea. Berdeguneek lasaitasuna dakarte batetik. Eta bestetik, gizakia lasaiago eta zoriontsuago bizi bada, errazago sortzen ditu harremanak berdeguneetan.


GUNE BERDEEN ARDURA.

Lorategiak, parkeak, hirietako zuhaitz lerrokadurak eta errotondak egiteko eta mantentzeko hainbat pertsonak lanean dihardu Euskal Herriko hiriburuetako udaletan. Gune berdeak egoki proiektatzeko, lan egiten duten bulego eta pertsonak daude. Hauetako bat da Oiartzungo Lur Paisajistak enpresa. Bertako arduradun Iñigo Segurola paisajistaren esanetan berdegune bat «

paisajista baten hiru helburuak jorratzeko aukera ematen duen hiriko naturgunea da
». Lur zatiak, prozesu naturalak garatzeko helburu ekologikoa du batetik; helburu estetikoa bestetik –hiriaren nortasuna sortzen lagundu behar du– eta funtzionala: berdegunea jendearentzat da. Haurrak eta jubilatuak dira berdeguneak gehien erabiltzen dituztenak. Lehenengoek jolasteko eta kirola egiteko; bigarrenek, aldiz, paseatzeko. «

Gazteak gutxi ibiltzen dira hiri barruko parkeetan
» eta arrazoia mendia eta hondartza bertan ditugula izan liteke. Eta «

bakarrik egoteko
», gazteak batera zein bestera joaten omen dira.
Berdeguneetan bereizi daitezke batetik, hiri barruko lorategi txikiak eta bestetik, kanpoan daudenak eta hirien hazkundea mugatzeko erabiliak. Azken hauetan nekazaritza mantentzen da eta ez dira beti publikoak. Parke historikoak ere badaude, mendeetako oroitzapenak dituztenak eta baita zuhaitz lerrokadura soilak ere.


BERDEGUNEEN KULTURA.

Berdeguneetan, Euskal Herria Kataluniarekin batera, Espainian egoera hoberenean dago. Kulturagatik eta klimarengatik. Baina, Espainiakoa «

pena bat
» omen da, bertako tradizioari ez zaiolako etekinik atera: «

Estilo hispano arabea esku pribatuetan gelditu da eta ez da lortu sozialitzatzea, parkea bihurtzea
», Segurolaren aburuz. Bestela, Europarekin alderatuz, Euskal Herriaren egoera ez da horren ona. Baina tokian tokiko ñabardurak kontuan hartzea komeni da: Frantzian egoera oso ona da, baina loreen pot-pourrira jotzen dute, eta «

orteraegiak
» omen dira; Ingalaterrakoa maila aparta omen da, baina baita «

aspergarria
» ere; Alemanian eta Holandan ekologiak agintzen du; Danimarkan artearekin zuzen loturik daude lorategiak; Portugalen oso gauza politak egiten omen dituzte, eta Italian, Espainian bezala, egoera xelebrea da.
Parke bat edozein lekutan egin liteke, bertan 40 zentimetroko lur sakonera egonez gero. Baina egun, hiri barnetan berdegune berriak egitea zaila da. Euskal Herriko hiriak oso dentsoak baitira, eta berdeguneak egiteko lekua urria. Horregatik berdegune gehienak kanpoaldean daude. Auzune berriak egiten diren neurrian, hirigintza planarekin batera, berdeguneak proiektatzen direlako.


MANTENUAREN ARAZOA.

Berdeguneen arazo nagusia «

hauen mantenua da
» Segurolaren esanetan. Berdegune bat sortuta, ez da bukatuta gelditzen. Batetik, aurrekontua dago. Udaletxeek ez dute berdeguneak egiteko aurrekontu sail berezirik. Mantentzeko bai, ordea. Diru kopuru hori udalak berak berdeguneei ematen dien garrantziaren araberakoa da. Mantenuaz arduratzen diren pertsonak gehienetan ez daude espezializatuak. Espainian ez dago jardineritzako goi mailako ikasketarik. Proiektu bat egin ostean, azalpenak eman behar izaten zaizkie mantenuaren arduradunei, lana egiteko. Gainera, plangintza on baten falta dago sarri. Proiektua egiten dutenek, honekin batera mantenu orria egiten dute. Eta bien arteko logika beharrezkoa da. Eraikuntza baten itzalak ez du ezer baldintzatu behar, bai baitago itzaletan ondo hazten den landarerik. Eta ihes-tutuen kea zuzenean iritsiz gero, hiltzen diren landareak ere badira. Horiek guztiak kontuan hartuta proiektatzen bada, ez luke arazorik egon behar mantenuan. Hiritarrak ere badu mantenuan zerikusirik. Egun gizartea oso ekologista da. Baina ez hainbeste etxe parean landatutakoarekin: zomorroak direla, leiho parean dauden adarrak direla... eta badago oraindik ere lorategietako landareak etxera eramaten dituenik. Txakurren pixa eta kaka dira beste oztopoa. Ezpela bezalako landare batzuk txakurren pixarekin erre egiten dira. Horregatik, leku batzuetan txakurrak ibiltzea debekatu behar da. Bartzelonan adibidez, txakurrentzako komunak egin dituzte. Euskal Herrian oraindik ez dago argi. Segurolaren iritziz, plangintza arazoa da, eta «

non ibili daitezkeen eta non ez
» erabakitzea nahikoa litzateke. Esperanza Martinezek, Donostiako udaleko parke eta lorategien zerbitzuako biologoak berriz, heziketari egotzi dio errua. «

Txakurra izateagatik zergak ordaintzen badira, hirian txakurrentzat eremu bereziak jarri beharko lirateke
».
Arazoak ez dira neurri berdinean gertatzen Euskal Herriko hiriburuetan. Klimak eta hiriaren azalerak zerikusia du horretan. Gasteiz eta Iruñea zabalagoak dira, bertako parkeak handiagoak. Donostiak eta Bilbok berriz berdegune txikiagoak dituzte, espazio arazoa da nagusi. Horregatik, berdegunea egiteko lurrak duen prezioa ere ezberdina da –2.000 pezeta ingurukoa metro karratuko–. Baina Donostian garestiagoa da eta Gasteizen, merkeagoa. Gainera klimak landaretza mota eta ureztatzea baldintzatzen ditu. Iparraldean, Maule eta Donibanen Garazin ez zaie berdeguneei arreta handirik jartzen, baina Baionak loreak bereziki zaintzen ditu.


GASTEIZEN ABERASTASUNA.

1998ko urrian Espainiako berdeguneen planifikazio eta diseinu hoberenaren saria eman zion Espainiako Jardineritza Ikasketetarako eta Arte Paisajistikorako Institutuak Gasteizi. 4. 401. 045 metro karratu berdegune ditu hiri barruko parkeetan. Hiria inguratzen duten beste 400 hektarea dago. Hiritar bakoitzari 20,5 metro karratu dagokio. Hiri barruan zuhaitz gutxi eta belardi handiko 7 parke dago. Handiena San Juan de Arriaga da, 190.000 metro karratukoa: 28 futbol zelairen zabalera. 150 zuhaitz mota baino gehiago dago hirian. Gehienak klasikoak: indigaztainondoa, alboa, sasiakazia, lizarra eta ezkia dira nagusi. Egun ordea, hazkunde moteleko eta neurri txikiko zuhaitzak ari dira landatzen, iñausketak saihesteko. Lorategi eta Parkeetako zerbitzua egun Ingurumen sailaren barruan kokatua dago. 300 milioi pezeta inguruko aurrekontua du berdeguneen mantenurako. Hauek nabarmen hazi dira (hiru urtetan % 10), batez ere kanpoaldean. Eta datozen hiruzpalau urtetan lorategi botaniko handi bat eta Larragorri parke zabala egingo dira hiriaren hegoaldean. Ekialdean, Zalburua parkea eta mendebaldean, hainbat berdegune berri. Iparraldean, Zadorrako korridore linealaren handitzea dago proiektatua. Jorge Ozcariz, Ingurumeneko arduradunak dioenez, «

Gasteizek espazio arazorik ez du. Eta dagoenak asetzen du jendearen berdeguneen beharra
». Izurriteak eta bere garaian landatutako hazkunde zuhaitzak dira arazo nagusiak. Bigarrenak, etxeen fatxadetan eta argiztapenean du eragina. Eta konpontzeko, zuhaitzak iñaustu edo motelago hazten direnekin aldatzen dira.


HARRESI BERDEAK.

Iruñean ere berdegune zabalak dira nagusi. Horregatik garrantzi handiagoa ematen zaio jendeak berdeguneak erabiltzeari eta ekologiari, estetikari baino. «

Loreekin gune estrategikoei kolorea ematen zaie, arrazoizko kostu batean
», Karlos Gonzalez Lorategien zerbitzuko buruaren esanetan. 300 zuhaitz ezberdin baino gehiago dago, batez ere klasikoak: alboak eta ezkiak. Berdegune zabalak hiriaren barnealdean daude, harresiz inguraturik baitago eta bertan ezin da eraiki. Erdigunearekin orekatzeko auzunetan Yamaguchi eta bi urtetan bukatzekoa den 1.000.000 metro karratuko Arga ibaiko Parke flubiala bezalako parkeak egiten ari dira. 5.500.000 metro karratu berdegune dago mantenuan eta aurrekontua mila milioi pezeta ingurukoa da. Iaz berdegune kopurua % 16 hazi zen.


ANIZTASUNAK AGINDUZ.

Donostiako berdeguneak ezberdinak dira, hauen arazo nagusia espazioa baita, «

hiria txikiagoa bada, aldapa ugarirekin eta kale estuekin, horrek dena baldintzatzen du
», Esperanza Martinez biologoaren ustez. Klimak ere ezberdintasunak ekartzen ditu: Gasteizko arrosak ezin dira Donostian landatu. Aldiz, astigarrak bizi hobea du Donostian, hezetasunagatik. 2.357.000 metro karratu berdegune dago Donostian, Urgull eta Uliaren zati bat barne. Landareetan aniztasuna da irizpide nagusia. Zuhaitzetan haritzak, alboak, ezkiak eta otsalizarrak dira nagusi. Donostiako udalak 400 milioi pezetako aurrekontua du berdeguneak mantentzeko. Egiteko, beste udaletan bezala, ez dago aurrekontu sail berezirik. Hauen sorkuntza hirigintza planekin batera dihoa. Hori da egun gehien zaintzen dena: auzune bakoitzak biztanle kopuruarekiko proportzionala den berdegunea izatea. Baina Martinezek dioenez, berdeguneen mantenua «

harrobien garbiketa
» da. Eraikitzean, garbia eta laua den lur zatia eraikuntza bera egiteko erabiltzen baita, eta tontorrez betetako zati zatarra berdegunetarako. Beraz, «

udalak jasotzen dituen berdeguneak erabilpenik ez duten lurrak dira
». Horregatik berdegune kopurua ez da handitu, «

udalak mantentzen duen berdegune kopurua baizik
» (1989an 1.800.000 metro karratu izatetik egungora). Auzuneak egiten diren heinean, berdea zena desagertu egiten da. Beraz, solairu gogorra gehiago handitzen da berdea baino. Proiektuei dagokienez, Donostian egingo dena, urbanizazio prozesu batekin batera etorriko da. Miramonen eta Puyon adibidez, horixe ari dira egiten eta Lauhaizetan ere berdegune gehiago sortzea espero da.


LOREZ JANTZITAKO HIRIA.

Baionan Donostian bezala, aniztasuna dute baldintza nagusi. Baina tradizioa handiagoa da. Loreak dira bertan garrantzi gehien dutenak. Loreen lehiaketa nazionalean maila gorenean dago Baiona. Urtean zehar hiruzpalau aldiz aldatzen dituzte, eta «

egiten dena gustu handikoa da, bertan ikusten dena ez baita batere klasikoa
» Isabel Faizonne, Mendionden dagoen Lafitte mintegiaren arduradunetako baten iritziz. 300 zuhaitz mota dago bertan. Indigaztainondo arruntak, ezkiak, alboak eta haritzak daude klasikoen artean. Berriagoak dira lizar ezberdinak eta lorandi magnolien lerrokadura, iaz egina. Kaparrusiar astigarrak ere ipini izan dira. Hiri erdialdea oso berdea da eta inguratzen duten auzuneek ez dute hainbeste leku berde. Mr. Plombin, udaleko lorategien arduradunaren hitzetan, guztira 140 hektarea berdegune ditu hiriak, eta progresiboki handitzen ari dira. Udalak 70 milioi liberako aurrekontua du berdeguneetarako. Hegoaldeko udaletxeetan ez bezala, esku lana udaletxeak berak kontratatzen du zuzenki. Etorkizunean Aturri ibaian hainbat dezena hektarea hartuko dituen berdegunea egingo da.


BILBO HIRI-HIRIA.

Bilbon 3 metro karratu berdegune dago pertsona bakoitzeko. Guztira 976.781 metro karratu dago udalaren mantenuaren barruan. Honi gehitzen zaizkio mendi publikoetako bederatzi milioitik gorako metro karratuak. Guztira, zazpi parke zabal daude 30.000 metro karratutik gorakoak. Zabalena, Etxebarria da 105.198 metro karraturekin. Berdeguneak alboetako auzuneetan kokatzen dira batez ere, erdialdean ordea ez dago gauza handirik, Doña Casilda parke handia kenduta. Bi urtetan % 12,25eko hazkundea izan dute berdeguneek. Hala ere, Iñaki Ganboa, parke eta lorategien zerbitzuko eskumaldeko ibaiadarreko mantenuaren arduradunaren esanetan, «

solairu gogorra da nagusi eta berdeak hori leuntzen du
». Bandalismo eta txakur arazoez gain, «

urritasuna
» da aipagarriena gune berdeak mantentzerakoan: jende ugari eta leku gutxi dago, eta horrek mantenua zailago egiten du. Guztira, udalak aurten 320 milioiko aurrekontua izan du mantenurako. Etorkizunerako etxebizitzak egiteko bi plan handi ditu Eusko Jaurlaritzaren eskutik Hirigintza Sailak. Eta hauen barruan bi parke sortuko dira: Mina del Morro 100.000 metro karratu baino gehiagokoa eta Miribilla 70.000 ingurukoa. Biak ere meatzeak izan zirela eta, azpiko pasalekuak-eta zaintzeko, baldintza bereziak izango dituzte. Bestelakoan, «

Bilbo hiri egina da
». Erdialdean ez du apenas ezer berririk egiteko lekurik, eta gabezi hori dauden mendiekin orekatu nahi da, hauek birlandatuz.
Bilboren mendien kasua, beste lau hiriburuetan ere gertatzen da, baina ezaugarri ezberdinekin. Guztiek berdeguneekiko arreta berezia agertzen dute. Segurolaren ustez, ari dira konturatzen politikariak, berdeguneei ere «

etekin politikoa
» ateratzea posible dela. Hala egin zuen Maragallek Bartzelonan. Berdin gertatu da Donostian Odon Elorzarekin: hondartza, pasealekuak... sortu dira. Baionan ere loreetan inbertitzen dena bueltan dator turismoan. Azkenean botoa hiritarrak ematen du, eta ikusten badu hiria txukunagoa dagoela... Honek kontraesanera garamatza. Esperanza Martinezek dioenez, egunkarietan ez da agertzen errepide batek balio izan dituen milioiak, baizik eta inguruko berdegune eta zuhaitzentzat erabili den portzentaia urria. Azkenean, Martinezen ustez, «

Errepideak ere egun ekologiagatik saltzen dira
»


Azkenak
2025-03-28 | Sustatu
La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko du Puntueus-ek

Azken aldian, asteburuetan, Internet ez dabil ondo. Hasieran, zaila zen webguneei ezarritako blokeoen zergatia ulertzea; orain, badakigu Espainiako La Ligak agindu zituela, futbola modu ilegalean emititzea saihesteko. La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien... [+]


Abenduaren 27an Bilbao Arenan milaka euskaltzale batzeko dei egin du Kontseiluak

Bilbon eginiko aurkezpenean iragarri dute ekitaldia, euskarari "arnas berri bat emateko eta behar duen indarraldia gorpuzten hasteko" lehen urratsa izango dela nabarmenduta. Euskaltzale guztiei, baina, oro har, "justizia sozialean eta gizarte kohesioan aurre... [+]


“Ez genuen komunik, ez urik, ez argindarrik... eta hori ere kendu digute!”

Aljeriatik datoz Mohamed eta Said [izenak asmatuak dira], herri beretik. “Txiki-txikitatik ezagutzen dugu elkar, eskolatik”. Ibilbide ezberdinak egin arren, egun, elkarrekin bizi dira Donostian, kale egoeran. Manteoko etxoletan bizi ziren, joan den astean Poliziak... [+]


Olatz Salvador
Konfort gunea

Olatz Salvador
Noiz: martxoaren 15ean.
Non: Deustuko jaietan.

------------------------------------------------

Martxoak beti du deustuarrontzat kolore berezia; urtero ospatzen ditugu jaiak, San Jose egunaren bueltan. Bi asteburu bete festa, eta urtetik urtera Deustuko... [+]


Intza Gurrutxaga Loidi, EHE-ko kidea
“Oldarraldiaren aurrean, hainbat administraziotatik, adibidez, koldarraldia dator”

Euskal Herrian Euskarazek manifestazioa deitu du apirilaren 6rako, 11n EHEko bi kide epaituko dituztelako. Hiriburuetatik autobusak antolatzen ari dira. Bi helburu bete nahi dituzte, batetik, epaituak izango diren bi kideei babesa erakustea, eta bestetik, euskararentzat justizia... [+]


Bidasoako haur eta gazteen psikiatriako kontsultaren itxierak haserrea piztu du

Pazienteek Donostiara joan behar dute arreta jasotzeko. Osasun Bidasoa plataforma herritarrak salatu du itxierak “are gehiago hondatuko” duela eskualdeko osasun publikoa.


2025-03-28 | Irutxuloko Hitza
Metroaren lanetako gainkostua 33,3 milioi eurokoa dela adierazi du Eusko Jaurlaritzak

EH Bilduk galdera sorta bat erregistratu zuen Eusko Legebiltzarrean Donostiako Metroaren igarobideko lanen gainkostua argitzeko. Informazio hori atzo jakinarazi zuen Susana Garcia Chueca Mugikortasun sailburu sozialistak.


Ezkabako ihesaldia gogoratzeko, La Fuga mendi-martxa

Kirola eta oroimena uztartuko dituzte, bigarrenez, mendi-martxa baten bitartez. Ez da lehiakorra izanen, helburua beste bat delako. La Fuga izeneko mendi martxak 1938ko sarraskia gogorarazi nahi du. Ezkabako gotorlekuan hasi eta Urepelen amaituko da. Maiatzaren 17an eginen dute.


2025-03-28 | ARGIA
200.000 euro lortzeko kanpaina abiatu du Integrazio Batzordeak

Seaska Sarean inklusio egoeran dauden 165 ikasleei laguntza bermatzeko hasi dute kanpaina, antolaketa propioa eratuta. Frantziako Hezkuntza Ministerioaren jarrera salatu dute kanpaina aurkezteko prentsaurrekoan, behar bereziak dituzten haurren inklusiorako baliabide... [+]


Atzera bota dute Zaragoza eta Araba arteko goi tentsioko linearen proiektua

Martxoaren 19an amaitu zen proiektua aurkezteko epea, baina Errioxako PSOEk adierazi du Forestalia enpresak "interesa baztertu" duela. Enpresak bi parke eoliko eraiki nahi zituen Aragoiko lurretan, baina oraindik ez ditu lortu baimenak eta hori dute egitasmoa... [+]


AEBn ekoizten ez diren autoei %25eko muga-zergak ezarriko dizkiela iragarri du Trumpek

Muga-zergak apirilaren 2tik aurrera ezarriko dira eta altzairuari eta aluminioari ezarritakoei batuko zaizkie. "Gurekin negozioa egiten duten eta gure aberastasuna eskuratzen duten herrialdeei ezarriko dizkiegu", AEBetako presidenteak adierazi duenez. 


2025-03-27 | Arabako Alea
Greba mugagabea hasi dute Gasteizko lorezainek

%90eko jarraipen "ia erabatekoa" izan du grebak, sindikatuen arabera. Gasteizko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzen dituzte Enviser azpikontratako 90 langileek.


Borrokak balio du: Israel Premier Tech, ez aurten, ez inoiz

Aurten "Israel Premier Tech" txirrindularitza talde israeldarra ez da Lizarraldeko Miguel Indurain Sari Nagusia lasterketara etorriko. Berri ona da hori Palestinaren askapenaren alde gaudenontzat eta munstro sionistarekin harreman oro etetea nahi dugunontzat, izan... [+]


Eguneraketa berriak daude