"LIZARRA-GARAZIK EZ DU EMAN EMAN DEZAKEEN GUZTIA"


2021eko uztailaren 19an
B

orrokaren gorrian» zure liburuan azken hogeita hamar urteotako Euskal Herriaren borrokaren lekukotasuna eman duzu. Titulutik hasiz, kontaiguzu pixka bat.
Titulua bi zentzutan ulertu behar da: batetik, gure borroka gogorra izan dela, eta gogorra izaten jarraitzen duela, eta beste aldetik, gorri baten borroka dela. Nik garai bateko izpiritu komunistarekin jarraitzen dut, nahiz eta egungo kontestu politikoan hitz horrek zentzu handirik ez duela jakin.

Gorria izanagatik herri aske baten aldeko kolore guztiak azaldu dituzu.
Nire aspaldiko ideia da, gure ideologian egun diren zapalkuntzak barneratu behar ditugula, ez bakarrik klase zapalkuntza: nazio eta genero zapalkuntza edo natura jasaten duen desoreka azaldu nahi izan dut. Ezin gara izan iturri batetik edaten genuen iraultzaile haiek. Garai batean determinismo klasistaren aldeko gehikeri bat egon zen; egun osotasun batean aritu behar dugu.

Aniztasuna modu askotara ulertzen dela esan nahi duzu.
Bai. Aniztasunaren kontu hori tentuz erabili behar da. Gizarte guztiak anitzak dira klase bereizketaren aldetik: pobreak, langileak, aberatsak, zapalduak eta zapaltzaileak. Aniztasun osoa dago hemen. Europan homologatua gaude herri bezala. Bestaldetik, kulturalki eta nazionalki, gure herria ez da homogeneoa. Puzzle bat da gure herria. Eta gure nazio eraikuntza puzzle horretan behar dugu oinarritu. Horregatik, hausnarketak alde askotatik egin daitezke. Ni aniztasunaren alde nago, baina abertzale ikuspuntutik.

Gorria hitza jarrera tinkoarekin lotu izan da. Zu gorria izanik, nola azaltzen duzu tinkotasuna egun?
Egun, tinkoa edo gogorra zailtasunarekin eta epe luzeko borrokarekin lotzen dut. Tinkotasunak eta malgutasunak elkarren ondoan joan behar dute, eta zenbait momentutan kontsentsua aldarrikatzen jakin behar dugu ere bai. Une batez haustura bultzatu beharko dugu, eta beste une batean, kontsentsua eta elkarrizketa bidez indar gehiago lor dezakegula ohartu. Hori esanda, borrokarik gabe eta une jakin batean egoera behartu gabe, ez dela ezer lortzerik uste dut ere.

EAJrekin kontsentsu bat dago Lizarra-Garazin. Ez ordea, Gipuzkoako Foru Aldundian.
EAJk diskurtsoak diseinatzerakoan oso gutxitan hartzen du kontuan Lizarra-Garaziren izpiritua. Legealdirako programa bat eztabaidatzeko ez da gurekin elkartu oraindik ere. EAJk «indarkeriaren gaitzespenaren inguruan» EHk zalantzak ez dituela izan behar dio. Lizarran esaten denaren bestelakoa egiten du, ordea. Adierazpenak dioenez, konflikto batean bizi gara, eta konfliktoa konpontzeko elkarrizketa behar da. Elkarrizketa hori ez da konfliktotik kanpoko erdigune batean gauzatu behar, baizik eta konflikto beretik sortu behar da eztabaidagune hori.

Zutik-eko militanteak Euskal Herritarrok-en ari zarete. Nolako iritzia duzu EHko funtzionamenduaz?
EHren funtzionamenduaz hauxe esan behar dut: oraindik ere EHren barne funtzionamendua egin gabe dago. EH esparru instituzionalean garatzen ari da: udaletan, batzar nagusietan nahiz Eusko Legebiltzarrean, baina egitura politiko bezala funtzionatzen duena HB da; edo Zutik, kasua delarik. Aldian aldiro, HBren estruktura politikoaren inguruan elkartzen gara. HBk egin behar du bere barne eztabaida eta horren ondoren emango zaio bide EHren benetako sorkuntzari; Zutik-ek ere berea egin beharko du. Urtarriletik aurrera EHren benetako egituratze politikoa gauzatzea espero dut.

HBk Espainiako Parlamenturako hauteskundeetara ez aurkeztea erabaki du. Horrek lagundu edo oztopatzen du EHren barruko egituratze prozesua?
Nik bereziko nituzke erabaki horretan gauzak formalki nola planteatu diren, eta edukinaren aldetik zer suposatzen duen erabaki politiko horrek. Formalki, gure azken «Hika» aldizkarian, Arnaldo Otegik onartzen zuen beraiek badutela eskizofrenia txiki bat, zeinean batzutan HB bezala azaltzen diren, eta beste batzutan EH bezala; bi egiturak eta planoak nahastuz, eta batzutan ez dakitela nolatan aritu. Formalki, hor egin daiteke kritika txiki bat, inolako garraztasunik gabe. Jakina, nik nahiko nuke lehenbailehen EHren eztabaidagunea antolatua izatea.

Erabakiaz zer iritzi duzu?
Erabakia beste kontu bat da. Zuzena edo ez zuzena den... Horretaz nahiago dut ez erantzun, zeren Zutik-en barruan ez dugu denborarik izan aztertzeko. Ez dakit zer iritzi dagoen. Nik nirea badut, baina ez da ezinbestekoa, eta azalduko dut lehenbizi behar den tokian.

Bake eta normalizazio prozesuaren une kritiko batean gaude.
Bake prozesuetan beti egoten dira orain bizitzen ari garen bezalako uneak, espazioak berrantolatzen diren uneak dira, xake jokoan bezala. Lizarrak lortu zuen joko politikoa berrantolatzea eta bi lorpen handi lortu ere: mediatikoa eta politikoa. Orain lorpen horiek gizartean oinarritu eta finkatu behar ditugu. Horri sozializazio prozesua deitzen diogu.

Gizartea prest al dago?
Gu prest bagara gizarteak erantzungo du. Prozesua sozializatzen badugu, Lizarratik kanpo diren alderdiek mugitu beharko dute. Azken finean, besteak ez dira mugituko beren jendearen aldetik presio moduko bat sentitzen ez badute. Beraz, hor badugu lan handia.

Esparru sozial ezberdinak ordezkatu beharra ikusten duzu?
Horixe. Ezberdinak, baina elkar lotuak. Naziogintza eta bakegintza bereizteko enfasi bat jarri da orain Lizarraren barruan. Nik ondo bereizi behar direla diot, bakoitza esparru edo alor propioa izanik ere lotura bat dagoela ahantzi gabe.

Ezkerrak egiteko berezi bat hartu behar duela uste duzu?
Ezkerreko eta abertzale garenok, gure kargu dugu dauden arazo guztiei erantzutea. Ikuspegi horretatik hitzarmenak oso dibertsifikatuak izan behar dira. Jakin behar dugu, naziogintzan batzuekin eta sozializaziogintzan beste batzuekin elkartuko garela. Ezkerretik kontziente izan behar dugu horretaz. Horrela aritu ezean, ez dugu islada izango naziogintzan eta instituzio arloan ere.

Naziogintza eta bakegintza, eta artean, presoen arazoa bideratu gabe.
Eta puntu horretan aurreratu beharra daukagu, bestela arazoa gaiztotuko da. Presoen arazoak ikaragarrizko lehentasuna dauka. Ni bat nator, presoak Euskal Herriratzea amnistiarekin lotzen dutenekin.

Zutik-ek zer ekar dezake prozesu horretan?
Aldez aurretik esan behar dut, Zutik sortu zen unetik, gure kezka eta indarra hiru esparrutan landu dugula: ezkerreko esparruaren berritze lanean. Zentzu honetan, «Hika» aldizkaria guk eginda ere, pentsamendua berritzeko plazaratua da. Guregandik kanpo diren pentsamenduak jorratzen ditugu berean. Bestetik, pentsamendutik bizi den talde politikoak jai du, eta gure sustraiak mugimendu sozialean sustraituak daude. Sindikalgintzan gure eremutxoa landu dugu: ESK-CUIS garai batean, baita Langile Komisioetako Ezker Sindikalean. Azkenik, intsumisioa, feminismoa eta ekologia eremuan aritu gara.

Eremu hori EH sortu ondotik lan instituzionalera zabaldu duzue.
Niri ez zait gustatzen predikatzea eta gero etxean gelditzea. Badago zereginik eremu honetan eta nire burua inplikatu dut. Orain arte ez dugu aukerarik izan instituzioetan lan egiteko, eta orain bai. EHn sartuz geroztik gure aportazioa ekartzen ari gara.

Garai batean zeuden diferentziak gainditu dira nolabait.
ENAM eta Zutik-en arteko diferentziak gainditu dira. Ez dago garai batean zegoen sektarismoa. Jende gazteak ikusi du zein izan den gure bilakaera, bere alde onak eta ez hain onak dituena. Iritsi bagara gauden tokira, gure meritu propioz iritsi gara, ezker abertzalearen birmoldaketa berri honetan parte aktibo gara. Artean, jende asko gelditu da bidean edo kanpoan.

Zure liburura itzuliaz. Ziur aski, irakaspen bat ekarriko digu, ezta?
Niri bai, hasteko. Kanpo gelditu diren askok ez dutela memoria jorratu nahi antza. Agian, batzuk iragana gainditua dutelako, beste batzuk gogoratu nahi ez dutelako, eta beste batzuk oraindik ere ezin dutelako, beharbada. Dena den, gurean memoriaren esparrua oso gutxi landu da. Memoria pertsonalaz ari naiz, historialarien lanak aparte

LUZERAKO KORRIKALARIA
LUZERAKO KORRIKALARIA
Errenterian jaioa; 54 urte ditu. ETA eta LKIko militante historikoa izana; Zutik-ekoa egun. 30 urteko militantziak egoera orekatu batera ekarri omen du. Oreka hori medio, abertzaletasuna joera internazionalista eta humanista batean finkatu beharra ikusten du. Ohi baino 5 kilo gutxiagorekin aurkitu dugu, orain gutxi ebakuntza bat egin baitiote eztarrian. Aurtengo Behobia-Donostia gure `Bikila' gabe korritu beharko da. Atx!


Azkenak
Berwick eta gu

Beharbada ez duzu jakingo nor den Donald Berwick, edo zergaitik aipatzen dudan artikuluaren izenburuan. Gauza bera gertatzen zaie, agerikoa da, abian den Osasun Itunean parte hartzen ari diren gehienei. Ez dakite zer den Berwicken Helburu Hirukoitza, are gutxiago eredu hau... [+]


Zerbitzu publikoak: motozerrari bidea erraztu ala basoa garbitu?

Aurreko egunetan Larraitz Ugarte abokatuak idatzitako La motosierra puede ser tentadora artikuluak zeresan handia eman du sektore zabal batean. Administrazio publikoaren barruan ohikoak diren egoera batzuk mahai gainean jartzen ditu, tartean efizientzia falta, ardura eta kontrol... [+]


2025-04-16 | Haritz Arabaolaza
Hizkuntza

Garrantzitsua al da hizkuntza bat zuzen erabiltzea? Zer puntutaraino da hain beharrezkoa gramatika menderatzea edo hiztegi zabal bat edukitzea? Betidanik entzun izan ohi dut hizkuntzaren garrantzia, baina pentsatzen jarri ostean, ondorio batera iritsi naiz. Pentsatzeak askotan... [+]


Leku ‘kuttunak’

Aspaldian bisitatzen ez nuen eta hainbertze gustatzen zitzaidan leku batera joan nintzen aurrekoan. Bertan nengoela, gustura sentitu nintzen eta zera pentsatu nuen: hau da nire leku kuttuna. Kuttuna, kuttuna, kuttuna; hitza jira eta biraka etxerako bidean. Kuriositateak jota... [+]


2025-04-16 | Rober Gutiérrez
Trebetasunak

Nerabeek eta gazteek, ibilbide akademikoan zehar, behin baino gehiagotan jasoko dute lagungarria izango zaien ikasketetarako edo-eta lanbiderako orientabidea. Gidaritza eskaini behar zaie, zalantzez beterik egon ohi baitira erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzten bakoitzean,... [+]


2025-04-16 | Euskal Irratiak
Mikel Epaltza
“Nire etxea utzi nuen ETAk nazioarteko begiraleen esku armak utz zitzan”

Atxik Berrituz giristino taldeak Kristauak Euskal Herriko bake prozesuan liburua argitaratu du Maiatz argitaletxearekin. Giristinoek euskal bake prozesuan zer nolako engaiamendua ukan duten irakur daiteke, lekukotasunen bidez.


Ertzaintza handitu eta 8.000 polizia nahi ditu Jaurlaritzak 2030erako

Ertzaintzarekin bigarren negoziazio mahaia ireki du Bigen Zupiriak, martxoan ERNE, ESAN eta SIPErekin ertzainei urteko soldata gutxienez 4.200 euro igotzea adostu ostean. Agente kopurua areagotzeko plan horretan Arkautiko (Araba) akademiak "berebiziko... [+]


Iñaki Bakero (Erriberan Euskaraz)
“Batzuek ez gaituzte hemen nahi, baina bagaude”

Maiatzaren 17an Erriberako lehenengo Euskararen Eguna eginen da Arguedasen, sortu berri den eta eskualdeko hamaika elkarte eta eragile biltzen dituen Erriberan Euskaraz sareak antolatuta


Aguraingo Udalak atzera bota du 50.000 plaka fotovoltaiko instalatzeko proiektua

EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu dute osoko bilkuran. Udalak egitasmoa sustatzen duen enpresari, Cañaveras Solarri eskatu dio proiektuak ez ditzala hartu balio estrategiko handiko gisa kalifikatutako nekazaritza lurrak, eta gune populatuetatik gutxienez 500 metroko... [+]


2025-04-16 | Sustatu
Bi hilabete igaro dira eta berdin gaude: IP blokeoak dozenaka euskal webguneren kontra futbola dagoenean

Duela egun batzuk iragarri zuen Puntueu-ek La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko zuela. Asteburu honetan izan dira partiduak, hain zuzen, eta monitorizazioaren datuak hor daude, penagarriak dira.


Eguneraketa berriak daude