SESTAOKO LA NAVAL ASIAKO LEHIAKORTASUNAREN MENPE

  • dago Ezkerraldeko (La Naval eta Babcock Wilcox) eta Mecanica de la Peñako langileen alde. Euskal Herriko eta Europa osoko untzigintza Korearen eraginpean dago.

2021eko uztailaren 21an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
La Navaleko langileak, horien familiak eta Ezkerraldeko herriak –AESAko gainerako untziola guztiak bezalaxe– hainbat mobilizazio eta ekintza ari dira burutzen Astilleros Españoles-en (AESA) esku dagoen untziola salbatzeko asmoz. Europan hartu beharreko erabaki batzuk eta beren lehiakide gogorrena den Koreak eragin handia izan dezakete horren etorkizunean.
Hain zuzen ere, astearte honetan bertan ziren biltzekoak untzigintzaren egoera aztertzeko. Lerro hauek idazterakoan ez dugu ezagutzen zein erabaki hartu dituzten, baina irakurlearen eskuetara iristerako ezagunak izango dira. Bestalde, hil honen 15-18rako hartuko dira agian Sestaon egingo diren untzi batzuen kontratazioari buruzko erabakiak. Horregatik, denak Koreara begira daude, Asiako herrialde hori, prezio askoz baxuagoekin jokatuz, untziak egiteko kontratuak bereganatzen ari baita –esate baterako, gero Euskal Herriko gas-proiektuetarako erabiliko diren untzien kontratuak–.
Gauzak gehiago nahasteko, Europako Batasunaren asmoa Espainiako Gobernuak jaso zuen 18.000 milioi pezetako (720 milioi libera) laguntza itzularaztea da, laguntza horiek legezkoak ez zirela argudiatuz. Horrek, gauzatuko balitz, Euskal Herriko eta Espainiako untziolen erabateko porrota eragingo luke. Espainiako Gobernuak erabaki hori epaitegi gorenen aurrean errekurritua du, eta urtebetetik gora berandutuko da auzi horren ebazpena.


KOREAK PREZIOAK JAITSI DITU ETA EUROPA KALTETURIK.

Untziolen krisialdia aspalditik dator, bereziki 80ko hamarkadatik. Funtsezko arrazoia, beti, berbera izan da: Korea eta Japoniaren lehia desleiala, beren lan arloko kultura eta balore ezberdinen ondorioz prezioak jaitsiz. Une honetan, Europa edo Euskal Herriko prezioak baino % 30 merkeago ari dira eraikitzen.
80ko hamarkadako kaltetu nagusia Euskaldunako untziola historikoa –egun Batzar eta Musika Jauregia– izan zen Euskal Herrian. Untziolak itxi beharra izan zuen, zuzeneko eta zeharkako milaka lagunen lanpostua galaraziz. Egun krisiak jota dagoen Sestaoko La Navalen ere hainbat lanpostu desagertu zen.
Une honetan, euskal untziolak 1.200 lagunen zuzeneko plantila du, eta kopuru horri enpresa laguntzaileetako 1.500 lanpostu gehitu behar zaizkio. Joan den azaroaren 5ean Europako 12 herrialdetako sindikatuek Europa mailako ekintza bat burutu zuten, honako leloarekin: «Untziolentzako lana, Europarentzako etorkizuna».
1997ko udako Asiako krisialdian Koreako Halla untziola esanguratsuak itxi beharra izan zuen, eta bazirudien horrek erabat suntsiturik utziko zuela Koreako untzigintzaren sektorea. Baina won korear monetaren balio jaitsierak, soldaten beherakadak eta Nazioarteko Moneta Fondoaren laguntzek berrindartu egin zuten Koreako untzigintza, Europako untziolei kalte nabarmena eraginez. Korea aspalditik nabarmendu zen Europako untziolen lehiakide gogorrena bezala. Azken urteotan biderkatu egin du bere produkzio ahalmena eta merkatuko kuota kendu dio Europari, 1985eko % 28tik 1997ko % 19ra jaitsiaraziz; eta aldi berean Koreak % 12tik % 25era igo zuen, Metaleko Langileen Europako Federazioak ezagutarazitako datuen arabera. 1997an Koreak OCDEren esparruko kontratu berrien % 31,5 bereganatu zuen. Eta joan den urtean, erabateko krisian murgildurik, Koreako hiru untziola nagusiek –Daewoo, Hyundai eta Samsung– % 22 inguru igo zuten beren kontratuen balioa, sei hilabetetan 4.000 milioi dolar erdietsiz (612.000 milioi pezeta, 24.480 milioi libera). Arestian aipaturiko Halla untziola bera ere berriro ireki ahal izan zuten.
Baina kezka bakarra ez da Korea. 1997an OCDEko kontratu berrien % 40 Japoniaren esku geratu zen. Yenaren balio galera onuragarri gertatu zaio bertako untzigintzari, eta barruko eskaera indartsuari esker (kontratazioaren % 60), eramangarriagoa izan da prezioen erorketaren eragina. Japonian untzigintzaren industria pribatua da, baina Gobernuak, laguntza sistema ilunen bidez –ez Europan izan ohi den gardentasunez–, eskua sartzen du. Soldatak Europakoen parekoak dira, baina produktibitatea handiagoa dute. Eta, gainera, gauzak are gehiago nahasteko, Txina ere lehiakide gogorra da, untzi eraikuntzan munduko hirugarren herrialdea izanik.
Testuinguru honetan, ezin gara gehiegi harritu Repsol eta Enagas enpresek Bizkaiko hainbat gas-proiektutara gasa eramateko untzien eraikuntza esleitzerakoan hartzen duten erabakiaz. Sindikatuek eta erakundeek egiten duten indarra handia izanik ere, oso litekeena da untzi horiek azkenerako Korean egitea. Enpresa handiek eta akziodun edo inbertitzaile handiek, diru kontuak tarteko direnean, ez diote asko begiratzen beren herriari. Eta ez diote muzin egiten untziak Korean egiteko aukerari, La Navalen baino askoz merkeago egin ditzakete-eta. Hain zuzen ere hil honen 15etik 18a bitartean hartuko da behin-betiko erabakia

Korean, erdia kobratu eta bi aldiz lan gehiago egin

Nolatan lortzen dituzte horrelako prezio merkeak Korean? Inolako zalantzarik gabe, prezioen beherakada horrek lotura estua du lan baldintzekin. Korean, erdia kobratuz ordu kopuru bikoitza egiten dute lan. Koreako untzioletako soldata Europakoen erdia da, eta lanaldia berriz urtean 2.500 eta 3.000 ordu artekoa, hau da, Europakoa baino % 50 gehiago.
Gainera, Nazioarteko Moneta Fondoak krisialdia gainditzeko emandako dirua hartu behar da kontuan, Koreak, neurri handi batean, sektorea finantzatzeko xedatu baitu. Horren ondorioz, prezioen beherakada izugarria etorri da, eta Europako enpresek, sindikatuek eta gobernuek susmoa dute Asiako enpresak «dumping» jarduerak (fabrikazio prezioen azpitik saltzea) eta lehia desleiala gauzatzen ari ote diren. Koreako untziola batek ohikoa baino % 30 merkeago saltzen du. Metaleko Langileen Europako Federazioaren arabera, Koreako untziola batek 5.500 TEUko (edukinontzien pisu unitatea) gaitasuna duen edukinontziak eramateko untzi bat 55 milioi dolarretan (8.415 milioi pezetatan, 337 milioi liberatan) eskaintzen du, eta iaz 88 milioi dolar eskatzen zituen 4.800 TEUko gaitasuna zuen gisa bereko untzi baten truke. Prezioen beherakada honek mundu osoko sektoreari eragin dio, eta gaur egun, mundu osoan, batez beste, iaz baino % 15 merkeago dira eskaintzak

Babcock eta Mecanica de la Peña sektorearen berrantolaketari so

Duela hilabete batzuz geroztik beren lanpostuen aldeko borrokan ari dira enpresa hauetako langileak, beren lanpostuak arrisku gorrian ikusten baitituzte krisialdiaren eta kudeaketa zalantzagarri baten ondorioz. Azken asteotan, enpresa hauetako langileak geroz eta mobilizazio handiagoak burutzen ari dira, eta askoz gehiago areagotu daitezke arazoari nolabaiteko irtenbide bat aurkitzen ez bazaio. Gaur egun itxirik dagoen Euskaldunako langileek eta Europako Batasunaren ebazpenen zain dagoen Magefesakoek duela hamar urte beren lanpostuak defendatu nahian sortutakoaren antzeko giroa hasi da sumatzen Bilboko kaleetan.
Babcock Wilcox (BW) eta Sestaoko La Navaleko langileak beren jarduerak bateratzen ari dira, azken urteetako birmoldaketek hain kalteturik utzi duten Ezkerraldean. Nahiz eta Mecanica de la Peña eta BW ekipamendu ondasunen sektore berekoak izan, bakoitza bere bidetik ari da borrokan, beren ustez, lehenik enpresa bati eman behar zaiolako irtenbidea, gero besteari, eta azkenik berregituratu behar delako sektorea.
Enpresa bakoitzak arazo ezberdinak ditu. BWek 70eko hamarkadan 10.000 lagunentzako lanpostuak zituen, gaur egun 1.200 lanpostu ditu, eta aurreikusten diren murrizte-planen arabera, beste 400 lanpostu murriztuko dira aurki. Mecanica de la Peñak 458 lanpostu ditu eta horietarik 200 murriztu nahi ditu. Bi enpresetan etorkizunerako industri plan bat eskatzen dute, finantzaketarako bermeak ziurtatuz.
BW eta Sestaoko La Naval enpresa publikoak dira –Sociedad Estatal de Participaciones Industriales-en (SEPI) barruan sarturik–. Mecanica de la Peña, berriz, enpresa pribatua da, Norbegiako Kvaerner enpresa multinazionala izanik bertako akziodun nagusia; Euskal Herriko High-Tech enpresa da bigarren akzioduna (enpresa honen barruan, besteak beste, Jesus Lobo Eusko Jaurlaritzako sailburu ohia dago). Horregatik, bi enpresa horietako langileak etorkizunerako industri planaren eta finantzaketaren zain daude, eta Madrilgo nahiz Gasteizko Gobernuen laguntza eskatzen dute.
Zurrumurru asko daude bi enpresa horien bat egiteaz, beti ere BW pribatizatu eta Mc Dermott multinazionalaren eskuetan geratzen bada. Eta zurrumurru horiek are indar handiagoa hartu dute BWeko lehendakari berria, Emilio Cabrera, garai batean Mecanica de la Peñako lehendakari izan zela jakinda


Azkenak
Dakota Access oliobidearen enpresak ezarritako salaketa, Greenpeacentzat mehatxu handia

SLAPP prozedura bat abiarazi zuten eta 300 milioi inguru eskatzen dizkiote gobernuz kanpoko erakundeari, oliobidearen aurkako protestetan kalteak eragin izana leporatuta. Epaiketa galduz gero, Greenpeacen existentzia arriskuan jar daitekeela jaso du Le Mondek.


Trumpen aurkako erasoa “hamarkadetan” egindako “akatsik handiena” dela adierazi dute AEBetako Zerbitzu Sekretuak

Uztailaren 13an Trumpen aurkako atentatuan agentziaren “erantzukizun osoa” bere gain hartu du Kimberly Cheatle zerbitzuko zuzendariak, kongresuaren aurrean, astelehenean. Oraindik ikertzen ari dira zer gertatu zen zehatzago jakiteko.


Emakume katedradunen kopurua nabarmen handitzea izango da EHUren helburua datozen lau urteetan

Lan kategoria altuenetan %22 dira emakume katedradunak gaur egun, eta soldata arrakala %7koa da. Berdintasunerako IV. Plana aurkeztu dute, eta Eva Ferreiro errektoreak adierazi du EHU “erreferentea” dela genero politiketan.


2024-07-23 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Krisien orbana zabaltzen ari da Bengalako golkoan

Myanmarreko gerra zibilak, gure hedabideen fokutik guztiz kanpo bada ere, atsedenik gabe jarraitzen duen bitartean, beste krisi politiko larri bat sutu da Bengalako golkoan. Sortzez, Bangladeshko gazteriaren kale-agerraldiek ez dute zerikusirik 2021eko estatu-kolpe militarrak... [+]


2024-07-23 | Ahotsa.info
Lizarrako txosnak erdigunean nahi dituztela aldarrikatu dute UPNren bazterketaren aurrean

Lizarrako Udalak datozen jaietarako aurreikusia dagoen jai herrikoien egitaraua arriskuan jarri du. Txosnak erdigunetik kendu eta urrun eta baztertua dagoen zonalde batera eraman nahi ditu.

 


Arabako diputatua zen Modesto Manuel Azkonaren hezurrak bere sorterrira itzuli dira, 88 urteren ostean

1936an fusilatu zuten frankistek, une horietan Arabako diputatua zela, eta herriko beste 42 fusilatuen hilobian bertan sartu zituzten Manuelen gorpuzkinak.


2024-07-23 | Gedar
Ia 100 pertsona migrante bizi izan dira Berango eta Getxo arteko baso batean

Iazko urritik eraiki dituzte hainbat kokaleku jatorri magrebtarreko ia 100 lagunek. Poliziak duela hainbat aste jaso zuen haiek basotik botatzeko agindua.


AEBek “portu humanitarioa” kenduko dute Gazatik, bertatik laguntzarik ia sartu gabe

25 egun baino gutxiagoz egon da martxan hasieratik polemikoa izan zen portua. “Distrakzio neurria” izan dela salatu dute eragile ugarik.


Milioika migratzaile esplotazioaren eta eskubide gehiegikerien biktima, Europako nekazaritza-sektorean

Langile migratzaileek indarkeria, lanaldi luzeak eta ordainketa eskasak modu ohikoan jasaten dituzte, Europako bederatzi estatutan egindako ikerketa baten arabera. Gutxienekoa baino soldata baxuagoak jaso ohi dituzte ia estatu guztietan, eta emakumeek are soldata baxuagoak.


Greba egingo dute asteartean Iruñeko FCC-ko langileek, Iosu lankidearen heriotza salatzeko

Lan istripuz 33 pertsona hil dira Euskal Herrian aurten. Azkenekoa, Iruñeko sanferminetan garbiketan lanean ari zen Iosu izeneko langilea. Kamioiaren gainetik erori zen eta hartutako golpe larriaren ondorioz hil da. LABek FCC (Iruñerriko Mankomunitateko... [+]


Eguneraketa berriak daude