"GERRA ZIBILAZ IDATZI DEN APURRA MANIKEOA IZAN DA" "MANIKEISMOTIK IHESEGIN NAHI IZAN DUT" "GAURTIK EZIN DA HAIN ERRAZ JUZGATU 36-AN GERTATU

  • Parisko komunazaleen kantua hartu du izenburutzat, eta Donostiako CNTko egoitzan preso egon zen Valladolideko artzapezpikuaren askapenaren gertakari erreala aitzakitzat.

2021eko uztailaren 19an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Bost urteko etenaren ostean, lehen nobela dakartzu liburu plazara. Zure buruari nobela bat idazteko gai zinela demostratu nahi zeniola esan zenuen aurkezpenean.
Ez zen bakarrik nire buruari nobela bat idazteko gai nintzela demostratzea, hori ere bazen, baina baneramatzan bost urte ezer argitaratu gabe, eta egonaldiarekin kezkatzen hasia nengoen, agortu ote zitzaidan iturria. Banituen proiektu bat baino gehiago eta hau zen horietako bat. Halako batean berak aukeratu ninduen eta garatzea eskatzen zidan. Eta istorio hau garatzeko modurik hoberena nobela zen, ez ipuina. Hala ere, esan behar dut ez naizela gehiegi aldendu ipuingintzaren parametroetatik. Ez da nobela ibai bat, oso nobela erreka da; esan nahi dut, azkar dabilen nobela bat da, intentsitate handiz eta tentsio handiz dihoan nobela bat. Horiek dira azken finean ipuingintzaren ezaugarri nagusiak. Nik, hala ere, neure burua ipuin idazletzat hartzen dut oraindik ere.

Gertaera erreal batean oinarritu duzu kontakizuna: CNTko kideek bahituriko Valladolideko artzapezpikuaren askapena lortzeko Alberto Onaindia kanonigoak Donostiara egindako bidaia. Nobelaren amaieran agertzen diren «La Voz de España»ko bi artikuluek gertakari horren amaiera kontatzen digute...
Ez dira albiste errealak, nik asmatuak dira. Ekintza historikoa da Alberto Onaindia, bere lagun anarkista batekin, CNTko egoitzan preso zegoen artzapezpikuaren bila joan zela Donostiara, hura askatu nahian. Hori egia da, baina Donostiara iritsi zirenerako askatua zegoen; egia da baita ere Onaindiak, Pello Mari Irujorekin (Manuel Irujoren anaia) batera, artzapezpikua Loiolara eraman zuela eta Beizamatik barrena beste aldera pasa zutela. Bi notizia horiek hemeretokara joan eta hango hizkuntza imitatuz, orduko faxisten hizkera imitatuz, idatzi nituen, gazteleraz. Ez zitzaidan zuzena iruditzen nobelaren desenlazea gazteleraz ematea, horregatik euskaratu nituen.

Frantziako komuneroek abesten zuten "Gerezi denbora" kanta aukeratu duzu izenbururako, zuk Imanoli eta Ives Montandi entzundakoa...
Kanta oso ezaguna da Frantzian eta batez ere Parisen. Parisko komunan ibilitako tipo batek asmatutakoa da; nolabait ezkerraren sinbolo izan da hainbat urtean. Parisen kantatu izan da iraultzatxoren bat gertatu izan den aldiro; Paris baita mundutar ororen bigarren herria, handik pasatako jende askok hartu du beretzat. Nik lehenengo aldiz Imanol Lartzabali entzun nion, Parisetik ibilitakoa hura ere. Afari batean entzun nion eta gero hasi nintzen pixka bat aztertzen... Nik badut halako harreman berezi bat gereziekin, gerezien sinbolismoa gustatzen zait, itxaropenaren eta bizi berriaren sinbolotzat ditut. Ives Montanden bertsioa eta Juliette Grecorena ere entzun ditut, eta badira hainbat bertsio. Ez zitzaidan izenburu hoberik okurritzen, nolabait pertsonaia horiek halako gerezi denbora bat bizitzen ari direlako momentu horretan.

Abiapuntua garbi edukita, nola joan zara pertsonaiak txertatzen?
Gidoigintzatik datorkidan gauza bat da hori. Duela lau-bost urte hasi nintzen gidoigintzan lanean, eta ikasten ari nintzela oso baliagarria iruditzen zitzaidan metodo hori nobela bat egiteko. Eskaletatik abiatuta tratamentua egiten da, eta horretarako behar dituzu pertsonaiak mamitu. Liburuan astebete baino ez da kontatzen, eta idazten hasi aurretik mamitu behar nuen pertsonaia horien iragana, iragan hurbila eta atzeragokoa. Bi pertsonaia nagusi nituen: narratzailea eta antagonista, Andres eta Roman, eta bien arteko harreman berezi hori landu behar nuen. Gero, intriga eta trama guztia osatzeko, Andresen atzean dagoen anarkista talde hori behar nuen. Andres gerezi denbora berezi bat ari da bizitzen neska lagunarekin, biziberritzen ari da, eta badator bere iraganeko pertsonaia bat bere gerezi denbora hori izorratu nahi duena. Fructuoso berriz, amalgama bat da. Jende askok aipatu dit gaiztoa dela. Nik ez nituzke nire pertsonaiak juzgatu nahi. Fructuosok gaiztoaren papera egiten du, baina nik oso maite dudan pertsonaia da. Era horretako batzuk egon ziren gerran, alde batean eta bestean. Ni 63an jaio nintzen eta hau 36an gertatzen da; 99ko talaia honetatik ezin da juzgatu horren erraz 36an gertatu zena, ulertzen saiatu bai, baina juzgatzen...

Anarkistek euren «iraultzailetasuna» frogatzeko-edo nork birao potoloagoa bota lehian aritzen dira. Umekeriak dirudite...
Bai, umekeri puntu bat badago; nik uste dut horrelako talde guztietan egon dela umekeri puntu hori. Hala ere, istorioari dagokio gehiago, talde anarkista horri baino. Hori komediaren ezaugarri bat da. Nobela komediatik dramara dihoan bidaia bat da. Estereotipoekin jokatu dut hor. Estereotipoa da CNTko batek irainak-eta bota behar dituela. Hori matizatzen joan naiz nobelak aurrera egin ahala, batez ere Amancioren papera indartuz. Fructuoso aldiz, ekintzailea da, gauzak egin egin behar direla uste du; badu ume handi baten itxura nire ustez.

Bera da azkenean bakarrik geratzen dena.
Ezin da ukatu gehiegikeria asko egin zirela garai hartan, eta tartean Ondarretan egin ziren saka handiak. Gero handiagoak egin ziren, frankistak sartu zirenean. Irujo ibili zen, ez bera bakarrik, baita Amilibia PSOEko buruzagia, Larrañaga PCkoa eta CNTko jende bat ere, baina gertatzen dena da CNTkoek, beren egituragatik, beren jendea kontrolatzeko zailtasun gehiago zutela. Gipuzkoako Diputazioan eratu zen Defentsarako Batzarra, eta hau eratu zenez geroztik hobeto kontrolatu zituzten. Gerra frankisten kontra zen, baina beren artean gerra txiki (edo handi) asko zeuden. Eta horiek islatzen saiatu naiz, azken batean frankistak urrutian dauden etsaiak dira. Hori aregotu egin zen, adibidez, Bartzelonan. Gerra bukaeran, 39ean, gerra zibila batez ere beren artean izan zen... Tentsio horiek izorratu zuten beharbada gerraren norabidea.

Faxistak, bukaera arte, urrun daude nobelan. Errepublikarren artean dago kontrol estua.
Hor hiru maila daude. Alde batetik frankistekin dagoen gerra, gerra ofiziala; gero, beren artean, fakzioen artean dagoen gerra; eta gero protagonisten artean dagoena. Andres eta Romanen artean dagoen menderatua eta menderatu nahi ez duenaren artekoa, Fructuoso ekintzailea eta Amancio pentsalariaren artekoa...

Fructuoso euskara mespretsatzetik iraultzara jendea biltzeko bitarteko gisa erabiltzera pasatzen da.
Baserritarrak inguratu behar zituen bere kausa libertariora. Horretarako arma ona iruditzen zitzaion beren hizkuntza erabiltzea. CNTko jendeak euskara mespretsatzen zuela egia da, mundu osoko konfederaziorantz zihoazelako; eta azken finean beren helburua hizkuntza bakar bat egotea zen, denen artean ulertu ahal izateko. Fructuosok baserritarren hizkera erabiltzen du, haien metafora sistema... Hor badaude komedia elementu batzuk eta harrigarria egiten da euskaraz halako irainak agertzea.

Protagonistak gerezi denbora bat bizi duela diozu, baina badirudi ezin diola iraganari ihes egin, gertaerek bultzatzen dutela beti...
Beldur da CNTko bere kide berriek deskubrituko ote duten bera apaizgai izan zela, eta badu arrazoirik beldur izateko, Fructuosok susmatu egiten baitu. Horrekin justifikatzen du Romanekin joatea, bere iraganarekin batera. Aurrera joan ahala, konbentzimendu batera iristen da: gizona dagoela gainetik, gizona dagoela iraultza guztien gainetik baina baita jainko guztien gainetik ere. Hori da nobelaren kakotx arteko mezua.

Kontakizuna ulerterraza egin duzu, zeharkako elkarrizketa sarri erabiliz. Nola planteatu duzu idazkera?
Zutabea elkarrizketa da, zuzenekoa eta zeharkakoa. Oso joera ahozkoa da. Auspoan begiratzen baduzu, narrazioak kontatzerakoan-eta, era horretako asko dago. Hor asko irakurri dut; gerrari buruzko lehenengo pertsonan kontatuko istorioak asko irakurri ditut, halakok eta halakok bizi izandakoak: Iñaki Alkainek, Patxi Lazkanok, Jose Azpirozek edo Sebastian Salaberriak kontatzen dituztenak, beraiek bizi izandako gerra horri buruz. Batez ere haien kontatzeko eran jarri dut arreta. Ahozkotasuna landu dut, ez gehiegi apalduz herri literaturan, baina bai kontatzeko moduan errekreatuz. Lan handia eman dit, zeharkako elkarrizketa horrek monotonia arazoak sor ditzakeelako. Partikulak sartu behar dituzu, -ela asko, omen, ote... eta batzutan nekagarri egin dakioke irakurleari. Hori arintzen saiatu naiz. Elipsiak sartu behar dira...

Artzapezpikuari zuzentzen zaionean, protagonistak ez daki zein trataera erabili. «Berori aurretik, don Joakin; eta ez ahaztu preso zoazela...» dio batean; gero berriz hika egiten dio.
Tratabidearen kontu horretan ezin da ahaztu Andres apaizgaitegitik pasatutakoa dela, eta artzapezpikua berez bere nagusi izango litzatekeela, baina bere bizi horretan hika egitera behartuta dago... Hor badauka nahaste bat. Momentu batean esaten du «zigarro bat erretzen ari ginen eta gizona ikusi nuen», bere obispotasuna nolabait galdurik, eta ordutik aurrera hika egiten dio.

Nola hartuko du jendeak gerran girotutako nobela hau? Gerra zibilari buruz idazteko geratzen den nobela bat gutxiago dela adierazi zenuen aurkezpenean.
Ez dakit nola hartuko duen, zain-zain nago jendeak zer harrera egiten dion. Orain arte irakurri dutenek badute halako interes bat gerra zibilari buruzkoa, ezagutzen dute gerra zibila, zer gertatu zen... Baina batez ere jakin nahi dut gazte batek, Espainiako gerra zibila oso urruti ikusten duen gazte batek, zer pentsatzen duen. Nik uste dut gerra zibilak asko markatu gintuela, denok. Baita egungo egoera ikusita ere. Adibidez, zergatik eskubiko alderdi batek ez du sinesgarritasunik Espainian? Beharbada gerra zibilan jokatu zuten papera jokatzeagatik, eta ondoren 40 urtez egin zutena egiteagatik. Eta oraindik ere, Franco hil eta 25 urtera, pagatzen ari diren zor bat da, nahiz eta egun gobernuan egon. Baldintzatzen gaituen gertakari izugarria izan zen. Ni harritu izan nau nola iritsi izan ziren horretaraino. Nire kasuan gurasoak, beste batzuen kasuan aiton-amonak, denok dugu norbait hura bizi izan zuena... Basarri hil da orain, gerran ertzain ibilitakoa, urte askoan kartzelan edo kontzentrazio kanpoan egondakoa... Pixkanaka hiltzen ari dira, baina haiengandik istorio asko jaso ditugu, eta oraindik istorio asko dago gerra zibilaz kontatzeko. Eta euskaraz oso gauza gutxi idatzi da gerra zibilari buruz. Idatzi diren apurrak oso manikeoak izan dira, onak eta gaiztoak... Hortik ihes egin nahi nuen.

Agian, gerra zibila lantzeko, nobela izan daiteke erakargarriago irakurle gaztearentzat.
Nahi nuke. Gerra zibilari buruzko interesa pizten badut, oso ondo, baina gerra zibila bost axola zaionarentzat ere kontakizun bat dago hor. Donostian, Bilbon, Loiolan edo Parisen kokatua, berdina da, azken finean gerra bat da, eta hor gertatzen diren gauzak orain dela gutxi gertatu dira Bosnian edo Timorren. Gerra marko bat da, marko izugarri bat, non muturreko egoera batean gizakiak, gizonak eta emakumeak, portaera batzuk dituen eta portaera horiek oso antzekoak dira hemen, Bosnian eta Timorren. Diferentzia batekin, beharbada sofistikatuagoak direla aurrera joan ahala, eta ankerkeria handituz doala gerratik gerrara. Baina ankerkeriaren oinarria hor dago beti, gerra guztietan, Cainek Abel hil zuenetik, eta hura ere fikzioa da, beraz...


Azkenak
“Ez genuen komunik, ez urik, ez argindarrik... eta hori ere kendu digute!”

Aljeriatik datoz Mohamed eta Said [izenak asmatuak dira], herri beretik. “Txiki-txikitatik ezagutzen dugu elkar, eskolatik”. Ibilbide ezberdinak egin arren, egun, elkarrekin bizi dira Donostian, kale egoeran. Manteoko etxoletan bizi ziren, joan den astean Poliziak... [+]


Olatz Salvador
Konfort gunea

Olatz Salvador
Noiz: martxoaren 15ean.
Non: Deustuko jaietan.

------------------------------------------------

Martxoak beti du deustuarrontzat kolore berezia; urtero ospatzen ditugu jaiak, San Jose egunaren bueltan. Bi asteburu bete festa, eta urtetik urtera Deustuko... [+]


Intza Gurrutxaga Loidi, EHE-ko kidea
“Oldarraldiaren aurrean, hainbat administraziotatik, adibidez, koldarraldia dator”

Euskal Herrian Euskarazek manifestazioa deitu du apirilaren 6rako, 11n EHEko bi kide epaituko dituztelako. Hiriburuetatik autobusak antolatzen ari dira. Bi helburu bete nahi dituzte, batetik, epaituak izango diren bi kideei babesa erakustea, eta bestetik, euskararentzat justizia... [+]


Bidasoako haur eta gazteen psikiatriako kontsultaren itxierak haserrea piztu du

Pazienteek Donostiara joan behar dute arreta jasotzeko. Osasun Bidasoa plataforma herritarrak salatu du itxierak “are gehiago hondatuko” duela eskualdeko osasun publikoa.


2025-03-28 | Irutxuloko Hitza
Metroaren lanetako gainkostua 33,3 milioi eurokoa dela adierazi du Eusko Jaurlaritzak

EH Bilduk galdera sorta bat erregistratu zuen Eusko Legebiltzarrean Donostiako Metroaren igarobideko lanen gainkostua argitzeko. Informazio hori atzo jakinarazi zuen Susana Garcia Chueca Mugikortasun sailburu sozialistak.


Ezkabako ihesaldia gogoratzeko, La Fuga mendi-martxa

Kirola eta oroimena uztartuko dituzte, bigarrenez, mendi-martxa baten bitartez. Ez da lehiakorra izanen, helburua beste bat delako. La Fuga izeneko mendi martxak 1938ko sarraskia gogorarazi nahi du. Ezkabako gotorlekuan hasi eta Urepelen amaituko da. Maiatzaren 17an eginen dute.


Atzera bota dute Zaragoza eta Araba arteko goi tentsioko linearen proiektua

Martxoaren 19an amaitu zen proiektua aurkezteko epea, baina Errioxako PSOEk adierazi du Forestalia enpresak "interesa baztertu" duela. Enpresak bi parke eoliko eraiki nahi zituen Aragoiko lurretan, baina oraindik ez ditu lortu baimenak eta hori dute egitasmoa... [+]


2025-03-28 | ARGIA
200.000 euro lortzeko kanpaina abiatu du Integrazio Batzordeak

Seaska Sarean inklusio egoeran dauden 165 ikasleei laguntza bermatzeko hasi dute kanpaina, antolaketa propioa eratuta. Frantziako Hezkuntza Ministerioaren jarrera salatu dute kanpaina aurkezteko prentsaurrekoan, behar bereziak dituzten haurren inklusiorako baliabide... [+]


AEBn ekoizten ez diren autoei %25eko muga-zergak ezarriko dizkiela iragarri du Trumpek

Muga-zergak apirilaren 2tik aurrera ezarriko dira eta altzairuari eta aluminioari ezarritakoei batuko zaizkie. "Gurekin negozioa egiten duten eta gure aberastasuna eskuratzen duten herrialdeei ezarriko dizkiegu", AEBetako presidenteak adierazi duenez. 


2025-03-27 | Arabako Alea
Greba mugagabea hasi dute Gasteizko lorezainek

%90eko jarraipen "ia erabatekoa" izan du grebak, sindikatuen arabera. Gasteizko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzen dituzte Enviser azpikontratako 90 langileek.


Borrokak balio du: Israel Premier Tech, ez aurten, ez inoiz

Aurten "Israel Premier Tech" txirrindularitza talde israeldarra ez da Lizarraldeko Miguel Indurain Sari Nagusia lasterketara etorriko. Berri ona da hori Palestinaren askapenaren alde gaudenontzat eta munstro sionistarekin harreman oro etetea nahi dugunontzat, izan... [+]


Biharamunen lantegia
Zer ikertu herritarrek erabakitzen dute

Ikerketa parte-hartzailea eta gogoetatsua bultzatzen du Biharamunen Lantegia kooperatibak, eta zientzia eta ikerketa herriarengana hurbiltzeko lan egiten du. Duela urte eta erditik egoitza Bidarten dauka, eta Institut Curie-rekin elkarlanean Iker Herria ikerketa zentroa sortzeko... [+]


2025-03-27 | ARGIA
Euskal sagardo ekologikoaren bereizgarria, kupeletan jartzeko gertu

Txotx denboraldian eredu ekologikoan ekoiztutako Euskal Sagardoaren eskaintza izango da hainbat sagardotegitan, eta hura bistaratzeko, Jatorri Deiturak eta ENEEK-Ekolurrak kupeletan paratzeko euskarria aurkeztu dute.


2025-03-27 | Kontxita Beitia
Atzo bezain ozen! NATO pikutara soldaduskarik ez

Intsumituek denbora luzez egindako borroka gogorra eta mingarria izan zen, baina irabazi zuten, eta garaipen hura behin betikoa izango zela uste genuen, atzera bueltarik gabea. Baina badirudi, politikari batzuen ahotik aterata, eskalada militaristari gorazarre egin eta berriz... [+]


Eguneraketa berriak daude