"UNE KRITIKOA BIZI DU PROZESU POLITIKOAK"

  • politikoak une kritikoa bizi duela uste du. Nafarroako egoera politikoa eta Mahai Nazionalak datozen hauteskundeetarako egindako abstentzio proposamena jorratu ditugu.

2021eko uztailaren 21ean
E

TAren azken komunikatua, Espainiako Gobernuaren erantzuna, ETAren mintzakide izan ei den Belen Gonzalezen atxiloketa... Zer gertatzen ari da?
ETAren komunikatuak iniziatiba berriro ETAren eskuetan jartzen du eta jarritako gai ordena guztiz logikoa da prozesu demokratiko baten barruan. Lehenik, euskaldunok erabakitzen dugunari zor zaion errespetua; bigarrenik, indar armatu espainiarrak Euskal Herritik alde egitearena guztiz logikoa da horrelako prozesu bat ondo ateratzea nahi bada; eta hirugarrenik, presoak askatzearena erabat logikoa da horrelako prozesu bat ondo bukatu nahi bada. Presoen askatzea gisa honetako prozesu guztietan ematen da, begira bestela Irlandan, preso ugari kaleratu dute jada eta datorren ekainerako guztiak askatu behar dituzte, Stormonten sinatutakoaren arabera. ETAren baldintza bakarra bilerarako toki neutrala eskatzea izan da.

Iazko irailean Euskal Herrian hasitako prozesua une larrian egon daiteke?
Une kritikoa bizitzen ari gara, baina hori prozesu hura bultzatu genuenok Euskal Herriarekiko dugun konpromezu mailaren definizioaren arabera dago. Bestetik, begira zer gertatu den ETAren mintzakidetzarekin; ETA jakitun zen Madrilen eta Parisen ez dagoela borondaterik prozesua aurrera ateratzeko eta horregatik izendatu ditu ETAko preso batzuk mintzakidetza hori aurrera eramateko. Agente guztiek behar dute benetako borondatea gatazka konpontzeko.

Zein izan da, zure ustez, ETAren komunikatuaren helburua: iritzi publikoaren aurrean zuk diozun borondate hori agertaraztea, edo komunikatuak adierazten duen testu inguru horretan Gobernuarekin bilera egitea?
ETAk argi utzi du zertaz hitz egin nahi duen eta bere borondatea ere bai. Pilota orain Aznarren teilatuan dago. Aznarren ardura nagusia zera da, datozen hauteskundeetan Gobernua mugitzen ari dela erakustea, eta mugitzen ari da, baina kontrako norabidean.

Eta Lizarra-Garaziko Itunean bildutakoei kosta egiten al zaie 1998ko irailean abiarazitako prozesu politikoa nahiko litzatekeen indarraz gizarteratzea?
Geldiune bati buruz mintzatu gara askotan. Dena den, azken urte eta erdi honetan gertatu direnak ikusita, batzuek prozesua nahi baino geldoago doala esango genuke, baina beste batzuek nahi baino askoz azkarrago. Sarritan egon da askoren ahotan helburuena eta erritmoena. Arzalluzek esan zuen duela gutxi, helburuak ez direla eztabaidagarriak baina erritmoak baietz. Eta gu ados gara. Guk erritmo azkarragoa nahiko genuke baina konziente gara ere bidaide ditugun beste alderdi batzuek euren barne kontraesan eta euren barne indar harremanak dituztela, eta hori ere kontuan hartu behar da. Eraikuntza nazionalaren aldeko apustu egiten dugunon definizioa behar da. Euskal gizarteak badaki hainbateko zehaztasun batekin zein den ezker abertzaleak egiten dion eskaintza, eta une honetan hori ari gatzaizkio eskatzen EAJ eta EAri.

HBko Mahai Nazionalak abstentzioa gomendatu du datozen Espainiako hauteskunde orokorretarako. Datozen urteetarako lerroa markatzen da horrekin?
Edozein hauteskunde deialdiren aurrean parte hartzea aztertzen da eta parte hartuz gero zer baldintzatan egin behar den. Aurkeztu izan gara eta joan ez, gero puntualki joan, azkenekoan errepresaliatuen zerrenda bat aurkeztu genuen... Abstentzio politikoaren proposamen hau, azken urte eta erdi honetan bizitzen ari garen prozesu politikoaren barruan kokatu behar da, bestela ezin da ulertu. Prozesu horren garapen logikoa da; nazio eraikuntzaren barruan, helburua Euskal Herria ente politiko gisa eraikitzea da eta nazio hori, bere lurralde guztiak barne, Europako eta munduko beste nazio guztien aurrean nazio gisa agertzea. Prozesu honetan gure hezurdura instituzionala ari gara eraikitzen eta, parametro hauen barruan, hauteskunde hauetara aurkeztea guztiz kontraesankorra da. Hauteskunde horiek, egun espainiar marko politikoaren izaera administratibo eta instituzionalaren goreneko adierazle dira, euskaldunoi erabakitzea ukatzen diguna. Horregatik diogu ez dugula zerikusirik hauteskunde deialdi horrekin, eta gure instituzio propioak osatzeko deia egiten dugu. Ez da alternatiba antiinstituzionala, oso alternatiba instituzionala baizik, baina euskaldunon instituzioen aldekoa.

Lizarra-Garaziko Itunak zabaldutako prozesuan, abertzaleen elkarlana izan da ezaugarri garrantzitsuenetako bat. Proposamen horrekin Madrilera begira ez da elkarlanik izango.
Izan ditugu bi hauteskunde eta bakoitzak bere hautagaitza aurkeztu izan du, eta alderdi bakoitzak bere proiektu estrategikoa dauka. Lizarra-Garazin gauden indar politiko sozial eta sindikalak elektoralki ezin dugu jokatu modu bakar batez. Abstentzio deialdi horrek ez dakar hausturarik. EAJ eta EAren aukera ere zilegi da, badute beren eskubide osoa beren azterketa egin eta egungo prozesuari gehien nola aportatuko dioten ikusteko. Beraiek uste badute hauteskunde horietara aurkeztea dela modurik eraginkorrena, guztiz errespetagarria da, nahiz eta guk ez dugun iritzi horrekin bat egiten. Erabakia ondo aztertu dugu eta egungo egoeran bi jarrera ikusten genituen posible. Bata, eta nik oso gogoko nuena, abertzale guztiok elkarrekin agertzea Madrilen. Beste indarrekiko hurbilpen batzuk egin ziren eta ez zen ikusi aproposa Madrilera begira inongo aliantzarik egitea. Beraz, hurrengo jarrera logikoena abstentzioa da.

Balizkotan sartuko gara. Elkarrekin joatekotan, zertarako?
Hori gero aztertu beharko litzateke. Horretara ez ginen iritsi. EAJk oraindik garrantzi handia ematen dio Madrilen izan dezakeen presentziari eta ez dut uste egoki ikusten duenik euskaldun guztiok Madrilen elkarrekin agertzeari.

Baina plataforma abertzale gabe ere, gero alderdi abertzaleak bildu daitezke Madrilen lan egiteko. Horrez gain, azken haustekundeetako EAJ eta EAren plataformak erakutsi duenez, batze horiek ez dute beti alderdi bakoitzaren botoen gehiketa ekartzen.
Bai, baina orain arteko esperientzietan interes guztiz partidistak eta estrategikoak izan dira EAJ eta EAren aldetik. Beste kontu bat litzateke Madrilen abertzaleok elkarrekin herri gisa agertzea. Baina tira, beste alderdien jarreragatik, aukera hori ez dago eta beraz, jarrera abstentzionista da eraginkorrena.

HBk gutxitan erabili izan du Madrileko ordezkaritza, baina erabili izan duenean bozgorailu gisa izan da. Aukera hori galduko litzateke, eta egungo prozesuan, akaso inoiz baino garrantzitsuagoa izan daiteke bozgorailu hori izatea.
Ez dut uste. Une honetan, Madrili behin eta berriro esan behar zaio euskaldunok gure herriaren etorkizuna erabakitzeko eskubidea dugula, eta hori errespetatu behar duela. Bozgorailuak zoazen toki guztietan egon daitezke, baina ez dut uste hori azterketa nahikoa denik toki batera edo bestera joan behar den erabakitzeko. Batzuek diote hitz egiteko aukera daukagun toki guztietara joan behar dugula eta nik ez dut uste hori horrela denik. Zein toki den, onurak eta kontraesanak aztertu behar dira, eta kontraesanak onurak baino handiagoak direnean hobe da ez agertzea eta zure apustu politikoan zentratzea. Adibide bat jarriko dut: Hispanidadearen egunean, Altsasuko Guardia Zibilaren kuarteleko Komandanteak alkatea gonbidatu zuen ospakizun ekitaldietara eta alkatea ez zen joan. Ez dut uste euskaldun batek han ezer esatekorik duenik.
Bestetik, proposamen hau luzatu denean, hainbat jendek gehiegi aztertu du klabe elektoral huts batean, eta hori okerra da. Zilegi da aztertzea klabe elektoralean bakarrik, baina HBko Mahaia Nazionala etorkizuneko inbertsio gisa ari da aztertzen. Proposamen hau ez da erreferendum gisa mahaigaineratzen, ez da egiten ikusteko martxoan zenbat euskaldunek egiten duten bat edo ez abstentzioarekin, beraz portzentaiez hitz egitea nahiko faltsua da; Espainiarekiko intsumisio adierazpenarekin jarraitzea da. Euskaldun libre gisa bizitzen hasi behar dugu.

Portzentaiei ez zaiela begiratu behar diozu baina mundu guztiak begiratuko die, eta toki batzuetan asko nabarmenduko da eta beste batzuetan oso gutxi.
Hori izango da beste indar politikoen irakurketa. Gure irakurketa da une honetan abstentzio politikoa dela Espainiarekin apurtzen jarraitzeko tresnarik egokiena eta guk euskaldunen ahalik eta atxikimendurik handiena lortzen saiatuko gara. Espainiaren proiektu politikoaren deslegitimizazio maila gero eta handiagoa izatea da helburua, eta martxoko ekimen hau tresna bat besterik ez da. Beste abertzale askorentzat ere proposamen egokia izan daiteke eta beste alderdiei botoa eman izan dien jende askok ere bat egingo du proposamenarekin.

Gaia garrantzi handikoa izan daiteke aurrera begira eta, normalean, alderdi politikoetako zuzendaritzek egiten dituzten proposamenak aurrera ateratzen dira...
Bestela, alderdi hori oso gaizki ibiliko litzateke, ezta? Zuzendaritza batek ez balu konektatuko baseak pentsatzen duenarekin gaizki ibiliko litzateke.

...baina kasu honetan ez ote da baldintzatzen gehiegi eztabaida hori Mahai Nazionalak dagoeneko erabaki duenean gaiari buruz?
Ez da Mahai Nazionalaren erabaki bat. Oinarrian eman behar den eztabaida baten aurrean Mahai Nazionalak bere proposamena eramaten du. Gero herri mailan ikusiko da zer adostasun dagoen, emendak aurkezteko aukera ere hor dago eta, beraz, aukera guztiak zabalik daude. Mahaikideok eskualde desberdinetan ari gara proposamena azaltzen, ni jadanik Nafarroako hiru eskualdetan egon naiz eta jendeak oso ongi hartu du proposamena. Proposamenak egun HBko militantziaren gehiengoak duen sentimenduarekin bat egiten duela uste dut.

Oraingoz UPNk eta PSNk dena lotua dute. Ikusten al duzu, legealdi honetan adibidez, alternatiba aurrerakoirik eratzeko aukera?
PSN erabat murgilduta dago UPNren besoetan, ikusi besterik ez aurrekontuekin gertatutakoa: bi egun pasatu eta PSNk dena adostua zuen UPNrekin. Oso adierazgarriak izan ziren Iribarren Jauna Ogasun Kontseilariaren hitzak, esanaz akordio batera oso azkar iritsi direla, funtsean UPN eta PSNren eredu soziala berdintsua delako. Horrek gauza bat adierazten du, hemen UPN-PSNren kudeaketari alternatiba nonbaitetik etorriko bazaio, EHtik izango da. PSNk aspaldian galdu du oposizio zeregin hori. Nahiz eta gobernuan ez egon, kontseilaririk ez duelako, praktikan PSN UPNrekin ari da gobernatzen egunerokoan. Parlamentutik postu berriak sortu nahi dituzte PSNri ordainketa gehiago egin ahal izateko, eta hor daukagu Nafarroako Kontseilua edo –beraiek beti aurka egon direnean– Artekari bat izendatzeko PSNren proposamena. EHk, beraz, badu erronka handi bat legealdi honetan, Nafarroako gizarteari gauzak egiteko beste modu bat badagoela erakustea eta, oposizioaren lidergotik, EHk modu hori bultzatu nahi duela.

PSNren sentsibilitate desberdinetatik tira egiteko aukerarik ikusten al duzu?
PSNko zenbait jenderekin erreza da hitz egitea eta zenbait gauza konpartitzea, baina pertsonalki; gero maila politikora pasatzean hor dago itxiera hori, eta alderdiak ez du uzten inongo disidentziarik, ezta gauza txikienean ere. Ez dut PSNn aldaketa posiblerik ikusten, behintzat epe laburrean. PSNk, horrela jarraitzen badu oso etorkizun beltza dauka, gero eta gehiago ari baita PSOEren besoetan erortzen. PSNk lortzen duen onura oso epe motzekoa da eta oso kuantifikatua, kudeaketan zein ekonomikoki. Baina PSNk jasotako 60.000 boto horietatik askok sinesten du PSNren aurrerakoitasunean eta legealdi honek hartu duen norabidea hartuta, jende askok beste hausnarketa bat egitera behartuko du PSNren zuzendaritza. Azken hauteskundeetan ikusi zen PSNtik EHrako boto iragate bat eta horrek jarraitu egingo du. Sinestuta nago Nafarroan EH dela gehien haz daitekeen alderdia

HB-KO BALORE BERRIA
HB-KO BALORE BERRIA
Tafallan dagoen Txalaparta argitaletxean jardun izan du euskaraz idatzitako lerro artean. Nafarroako Legebiltzarreko eserleku artean da orain. Berriozarreko zinegotzi izan da aurretik, horregatik iruditzen zaio Legebiltzarra udaletxe erraldoia. Janzkerari dagokionez bederen, HBko gazte estereotipoarekin apurtzen du. Nafarroako HBko bozeramailea da eta balore berria zuzendaritzan.


Azkenak
Hegoaldean 222 milioi euro gastatu dira Espainiako Loterian, sarietan jasotakoa baino bost bider gehiago

Gabonetako Loteriaren datuak eman berri ditu Espainiako Gobernuaren menpeko Estatuko Loteriak eta Apustuak elkarteak. Horien arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan batez beste 84,33 euro gastatu ditu herritar bakoitzak, eta nafarrek, berriz, 53,38 euro, EiTBn irakur daitekeenez... [+]


Olentzero eta Mari Domingiren etorrera Irunen: “Herritik sorturiko ekitaldiaren jabe egin da Udala”

Herriko elkarte eta eragileek antolatzen dute Olentzero eta Mari Domingiren etorrera Irunen, sorreratik. Goizetik gauera jakin dute udalak hartu duela ekitaldiaren jabetza eta beraz, ekitaldiaren inguruko azken erabakiak haren gain geratu direla: “Udalari eskatzen diogu... [+]


2024-12-23 | Behe Banda
Barra warroak |
Asko maite zaituztet, baina...

Ez dut maite aterkia partekatzen ez dakien jendea. Ez dut maite azkarregi ibiltzen den jendea, ni ez naizenean; ez eta polikiegi ibiltzen dena ere (tira, horiek pixka bat bai, baina pixka bat bakarrik). Ez dut maite autobusean pasilloaren aldeko eserlekuan esertzen den jendea... [+]


2024-12-23 | Irati Diez Virto
Ez naiz sagua, ezta satorra ere; lursagua naiz

Ugaztun hitza entzutean, askotan burura etortzen zaizkigun lehen ordezkariak tamaina handienekoak izan ohi dira: hartza, otsoa, oreina… Batzuetan etxekotutako katua edo txakurra dira agertzen lehenak, edo urruneko lehoiak eta elefanteak. Ikusgarritasunak lehia irabazi ohi... [+]


2024-12-23 | Jakoba Errekondo
Ilarraren entzumena

Laster urte guztian izango ditugu malko ilar goxoak (Pisum sativum). Oraindik, ordea, negua eta udaberria dira, ia erabat ilar freskoak jateko sasoia; udaberrian jango ditugun azken ilarrak ereiteko garaia orain hasten da. Eta oraintxe jango ditugu urria aldera erein zirenak.


2024-12-23 | Garazi Zabaleta
Ekin Dulantzi
Nekazaritzako elikagaien test gunea Dulantzin

Gero eta nekazaritzako test gune gehiago ditugu inguruan, hau da, nork bere proiektua martxan jarri aurretik nekazaritzan eta abeltzaintzan trebatzeko guneak. Nafarroako Zunbeltz espazioa eta Gipuzkoako eta Ipar Euskal Herriko Trebatu dira horietako zenbait adibide, gurean... [+]


Gabonetan tokikoa eta sasoikoa kontsumitu eta, bide batez, Israelgo produktuak boikoteatu

Palestinarren genozidiorako Israelek erabiltzen duen arma nagusietako bat gosea da. Alde batetik, Gazara elikagaiak sartzeko debekuarekin, eta, bestetik, Palestinako elikadura-burujabetza ezabatuta.


Teknologia
Gai izango ez garenean

Pertsona nagusiekin edo aniztasun fisiko eta neuronalak dituzten pertsonekin lanean zaudenean, dugun gizartean gaitasunaren ideiak espezie bezala asko mugatzen gaituela ohartzen zara. Hau da, dugun sistemak gauzak modu espezifiko batean egiteagatik jartzen zaitu balioan, eta... [+]


Materialismo histerikoa
Idatzi nahi nuen

Idatzi nahi nuen gabonetako argien alde, eta urteroko ohitura bilakatu aldarrikatzea, kaleak argitzen dituzten aro honetan, espazio publiko apain, alai eta gozagarri bat, klase ikuspegitik. Baina, noski, espazio publiko epelak ere bai, zenbait gazte liburutegietan liburuak... [+]


2024-12-21 | Iñaki Lasa Nuin
Pagadiak

Barkatu hariztiak, artadiak, zumardiak, lertxundiak, lizardiak, haltzadiak, gaztainadiak, urkidiak, gorostidiak, sagastiak, pinudiak eta zuhaitzen elkarte guztiak, baina, gaur, pagadiak du hitzordua negu-mugako ospakizunak direla eta.

Errazagoa egiten zait negu-mugako... [+]


Elkar mugituz?

Badator Euskaraldia, berriz ere. Urte berriko udaberrian izango da oraingoan, antza. Dagoeneko aurkeztu dute eta, egia esanda, harritu egin nau; ez Euskaraldiak berak, ezpada beraren leloak: Elkar mugituz egingo dugu.

Irakurri edo entzun dudan lehenengoan, burura etorri zait... [+]


Gobernu berriaren aurrekontu neoliberal zaharrak

 Ildo beretik dator Eusko Jaurlaritza berriaren politika. Hitzak bai, baina ekintzak ez dira argi ikusten Pradalesen gobernuak aurkeztutako aurrekontuan.


Eguneraketa berriak daude